39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

117/2000 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, San Adriango industrialdeko ur zikinen eta euri-uren igorleak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela deklaratzen duena.

San Adriango Udalak 1999ko azaroaren 2an hartutako erabakiaren bidez, onetsi egin zen San Adriango industrialdeko ur zikinen eta euri-uren igorleak eraikitzeko proiektua; onura publikoa eta okupatu beharra -proiektua onesteak inplizituki adierazten baititu- onartu eta deklaratu egin ziren, eta desjabetzeko prozedura hasi zen, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banan-banakoa onetsiz, behin-behinekoz.

Erabaki hori jendaurrean egon zen hamabost egunez, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Jendaurreko aldia bukatu ondoren, San Adriango Udalak, 2000ko otsailaren 10eko Erabakiaren bidez, ebatzi egin zituen aurkeztutako alegazioak, eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banan-banakoa behin betikoz onetsi.

Desjabetzapena presakoa da, eraiki nahi diren igorleak funtsezkoak baitira industrialdeko ur guztiak husteko (industrialdea urbanizatzeko obrak amaitzen ari dira). Proiektua gauzatu ezean, aipatutako urak herriko kolektorera joanen lirateke, eta kolektore horrek gainezka egiten du ekaitzak izaten direnean, nahiz eta ekaitzak euri oso handiak ekarri ez; gainera, San Adrianen arazoak daude maila freatikoekin, eta, horren guztiaren ondorioz, hondamen egoerak gertatzen ahal dira.

San Adriango Udalak aurkeztutako arrazoiak ikusirik, Nafarroako Gobernuak erabaki du justifikatuta dagoela desjabetzapenak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako martxoaren hamahiruko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-San Adriango industrialdeko ur zikinen eta euri-uren igorleak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako martxoaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0002584