16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

1014/1999 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ebro ibaiko Plan Berezia, Tuterako tarteari dagokiona eta Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua, behin betikoz onesten duena.

Tuterako Udalak idazpuruan zehaztutako espedientea aurkeztu du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onetsia izan dadin.

Ikusirik ekarritako dokumentazioa eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza zerbitzuak eta Ingurugiro Kalitatearen zerbitzuak emandako txostenak, bidezko da hura behin betikoz onestea, beti ere Foru Agindu honetako xedapen zatian ematen diren zehaztapenak sartuta.

Horren ondorioz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 118. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Ebro ibaiaren Plan Berezia, Tuterako tarteari dagokiona eta Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua, behin betikoz onestea, honako zehaztapenekin:

A.-Los Tetones ibarbasoari dagozkion aipamenak egokitu behar zaizkio ekainaren 1eko 178/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari, izan ere Foru Dekretu horrek Traslapuente ibarbasoa (EN-11) lekune naturalaren mugak aldatu egin zituen eta Los Tetones ibarbasoa (EN-28) lekune natural deklaratu.

B.-Sartu beharrak daude, bai testuan bai planoetan, hainbat zortasun eta ukipen, hain zuzen ere Nafarroako Ubidearen udalez gaindiko proiektu sektorialak eta ubidea bera eraikitzeagatik sortutakotak, Nafarroako Ubideak zeharkatu eginen baititu Murillo de las Limas (13. tartea) ibarbasoko eraztun babestaileak, Ebro ibaia gainditzeko. Izan ere, ubidearen eraikuntza proiektuak eremu honetantxe kokatu gogo ditu egituraren euskarriak, halako moldez non harkaitzetako landaretzaren azalera txikiena hartuko baitu.

C.-Ongi zehaztu behar dira, ahal bada proiektuan berean, Los Tetones ibarbasoan eginen diren lanak.

D.-Tuterako Udalak onartu dituen proposamenetatik heldu diren aldaketak sartu egin behar dira, jendaurreko epean jasotako alegazioen ondorio baitira.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea baina era berean adieraztea nahitaez aurkeztu behar dela hiru hilabeteko epean, gehienez ere, dokumentuaren testu bategina, non bilduko baitira Foru Agindu honetako 1. idatz-zatian aipatu diren zehaztapenak.

3. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela adieraztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duena).

4. Foru Agindu hau Tuterako Udalari eta Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.ri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko uztailaren hogeita zazpian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

Iragarkiaren kodea: A0000164