36. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

104/2000 FORU DEKRETUA, martxoaren 6koa, Toki Entitateek Nafarroako Zergetan duten Partaidetza Fondoaren konturako aurrerakinak ematea, eta Banaketa Kontuetan mugaeguna gainditu duten zorren ordainketan luzapenak ematea arautzen duena.

2000ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontuei buruzko abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legeak, bere bigarren xedapen gehigarrian, ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari, Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren bidez, Zergetako Partaidetza Fondoan kontsignaturiko transferentzien kontura aurrerakinak eta Banaketa Kontuetan mugaeguna gainditu duten zorren ordainketan luzapenak eman ditzan.

Aipatu xedapenaren arabera, Nafarroako udal eta kontzejuek aurrerakinak eska ditzakete Nafarroako Aurrekontuetako Toki Ogasunen Fondoaren kontura, bai eta luzapenak ere Banaketa Kontuetan mugaeguna gainditu duten zorren ordainketan. Horregatik beharrezkoa da aurrerakin eta luzapen horiek emateko oinarri orokorrak ezartzea aipatu xedapen gehigarrian araututakoari jarraikiz, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak tramita ditzan Toki Administrazioko Departamentuak txostena egin ondoan.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako martxoaren seiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 1. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, salbuespen gisa, aurrerakinak ematen ahalko dizkie diru arazoak dituzten toki entitateei, Zergetako Partaidetza Fondoan transferentzia arruntengatik dagokien diru kopuruaren hiruhileko baten zenbatekoaren kontura.

Toki entitatearen ekonomi eta finantza egoerak, aurrezki garbiaren, defizitaren eta zorpetze mailaren bidez zenbatetsita, beharrezko eginen balu neurri bereziak hartzea, konturako aurrerakina bi hiruhilekoren zenbatekoaren adinakoa izan liteke.

2. Aurrerakin horiek kitatzen ez diren bitartean Banaketa Kontuko zorretarako ezarrita dauden korrituak sortuko dituzte.

2. artikulua. Emandako aurrerakina 2000rako Nafarroako Zergetako Partaidetza Fondoaren hurrengo banaketekin konpentsatuz edo haren zenbatekoa Banaketa Kontuan kargatuz eta gero konpentsatuz itzuliko da.

3. artikulua. Ondoko baldintzak betetzen dituzten udal eta kontzejuei baizik ez zaizkie aurrerakinak emanen:

a) 1998ko ekitaldiko kontuen itxiera eta 2000ko Aurrekontua Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztua izatea.

b) Aurrerakinaren beharra sinesgarritasun osoz frogatzea.

c) Aurrerakinaren konpentsazioa onartzea 2000ko Fondoaren hurrengo banaketan edo banaketetan.

d) Landa eta Hiri Lurren Aberastasuna Eguneratzeko Hitzarmenak sinaturik izatea edo, hala bada, katastro berriak indarrean izatea.

e) Toki Entitateak bi hiruhilekori dagokien aurrerakina eskatzen badu, aurrezki garbia, defizita eta zorpetze maila kalkulatzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko du.

4. artikulua. 1. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, salbuespen gisan, Banaketa Kontuan mugaeguna gainditu duten zorren ordainketen luzapenak ematen ahalko dizkie diru arazoak dituzten toki entitateei.

2. Epealdia, korritu tasa eta luzapenaren ordainketa edo amortizazio epeen zenbatekoa Ekonomi eta Ogasun kontseilariak erabakiko ditu banan-banan, entitate eskatzailearen finantza edo ekonomi egoeraren arabera.

5. artikulua. Ondoko baldintzak betetzen dituzten udal eta kontzejuei baizik ez zaizkie luzapenak emanen:

a) 1998ko ekitaldiko kontuen itxiera eta 2000rako Aurrekontua Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztua izatea. Eskabidea urritik aitzina aurkezten baldin bada 1999ko ekitaldiko kontuen itxiera ere galdatuko da.

b) Ekonomi eta finantza aldetik bideragarritasunari buruzko plan baten bidez Toki Entitatea eman behar zaion luzapenari aurre egiteko gai dela frogatzea.

c) Landa eta Hiri Lurren Aberastasuna Eguneratzeko Hitzarmenak sinaturik izatea edo, hala bada, katastro berriak indarrean izatea.

6. artikulua. Aurrerakin eta luzapenen eskariak, aurreko artikuluek aipatu agiriekin batera, Toki Administrazioko Departamentuari igorriko zaizkio. Horrek, behar den txostena idatzi eta espedientearekin batean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuari igorriko dio, eskatutako aurrerakina edo luzapena eman edo uka dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako martxoaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0002317