36. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

60/2000 FORU AGINDUA, otsailaren 29koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Curriculum Egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuaren modalitateko adingabeak hartzen dituzten ikastetxeei dirulaguntzak ordaintzeko baimena ematen duena.

Abenduaren 20ko 468/1999 Foru Aginduaren bidez, Curriculum Egokituko kanpo unitateetan eskolatze banatuaren modalitateko adingabeak hartzen dituzten ikastetxeetarako dirulaguntzen modulu ekonomikoa finkatu zen 1999/2000 urterako eta 1999ko irailetik abendura bitarteko dirulaguntza horiek ordaintzeko baimena eman zen.

Foru Agindu horretan dirulaguntzak emateko erari eta epeei buruz zehaztasunak eman ziren.

Foru Agindu hura onetsi ondoren, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak jakinarazi zuen, unitate ordainduez gain, beste unitate bana zeudela baimenduak eta abian, "Etxabakoitz" tailer-eskolan eta "El Castillo" tailer-eskolan, hain zuzen ere.

Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu, bi unitate horien dirulaguntza eta behar diren ordainketak onets daitezela, hots, dirulaguntza osoaren % 85. Hala ere, kontuan hartzekoa da "El Castillo" tailer-eskolako ikasleak Lanbide Hastapeneko programetara ere doazela eta, beraz, kanpoko curriculum egokituko unitatearen eta Lanbide Hastapeneko programetako batez bestekoaren arteko aldea bakarrik ordaindu behar dela, ikasle bakoitzari dagokiona, hain zuzen ere.

Abenduaren 20ko 468/1999 Foru Aginduaren arabera, gainerako % 15a 2000ko azken hiruhilekoan ordainduko da, dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztu ondoren, Foru Agindu hartako 8. idatz-zatian xedatu bezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatiek emandako ahalmenen arabera,

AGINDU DUT:

1. Dirulaguntzen bigarren ordainketa onestea, ondoren aipatzen diren irabazi asmorik gabeko entitateetarako.:

Iruñeko "Etxabakoitz" tailer-eskolari: 7.601.768 pezeta.

Tuterako "El Castillo" etxalde-eskolari: 1.313.240 pezeta.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari behar diren ordainketak egin ditzala eskatzea, guztira 8.915.008 pezeta, indarra duen gastu aurrekontuko "Haur eskolatugabeak hartzeko ikastetxeetarako (Ilundaingo etxalde, Etxabakoizko tailer eta bestetarako) dirulaguntza" izeneko 41610-4811-4222 kontusaileko 14920- 4 lerroaren kontura.

3. Dirulaguntza kontzeptu hauetan erabili beharko da:

Hezitzaileen (irakasleen eta/edo adituen) kostuan.

Funtzionamendu gastuetan eta behar den ekipamendua erosi eta amortizatzekoetan.

Bestelako zeharkako kostuetan.

Hezitzaileen kostuan, horretan lansariak eta gizarte segurantzako gastuak direla, hezitzaileen ratio bat sartzen da, astean 30 ikastordu eta, irakaskuntzatik kanpoko langile osagarriengatik, lanaldi laurden bana, emateko.

4. Ikasle hauei ematen zaien laguntza esperimentala denez, dirulaguntzaren modulu ekonomikoen zenbatekoak eta langile hezitzaileena diruz lagunduriko unitateko, 1999/2000 ikasturterako behin-behinekoak dira, hots, hurrengo ikasturteetan ez dira nahitaez luzatuko.

5. Dirulaguntzaren onuradun den entitate titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuan, 2000ko irailaren 30a baino lehen:

1.-Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, zerga eginbeharrak ordaindu dituela frogatzen duena.

2.-Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, dirulaguntzaren xede diren hilabeteetarako, hots, 1999ko irailetik 2000ko abuztura bitarterako, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak ordaindu dituela frogatzen duena.

3.-Langileen gastuen justifikazioa.

Lan kontratupeko langileak direnean, kontratuen eta programan lan egin duten pertsonek izenpeturiko nominen kopia konpultsatua, izenak, NANak, titulu akademikoak eta, kasuan kasuko hitzarmen kolektiboaren arabera, lanbide kategoria adieraziz.

Haiek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten ziurtagiriak.

PFEZeko diru-kopuruen atxikipenen ziurtagiriak.

Langile autonomoak direnean, zerbitzuak egiteko kontratuen fotokopia konpultsatua eta kasuan kasuko BEZaren kitapena.

4.-Funtzionamendu gastuen, ekipamenduaren amortizazioaren eta bestelako zeharkako kostuen ordainagiri eta fakturen aurkibidea eta zerrenda.

Entitateko inbentarioan dirulaguntzaren kontu erosiriko material inbentariagarria sartu dela frogatzen duen ziurtagiria.

Harturiko dirulaguntza justifikatzen ez bada, diru-kopuru justifikatugabeak itzuli beharko dira.

6. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

7. Foru Agindu hau igortzea entitate pribatu interesatuetara, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuagana, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketako Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Hezkuntza Itunen Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako otsailaren hogeita bederatzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0001997