39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2000ko martxoaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nekazaritza ingeniari tekniko izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2000ko martxoaren 13an emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nekazaritza ingeniari tekniko izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Nekazaritza ingeniari tekniko izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzea da. Lanpostuok Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari atxikiak dira eta plantillako 2312, 3864 eta 5846 zenbakiak dituzte. Destinoa Iruñean izanen dute eta txanda hauetan banaturik daude:

a) Lanpostu bat txanda irekian.

b) 2 lanpostu igoera txandan.

1.2. Izangaiek hautapen probak gainditzeko ezarrita dagoen gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, igoera txandako lanposturen bat eman gabe gelditzen bada, txanda irekikoari gehituko zaio.

Bestalde, igoera txandan oposizioa gainditzen duten izangaien kopurua haientzat erreserbatutako lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa bada, txanda horretan probak gainditu eta lanposturik gabe gelditzen direnek txanda irekiko lanpostuen aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin lehian baldintza berberetan, lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Deitutako lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.

1.5. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitakoaren babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren erregimenean, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, jada afiliaturik dauden funtzionarioek aukeratu ahalko dute bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.6. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako bizilekua udalerri horretan eduki. Destinoa administrazio organo eskudunek aldatu ahalko dute.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Nekazaritzako Ingeniari teknikoaren titulua izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eskuratzeko egoeran egotea.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aipatu diren baldintzez gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honakoak bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoa izatea, eta borondatezko edo behartutako eszedentzian ez egotea, honako igoera lortu aurreko lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostuen maila berekoa edo beherago dagoen batekoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasuna egiaztatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, igoera txandan Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartu ahalko dute, baldin eta txanda horretan parte hartu ahal izateko nahitaezkoak diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.3. Aurreko betebeharrak egiaztatu beharko dituzte lanpostua lortzen duten izangaiek, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituztela ulertuko da eta hautapen prozedura osoan zehar izendapena bitarte haien jabe izan beharko dute.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduetako baten bidez, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideek deialdi honetan argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute, zein Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratu ahalko baita (Karlos III.a, 2, ataria); bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Minusbaliotasunen bat dutenek denbora eta baliabide egokitzapenak eskatu ahalko dituzte egokitzapena beharrezkoa duten ariketak egiteko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein den eskatutako egokitzapena, eta eskabideari erantsi erakunde eskudunek minusbaliotasunari buruz luzatutako egiaztagiria.

3.3. Eskabideari erantsi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Deialdian igoera txandaren bidez parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoez gain, 2.2. idatz-zatian aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Bazterturiko izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barruan, erreklamazioak aurkeztu eta egindako akatsak zuzendu ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Luis María Santos Odériz jauna, Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Gerardo Maestrojuán Sáez de Jáuregui jauna, Nekazaritzako Ustiategiak Hobetzeko Laguntzen Ataleko burua.

-Mahaikidea: José Luis San Agustín Marco jauna, Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

-Ordezkoa: Fernando Santafé Aranda jauna, Europako Batasunaren Nekazaritza Politikarako Neurri Osagarrien Bulegoko burua.

-Mahaikidea: Jesús María Echeverría Azcona jauna, Batasuneko Aferetarako eta Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Begiratzeko Ataleko burua.

-Ordezkoa: Ignacio Guembe Cervera jauna, Etekinetarako Laguntzen Ataleko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, horrexek hautatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, horrexek hautatua.

-Mahaikide idazkaria: Marta Alvarez Alonso andrea, Araugintza eta Koordinazio Juridikoaren atalburua.

-Ordezkoa: María Carmen Oteiza Ugarte andrea, Zuzenbidean lizentziatua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari atxikia.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo horien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta kideen erdiek, gutxienez.

5.3. Epamahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egiten duen organoari hala jakinarazi, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, izangaiek ere errefusa ditzakete epaimahaikideak, aipatu arrazoiak izaten direnean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egin ahalko die. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari horietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2000ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean oposizioko ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Ondoren, epaimahaiak aditzera emanen ditu gainerako probei buruzko iragarkiak, erregelamenduak dioenaren arabera.

6.2. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehenengo ariketa: plika sistemaren bidez eginen da, eta proba izanen da gehienez ere ordu eta erdian hirurogei galderez osatutako test bati idatziz erantzutea. Galdera horiek deialdi honetako gai zerrendako gaiekin lotura izanen dute.

b) Bigarren ariketa: idazlan bat egitea eta ondoren jendaurrean irakurtzea zozketa bidez ateratako bi gairi buruz. Horietako bat gai zerrendako lehenengo partekoa izanen da eta bestea bigarrenekoa. Idazlana egiteko gehienez ere lau orduko denbora emanen da.

c) Hirugarren ariketa: idazlan bat egitea eta ondoren jendaurrean irakurtzea zozketa bidez ateratako bi gairi buruz. Horietako bat gai zerrendako hirugarren partekoa izanen da eta bestea laugarrenekoa. Idazlana egiteko gehienez ere lau orduko denbora emanen da.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, honela banaturik ariketen arabera:

Lehen ariketa: 30 puntu bitarte.

Bigarren ariketa: 30 puntu bitarte. Gai bakoitzak 15 puntu izanen ditu gehienez ere.

Hirugarren ariketa: 40 puntu bitarte. Gai bakoitzak 20 puntu izanen ditu gehienez ere.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira, eta haietako bakoitzean bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzari emandako gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, erdiesten ez duten izangaiak. Era berean eta ariketa guztietan, edozein gai edo probatan 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duen izangaia ere bazterturik geldituko da.

6.5. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa eginen du eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa bakoitzari dagokion puntuazioa.

6.6. Ariketa bakoitza amaiturik epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean edo ariketak egin diren tokietan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez hura egin baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askitzat jotzen duen beste nortasun agiriren bat eraman beharko dute aldean. Aurkezten ez diren izangaiak kanporaturik geldituko dira, bai eta epaimahaiak ezarritako egunean ariketak irakurtzera joaten ez diren izangaiak ere.

6.8. Hautapen probak egiteko, hala eskatu duten izangai minusbaliatuentzat, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak jarriko dira, eskabidean adierazitakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, izangai bakoitzak ariketetan izandako kalifikazioak batu ondoren lortutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Hautapen proben azken emaitzetan berdinketarik gertatuz gero, hautapen probetan balorazio handieneko ariketetan puntuaziorik hoberena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen balio bereko agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, hori eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak luzatutako txostena, interesatuak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela adierazten duena.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, horretaz gainera, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko -deialdi egilea ez den bateko- langile finkoak baldin badira izangaiak, aurrekoez gainera, beste agiri hau aurkeztu beharko dute: beste Administrazio horretan izangaiak duen espedientean sarrera, antzinatasun, maila, egoera administratibo eta abarri buruz azaltzen diren inguruabar eta aurrekari guztien egiaztagiria.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak baldin badira izangaiak, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, hori eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario egiteko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatutako dokumentazioa.

Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, aurrekoaz gainera, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epearen barruan, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna kendu gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak baja beteko du probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 oinarriak aipatzen duen horretan, hurrengoa den izangaiarekin, eta honekin erabiliko da aurreko ataletan adierazitako prozedura bera.

8.-Lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiek, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen duen epean, hutsik dauden lanpostuen artean zein lehenesten duten adierazi beharko dute.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. Lehiatzaile minusbaliatu baten minusbalioa ez badaiteke deialdiko lanpostu jakin batekin baizik bateratu, bermatu egiten zaio aukera izanen duela bateratzeko moduko lanpostu bat aukeratzeko, hartarako ematen den txostena ikusirik.

Gainerako kasuetan, txanda irekiko izangaiek eta minusbaliatuentzako txanda murriztukoek hautapen probetan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran aukeratuko dituzte lanpostuak.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionario izendatuko ditu, Nekazaritza ingeniari teknikoen lanpostuak betetzeko, eta lanpostuak esleituko dizkie, Ebazpen bidez.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek lanpostuaren jabetza hartuko dute hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan 7.4. idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi idatz-zatietako kasuetan ez da aldatuko izendapena baino lehen egindako lanpostu hutsen hautapena, eta zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei egoera horietatik sortzen diren lanpostuak.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi milako martxoaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

.................... jaun/andreak, adinez nagusia, ...... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ........... (e)n (............) 19....(e)ko .........aren ...(e)an jaioak, nazionalitate ................, egungo helbidea ........(e)ko (..........) ............... kalean duenak, ...... posta kodea, ......... telefonoa eta lantokiko .......... telefonoa.

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ................ izateko .... lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .....zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela, honako txandan:

Txanda irekia

Igoera txanda*

Minusbaliatuendako txanda murriztua*

Karguan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatutako titulazioa baduela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Minusbaliatua dela, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

Minusbaliotasunaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkeztu dituela

Euskara gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkeztu duela*

Euskara maila jakiteko proba egitea eskatu duela*

Horrengatik guztiagatik,

Eskatzen du eskabide hau onar dadila eta, horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ............ izateko .....lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onar dezatela.

Iruñean, ...(e)ko .........aren ......(e)an.

(Sinadura)

* Deialdian agertzen denean bakarrik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Lehenengo partea

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak; horien bermea eta etendura. Konstituzioaren erreforma.

2. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1983 Lege Organikoa. Prestaketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika.

3. gaia.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaketa eta eginkizunak. Funtzionamendua; osoko bilkura eta batzordeak. Kontuen Ganbara.

4. gaia.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: eginkizunak, osaketa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Horren hautatzea.

5. gaia.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua. Antolaketa eta eginkizunak. Departamentuarekin elkartutako sozietate publikoak. FEOGA-Bermearen laguntzen Erakunde Ordaintzailea Nafarroako Foru Komunitatean.

6. gaia.- Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

7. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua; edukiaren azterketa.

8. gaia.-Administrazio prozedura. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Haren erreforma. Printzipioak eta aplikazio eremua. Administrazio prozedura orokorra. Administrazio errekurtsoak. Kontzeptua, helburua eta motak.

9. gaia.-Dirulaguntzei buruzko 8/1997 Foru Legea. Printzipio orokorrak eta laguntzak emateko prozedurak eta kontrola. Nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen testu bategina. Egitura eta edukia.

10. gaia.-Europako Batasunaren Zuzenbidea: kontzeptua eta ezaugarriak. Jatorrizko itunak eta aldatuak. Europako Akta Bakarra. Europako Batasunaren Ituna. Europako Batasunaren Zuzenbidea eta Espainiako Konstituzioa.

11. gaia.-Europako Batasunaren antolakuntza. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Europako Batasunaren Justizi Auzitegia.

12. gaia.-Europako Batasunaren eskualde politika. Fondo estrukturalak. Kohesio fondoak. Estatuen laguntzei buruzko Europako Batasunaren aldez aurreko kontrola.

III. ERANSKINA

Bigarren partea

1. gaia.-Espainiako nekazaritzaren oinarrizko ezaugarri makroekonomikoak. Nekazaritzako hondarreko produkzioa: garrantzia, osaketa eta banaketa. Nekazaritzako errenta: bilakaera eta banaketa. Biztanleria aktiboa. Gastuak sektoretik kanpo. Nekazaritzako balantza komertziala. Nekazaritzako elikagaien sektorea ekonomia espainiarrean.

2. gaia.-Espainiako nekazaritza arloko antolaketa administratiboa. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoen zeregina Batasuneko, nazioko eta autonomietako nekazaritza politika diseinatu eta gauzatzerakoan. Konstituzioko eta estatutuetako printzipioak eta horiek koordinatzeko baliabideak. Oinarrizko administrazio eraketa: zentrala eta periferikoa.

3. gaia.-Europako Batasuneko Nekazaritza Politikaren (EBNP) eraketa. Printzipioak. Xedeak. Baliabideak: E. Batasuneko merkatu erakundeak, finantzazio fondoak, beste baliabide batzuk, EBNP eta nazio mailako nekazaritza politikak.

4. gaia.-EBNPren finantzazioa. Europako Batasuneko aurrekontu politika: dirusarrerak eta horien iturriak. Gastuak. EBNP finantzatzeko baliabideak: FEOGA-Bermea, FEOGA-Orientabidea. Finantzaziorako beste erakunde batzuk: FSE, BEI, IFOP. EBNParen finantzazioa eta aurrekontuaren defizita.

5. gaia.-Prezio eta merkatuen arloko politika: Europako Batasuneko merkatu erakundeak (EBME), motak eta mekanismoak: prezioen politika, kanpo merkataritzako politika, laguntzen politika.

6. gaia.-Prezio eta merkatuen sektore politikak (I): belarkien laboreak, belar-bazka idortuen sektorea, arrozaren sektorea, fruta eta barazki freskoen sektorea, fruta eta barazki eraldatuen sektorea.

7. gaia.-Prezio eta merkatuen sektore politikak (II): olioaren eta koipe begetalen sektorea, ardoaren sektorea, tabakoaren sektorea.

8. gaia.-Prezio eta merkatuen sektore politikak (III): esnearen sektorea, haragi eta arrautzen sektorea.

9. gaia.-Nekazaritza eremuak garatzeko politika. Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamendua, nekazaritza garatzeko FEOGAk eman beharreko laguntzei buruzkoa. Nafarroan nola aplikatzen den.

10. gaia.-Naturgunearen babesa. EBNParen ondoriozko neurriak nekazaritza eta ingurugiroaren arloan eta haien aplikazioa Nafarroan. Iragan hurbila eta etorkizuna. Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea: Nafarroan nola aplikatzen den. Hondakin organikoen kudeaketa eta erabilpena nekazaritzan. Aplikazio berezia araztegiko lohietan eta mindetan.

11. gaia.-EBNPari laguntzeko beste neurri batzuk. Erretiro aurreratua. Nekazaritzako lurrak oihaneztatzea. Eremu desfaboratuentzako eta ingurugiroaren aldetik muga bereziak dituzten eremuentzako kalteordainak. Horren aplikazioa Nafarroan, duela gutxitik hona eta etorkizunean.

12. gaia-EBNPa eta munduko nekazaritza. EEE eta nekazaritzako elikagaien munduko merkataritza. EBNPa eta E.B. handitzeko prozesua.

IV. ERANSKINA

Hirugarren partea

1. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea, nekazaritza jardueraren oinarri gisa. Azaleraren banaketa, jardueraz jarduera. Klima. Erliebea. Hidrografia. Nafarroako Nekazaritza Eskualdeak: ekoizpen orientazioak eta ezaugarri nabarienak.

2. gaia.-Nafarroako nekazaritza sektorea. Makromagnitudeak. Azpisektorekako azterketa. Jarduera adierazgarrienen azalerak eta produkzioak. Nafarroako nekazaritza sektorea zertan den: alderik indartsuenak eta ahulenak gaur egun. Bilakaera eta joerak.

3. gaia.-Nafarroako biztanleria aktiboa. Sektoreen eta populazio estratuen araberako azterketa. Azterketa konparatiboa Espainiako eta Europako Batasuneko inguruneen artean. Nekazari profesionala edo nagusiki nekazaria dena.

4. gaia.-Nekazaritzako ustiategia Nafarroan (I). Nekazaritzako ustiategiak: tamaina eta antolaketa. Lurraren jabetzaren araubidea. Nekazaritzako ustiategia enpresa gisa. Enpresa indibiduala eta familiarra. Kooperatiba sozietateak. Eraldaketarako nekazaritza sozietateak. Beste motatako sozietateak. Bilakaera eta joerak. Emakumearen eginkizuna nekazaritzako ustiategian.

5. gaia.-Nekazaritzako ustiategia Nafarroan (II). Nafarroako nekazaritza enpresaren tipologia: enpresa paratzeko aplikatzen diren parametro ekonomikoak (etekin gordina, Tamaina Ekonomikoko Unitateak (TEU). Nafarroako Ustiategien Erregistroa.

6. gaia.-Nekazaritzako elikagaien industria Nafarroan. Jarduera inportanteenak eta horien inplikazioa lehengaiak ekoizten dituen sektorean: kontratu bidezko harremanak. Nekazaritzako elikagaien industriei buruzko azterketa ekonomikoa eta haren eragina Nekazaritzako Hondarreko produkzioan. Nekazaritzako elikagaien industriarekin loturiko enplegua eta teknologia.

7. gaia.-Nekazaritzako elkartegintza. Nekazaritzako kooperatibak. Araubide juridikoa eta gobernu-organoak. Kooperatiben integrazioa. Makineria batera erabiltzeko kooperatibak (CUMAS). Eraldaketarako nekazaritzako sozietateak (ENS): araubide juridikoa eta gobernu-organoak.

8. gaia.-Nafarroako nekazaritza sektorearen produkziorako baliabideak. Kontsumo egitura eta motak. Bilakaeraren azterketa. Energia aurrezpena eta energia alternatiboak: joerak eta etorkizunerako itxaropideak.

9. gaia.-Ureztalurrak, Nafarroako nekazaritza sektoreko ekoizpen egitura. Ezaugarriak. Sistemaren alde indartsuenak eta ahulenak. Hornidura, kontsumoa eta urtarokotasuna. Horniduraren antolaketa eta kontsumoa. Ur aurrezpena. Uraren kostua.

10. gaia.-Lurzatien berrantolamendua, Nafarroan ekoizpen egituraren erreformarako tresna gisa. Bilakaera eta etorkizuna. Eragiten duten baldintzak: legezkoak, sozialak, finantzarioak. Lurzatien berrantolamendua eta naturgunearen babesa.

11. gaia.-Nekazaritzako enpresaren teknologia. Nekazaritzako enpresaren ekoizpen estrategietan duen garrantzia eta eragina. Ikerketa, esperimentazioa, zabalkundea, aholkularitza eta prestakuntza Nafarroako nekazaritza arloan.

12. gaia.-Nekazaritza arloko merkaturatzea. Nekazaritzako produktuen merkaturatzea baldintzatzen duten alderdirik nabarmenenak. Merkaturatze bideak. Nekazaritzako produktuen normalizazioa eta tipifikazioa. Merkaturatzea, jatorrian eta destinoan. Handizkako eta txikizkako merkataritza. Jatorrian diren erakundeak merkaturatze eginkizunetan: nekazaritzako ekoizleen elkarteak (NEE) eta fruta eta barazki ekoizleen erakundeak (FBEE). Horien ezarpena Nafarroan.

13. gaia.-Nekazaritzako aseguruak. Eginkizuna. Oinarrizko elementuak. Aplikazio moduak. Horien aplikazioa Nafarroan: ezarpena eta bilakaera.

14. gaia.-Nekazaritzako finantzaketa. Nafarroako Foru Administrazioaren sustapen lerroak. Ekoizpen sektorera zuzenduriko lerroak. Nekazaritza-industriara zuzenduriko lerroak. Elkartegintzara zuzenduriko lerroak.

15. gaia.-Nekazaritzako Gizarte Segurantza eta fiskalitatea. Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren finantzaketa eta prestazioak. Nekazaritzako fiskalitatea: zerga motak eta ondorioak.

16. gaia.-Landalurraren Katastroa: kontzeptua eta motak. Onura eta xedeak. Aplikazio fiskalak eta ez-fiskalak. Dokumentazio grafikoa eta literala. Eraketa eta kontserbazioa. Katastroaren berrikuntza. Datu-basetan informatizatzea. Haren aplikazioa Nafarroan.

17. gaia.-Nekazaritzako kontabilitatea. Kontabilitate orokorra eta analitikoa. Kontzeptua, erabilgarritasuna eta funtzioak. Kontabilitate bikoitza. Ondarea eta balantzea. Nekazaritzako enpresaren balantzea. Kontu motak. Nekazaritzako enpresen kontu bereziak. Nekazaritza kooperatiben kontu bereziak. Balantzearen azterketa finantzarioa. Ekitaldien erkaketa. Gehien erabiltzen diren finantza ratioak: horien interpretazioa.

18. gaia.-Informatika. Windowserako 5.0 Excel kalkulu orria. Oinarrizko kontzeptuak. Liburuak. Datuak sartzea, konstanteak eta formulak. Datuen erabilera. Grafikoak.

19. gaia.-Informatika. Windowserako 2.0 Acces datu-basearen kudeatzailea. Funtsezko oinarriak. Datu-baseak eratu eta erabiltzea. Sarbideak. Laguntza tresnak. Taulen mantenimendua. Taulen eta eremuen ezaugarriak. Datuen sarrera baliozkotzea. Loturak, gako-eremuak eta aurkibideak. Taulak lotu, erakarri eta eramatea. Datuak guruzatzea. Txostenak eratzea.

20. gaia.-Estatistika orokorra. Aldagai baten kokaera, dispertsio eta simetriaren parametroak. Erdia, ertaina eta moda. Era desberdineko momentuak. Ohiko desbideratzea eta bariantza. Bariazio koefizientea.

21. gaia.-Banaketa jarraiak. Banaketa arruntaren funtzioa. "T" motako banaketa eta konfiantza mugak. Estatistika hipotesiak eta signifikazio probak. "F" motako banaketa. Bariantza-analisia eta signifikazio probak. Ezaugarri anitzeko testak: Duncan eta Nwman Kewls.

V. ERANSKINA

Laugarren partea

1. gaia.-Lurra, ekoizpen faktore gisa. Lurrari buruzko nekazaritza azterketarako teknikak. Lur motak. Lurraren eta landarearen arteko lotura. Lurraren erabilpenak: izan daitezkeen erabilpenen definizioa.

2. gaia.-Laborantza. Laborantza motak, lurraren eta helburu teknikoaren arabera. Laborantza minimoa. Laborantza eza. Lurrak zaintzea. Higadura arazoak. Puntu bakoitzetik Nafarroari dagokiona aipatzea.

3. gaia.-Ura ekoizpen faktore gisa. Ura-lurra- landarearen arteko lotura. Ur balantzea. Ureztatzeko uraren kalitatea. Ureztaketa. Ureztatzeko teknika eta sistema behinenak. Gazitzearen arazoa. Puntu bakoitzetik Nafarroari dagokiona aipatzea.

4. gaia.-Landare materiala. Landareen ugalketarako haziak eta landareak, ekoizpenaren oinarrizko faktore gisa. Ekoizpen sistemak. Oinarrizko arautegia. Mintegiko landare eta hazien ekoizle sektorea Nafarroan. Arazoak. Landare material autoktonoa: haren balioa baliabide gisa. Hura kontserbatzeko ekintzak Nafarroan.

5. gaia.-Zereal hazien ekoizpena Nafarroan. Sektore horren garrantzia. Ernaltze autogamako zereal hazien kontrola eta ziurtapena egiteko Erregelamendu Teknikoa. Ugalketarako ekoizlea zer den. Eskubideak eta betebeharrak. Zereal hazien ziurtapena eta merkaturatzea. Alearen prestaketa gero ereiteko.

6. gaia.-Landaretza ugaltzeko landare produkzioa Nafarroan. Sektore horren garrantzia. Erregelamendu Tekniko Orokorra. Hazitarako patataren produkzioa. Frutarbola landareen produkzioa. Baratzeko landareen produkzioa. Ziurtapena eta merkaturatzea. Landareen ekoizle, merkatari eta inportatzaileen Erregistroa.

7. gaia.-Ongarriak nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Ongarri motak eta haien ezaugarriak. Ongarritzeko teknikak: dosi optimoen definizioa eta ongarritzeko unerik egokienak. Ongarritze arrazionala. Ongarritzeko sistemak. Lehorreko lurren sistema estentsiboetan ongarritzea. Ureztalurren sistema intentsiboetan ongarritzea. Fertirrigazioa. Berotegietan ongarritzea.

8. gaia.-Hondakin organikoak ongarritarako erabiltzea. Simaurra. Mindak. Araztegiko lohiak. Composta. Horien ezaugarriak eta ongarritarako balioa. Horiek erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuak ingurugiro eta osasunerako. Erabilpenerako gomendio teknikoak. Abeltzaintzako ustiategietan izaten diren hondakin organikoak direla-eta ingurugiroaren aldetik galdatzen dena. Nafarroako Foru Komunitateko legezko xedapenak.

9. gaia.-Ongarritzeak dakartzan arriskuak ingurugirorako. Lurren eta uraren kutsadura. Nitratoei buruzko zuzentaraua. Kaltea jasan dezaketen eremuak. Arauen aplikazioa Nafarroan.

10. gaia.-Fitosanitarioak nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Motak eta ezaugarriak. Aplikatzeko teknikak. Belar txarrei dagokienez, Nafarroan diren arazo larrienen deskripzioa eta haiek kontrolatzeko teknikak. Izurriei dagokienez Nafarroan diren arazo larrienen deskripzioa eta haiek kontrolatzeko teknikak. Eritasunei dagokienez, Nafarroan diren arazo larrienen deskripzioa eta haiek kontrolatzeko teknikak.

11. gaia.-Babes fitosanitarioa, beste lurralde batzuetatik heldu diren organismo kaltegarrien aurrean. Espainiako araudia. Pasaporte fitosanitarioa. Berrogeialdiko eritasunen arazoak Nafarroan. Erwinia amylovora. Ralstonia solanacearum. Clavibacter michiganensis. Brontzeztatuaren birusa. Mahastiaren virosia.

12. gaia.-Fitosanitarioak erabiltzearen ondorioz ingurugiro eta osasunerako izan daitezkeen arriskuak. Arriskuen sailkapenak. Etiketa. Piktogramak. Arriskuaren faseak. Produktu fitosanitarioen merkaturatze eta erabilera. Produktu fitosanitarioen aplikatzaile karneta. Establezimendu eta zerbitzuen Erregistro Ofiziala. Fitosanitarioen hondakinak elikagaietan. Hondakinen gehienezko muga. Horien jarraipena eta kontrola, eremu nazionalean.

13. gaia.-Makineria nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Nafarroako nekazaritza sektorearen mekanizazioa. Nekazaritzako traktoreen Parkea Nafarroan. Nekazaritzako makineriaren Nafarroako Erregistro Ofiziala. Mekanizazio ekipoetan makineria batera erabiltzea eta berrikuntza teknologikoa: horien sustapena eta laguntza Nafarroan.

14. gaia.-Trakzioko makineria: motak, ezaugarriak eta joerak. Laborantzako makineria: motak, ezaugarriak eta joerak. Ereiteko eta landareak sartzeko makineria: ezaugarriak eta joerak. Fitosanitarioak aplikatzeko makineria: ezaugarriak eta joerak. Ongarria aplikatzeko makineria: ezaugarriak eta joerak. Ureztatzeko makineria: ezaugarriak eta joerak. Uzta biltzeko makineria: ezaugarriak eta joerak. Abeltzaintzako instalazioetarako makineria: ezaugarriak eta joerak. Mekanizazioaren bidez kostuak murriztea. Lanak arintzea. Erregaia aurreztea.

15. gaia.-Eraikinak nekazaritzako enpresan. Motak eta xedeak. Diseinuaren irizpideak. Ingurugiroko baldintzak. Nafarroan nekazaritzako ustiategietako eraikinetan aplikatzekoa den arautegia.

16. gaia.-Nekazaritzako produktuen biltegiratze eta kontserbazioa. Produktu eta sistemarik nagusienak. Instalazioak eta teknologia. Aipamen berezia ale, haragi eta barazki-fruten kontserbazioaz. Gai bakoitzean Nafarroari dagokion aipamen berezia.

17. gaia.-Nekazaritzako produkzioen kalitatea. Nafarroako nekazaritza produkzioaren sektorekako arazoak eta eskakizunak. Nafarroako jatorrizko deiturak. Motak, ezaugarriak, norainokoak eta etorkizuneko ikuspegiak. Kontseilu arau-emaileak.

18. gaia.-Nekazaritzako produkzio ekologikoa. Definizioa. Produkzio ekologikoaren arazoak Nafarroan: bilakaera eta joerak sektorez sektore. Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua. Produkzio ekologikoaren ezaugarriak. Alde nabarmenenak beste produkzio kontrolatuekin alderatuta. Hura erregulatzen duen araudiaren funtsezko alderdiak. Produkzio ekologikorako laguntza eta sustapena Nafarroan: egungo egoera eta etorkizunerako itxaropideak.

19. gaia.-Produkzio integratua. Definizioa. Produkzio integratuaren ezaugarriak. Beste produkzio kontrolatuekiko alderik nabarienak. Produkzio mota hori Nafarroan erregulatzen duen araudia. Erregelamendu teknikoak. Landa-koadernoak. Ziurtapen eta kontrolerako entitateak. Produkzio integratuaren laguntza eta sustapena Nafarroan: egungo egoera eta etorkizunerako itxaropideak.

20. gaia.-Neguko zerealen produkziorako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Lehorreko lurreko produkzioa. Ureztalurreko produkzioa. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak neguko zerealen produkzioan.

21. gaia.-Udako zerealen produkziorako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak udako zerealen produkzioan.

22. gaia.-Lekariak, olio-landareak, proteaginosoak, ehungintzako landareak eta elikagai ez diren bestelako laboreak ekoizteko teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak multzo honetako laboreetan.

24. gaia.-Barazkigintzako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Baratzeko laboreen alternatibak eta txandakatzeak. Barazkigintza intentsiboa eta barazkigintza estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak barazkigintzako produkzioan.

25. gaia.-Frutagintzako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Landatze berrien diseinua. Ibilbide teknikoak. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak frutagintzako produkzioan.

26. gaia.-Almendrondo eta olibondoen produkzio teknikak Nafarroan. Barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Landatze berrien diseinua. Labore horiek ingurugiroaren ikuspuntutik eta marginaltasunetik dituzten ezaugarriak. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak almendrondo eta olibondoen produkzioan.

27. gaia.-Mahastigintzako teknikak Nafarroan. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Barietateak eta industriarako orientazioa. Ibilbide teknikoak. Landatze berrien diseinua. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak mahastigintzako produkzioan.

28. gaia.-Estalpeko produkziorako teknikak Nafarroan: berotegiak eta tunelak. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Oinarrizko teknologia berotegietan: eraikuntzarako materialak eta estalkia, ureztaketa, nutrizioa, substratuak, bero-laguntza pasiboa, berokuntza. Lurrik gabeko laborea: kontzeptua, abantailak eta eragozpenak. Txandatzeak eta alternatibak Nafarroako berotegi eta tuneletan. Ibilbide teknikoak. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak estalpeko barazkigintzako produkzioetan.

29. gaia.-Larreak eta belar-bazkak ekoizteko teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Lehorreko lurren produkzioa. Ureztalurren produkzioa. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak multzo honetako laboreetan.

30. gaia.-Esnetarako eta haragitarako ardi aziendaren eta ahuntz aziendaren produkzio teknikak Nafarroan. Arrazak eta produkzio horien merkataritzako orientazioa. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Manejatzeko operazioak. Produkzio intentsiboa eta estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

31. gaia.-Esnetarako eta haragitarako behi aziendaren produkzio teknikak Nafarroan. Arrazak eta produkzio horien merkataritzako orientazioa. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Manejatzeko operazioak. Produkzio intentsiboa eta estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

32. gaia.-Txerri aziendaren produkzio teknikak Nafarroan. Arrazak eta produkzio horien orientazioa. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Manejatzeko operazioak. Produkzio intentsiboa eta estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

33. gaia.-Abeltzaintzako beste arlo batzuetako produkzio teknikak Nafarroan: untxiak, behorrak, hegaztiak eta erleak. Arrazak eta produkzio horien orientazioa. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Manejatzeko operazioak. Produkzio intentsiboa eta estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

34. gaia.-Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta industrializazioa (I). Ardoaren eta olioaren industria. Lehengai behinenen eta produktu bukatuen karakterizazioa. Oinarrizko operazioak eta funtsezko prozesu teknologikoak.

35. gaia.-Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta industrializazioa (II). Irinen, kontserben eta barazki izoztuen industria. Lehengai behinenen eta produktu bukatuen karakterizazioa. Oinarrizko operazioak eta funtsezko prozesu teknologikoak.

Iragarkiaren kodea: A0