29. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

72/2000 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamenduaren 7. artikulua aldatzen duena.

Langileen etxeko bizitza eta lanekoa elkarrekin egokitzea sustatzeari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legeak aldatu egin du Langileen Estatutuaren Testu Bategina -martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa- bai eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legea ere, Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzkoa, alegia, ama-aitatasunarekin eta familia zaintzearekin loturiko baimen eta eszedentzien arloan.

Langileen familiako bizitza eta lanekoa elkarrekin egokitzea sustatuko duten aldaketa eta neurriak Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei aplikatzea egoki dela ikusirik, beharrezkoa da haiei aplikatzekoak diren baimenei buruzko araubidea aldatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako otsailaren hamalauko bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamenduaren 7. artikulua aldatzea. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Oraingo aldaketa honen ondorioz aipatu idatz-zatia honela geldituko da:

"7. artikulua. 1. Emakumezko funtzionarioek amatasunagatiko baimen ordaindurako eskubidea izanen dute, umea izaten dutenean. Baimena hamasei aste jarraikoa izanen da, eta erditze anizkoitzen kasuan beste bina aste gehituko zaizkio ume bakoitzeko, lehenbizikoa kontatu gabe. Baimenaldiak amak aukeratuko du, baina beti ere sei aste horiek umea izan ondoren hartuko dira. Ama hiltzea gertatuz gero, haur jaioberriaren aita baliatzen ahalko da baimen osoaz edo amak hartu gabe utzitako parteaz.

Amatasunaren baimenerako eskaerari ginekologoaren txostena erantsiko zaio. Txostenean adieraziko da haurdunaldiak ehun eta laurogei eguneko aldia gainditu duela. Era berean, baimena zein egunetan hartu nahi den ere agertarazi beharko da.

Erditze eguna justifikatzeko Famili Liburua edo Erregistro Zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko da kasuan kasuko Administrazio Publiko eskudunean.

2. Hala eta guztiz ere, eta amak haurra izan ondotik nahitaez hartu beharreko sei astebete horiek galarazi gabe, baldin eta amak eta aitak lan egiten badute, amatasunagatiko oporraldia hasten denean, aukera izanen da aitak parte bat hartzeko, amarekin batera edo txandakatuz, non eta lanean hastea amarentzat arriskutsua ez den.

3. Sei urtetik beherako haurrak adoptatu edo familian hartzen direnean, aurreadopzio gisa nahiz behin betikoz, hamasei aste jarraian izateko baimena dago. Haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, funtzionarioak bina aste gehiago izanen ditu haur bakoitzagatik, beti ere bigarrenetik hasita, dela umea hartzeko administrazio edo epailearen erabakiaren egunetik hasita, dela adopzioa gauzatzen duen epailearen ebazpenaren egunetik hasita, funtzionarioaren aukeran, betiere. Hamasei astebeteko baimena izanen da, halaber, sei urtetik gorako umeak adoptatu edo hartzen direnean, baldin eta haur horiek ezinduak edo minusbaliatuak badira edo haien inguruabar eta esperientzia pertsonalengatik edota atzerritik etortzeagatik, gizartean eta familian egokitzeko zailtasun bereziak badituzte. Zailtasunak benetakoak direla gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Guraso biek lan egiten badute, baimena berek nahi bezala banatuko dute, biek batera edo txandaka, baina betiere etenik egin gabe.

Adoptatzen den haurra atzerrikoa denean eta horretarako gurasoek aldez aurretik haurraren herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldean kasu bakoitzerako ezarritako lizentzia adopzioa gauzatzen duen ebazpena baino lau astebete lehenago hasten ahal da.

4. Oporraldia gurasoek batera hartzen ahal dute baina, edonola ere, bien batuketak ez du gaindituko aurreko ataletan ezarritako hamasei astebeteko aldia, edo erditze anizkoitzen kasuan tokatzen dena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako otsailaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0001478