39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- F A L T Z E S

Ordenantzaren behin betiko onespena

"Faltzesko udalerriko bide publikoen erabilera eta trafikoa arautzen dituen Udal Ordenantza" behin betikoz onetsi zen 2000ko urtarrilaren 28ko osoko bilkuran, eta, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan agindutakoari jarraikiz, osorik ematen da argitara.

Faltzesen, bi milako urtarrilaren hogeita hamaikan. Alkate udalburua, Clemente Amatriain Azcona.

FALTZESKO UDALERRIKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Errege Dekretu Legegileak xedatutakoaren osagarri da, eta Faltzesko hiriguneko bide publiko guztietan aplikatzen ahalko da.

Seinaleak

2. art. 1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko direlarik.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3. Trafikoaren ardura duten langileen seinaleek bertze edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

3. art. 1. Ezin da seinale manuzkorik ez informatiborik paratu aldez aurretik udal baimenik izan gabe.

2. Paratzen ahalko diren seinale informatibo bakarrak, udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra dutenak dira.

3. Debekatuta dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debekatuta dago erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

4. art. 1. Udalak, behar bezala baimendu gabe edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituzten seinaleak kenduko ditu berehala.

Trafikoaren ardura duten langileen jarduera bereziak

5. art. Udalaren partetik trafikoaren ardura duten langileek, segurtasuna eta ordena publikoa zaindu beharrez, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatzen ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean. Horretarako, behin- behinekoz paratzen edo kentzen ahalko dira behar diren seinaleak, baita aurreneurriak hartu ere.

Oztopoak bide publikoan

6. art. 1. Debekaturik dago oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza bide publikoan paratzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da bide publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik ttikiena gertatzen bada.

7. art. Oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopok behar bezala seinalaturik egon beharko du.

8. art. a) Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

1.-Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2.-Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3.-Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4.-Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesatuaren kontura izanen dira.

Ibilgailuak bide publikotik kentzea

9. art. Trafikoaren ardura duten langileek, egin behar duenak egiten ez badu, ibilgailuak bide publikotik kentzen ahalko dituzte honako kasu hauetan:

1.-Arriskutsua denean edo traba larria egiten baldin bazaio zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari, eta orobat ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

2.-Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

3.-Ibilgailua bera hondatu delako, ibili ezinik gelditzen bada.

4.-Martxoaren 2ko 339/1990 E.D.L.aren 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldeak xedatzen duenari jarraikiz, ibilgailua geldiarazi ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

10. art. Bertze kasu batzuk aipatzeagatik, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, ondoko egoerak martxoaren 2ko 339/1990 Errege Lege-Dekretuaren 71. artikuluaren 1. a) atalean sartutzat hartuko dira, eta, beraz, bidezko izanen da ibilgailua kentzea:

1.-Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

2.-Bertze gidariei maniobra neurriz gainekoak, arriskutsuak eta erregelamenduaren kontrakoak eginarazten dizkienean.

3.-Seinalatutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

4.-Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

5.-Garraio publikoko geltoki seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

6.-Premiazko edo segurtasun zerbitzuetarako espreski erreserbatutako tokietan aparkatuta dagoenean.

7.-Ikuskizun publikoetako lokalek larrialdietarako dituzten aterabideen aitzinean, emanaldietako orduetan aparkatuta dagoenean.

8.-Baimenik gabe, espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, arretaz ibiltzeko gune edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan, osorik nahiz zati baten gainean aparkatuta dagoenean.

9.-Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

10.-Oinezkoen pasabide seinalatu batean aparkatuta dagoenean.

11.-Gelditzea galarazita dagoen tokiren batean aparkatuta badago.

12.-Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

13.-Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea galarazten dienean.

14.-Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

15.-Lehentasuneko bide batean edo, bertze kalifikaziorik izanda ere, Alkatetzaren bando baten bidez izaera bera hartu duen bidean, toki debekatuetan aparkatuta dagoenean.

16.-Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

17.-Oinezkoendako kale batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatuta dagoenean, espreski baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

18.-Ezinduendako aparkaleku erreserbatuan aparkatuta dagoenean.

19.-Beti ere, eta aurreko kasuetan bezala, arriskurik edo zirkulazioarentzat zein zerbitzu publiko baten funtzionamenduarentzat eragozpen handirik sortzen baldin badu.

11. art. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoek, halaber, bide publikotik ibilgailuak kentzen ahal dituzte kasu hauetan:

1.-Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatu den toki batean aparkatuta baldin badaude.

2.-Bide publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak paratu ahal izateko ibilgailua kendu beharra dagoenean.

3.-Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua, kasuaren arabera, lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, gidariei jakinarazita. Eramate horrek ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

12. art. Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak paratzeko eskubidea ukatu gabe.

13. art. Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

14. art. Ibilgailu bat abandonatutzat hartzen ahalko da ondoko kasuotan:

1.-Agintari eskudunek eremu publikotik hartu zutenetik bi hilabete igarotakoan. Halako kasuetan, eta ibilgailua, abandonatua dagoelako ezaugarriak izan arren, matrikula- plaka edo titularra identifikatzeko zeinu edo markarik badu, titularrari aginduko zaio, behar diren epeak igarota, hamabost eguneko epean ibilgailua altxatokitik eraman dezala, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hori egin ezean, hiri hondakin solidoen trataera izanen duela.

2.-Hilabete bat baino gehiago aparkatuta baldin badago toki berean, eta berez mugitzea galarazten dion moduko hondaketarik badu, edo matrikula-plakarik ez badu. Horrelakoetan, hiri hondakin solidoen trataera izanen du, ingurugiroari buruzko legeriarekin bat.

15. art. 1. Ibilgailu abandonatuak karrikatik kendu eta Udalaren altxatokira eramanen dituzte. Berehalaxe, titularra nor den zehazteko tramiteak egiten hasiko dira eta jakinarazpenetik hilabeteko epean ibilgailua eraman dezala aginduko diote.

2. Ibilgailua kendu eta edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

3. Jabeak ibilgailua eramateari uko egiten badio, Udalak ibilgailua besterenduko du sortutako gastuak ordaintzeko.

Neurri bereziak

16. art. Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideeak herriko alderdi batzuetara eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

Garraio publikoaren geralekuak

17. art. 1. Udal administrazioak zehaztuko du taxien eta garraio publiko nahiz eskolakoaren geralekuak non izanen diren.

2. Haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Taxiendako geralekuetan, ibilgailu horiek bidaiarien esperoan daudela bakarrik gelditzen ahalko dira.

4. Geralekuan pausa daitezkeenak baino ibilgailu gehiago ez da han inola ere geratuko.

Zamalanak

18. art. 1. Merkataritzako gaien zamalanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egiten ahalko dira.

2. Hartara, aipatu jarduera bide publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industria edo lokalen jabeek beharrezkoa den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3. Erreserbatutako tokietatik at, zamalanetarako baimena horretarako propio finkatutako egun, ordu eta tokietarako baizik ez da emanen.

4. Orokorrean, geratu edo aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ez da inolaz ere eta ezein arrazoirengatik zamalanik egiten ahalko.

19. art. Zamalanetan erabiltzen diren merkataritzako gaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean eraikinetik ibilgailura edo alderantziz eramanen dira.

20. art. Zamalanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

21. art. Merkataritzako gaien zamalanak ibilgailua espaloitik gertuen dagoen aldetik eginen dira, eta behar diren baliabideak erabiliko, lana ahalik eta lasterren egitearren eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzen saiatuz.

22. art. Alkatetzak zamalanetarako toki erreserbatuak zehatz ditzake, zeinetan aplikatuko baita ordutegi mugatuko aparkaldien araubide orokorra. Halaz ere, eta kontuan izanik egoera, erreserbatutako bertze toki batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna bezalako inguruabarrak, aipatu araubide orokorrean aldaketak egin daitezke.

Pasabideak

23. art. Udalak arautzen ahal ditu garaje, finka eta higiezinetako sarbideetarako behar diren erreserbak egiteko baimenak bide publikoan. Erreserba horiek behar bezala seinalatuak egon beharko dute.

Edukiontziak

24. art. 1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, bide publikoko toki jakin batzuetan paratu beharko dira.

2. Horretarako erreserbaturiko tokietan ezin izanen da, inolaz ere, aparkatu.

Abiadura murriztapena oinezkoen etorri handiko

lekuetan

25. art. Errei bakar batetik ibili beharreko karriketan eta oinezkoen etorria handia den guztietan, baita ikastetxeak diren karriketan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren aurreneurriak hartuko.

Motozikleten zirkulazioa

26. art. 1. Motozikletek ezin izanen dute kategoria gehiagoko ibilgailuez osatutako bi lerroren artean zirkulatu, ezta lerro baten eta espaloiaren artean ere.

2. Debekatua dute, halaber, traba egitea, zakarki azeleratuz, ke-hodiak itxuraldatuta eta normalak ez diren bertze inguruabarren bidez.

Bizikletak

27. art. 1. Bizikletek galtzadatik zirkulatuko dute eta espaloitik ahalik eta hurbilen joanen dira, salbu eta bertze ibilgailu batzuentzako erreiak dauden kasuetan. Horrelakoetan, erreserbaturik dagoen erreiaren albokotik joan beharko dute.

2. Parke publiko eta oinezkoendako karriketan seinalaturik dauden tokietatik joan beharko dute eta horrelakorik ez bada, oinezkoek daramaten abiada berean. Edozein kasutan ere, oinezkoek beti izanen dute pasatzeko lehentasuna.

Zirkulatzeko baimen bereziak

28. art. Erregelamenduz baimendutakoak baino pisu eta tamaina handiagoko ibilgailuek ezin izanen dute udalerriko bide publikoetan barna ibili udal baimenik gabe.

Aurreko puntuan aipatu baimenak bidaia baterako izaten ahal dira, edo halako aldi baterako.

6 tonakoa da herrian barna zirkulatzeko pisu handiena.

Animaliak

29. art. Bide publikoetan barna ondasunak nahiz jendea garraiatzeko baimendutako animaliak baizik ezin dira ibili. Zakurrak beti joanen dira, espaloietatik, lotuak eta mutur-uhala ezarrita.

Eskola garraioa

30. art. .1. Herri barnean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, udal baimena beharrezkoa da lehenik.

2. Hiriko eskola-garraioa garraio diskrezional jarraitua da, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekoetan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailuak udalerriaren barnean tartekako geraldiak egin edota ibiltzen bada.

3. Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak bide publikoetan

31. art. 1. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jostetan dabiltzanentzat arriskurik ekar lezaketen josteta eta jolasak debekatuak daude.

2. Patin, patinete, monopatin, txirrinduek eta antzekoek ez dute libre espaloietan barna ibiltzea.

Prozedura

32. art. Ordenantza honen eta zirkulazio arauen kontrako arau-hausteak, alegia, Faltzesko udal mugapean egiten direnak, 1990eko martxoaren 2ko Errege Dekretu Legegilean, Trafikoari, Motordun Ibilgailuei eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunaren xedapenen arabera zehatuko ditu alkateak isunen bidez. Isunen zenbatekoak eta isun mota bakoitza ordenantza honen eranskinean azaltzen dira.

33. art. Zehapen espedienteetan emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emanen diote eta horien aurka errekurtsoa paratzen ahalko da, beti ere Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean eta Administrazioarekiko Aferen Jurisdikzioa arautzen duen Legean xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek eta arau-hausteen zehapenen eranskinak indarra hartuko dute behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Arau-hauste ohikoenak Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren aurka

D E S K R I P Z I O A ZEO BSL Zenbat.

Toki hauetan gelditu edo aparkatzea:

Zamalanetan 91.2.g 38.3 5.000

Pasabidean 91.2.c 38.3 5.000

Galtzada erdian 91.2.l 38.3 5.000

Bigarren lerroan, eta gidariak alde egin 91.2.h 38.3 5.000

Espaloi gainean 91.2.m.1 38.3 5.000

Kantoian 91.2.m.2 39.1.d 5.000

Oinezkoen eremuan 91.2.m.3 38.3 5.000

Oinezkoen aldean 91.2.m.4 38.3 5.000

Gelditzea debekatua den tokian 91.2.m.7 38.3 5.000

Garraio publikorako erreserbatutako tokian 91.2.i 38.3 5.000

Trafikoa galarazten den tokian 91.2.m.5 38.3 15.000

Biratzea edo ikustea galarazten den tokian 91.2.i 38.3 15.000

Trafikoko seinaleak ikustea galaraziz 94.1.f 39.3 5.000

Garraio publikorako erreserbatutako erreian 94.1.f 39.1.f 15.000

Ezinduentzat erreserbatutako eremuan 91.2.d 39.1.c 10.000

Anbulantzientzat erreserbatutako tokian 91.2.j 38.3 15.000

Lorategi modukoetan (lorategiak) 91.2.ma 38.3 15.000

Aurreko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu

eta aparkatzea trafikoa, modu larrian galaraziz 91.2.m 38.3 15.000

Aurreko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu

eta aparkatzea, trafikoa modu larrian galarazi edo

trabatu gabe 91.1 38.3 5.000

Zerbait gabe:

Nahitaezko aseguru gabeko ibilgailuak X-30eko 2641/86 E.D.ren 8. art.

I.A.T. gainditu gabe I-20ko 2344/85 E.D.ren 5. art.

Gidatzeko baimenik gabe B.S.L.ren 60. art.

Gidatzeko baimena aldean ez izatea B.S.L.ren 60. art.

Zirkulazio baimenik gabe edo baja emandako

ibilgailu batekin zirkulatzea B.S.L.ren 61. art.

Matrikula plaka bat gabe B.S.L.ren 62. art.

Debekatutako tokian biratzea 154 53.1 10.000

Semaforo gorrian pasatzea 146.1 53.1 15.000

Espaloi gainean zirkulatzea 121.5 9.1 15.000

Oinezkoen eremuan gidatzea 121.5 9.1 15.000

Debekatutako tokian zirkulatzea 152 53.1 15.000

Isilgailurik gabe zirkulatzea 7.2 10.5 15.000

Argiak piztu gabe zirkulatzea 101.1 42.1 15.000

Kasko babeslerik gabe zirkulatzea 118.1 47.1 5.000

Bi lagun edo gehiago ziklomotor batean zirkulatzea 12.1 10.6 5.000

Seinale akustikoak beharrik gabe erabiltzea 110.1 44.3 10.000

Marra jarrai bikoitzaren beste aldera iragatea 167 53.1 15.000

Oinezkoen lehentasuna ez errespetatzea 65.1.a 53.1 15.000

STOP seinalea ez errespetatzea 151.2 53.1 15.000

Agentearen oharrei kasurik ez egitea 143.1 53.1 15.000

Maniobrak ez adieraztea 74.1 28.1 10.000

Ezker aldetik zirkulatzea 30.1.a 14.1.a 20.000

Arriskua eta kaltea sortuz edo

jendea gogaituz jokatzea 2 9.1 15.000

Axolagabe gidatzea 3.1 9.2.a 20.000

Ausartegi gidatzea 3.1.b 9.2.b 25.000

Alkoholemia 20.1 12.2 25.000

Alkoholemia probari uko egitea 21.4 12.2 25.000

Biribilgunean bide eman gabe sartzea 57.1.c 21.2.c 15.000

Norabidea aldatzea, debekatua egonik 154.4 53.1 15.000

Ibilgailuaren gidaria ez identifikatzea 72.3 25.000

Debeku seinalea ez betetzea 154 53.1 15.000

Obligazio seinalea ez betetzea 155 53.1 15.000

Gasa dariola ibiltzea 7.1 10.5 15.000

12 urtetik beherako bat aurreko eserlekuan

eramatea 10.1 11.4 5.000

Bide ez ematea (seinalerik gabe) 57.1 21.2 15.000

Alarma jotzea 7.1 10.5 10.000

Erregelamenduan eta Ordenantzaren 28. artikuluan

adierazi pisua gainditzea 53.1 15.000

Iragarkiaren kodea: A0000963