Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 22a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- BEINTZA-LABAIEN
Ordenantza fiskal orokorra
Labaiengo Udalak, 1999ko azaroaren 11n egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal orokorra. Onespena Udaleko iragarki oholean eta 155. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 1999ko abenduaren 13an. 30 egun balioduneko jendaurreko epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez zenez, espedientea behin betikoz onetsi eta argitara eman da, 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei jarraikiz.
Labaienen, bi milako urtarrilaren hogeita seian. Alkatea, sinadura ulertezina.
ORDENANTZA FISKAL OROKORRA
Oinarria
Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.
I. KAPITULUA
Oinarri orokorrak
1. artikulua. Honako Ordenantza Fiskal Orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.
Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.
2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, beti ere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a artikulua).
3. art. Beintza-Labaiengo Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).
4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.
Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.
Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.
Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legearen 63.4 artikulua).
5. art. Udal administrazioak indarra duten ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.
Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).
II. KAPITULUA
Zerga erlazioaren elementuak
6. art. Zergagaia. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.
Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zergagaia zehaztuko du eta horretarako, zerga ordaindu beharra zer baldintzatan sortzen den aipatuko.
7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko.
8. art. Subjektu pasiboa
a) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.
Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz), zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.
Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.
b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen berezitako ondare bat osatzen baitute.
9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.
Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.
10. art. Zerga-oinarria. Zerga-oinarritzat hartuko da:
a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.
b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.
c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Udalak kontuan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen araudiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.
Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.
11. art. Likidazio oinarria. Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen lege edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.
12. art. Karga-tasa. Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.
13. art. Kuotaren zehaztapena. Kuota honela zehaztuko da:
a) Ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.
b) Ordenantza partikularretan ezarritako tarifak karga-oinarriari aplikatuz.
c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.
d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuko da, dagokion ordenantzan finkatutako moduluei jarraikiz.
14. art. Salbuespenak eta hobariak. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.
III. KAPITULUA
Tributu zorra
15. art. Tributu zorra subjektu pasiboak Udalari zor dion diru kopurua da. Kopuru honetan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:
a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.
b) Berandutzagatiko korritua, legean ezarria.
c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.
d) Premiamenduko errekargua.
e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.
Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna
16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.
2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.
3. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da, zehapenak salbuetsirik.
Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.
17. art. Beti ere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.
Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.
18. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.
19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.
Tributu zorraren iraungipena
20. art. Tributu zorra iraungiko da:
a) Ordaindu edo bete delako.
b) Preskripzio bidez.
c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.
d) Konpentsazio bidez.
21. art. Tributu zorren ordainketa Ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek, biak barne, arautzen dutenaren arabera eginen da.
22. art. Bortz urteren buruan ondoko eskubide eta egintzek preskribatuko dute:
a) Subjektu pasiboen aldekoak:
-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.
-Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketarako epea akitzen den egunetik kontatzen hasita.
-Tributu zehapenak ezartzeko ekintza, arau-hauste bakoitza egin zen egunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren dirusarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik kontatzen hasita.
23. art. Aurreko artikuluaren a) idatz-zatiak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:
-Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik zorpidetutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.
-Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada; Udalak ezarritako epearen barnean ez badu ebazpenik ematen, Udalari berari egozten ahal zaion erruz, preskripzio aldia aipatu epe hori iragaten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko subjektu pasiboak egiten duen edozein jarduketagatik.
Aurreko artikuluko b) idatz-zatiaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da dirusarrera ez-zilegia itzultzea nahi duen subjektu pasiboaren edozein egintza fedemaileren bidez, edo Udalaren edozein egintza dela medio horrelakorik badela aitortzeko.
24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.
25. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geratuko da.
IV. KAPITULUA
Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak
Tributuen arloko arau-hausteak
26. art. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintza eta omisioak dira.
27 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:
a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.
b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.
c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.
28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.
29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.
Zehapenak
30. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.
31. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.
2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza-jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.
3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren ehuneko 50etik ehuneko 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.
4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.
32. art. Zehapen prozedura. Zehapenak tributuen likidazio behin-behineko edo behin betikoak bideratzen dituzten egintza administratiboak diktatzen dituzten organoek erabaki eta ezarriko dituzte, beti ere interesatuari entzuteari eman eta aldez aurretik behar den espedienteari hasiera eman ondoren.
33. art. Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna.
1. Arau-hausteek ekarritako eratzunkizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.
2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.
3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.
V. KAPITULUA
Kudeaketa arauak
34. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:
a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.
b) Ofizioz.
c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.
Tributu aitorpena
35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro.
b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.
c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.
d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Udalak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.
36. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar laneguneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.
37. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.
Udalak aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.
Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.
38. art. Epeak.
1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; beti ere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.
2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.
3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.
Ikerketa eta ikuskapena
39. art. Toki entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.
40. art. Ikerketa egiteko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.
41. art. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren bertze dokumentuak eraman eta kontserbatzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.
42. art. Ikuskapenak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.
43. art. Salaketa.
1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik jartzeko.
3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.
Tributu likidazioak
44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.
2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:
-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan ala ez.
Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.
3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.
45. art. a) Likidazioak egiterakoan toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.
b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.
46. art. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:
a) Haien funtsezko elementuak.
b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.
c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.
2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute subjektu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion errekurtsoa jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.
3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.
Zergadunen erroldak.
47. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, udal administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.
48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz subjektu pasiboei horien berri emanen zaie.
2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.
49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta bertze dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.
VI. KAPITULUA
Dirubilketa
Oinarri orokorrak.
50. art. Dirubilketaren kudeaketa, udal ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak burutzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.
51. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:
-Borondatezko aldian.
-Derrigorrezko aldian.
2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek, horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.
52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da udal diruzaintzaren kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen duela.
53. art. Zorren sailkapena, dirubilketari dagokionez.
1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.
2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.
3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun erroldetatik etortzeagatik, tributu zorra aldika aldatzen bada ere, dagokion Ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.
4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.
54. art. Ordainketa egiteko tokia
Toki entitate honen aldeko zorrak haren kutxan ordainduko dira, edo banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan, horien titulartasuna badu.
55. art. Ordainketa epeak. Tributu zorrak honela ordainduko dira:
a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar laneguneko epearen barnean.
b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.
c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitzaren ordenantza arau-emaileetan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar lanegunen barnean.
56. art. Ordainketa egiteko modua.
1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:
a) Legezko dirua
b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena
c) Banku txekea
d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako Udalaren alde irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.
2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Udalaren diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik jakinaraztea helbideratze horiek zein tributuri dagozkion.
57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.
1. Tributu zorra likidatzean toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.
2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.
VII. KAPITULUA
Errekurtsoak
58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezten ahal dira.
59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.
60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bortz gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.
Bigarrena.-Ordenantza Fiskal Orokor hau, hala nola Udal honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 1995eko 2/95 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.
Iragarkiaren kodea: A0000910
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
