29. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

84/2000 FORU DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, "Herri inguruko eustormen eta urbanizazioaren proiektua: 2. fasea, San Adrian (Nafarroa)" delakoaren obrek ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako, presakoa dela deklaratzen duena.

San Adriango Udalak 1999ko maiatzaren hamahiruan egin bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, desjabetzapen prozedura hasi zen, "Herri inguruko eustormen eta urbanizazioaren proiektua: 2. fasea, San Adrian (Nafarroa)" delakoaren obrak egiteko.

Jendaurreko aldia amaiturik, eta Osoko Bilkurak 1999ko irailaren hamalauan hartutako erabakiaren bidez, proiektu horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda onetsi zen, behin betikoz, eta baita alegazioak ebatzi ere, Erabakiaren testuan esaten den gisara.

Obrak presakoak dira, zeren pitzadurak eta behera etortzeak izan baitira, ezpondaren egonkortasun ezak eraginak; hala agertu du Nafarroako Gobernuaren Geologi eta Geotekni Ataleko buruaren txosten batek. Gainera, Nafarroako Gobernuak diruz laguntzeko baldintza da, hain zuzen, Herrilan zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 884/1999 Ebazpena jakinarazi eta ondorengo hiru hilabetetan hastea obrak.

San Adriango Udalaren argudioak ikusirik, Nafarroako Gobernuak uste du justifikatuta dagoela desjabetzapenak ukitutako ondasunen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluan onartutako eskumenekin bat, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako otsailaren hogeita batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatuarekin bat, "Herri inguruko eustormen eta urbanizazioaren proiektua: 2. fasea, San Adrian (Nafarroa)" delakoaren obrek ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako otsailaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin

Iragarkiaren kodea: A0001718