16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 24koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan abelgorrien mugimendua arautzen duena.

1992ko urtarrilaren 13ko Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatetik datozen abereen mugimendurako osasun agiriak arautu ziren. Foru Agindu hartan, arau gisa, jatorri eta osasuneko gida ezarri zen, abereak ibili eta garraiatzeko osasun agiritzat. Jatorri eta osasuneko gidaren ordez, lekualdatzeari buruzko agiriak erabiltzea ahalbidetzen zuen, halaber, abeltzainek edo haien ordezkariek betetzekoak.

1999ko abenduaren 27an, murriztu egin zen, Nafarroako Foru Komunitatean, abelgorriak garraiatzeko Foru Agindu hartako II eta III. eranskinetan aipatzen diren agirien erabilera, ez baitzuten bermerik ematen abereen erroldako datu basea abelgorriak identifikatu eta haien mugimenduak erregistratzeko sistema nazionalaren barruan gaurkotzeko.

Hala ere, beharrezkoa da, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan abelgorrien mugimendurako funtzionamendu sistema bat ezartzea. Sistema horrek ordeztuko du abeltzainei ematen zitzaien eskumena II eta III. eranskinetan aipatzen diren agiriak erabiltzeko eta bat etorri beharko du apirilaren 21eko Kontseiluaren EE 820/97 Erregelamenduarekin. Erregelamendu horren bidez abelgorriak identifikatu eta erregistratzeko sistema bat ezarri zen, baita abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzekoa ere. Bestaldetik, abeltzainek abereen mugimenduei buruzko argibideak aurkezteko epeak ezarri behar dira, abelgorriak identifikatu eta haien mugimenduak erregistratzeko sistema nazionalak eskatu bezala, Europako Batasuneko arautegia betetzearren.

Hori horrela, Nafarroako Gobernua eta Foru Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.b) artikuluaren bidez eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Arau gisa abelgorriak lekuz aldatu eta garraitzeko behar den agiria abelgorrien jatorri eta osasuneko gida da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariek luzatzekoa, edo Departamentu horrek abeltzaintzari buruzko arautegian eskatzen diren ziurtagiriak edo agiri osagarriak izenpetzeko gaituriko albaitariek luzatzekoa.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko orotariko mugimenduetarako, administrazio kudeaketa arindu eta erraztearren, Abeltzaintza Zerbitzuak telefaxaren bidez igortzen duen jatorri eta osasuneko gidarekin ere ibiltzen ahalko dira, interesatuak eskaturik. Horretarako, komunikabide mota bera erabiltzen ahalko du.

3. artikulua. 1. Osasun arautegia betetzen duten ustiategietan, baita, saneamendu ekinaldietan, gaitzak jotako abererik hiltzeke ez duten horietan ere, abelgorrien identifikazioari buruzko irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera abelgorri guztiak identifikaturik badauzkate, abeltzainek edo haien ordezkariek beteriko agiriak erabiltzen ahalko dira, 1. eranskinaren arabera, Nafarroako ustiategietatik datozen abelgorriendako, haien helmugak Foru Komunitateko hiltegi, gizendegi, biltegi baimendunak edo Nafarroan egiten diren eta abelgorririk hiltzen ez duten ohiko zezen ikuskizunak badira.

2. Beti ere, aberearekin batera identifikazio agiria edo pasaportea joanen da, agintari eskudunak luzatua.

4. artikulua. Osorik betetzen ez diren agiriek edo Foru Agindu honetan xedatzen denarekin bat ez datozenek ez dute baliorik izanen.

5. artikulua. 1. eranskinean aipatzen diren agiriek ezin babestuko dute, inolaz ere, saneamendu ekinaldi ofizialetan gaitzen bat atzeman zaien animalien garraiorik.

6. artikulua. Helmugako gizendegiak osasun kalifikaziorik badu, abelgorrien jatorriko ustiategi edo biltegiak osasun kalifikazio bera izan beharko du, gutxienez.

7. artikulua. 1. Lehenengo eranskinean aipatzen den lekualdatzeko agiriak berrogeita zortzi ordurako balioko du, luzatzen denetik hasita.

2. Abeltzainak edo jatorriko ustiategiaren ordezkariak lekualdatzearen agiriaren kopia igorri beharko du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Eliadura Departamentuko arlo edo eskualdeko bulego berera, edo bertan aurkeztu, abelgorriak mugitu baino zazpi egun lehenago gutxienez.

3. Europako Batasuneko arautegiaren arabera, agintari eskudunari abereeen mugimenduen berri jakinarazteko, haien hartzaileak abelgorrien identifikazio agiriaren jatorrizkoa eta haiek garraiatzeko agiriaren kopia bat aurkeztu beharko ditu Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko arlo edo eskualdeko bulegoetan, zazpi eguneko epean, abereak bere ustiategira doazenetik hasita, agiri haiek datu basean sartzeko eta, hala bada, beste identifikazio agiri bat luzatzeko.

8. artikulua. Sal-erosteko ustiategien titularrei eta abereak saltzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei ez zaie abelgorriak garraiatzeko agiririk luzatuko, haien ekoizpenarekin lotura finkorik ez badute.

9. artikulua. Agirigabekotzat joko dira:

-Foru Agindu honetan aipatzen diren agiriak izan gabe garraiatzen diren abelgorriak.

-Lekualdatzearen agirietan aipatzen den ez beste helmugara doazen abelgorriak.

-Abelgorrien identifikazioari buruzko irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuaren arabera identifikaturik ez dauden abelgorriak.

10. artikulua. 1. Foru Agindu honetan xedaturikoaren aurka egiten diren arau-hausteak 1952ko Epizootiei buruzko Legean, hori garatzen duen 1955eko otsailaren 4ko Erregelamenduan eta hori gaurkotzen duen maiatzaren 7ko 1665/1976 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera zehatuko dira.

2. Foru Agindu hau hausteagatik irekiriko edozein zehapen espediente ebazten ez deneino, espedientea ireki zaien abeltzainei eman zaizkien agiriak kenduko dira badaezpada ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Indarrik gabe uzten da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko abenduaren 27an eman zuen Foru Agindua. Horren bidez abeltzainek edo haren ordezkariek abelgorriak garraiatzeko beteriko agiriak erabiltzeko debekua ezarri zen. Foru Agindu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko xedapen guztiak ere indarrik gabe uzten dira.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako urtarrilaren hogeita lauan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0000656