39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

116/2000 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, Ezkurrako saneamendu eta hornidurarako sareen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela deklaratzen duena.

Ezkurrako Udalak 1999ko azaroaren 13an hartutako erabakiaren bidez, onetsi egin zen Ezkurrako saneamendu eta hornidurarako sareen proiektua; onura publikoa eta okupatu beharra -proiektua onesteak inplizituki adierazten baititu- onartu eta deklaratu egin ziren, eta desjabetzeko prozedura hasi zen, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banan-banakoa onetsiz, behin-behinekoz.

Erabaki hori jendaurrean egon zen hamabost egunez, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Jendaurreko aldia bukatu ondoren, Ezkurrako Udalak, 2000ko urtarrilaren 15eko Erabakiaren bidez, ebatzi egin zituen aurkeztutako alegazioak, eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta banan-banakoa behin betikoz onetsi.

Desjabetzapena presakoa da, sarea egun egoera eskasean baitago eta hornidura ez baita osoa; horren ondorioz, obrei berehala ekin behar zaie.

Ezkurrako Udalak aurkeztutako arrazoiak ikusirik, Nafarroako Gobernuak erabaki du justifikatuta dagoela desjabetzapenak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako martxoaren hamahiruko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Ezkurrako saneamendu eta hornidurarako sareen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako martxoaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0002583