36. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- I R U Ñ A

Obrak egiteko errekerimendua

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako Zinegotzi delegatuak, honako ebazpen hau eman zuen bi milako urtarrilaren hamabian, besteak beste:

"Ikusirik Iruñeko Kale Nagusiko 57ko etxea aztertu ondotik Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikuskapen txostena, 1999ko abenduaren 1ekoa, aipatu kalea berriz urbanizatzeko obren indusketa lanak hasi baino lehenagokoa, haren bidez frogatu da honako hondaketa hauek dituela:

"Antigüedades Echarri" lokalean:

-Sabaiko habea pitzatua dago, eta haustura lerroa nabarmentzen da.

-Kalea berrurbanizatzeko obren zuzendaritzak kontratari agindu dio habe hori puntelatzeko, obren hondeaketa-lanak irauten duten bitartean, arriskuak saihesteko.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebatzi dut:

1.-Iruñeko Kale Nagusiko 57ko etxearen jabeei hirurogei eguneko epean, Kale Nagusia berriz urbanizatzeko obrak bukatzen diren egunetik kontatzen hasita, honako lan hauek egin ditzaten agintzea:

"Antigüedades Echarri" lokalean:

-Lokaleko sabaiko habe hondatua konpontzea.

Lan horiek teknikari eskudun batek zuzendu beharko ditu, eta lanak hasi baino lehen teknikari eskudunak sinatutako proiektua ekarri beharko da.

2.-Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, lan horiek aipatu epean egiten ez badituzte, Udalak epea bukatu eta biharamunean obrak subsidiarioki egin ahal izanen dituela eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak, hau da, sortzen diren gastuen % 125, igorriko zaizkiela.

3.-Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite hori 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin zehaturik dago.

4.-Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, beti ere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava kaleko 1.ean, argibideak eska daitezke".

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) atalean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi milako otsailaren hamarrean. Hirigintza eta Etxebizitzako idazkari teknikoa, Esther Azanza Fernández.

Iragarkiaren kodea: A0001357