39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- M A R T Z I L L A

Deialdia, zerbitzu anitzetako bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

Alkatetzak 2000ko otsailaren 10ean eman ebazpenaren bidez onetsi da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzen duen apirilaren 21eko 11/1999 Legeak bere 21.G) artikuluan emaniko eskurantzak erabiliz.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako bi lanpostu oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak lan-kontratu mugagabeko langile izanen dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, lan arloko legerian xedatutako probaldia galarazi gabe, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuek E mailari dagokion lansaria izanen dute, aplikatzen ahal diren xedapenek ezarritakoaren arabera.

1.4. Kontratatzen diren langileek Martzillako udalerrian bizi beharko dute.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

2.-Eginkizunak

Hasiera batez eta Martzillako Udaleko zerbitzu anitzetako ardunaduraren menean, hautatuei honako eginkizun hauek, eta Udalari berez dagokion besteren bat agian, egin beharko dituzte:

-Udalaren makaldiak zaindu eta antolatzea, eta landaherriko nekazaritzako bestelako lanak.

-Udalaren instalazioak eta ondasun higiezinak, oro har, garbitzea eta mantentzea.

-Kale eta plazetako lorategi eta zuhaitzez arduratzea.

-Igeltserotza eta konponketa lanak.

-Kale eta plazak ureztatu eta garbitzea.

-Agintzen ahal zaizkion beste betebehar batzuk, espezialitate jakinik behar ez badute ere, lanbidea ezagutzea eta horretan trebea izatea eskatzen dutenak. Horiek denak beren eskumenen esparruan eta bere maila eta kategoriaren barnean.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Epea bukatzen den egunean adinez nagusia izatea eta Europako Batasuneko hiritarra izatea.

2. Eskolatze agiriaren edo baliokidearen ziurtagiria izatea.

3. Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko izatea, mediku baten ziurtagiriaren bidez.

4. Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

5. B1 mailako gidatzeko baimena edukitzea.

Lanpostuak lortzen duten izangaiek, deialdi honen hamargarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko dituzte aitzineko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako, baita oposizion prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

4.-Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Martzillako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, eta azken eguneko ordu biak arte, blioduna bada, edo hori baliogabea bada, hurrengo egun balioduneko ordu biak arte.

Izangaiek, onartuak izateko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

A) Eredu ofizialeko eskabidea, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera beteta.

B) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo identifikazio agiri baliokidea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, egoki juzkatzen dituzten erreklamazioak egin ahalko dituzte, eta, okerrik bada, zuzendu.

3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta horiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan zehaztuko da lehenbiziko proba zein tokitan, egunetan eta ordutan izanen den.

6.-Epaimahai kalifikatzailea.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Félix Ascasso García jauna, Martzillko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Miguel Navarro Ezquerro jauna, Martzillako Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: José Ignacio Ochoa Navascués jauna, Martzillako Udaleko bigarren alkateordea.

1. mahaikidearen ordezkoa: Santos Esparza Naturana jauna, Martzillako Udaleko zinegotzia.

2. mahaikidea: Eugenio Sesma Inchausti jauna, Martzillako Udaleko zinegotzia.

2. mahaikidearen ordezkoa: Carmen Isabel Garrido Toledo andrea, Martzillako Udaleko zinegotzia.

3. mahaikidea: Ricardo Malo Landivar jauna, Martzillako Udaleko funtionarioen ordezkaria.

3. mahaikidearen ordezkoa: Tomás Alcalde Flamarique jauna, Martzillako Udaleko lan-kontratudunen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Marta Pernaut Ojer andrea.

Ordezkoa: hautatzen duena.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

Epaimahaikideek ez dute parte hartuko eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak tartean badira.

Orobat, izangaiek epaimahaikideak errekusatu ahalko dituzte, aipatu zirkunstantziak lege horretan bertan ezarritako forma eta baldintzatan tartean direnean.

Ezespen, abstentzio edo beste zioak direla eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bati itzuri egiteko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

7.-Oposizioaren hasiera.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 16.J artikuluari jarraikiz, deialdia argitaratu eta bi hilabete igaro beharko dira, gutxienez, oposizioa hasi orduko.

8.-Oposizioaren garapena.

8.1. Oposizioa honako ariketa hauek osatuko dute:

Lehen ariketa.-Hiru proba eginen dira, eta bertan, epaimahaiak propio prestatutako galdera sortei erantzungo zaie idatziz. Probak ondokoak izanen dira:

A) Diktaketa, 200en bat hitzekoa.

Probaren balioa: 10 puntu. Ortografiako akats bakoitzeko 0,50 kenduko da. Azentuazio akats bakoitzeko, 0,25.

B) Oinarrizko matematikako problemak ebaztea. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Probaren balioa: 10 puntu.

C) Idatziz erantzutea epaimahaiak prestatutako galderei, gaiak honako hauekin zerikusia dutenak izanik: bigarren ariketako proba praktikoak, Martzillako udalerriaren ezagutza eta lanpostuan bete beharreko eginkizunak, bereziki makaldietako eta herrilurretako ureztaketen antolaketari buruzkoak.

Probaren balioa: 10 puntu.

Bigarren ariketa.-Egin beharreko lanarekin zerikusia duten proba praktikoak egitea, hau da, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, lorezaintza, eta horrelatsukoak.

Probaren balioa: 40 puntu.

Hirugarren ariketa.-Proba psikoteknikoak, lanpostua eskuratzeko izangaien gaitasuna eta egokitasuna aztertzeko. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

Laugarren ariketa.-Elkarrizketa epaimahaiarekin, lanpostuan bete beharreko eginkizunei buruz. Puntuazioak gehienez: 20 puntu.

8.2. Probak zein egunetan, ordutan eta tokitan eginen diren Martzillako Udaleko iragarki oholean ere emanen dira argitara, baina gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Batera iragarri ahalko da proba bat baino gehiago, baita egun berean bat baino gehiago egin ere.

8.3. Izangaiek NANa aldean dutela azaldu beharko dute, eta hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute.

Aitzineko baldintza bete beharko da, bestela, kanporatu eta oposiziotik baztertuak izanen dira, salbu eta zuzenbidearekin bat datorren beste moduren batean nortasuna kreditatzen badute.

8.4. Probetan kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehala kanporatzea ekarriko du.

8.5. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da delako ariketaren puntuazioa.

8.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Martzillako Udaletxeko iragarki oholean eta probak egin diren tokian aprobatu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera, baita hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, egin baino 48 ordu lehenago gutxienez ere.

9.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda emanen du aditzera Martzillako Udaletxeko iragarki oholean, puntuazioaren arabera ordenan.

Epaimahaiak puntu gehien lortu dituzten izangaiak izendatzeko proposamena helaraziko dio organo eskudunari.

Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko iragarki oholean argitaratuko da.

10.-Agiriak aurkeztea

10.1. Izendapen proposamena Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

A) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

B) Eskatutako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia (Udaletxeko Idazkaritzara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa) eta gidatzeko baimenarena.

C) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela berezia izan erakusten duena.

D) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

10.2. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuak salbu, aitzineko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintzak deuseztatuak geldituko dira.

10.3. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatuz gero, deialdiko bederatzigarren oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

11.-Izendapena eta jabetza hartzea.

Hautaketa prozesua amaiturik, eta izangaiak hamargarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezturik, Udalak, osoko bilkuran, Martzillako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du.

Izendatutako izangaiak izendapenaren berri izan eta hilabeteko epearen barnean sinatu beharko du kontratua, baita lanean berehala hasi ere. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean kontratua sinatzen ez badu eta lanean hasten ez bada, gaindituen zerrendako hurrengo izangaiak beteko du lanpostua.

12.-Errekurtsoak

Deialdi honen eta haren oinarrien kontra, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, honako errekurtso hauek paratzen ahal dira, aukeran:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, nahi izanez gero, egintza diktatu zuen organoari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean, edo, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo

B) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Martzillan, bi milako otsailaren hamazapian. Alkate udalburua, Félix Ascasso García.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................, adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ..........., noiz jaioa: ........, non jaioa: ............., bizilekua: ............, kalea ........zenb. posta kodea: .........., telefonoa: .........

Zure aitzinean agertzen naiz eta erarik bidezkoenean honako hau diot:

Martzillako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut

Martzillan, ...........

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0001801