I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
1/2000 FORU AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 17koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa bulego mailan garatzen duena.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak onesten duen irailaren 13ko 374/1999 Foru Dekretuaren II. Tituluaren hirugarren kapituluan, atal mailara arteko unitate organikoak ezarri ziren.
Egitura hori bulego mailan oraindik garatu ez denez, eta kontuan harturik aipatu Foru Dekretuan egiturazko aldaketak sartu zirela, beharrezkoa da egitura organiko hori garatzea, eta, horretarako, lehendik dauden bulegoak berratxikitzea, berri batzuk sortzea eta gelditzen direnak amortizatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36 eta 50.2 artikuluen bitartez esleitutako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Kudeaketa-Zuzendaritzari atxikirik gelditu dira Zuzendaritza Idazkaritzaren Bulegoa eta Araubide Juridikoaren Bulegoa.
Araubide Juridikoaren Bulegoak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
-Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari aholku eta laguntza juridikoak ematea.
-Arauak aldatu edo berritzeko proposamenak egitea.
-Institutuaren eskumeneko arazo eta gaiei buruzko txosten juridikoak egitea.
-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Idazkaritza Teknikoarekin lankidetzan aritzea bion intereseko afera juridikoetan.
Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, antzekoa edo osagarria.
1.1. Administrazio Aferetarako Bulegoa, Erregistro eta Agiritegi Bulegoa eta Argibide Bulegoa Antolaketa eta Dokumentazio Atalari atxiki zaizkio zuzenean.
2. artikulua. Administrazioaren eta Giza Baliabideen Zuzendariordetza ondoko Bulego hauetan egituratu da:
2.1. Afera Ekonomikoen Atalari ondoko Bulego hauek atxiki zaizkio:
-Aurrekontuen Kudeaketa eta Kontabilitateko Bulegoa.
-Diruzaintza Bulegoa.
2.2. Giza Baliabideen Atalari ondoko Bulego hauek atxiki zaizkio:
-Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa.
-Jarduera Osagarrien Antolaketa Bulegoa. 2.3. Itunen Dokumentazioko Bulegoa Itunen Atalari atxiki zaio zuzenean.
3. artikulua. Familiaren eta Sektore Zerbitzuen Zuzendariordetza ondoko Bulego hauetan egituratu da:
3.1. Hirugarren Adinekoentzako Egoitzen Bulegoa eta Hirugarren Adinekoentzako Programen Bulegoa Hirugarren Adinekoentzako Atalari atxiki zaizkio.
3.2. Ezgaitasun Fisiko eta Sentsorialak dituzten Pertsonen Bulegoa, Ezgaitasun Psikikoak dituzten Pertsonen Bulegoa eta "Lur Gorri" Egoitza Koordinatu eta Kudeatzeko Bulegoa Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Atalari atxiki zaizkio.
3.3. Familia Bulegoa, Arazo Sozialak dituzten Adin Txikikoei Laguntza Emateko Bulegoa, Familietan Hartzeko eta Adopzio Nazionalerako Bulegoa eta Atarrabia Egoitza Koordinatzeko Bulegoa Familia, Haur eta Gazteriarentzako Atalari atxiki zaizkio.
Familia Bulegoak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren menpeko haur-eskoletako jarduerak antolatu eta koordinatzea.
-Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrak integratzeko programaren jarraipena egitea.
-Etxeko laguntzarako dirulaguntza bereziak kudeatu, baloratu eta jarraitzea.
-Familia ugarien programa koordinatzea.
-Familia bitartekaritzako programaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
-Esleitzen zaion antzeko beste edozein eginkizun.
4. artikulua. Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetza ondoko Bulego hauetan egituratu da:
4.1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei Laguntza Emateko eta Gizarteratzeko Bulegoa Oinarrizko Laguntzaren Atalari atxikio zaio zuzenean.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei Laguntza Emateko eta Gizarteratzeko Bulegoak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
-Oinarrizko Laguntzaren arloko agiritegia antolatu eta mantentzeko laguntza ematea.
-Gizarteratze arloko agiritegia antolatu eta mantentzeko laguntza ematea.
-Oinarrizko Laguntza eta Gizarteratzearen arloko gastua kontrolatzeko laguntza ematea.
-Oinarrizko Laguntza eta Gizarteratzearen arloko dibulgaziorako, prestakuntzarako eta bestelako jardueretan laguntza ematea.
-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari laguntza ematea, bai haren Zuzendaritzan, bai hura osatzen duten arloetan, bere eskumeneko gaietan, hala nola esleitzen zaion beste edozein eginkizun, antzekoa edo osagarria.
4.2. Justizi Aferetarako Laguntza eta Aholkularitza Bulegoa, Kotizazio gabeko Pentsioen Bulegoa eta Tutoretzen eta Sektorearteko Programen Bulegoa Gizarteratzearen Atalari atxiki zaizkio zuzenean.
Tutoretzen eta Sektorearteko Programen Bulegoak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
-Bere kudeaketari buruz etengabeko informazioa ematea Gizarteratzearen atalari. Bere eskumenekoak diren txosten eta proposamenak egitea.
-Bulegoaren eginkizunak antolatu, banatu eta kontrolatzea.
-Bere eskumenekoak diren banakako laguntza, dirulaguntza eta abarrei buruzko espedienteak jaso, aztertu eta baloratzea.
-Tutoretza prozesuan parte hartzen duten alderdien arteko koordinazio teknikoa.
-Tutoretzapeko pertsonez, Nafarroako Umezurtz-etxeko pertsona helduez eta abarrez arduratzen diren entitateekin ezarritako itunen jarraipen teknikoa egitea.
-Nafarroako Garraio Egokitu eta Lagundurako Programaren jarraipena egitea.
-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, bai Zuzendaritzari, bai hura osatzen duten arloei, laguntza ematea haren eskumeneko gaietan.
-Gizarteratzearen Atalak esleitzen dion beste edozein eginkizun, antzekoa edo osagarria.
5. artikulua. Ondoko Bulego hauek amortizatu dira:
-Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei Laguntza Emateko Bulegoa.
-Gizarteratze Bulegoa.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira Foru Agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, bi milako urtarrilaren hamazazpian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria. Calixto Ayesa Dianda.
Iragarkiaren kodea: A0000430