39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

85/2000 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) erdiesteko 1999an egin ziren probak gainditu zituztenei agiri hori emateko baimena eman du.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emandako 1535/1985 Foru Aginduaren bidez Euskararen Gaitasun Agiria sortu zen. Agiri horren helburua lanbide jarduera orotan, ahoz zein idatziz, euskararen jakintza nahikoa frogatzea zen.

Gaur egun, EGA agiria ondoko bideetakoren bat erabiliz erdiets daiteke:

1.-EGA agiria erdiesteko deialdi irekiko probak gainditu ondoren (463/1998 Foru Agindua, abenduaren 15ekoa eta 52/1999 Foru Agindua, martxoaren 3koa). 1999an bi deialdi egin ziren, bata, ekainean eta, bertzea, irailean.

2.-EGA agiria erdiesteko unibertsitatekoak ez diren jarduneko irakasle, eskolako orientatzaile eta eskolako ikuskatzaileendako prestatu berariazko probak gainditu ondoren (221/1998 Foru Agindua, ekainaren 17koa). 1999an hiru deialdi egin ziren, hots, urtarrilean, ekainean eta irailean.

3.-Irakasleriaren Unibertsitate Eskolako ikasketa gehienak edo den-denak euskaraz egin badira. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du eta hartan aditzera eman izangaiak ikasketa gehienak edo den-denak euskaraz egin dituela eta EGA agiria erdiesteko behar den euskara maila duela.

1999. urteari dagozkion prozesuak bukatu dira. Beraz, Euskara Zerbitzuak prozesu horietako probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA)ematea proposatu du.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.c) eta d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. EGA agiria erdiesteko 1999an egin ziren deialdi irekiko probak gainditu zituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea (463/1998 Foru Agindua, abenduaren 15ekoa eta 52/1999 Foru Agindua, martxoaren 3koa). Proba horiek gainditu zituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen I. Eranskinean dago.

2. EGA erdiesteko unibertsitatekoak ez diren jarduneko irakasle, eskolako orientatzaile eta eskolako ikuskatzaileendako prestatu berariazko probak 1999an gainditu zituztenei Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea (221/1998 Foru Agindua, ekainaren 17koa). Proba horiek gainditu zituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen II. Eranskinean dago.

3. Irakasleriaren Unibertsitate Eskolako ikasketak 1999an bukatu zituztenei Nafarroako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiria egin beharko du eta hartan aditzera eman izangaiak ikasketa gehienak edo den-denak euskaraz egin dituela eta EGA agiria erdiesteko behar den euskara maila duela. Aipatu baldintzak betetzen dituztenen zerrenda izenduna Foru Agindu honen III. Eranskinean dago.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea. Eranskinak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuan daude jendaurrean.

5. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi milako martxoaren bederatzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0002650