16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- SAN ADRIAN

Ordenantza fiskalen behin betiko onespena

San Adriango Udalak Ordenantza fiskal orokorra eta Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra onetsi zituen, hasiera batean, 19998ko irailaren 24an. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, behin betikoz onetsirik gelditu dira. Hona hemen haien testua osorik.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza Fiskal Orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, beti ere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz.

3. art. San Adriango Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik.

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Udal honek indarra duten ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da.

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zergagaia zehaztuko du eta horretarako, zerga ordaindu beharra zer baldintzatan sortzen den aipatuko.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko.

8. art. Subjektu pasiboa

a) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen berezitako ondare bat osatzen baitute.

9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

10. art. Zerga-oinarria

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Udalak kontuan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen araudiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.

11. art. Likidazio oinarria.

Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen lege edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.

12. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

13. art. Kuotaren zehaztapena

Kuota honela zehaztuko da:

a) Ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Ordenantza partikularretan ezarritako tarifak karga-oinarriari aplikatuz.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuko da, dagokion ordenantzan finkatutako moduluei jarraikiz.

14. art. Salbuespenak eta hobariak

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra subjektu pasiboak Udalari zor dion diru kopurua da. Kopuru honetan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legean ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da, zehapenak salbuetsirik.

Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.

17. art. Beti ere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa Ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek, biak barne, arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Bortz urteren buruan ondoko eskubide eta egintzek preskribatuko dute:

a) Subjektu pasiboen aldekoak:

-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

-Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketarako epea akitzen den egunetik kontatzen hasita.

-Tributu zehapenak ezartzeko ekintza, arau-hauste bakoitza egin zen egunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren dirusarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik kontatzen hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) idatz-zatiak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik zorpidetutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

-Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada; Udalak ezarritako epearen barnean ez badu ebazpenik ematen, Udalari berari egozten ahal zaion erruz, preskripzio aldia aipatu epe hori iragaten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko subjektu pasiboak egiten duen edozein jarduketagatik.

Aurreko artikuluko b) idatz-zatiaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da dirusarrera ez-zilegia itzultzea nahi duen subjektu pasiboaren edozein egintza fedemaileren bidez, edo Udalaren edozein egintza dela medio horrelakorik badela aitortzeko.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geratuko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. art. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintza eta omisioak dira.

27 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.

2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza-jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren % 50etik % 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.

32. art. Zehapen prozedura.

Zehapenak tributuen likidazio behin-behineko edo behin betikoak bideratzen dituzten egintza administratiboak diktatzen dituzten organoek erabaki eta ezarriko dituzte, beti ere interesatuari entzuteari eman eta aldez aurretik behar den espedienteari hasiera eman ondoren.

33. art. Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna.

1. Arau-hausteek ekarritako eratzunkizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro, bai halaber zergagai bat duen edo osatzen duen agiriaren aurkezpen hutsa ere.

b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.

c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Udalak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

36. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar laneguneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

37. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldiak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; beti ere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.

2. Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

39. art. Udal administrazioak ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa egiteko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.

41. art. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren bertze dokumentuak eraman eta kontserbatzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.

42. art. Ikuskapenak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

43. art. Salaketa.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik jartzeko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan ala ez.

-Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

45. art. a) Likidazioak egiterakoan udal administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. art. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute subjektu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion errekurtsoa jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.

3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak.

47. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, udal administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.

48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz subjektu pasiboei horien berri emanen zaie.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.

49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta bertze dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak.

50. art. Dirubilketaren kudeaketa, udal ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak burutzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.

51. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek, horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da udal diruzaintzaren kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen duela.

53. art. Zorren sailkapena, dirubilketari dagokionez.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek ezagututako zergadun erroldetatik etortzeagatik, tributu zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion Ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. art. Ordainketa egiteko tokia

Udal administrazioaren aldeko zorrak haren kutxan ordainduko dira, edo banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan, horien titulartasuna badu.

55. art. Ordainketa epeak

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar laneguneko epearen barnean.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitzaren ordenantza arau-emaileetan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar lanegunen barnean.

56. art. Ordainketa egiteko modua.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena

c) Banku txekea

d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako Udalaren alde irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Udalaren diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik jakinaraztea helbideratze horiek zein tributuri dagozkion.

57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bortz gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza Fiskal Orokor hau, hala nola Udal honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 1995eko 2/95 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehenbiziko Tituluko IV. Kapituluaren 8. Sailak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergagaia

2. art. Kontribuzio berezien zergagaia zera da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek herrilanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. art. Honakoak hartuko dira toki entitate mailako obra eta zerbitzutzat:

a) Toki entitateak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Toki entitateak bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

c) Toki entitateak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

4. art. 1. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.

5. art. 1. Obren kostuak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, beti ere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak berritik eraiki edo aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur-hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su-itzaltze zerbitzuak jarri eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, non ez diren interes orokorrekoak.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.

i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontrako babestekoak, baita ur-tirak erregulatu eta desbideratzekoak.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bertzelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

2. Ez da inoiz kontribuzio berezirik galdatzen ahal, toki entitatearen obra edo zerbitzu publikoak biztanle guztiendako badira.

Salbuespenak

6. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita beraiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.

Subjektu pasiboa

7. art. 1. Kontribuzio berezien subjektu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak dira, baita unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikorik gabeko entitateak ere, baldin eta onura berezia hartzen badute toki entitatearen esparruan kontribuzioa ordaintzeko betebeharra sortzen duten obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik.

2. Onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe den pertsonak edo entitate titularrek.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egitetik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga oinarria

8. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren % 90k osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.

2) Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitate honi dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinak.

d) Eraikinak eraitsi eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita suntsitu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. art. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. art. Obra edo zerbitzuak direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa, edo ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen dituenetakoa, Udalak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexentzat bertze laguntzak ematerik. Dena dela, ordenantza honetako 8. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, % 90 alegia.

11. art. 1. Zerga oinarria finkatzeko, hauxe ulertuko da toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari toki entitateak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. art. Subjektu pasibo bakoitzari ondoko artikulura bildutako banaketa-irizpideei jarraikiz zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.

13. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Oro har, batera edo banaturik aplikatuko dira, banaketa moduluen gisara, higiezinen fatxadako metro linealak, duten bolumen eraikigarria eta lur kontribuzioari begira katastroan duten balioa.

b) Su itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetzeko bada, eta, jabeekin batean, udalerriko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean.

c) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota berak bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren % 5 baino handiagoa bada, gaindikina hurrengo ekitaldietara atzeratuko da harik eta erabat amortizatu arte.

d) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. art. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, Udalak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez era bortz urtetarako.

Sortzapena

15. art. 1. Kontribuzio berezien sortzapena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Obrak zatikagarriak baldin badira, obraren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena.

2. Aitzineko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartze eta antolatze erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

3. Ez da bertze urte bateko aurrerarikinik eskatzen ahal, lehenago zein obratarako eskatu zen aurrerakina, horiek jadanik burutu ez badira.

Dirubilketa

16. art. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari dagokionez, toki entitate honen Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoez den bezainbatean. Delako Ordenantza Fiskal Orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

Kudeaketa arauak

17. art. Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.

18. art. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da horien antolamendu zehatza onestea.

19. art. 1. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko diren likidazioak igorpenduko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, horiek berdinduko dira konturako entregatzat hartuz.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, udal administrazioak behar den dirua itzilko du, ofizioz itzuli ere.

20. art. Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez.

Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa jartzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.

21. art. 1. Udalak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egin edo emateko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, beti ere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartze eta antolatze erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek antolamendu erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

22. art. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta Udalak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea, bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakoa, horren ariora beraiei dagokienez gainera.

2. Halaberean, toki entitateak sustatutako obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzearen ondorioz ukituak gertatzen diren jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute kontribuzio bereziak antolatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, Udalak erabakitako obran edo zerbitzuan laguntza emanik parte hartu ahal izateko.

23. art. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udal honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Iragarkiaren kodea: A9912070