16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 3koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, eraldaketa enpresen kapitalean parte hartzeko laguntzak arautzen dituena.

Otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzarako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko nekazaritzaren finantzaketarako lege mailako xedapenen testu bategineko 3.c) artikuluak dioenez, bidezko da eraldaketa enpresen kapitalean, arian diren edo sortu berriak diren merkaturatze sare edo bideetan parte hartzea, baldin eta laguntza horien onuradunak kooperatibetan, eraldaketarako nekazari elkarteetan edo elkartzeko beste edozein formula juridikotan antolatutako nekazari edo abeltzain elkarteak badira. Gainera, kapital sozialaren ehuneko berrogeita hamar edo gehiagok eta erabakiak hartzen dituzten organoetako ordezkaritza gehienak egon beharko dute nagusiki nekazariak edo Nekazaritzako Gizarte Segurantzan inkribaturiko beste inoren konturako langileak direnen eskuetan.

Kontuen Ganbarak horretaz eman dituen gomendioak kontuan hartuz, beharrezkoa da laguntza hauek kudeatzeko arautegia ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluaren bidez eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua.

Eraldaketa enpresen kapitalean parte hartzeko laguntzak emateko Europako Batasuneko edo Foru Komunitateko arautegian ezartzen diren baldintza orokorrez gain, berariazko betebehar hauek ere kontuan hartuko dira:

a) Laguntzek ez dute balioko eraldaketa enpresen kapitala gehitu eta galerak konpentsatzeko.

b) Inbertsio berari ezin emanen zaio bi aldiz dirurik, hots, behin zuzenean eraldaketa enpresaren inbertsioa den aldetik, eta beste behin kapitala gehitzen duten entitate elkartuek haien akzioak erosteko dirulaguntza den aldetik.

c) Laguntzak akzioen erosketaren ondoriozko zenbatekoari ez ezik haiek jaulkitzeko primari ere aplikatzen ahalko zaio, horrelakorik bada.

d) Inbertsio hauek ezin neurtuzkoak direnez, laguntzaren xede diren inbertsioek Nafarroan gauzatzeko duten betebehar orokorrari dagokiona, ulertuko da eraldaketa enpresak, kapitala gehitzean, egiten dituen inbertsioak Nafarroan gauzatu beharko dituela, ibilgetu materiala izanez gero, edo zuzenean Nafarroako nekakaritza sektorean eragina izan beharko duela, ibilgetu ez-materiala izanez gero.

2. artikulua.

Laguntzak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eskatuko zaizkio. Haiekin batera, betebehar orokorrak eta aurreko artikuluko berariazko betebeharrak betetzen direla frogatzen duten agiri administratiboak aurkeztuko dira.

3. artikulua.

Eskabidea ebazteko epea lau hilabetekoa da, agiri guztiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkezten direnetik hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Foru Agindu honi aurka egiten dioten maila bereko xedapenak indarrik gabe uzten dira.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako urtarrilaren hiruan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0000165