II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- O R B A I T Z E T A
Behin betiko onespena artelanen ordenantzari
Orbaitzetako Udalak, artelanaren ordenantzako aldaketa, 1999ko urriaren 9an hasiera batez onetsi baitzen, behin betikoz onestea eta hura oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabaki du.
1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz ezarri da ordenantza hau.
2. art. Ordenantza honen xedea da herriko eta mendiko bideak egin, zaindu eta hobetzea da, oro har artelanean egiten ahal diren Udalaren obra guztiak.
3. art. Artelanarekiko betekizuna betetzat joko da etxe bakoitzeko pertsona batek horretan parte hartzen badu, kontuan hartu gabe etxean zenbat pertsona dauden hartara behartuak. Etxe bateko biztanleak artelana egitera behartuak ez badaude, etxea betebehar horretatik libro izanen da.
Urte bakoitzean zenbat artelan egin behar diren, Udalaren betebeharren arabera izanen da, baina ez da inolaz ere hamar egun natural baino gehiagokoa izanen, ez eta hiru egunetan jarraian eginen ere.
4. art. Interesatuaren ordez bertze pertsona batek egiten ahal du artelana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Orobat, artelanaren librantza egin daiteke lanbideen arteko guttieneko soldataren bi halako ordainduz.
5. art. Lanabes mekanikoak ekartzen badira, Udalak diruz ordainduko du ondoko taularen arabera:
-Traktorea: 3.000 pezeta orduko.
-Motozerra, sasi garbitzeko makina, etab.: 1.000 pezeta orduko.
6. art. Udalak proposatuko ditu artelanean egin beharreko lanak, betiere jai ez diren larunbatetan eginen direnak, salbu eta ezinbertzeko kasuak izateagatik artelana egun jakin batean egin behar bada. Ezinbertzeko kasuetan artelana egiten duena hurrengo artelanetik libro geldituko da.
Udalak kontuan hartuko ditu herritarrek artelanean egiteko proposatzen dituzten lanak.
7. art. Artelanean parte hartzen dutenen zerrenda eginen da aldian-aldian, lanean emandako orduekin, eta Udaletxeko iragarki oholean jarriko da ikusgai, pertsona bakoitzak berea jakin dezan.
8. art. Deitutako artelan batera ez joateko arrazoiak nahikoak dituztela frogatzen dutenek bertze egun batean egin beharko dute Udalak zehaztuko dien lana.
9. art. Artelana egitera ez etortzeak, aldez aurretik librantza egin ez baldin bada, haren diru zenbatekoa (lanbide arteko gutxieneko soldataren bi halako) gehi zenbateko bereko zehapena ordaindu beharra ekarriko du, eta epearen barrenean ordaindu ezean premiamendu bideari ekinen zaio bi kasuetan.
Hau da, artelanera joan behar ez dutenek Udal honi jakinarazi beharko diote arrazoia, eta bi aukera izanen dituzte, Udalak eskatzen dien bertze egun batean egitea edota haren ordainketa egitea. Artelana ez egin edo hura ordaintzen ez duenari zehapena jarriko zaio, aitzineko lerroaldean xedatutakoari jarraikiz.
10. art. Artelanari dagokionez Udal honekiko zorrik dutenek ez dute eskubiderik izanen herritarrendako aprobetxamenduak hartzeko, Udalarekiko zorrak kitatu arte eta, hala balitz, ezarritako zehapena ordaindu arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Admnistrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan zehaztutako tramiteak bete ondoren.
Bigarrena.-Ordenantza honek arautzen ez duen orotan Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiko zaio.
Orbaitzetan, bi milako urtarrilaren hemeretzian. Alkate udalburua, Jorge Eginoa Txapar.
Iragarkiaren kodea: A0001536