16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Uraren ziklo integralaren zerbitzuaren erregelamenduaren aldaketa. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 1999ko azaroaren 12an egin batzar orokor eta arruntean, uraren ziklo integralaren zerbitzuaren erregelamenduaren aldaketa hasiera batez onesteko erabakia hartu zuen, besteak beste.

Erabaki hori 1999ko azaroaren 15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Mankomunitatearen iragarki-oholean eman zen argitara, interesatuek, hogeita hamar egun balioduneko epean, aztertu eta egoki juzkatzen zituzten erreklamazioak egiteko.

Aipatu epe hori alegaziorik edo erreklamaziorik gabe iragan denez, aipatu aldaketa, ondotik ematen baita, behin betikoz onetsita gelditu da, hori guztia apirilaren 21eko 11/1999 Legeak aldatu zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzeko 7/1985 Legearen 49 c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Lizarran, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita hiruan. Mankomunitateburua, María José Fernández Aguerri.

UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUA

1.-Definizioak.

Erregelamenduaren idazketa erraztu beharrez, ur hornidura edo/eta saneamenduaren zerbitzuen erabiltzaileari abonatu izena emanen zaio aurrerantzean.

Empresa Aguas de Montejurra, S.A.ri, berriz, "Enpresa" erranen zaio hemendik goiti.

Hornidura eta saneamendu zerbitzuaren eskumena duen administrazioari, hots, Jurramendiko Ur Mankomunitateari, "Mankomunitatea" deituko zaio.

2.-Zertarako, norainoko eta nongo.

1. artikulua. Mankomunitatea.

Jurramendiko Mankomunitatea toki entitatea da, elkarte izaerakoa eta xedea du, bertzeak bertze, uraren ziklo integralari dagozkion zerbitzuak, hau da, hornidura, banaketa, saneamendua eta arazketa, antolatu eta egitea, barnean sarturik dauden toki entitateetako udal mugapeetan.

2. art. Zerbitzua kudeatzeko modua.

Mankomuniateak aitzineko artikuluan aipatu diren zerbitzuak kudeatzen ditu zuzenean "Aguas de Montejurra, S.A." enpresaren bitartez, hark xede horrekin eratutako merkataritza-sozietatea berau, toki entitateetako zerbitzuen gainean indarra duen arautegian ezarritakoari jarraikiz.

3. art. Zertarako.

1. Enpresa hornitzailearen eta hark egindako zerbitzuen erabiltzaile edo abonatuen arteko harremanak arautzeko xede du ordenantza honek, alderdi bakoitzaren eskubideak, betebeharrak eta eginbeharrak zehaztuz.

2. Zerga eta dirubilketa aferetan, zerbitzuek toki ogasunen arloan Nafarroak duen arautegi berariazkoa eta, bereziki, Mankomunitatean aldioro indarra duen ordenantza fiskala izanen dituzte arau.

3. Hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzeko behar diren ordenantza eta xedapen guztiak onesten ahal ditu Mankomunitateak, eta horiek hauxe bera osatu edo garatzekoak izanen dira.

4. art. Nongo.

Mankomunitateak bere eskumenen eremuan ematen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau, eta 12. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz eremu horretatik kanpora ematen badira, horiei ere bai.

5. art. Noizko.

Ordenantza honek indarraldi zehaztugabea du eta ondorio osoak sorraraziko ditu, non ez duen osoki nahiz partez bertzelakatzen maila bereko edo goragoko xedapen batek.

3.-Arau orokorrak.

6. art. Harremanaren izaera juridikoa.

Behar den abonu-polizaren bidez hornidura kontratua sinatu ondotik, abonatuaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen arteko harremanak izaera juridiko administratiboa izanen du.

Horrenbestez, bi alderdi horien artean sortzen ahal den edozein auzi ebazteko administrazio legeriak eskaintzen dituen bide egokietara jo beharko da.

7. art. Zerbitzuaren publikotasuna

Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak publikoak dira eta, hortaz, nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute haietaz baliatzeko eskubidea, muga eta betebehar bakarrak izanik ordenantza honetan eta, oro har, aplikatzekoa den legerian ezarritakoak.

8. art. Eskumen esklusiboa

Mankomunitatearen eskumena da, eta ez bertze inorena, mota guztietako ur hornidurak ematea. Enpresak haren ordez kontratatuko du zerbitzu hori, zein baldintzatan eginen den zehazten duen poliza-kontratua formalizatuz.

Interesatuek enpresari eskatuko diote hornidura, kasuan-kasuan adieraziz zenbateko emaria eta zein jardueratarako behar duten. Argibide horiek kontuan izanik, hornidura egiteko aukera baden ala ez zehaztuko da, baita instalazio partikularrek izan beharreko ezaugarriak, aplikatu beharreko tarifa eta alta-eskubideen zenbatekoa ere.

Enpresak, berriz, horien gaineko zernahi argibide emanen du.

9. art. Zerbitzuak elkarren osagarri.

Ur eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarri eta elkarri lotuak direnez, enpresak ez ditu bereizirik emanen, enpresaren ustez eskatzaileak horietako bat bakarrik hartzearen aldeko arrazoiak behar bezala justifikatzen dituenean izan ezik.

10. art. Hornidurak ukatzea.

Dohainik ez da inola ere ur hornidurarik emanen, ezta hondakin uren hustuketarik edo arazketarik eginen ere.

Enpresak ordainketa-poliza izenpetzeari uko egin diezaioke honako kasu hauetan:

1. Hornidura edo isurketen hustuketa eskatzen duen pertsonak edo entitateak uko egiten dionean poliza sinatzeari, hura eredu ofizialaren ariora eta bere zerbitzuen kontratazioaren gainean Mankomunitatean indarra duten xedapenei jarraituz erredaktatua izanik.

2. Enpresaren iritziz, eskatzailearen instalazio partikularrak edo/eta orokorrak, mota horretako instalazioetarako jarraibideak oro har edo instalazioak egiteko Enpresak egin oharpenak betetzen ez dituenean.

Kasu horretan, Enpresak aurkitutako okerren berri emanen dio interesatuari, zuzen ditzan.

3. Enpresak modu frogagarrian uste duenean hustu beharreko isurketen ezaugarriek Mankomunitatean indarra duen arautegiak ezarritako onarpen mugak gainditzen dituela.

4. Zerbitzuaren/zerbitzuen eskatzaileak Mankomunitatearekin edo Mankomunitateko bertze edozein Udalekin dituen betebehar fiskalak eguneratuak ez dituela frogatzen denean, edo 86. artikuluan aurreikusitako gordailuak eta fidantzak ordaintzeari uko egiten dionean.

4.-Enpresaren betebeharrak eta eskubideak

11. art. Edateko uraren egoera.

Enpresa beharturik dago, bere esku dituen baliabide eta instalazioekin eta gero batean ezartzen ahal dituenekin, abonatuen hartunetara edateko ura, eta isurketa uneetara, berriz, hondakin urak husteko zerbitzuak eramatera, erregelamendu honetan ezarritako baldintzen ariora eta hirigintzan nahiz oro har indarra duen legeriari jarraituz.

12. art. Estaldura esparrutik kanpoko zerbitzuak

Mankomunitatearen eskumenen esparrutik kanpo ez da, oro har, urik emanen, ezta isurketak eginen edo araztuko ere.

Hala ere, salbuespenez eta kasu bakoitzaren inguruabarrei begiratuta, Enpresak kanpoko esparru horietan ere eman ahalko ditu bere zerbitzuak, beti ere horrek berekin ez badakar mankomunitateko zerbitzuak eskutik uztea edo urritzea.

Mankomunitatearen Batzordeak espreski onetsi beharko ditu jarduketa horiek, eta legez bidezko diren akordio eta baimenak ere beharko dira.

13. art. Etxeko erabilera.

Enpresa beharturik dago etxean erabiltzeko ur hornidura ematera horrela eskatzen dioten jende edo entitate guztiei, bere eskumenen eremuaren barnean diren eraikin, lokal edo aretoetarako bada, eta indarra duen legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

Kasu beretan eta baldintza berdinekin emanen du enpresak hondakin urak husteko zerbitzua.

14. art. Erabilera industriala.

Industria, apaindura edo aisiarako hornidura, aldioro, bere esku duen ur kopuruaren ariora emanen du Mankomunitateak.

Isurketen hustuketarako, berriz, beharrezkoa izanen da haietaz aurreikusten eta deklaratzen diren ezaugarriak bat etortzea Mankomunitatearen arauetan eta indarra duen legerian bildutako eskakizunekin

15. art. Nekararitzako erabilera.

Enpresa ez dago inor urez hornitzera behartuta nekazaritzarako bada, eta horretan salbuespen bakarra, osoki nahiz partez, lorategiak eta oihanak ureztatzeko hornidura publikoak dira, beti ere Mankomunitateak momentu oro eskura duen ur emariaren arabera.

Aurreko lerroaldearen ondorioetarako, berotegien eta baratze familiarren instalazioak ez dira halakotzat hartuko.

Hirigintzan indarra duen legeriari jarraikiz eta behar diren baimenak dituztela, aisiarako baratzeak paratzen badira, ur hornidura eta arazketa zerbitzuak kontratatu ahalko dira.

16. art. Zerbitzu egitea.

Zerbitzu egiteagatik, Mankomunitateak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

1. Zerbitzuak erregulartasunez ematea, nahiz eta ezin hari egotzi erregelamendu honetan bilduriko etendurak. Kasu horietan enpresak bidezkoen juzkatzen duen moduan ohartaraziko die abonatuei.

2. Osasungintzari buruzko egungo xedapenei jarraikiz, ura erregistro giltzaraino, hots, abonatuaren barneko instalazioraino edateko moduan iristen dela bermatzea. Orobat, Osasun arloko agintariek hornidurarako eta isurketarako uren tratamenduari eta arazketari buruz ematen ahal dituzten xedapenak betetzea.

3. Hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko beharrezko diren bere jabetzapeko instalazio eta sareen mantenimendua eta zainketa bere kontura egitea.

4. Abisuak jasotzeko gau eta eguneko zerbitzua izatea, abonatu edo erabiltzaileek edozein momentutan hara jotzerik izan dezaten.

5. Idatziz aurkezten diren erreklamazioei beranduenez ere hamar eguneko epean erantzutea.

6. Hornidura mota bakoitzari dagokion tarifa aplikatzea, une oro indarrean dagoen ordenantza fiskalaren bidez onetsitako tarifetarik dagokiona alegia.

17. art. Salbuespenak.

1. Aurreko artikuluan xedatuagatik ere, Enpresak, inori ohartarazi gabe eta inongo erantzukizunik gabe, ur zerbitzuak behin-behinekoz eten edo murrizten ahalko ditu, bere iduriz, zerbitzuaren premia orokorrek edo bere borondatezko ez diren funtsezko arrazoiek komenigarri edo nahitaezko egiten badute.

2. Ur horniduraren edo hustuketaren etenek, zainketa edo zerbitzu lan saihestuezinengatik badira, ez dute inola ere kalteordainik ekarriko. Enpresak neurri horiek aditzera emateko betebeharra du, aurreko artikuluan ezarri moduan.

18. art. Ur emari urria.

Hornidura eteteko arrazoia erabiltzaileen beharrak asetzeko ur emari aski ez izatea baldin bada, kontuan hartuko da, batetik, zerbitzua Mankomunitatekoa den ala ez, eta bertzetik, kontratatu den erabilera mota zein den, izan ere etena lehentasun hurrenkera honen ariora eginen da:

1. Mankomunitatez kanpoko entitateendako hornidura.

2. Mankomunitatearen barnean izanik ere, Uraren Ziklo Integralean sartu gabeko entitateendako hornidura.

3. Nekazaritzan erabiltzeko hornidura.

4. Apainduran erabiltzeko hornidura.

5. Aisian eta kirol instalazioetan erabiltzeko hornidura.

6. Industrian, merkataritzan eta zerbitzuetan erabiltzeko hornidura.

7. Etxeetan edo ikastetxeetan erabiltzeko hornidura.

5.-Abonatuaren betebeharrak eta eskubideak

19. art. Arau orokorrak.

Erregelamendu honetan ezartzen diren betebehar berariazkoak gorabehera, abonatua beharturik dago arau orokor hauek betetzera:

1. Ura kontrataturiko xedeetarako erabiltzea, beharrezko ez den gehiegizko kontsumoa baztertuz. Horrela, eskuragarriago izanen dute hornidura erabiltzaile guztiek.

2. Isurketak Mankomunitateak onesten dituen arauek eta aplikatzekoa den legeriak ezartzen dituzten muga eta baldintzen ariora egitea.

3. Banaketa sare nagusian antzemandako edozein matxuraren berri ahalik eta lehen ematea Enpresari, batez ere matxurek alferrikako jarioa, edateko ura nahiz hondakin ura galtzea edo saneamendu sarean butxadura badakarte.

4. Edozein inguruabar dela medio, ohiko kontsumoaren eta/edo isurketen antolamendua eta/edo horien ezaugarriak funtsean aldatu edo kontsumitu beharreko uraren erabilera mudatzen denean, enpresari horren berri ematea, tarifa aldaketarik ekarriz gero.

5. Enpresari zerbitzuan/zerbitzuetan baja hartzeko asmoaren berri ematea eta, edozein kasutan ere, zerbitzu hori emateari noiz utzi behar zaion adieraztea.

6. Ur horniduraren barne instalazioetarako oinarrizko arauek horren gainean ezarritakoa gorabehera, abonatu orok arreta handiz erabili, zaindu eta artatuko ditu bere zerbitzuko instalazio guztiak.

7. Enpresako langileei nahiz, bereak izan gabe, behar den identifikazio txartelaren bidez kreditatzen dituenei, beren lana nahi bezala egiteko trabarik ez jartzea, ikuskapen lanean daudenean edo neurgailuak markatzen duena ikustera datozenean, beren eginbeharra bete dezaten laguntzea hornidura duen finka, etxebizitza edo lokal nahiz eraikinera sartzera utziz.

8. Zerbitzuari buruzko datuak nahiz harekin zerikusia dutenak, enpresak eskatuta, ahalik eta zehatzen ematea.

20. art. Ur emariak berreskuratzea.

Horniduraren abonatuak ur emariak berreskuratu eta leheneratzeko sistema egokiak bere kontura ezarriko ditu ura luxuzko instalazioetarako edo igerilekuetarako erabiltzen denean, ura xede horietarako berriz erabiltzearren.

21. art. Debekuak

Abonatuak ezin ditu honakoak egin:

1 Enpresak hornitzen dituen instalazioetan bertze iturri bateko uren hartunean egitea, inolaz ere eta ur hori edateko modukoa izan arren.

2. Ura ekartzeko edo husteko hodietan ponpak edo sare nagusiaren baldintzetan nahiz abonatuei ematen zaien zerbitzuetan eragina izaten ahal duten edozein motatako aparatuak txertatzea.

3. Enpresak hornitutako ura edo husteko gaitasuna hirugarrenei dohainik ematea edo saltzea, dela etengabe dela aldi batean eta mota horretako iruzur klase guztien erantzulea izanen da, berez edo bere menpeko edozein lagunaren izenean.

4. Enpresak araututakoa bete gabe, ur hornidura edo hustuketaren erabilpena hirugarrenei uztea.

5. Ur hornidura, kontratatu ez diren helburuetarako erabiltzea edo kontratatutako isurketen baldintzak aldatzea.

6. Enpresaren baimenik gabe, neurgailuetako sarbidea aldatzea. Gailu horietako prezintuak nahita eta irabazi asmoz apurtu edo aldatzea.

7. Enpresaren instalazioetan eskua sartzea, neurgailuak barne, baita horiek abonatuenak direnean ere.

8. Neurgailuek kontrolatu gabeko ur kontsumoak egitea edo hori egiteko, instalazioetan aldaketarik sartzea, eta berdin kontrolatzen diren isurketekin.

9. Neurgailuen prezintuak irabazi asmoarekin aldatu edo haustea.

10. Mankomunitateak ezarria duen araudiak edo aplikatzen ahal den legeria orokorrak eskatzen dituzten baldintzak ez dituzten produktuak eta hiri hondakin solidoak isurtzea saneamendu sareetara, hondakinen egoera edonolakoa dela ere.

11. Aurretik baimena lortu gabe hornidura edo saneamendu sarean sartzea.

12. Saneamendu sarera euri urak isurtzea.

13. Abonatuak kontagailuaren irteerako giltza baino ezin du maneiatu. Ezinbesteko kasuetan baino ezin du pasoko giltza erabili, halakorik bada, eta halakorik egon ezean, erregistroko giltza, Enpresari berehala ohartarazi beharko diolarik.

6.-Instalazioak

22. art. Jardunean diren instalazioak.

Jardunean diren instalaziotzat hartuko dira ondoko zerrendako moten artean erabilpen iraunkor eta jarraitua dutenak:

A) Hornidurarako instalazioak:

1. Emariak ekartzeko instalazioak.

2. Ur tratamendurako instalazioak.

3. Biltontzi erregulatzaileak.

4. Banaketa sareak.

5. Hartuneak.

6. Abonatuaren barne instalazioa, bi mota hauetakoa:

a) Barne instalazio orokorra.

b) Barne instalazio partikularra.

B) Saneamendurako instalazioak: kanalizazio sistema diferentziatua da, euri uren bideak eta ur beltzenak bereizten dituena.

1. Barne instalazioa: partikularra, abonatuarena eta orokorra, eraikinarena.

2. Euri urak hartzeko instalazioa, jabetza partikularreko higiezinetan.

3. Hartuneak hiri kolektore bateratuetan.

4. Hartuneak euri ura biltzeko hiri kolektoreetan.

5. Hartuneak ur beltzak biltzeko hiri kolektoreetan.

6. Hartuneak eskualdeko kolektore bateratuetan.

7. Hiri kolektore bateratuen sareak.

8. Ur beltzak biltzeko hiri kolektoreen sareak.

9. Euri ura biltzeko hiri kolektoreen sareak.

10. Eskualdeko kolektore bateratuen sareak.

11. Euri urak biltzeko kolektoreen sareak.

12. Ur beltzak biltzeko kolektoreen sareak.

13. Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak.

14. Industri urak arazteko instalazio partikularrak.

15. Hondakin urak arazteko herri mailako instalazioak.

16. Urak arazteko eskualde mailako instalazioak.

17. Industriatik heldu diren isurketa bereziak arazteko eta tratatzeko eskualde mailako instalazioak.

6.1.-Hornidura

23. art. Emariak ekartzeko instalazioak.

Emariak ekartzeko instalazioak dira hodien, maniobra eta kontrol elementuen, fabrika obren eta gainerako elementuen multzoa, tratamendu instalazioetara kontsumo eskeei erantzuteko adina ur ekartzeko xedea dutenean.

24. art. Tratamendurako instalazioak.

Makineriaren eta gainerako elementuen multzoa, ura gardentzeko eta depuratzeko prozesuak egiteko xedea dutenean gizakiak kontsumi dezan.

25. art. Biltontzi erregulatzaileak.

Ura aldi baterako biltzeko xedea duten ontziak, sarera igortzen ez den artean.

26. art. Banaketa sarea.

Hodien multzoa, beren maniobra nahiz kontrol elementuak eta gainerako osagarria barne, halako herri bat urez hornitzeko karriketan barna ura presio bidez eramaten duena.

27. art. Hartunea.

Hodien multzoa, hartzeko -baldin bada-, erregistratzeko eta ixteko giltzak eta guzti, banaketa saretik abiatuta eraikinaren barne instalazioarekin batzen dutena.

Eta zehatz-mehatz:

a) Hartzeko gailua banaketa sareko hodiaren gainean dago eta hartunearen bidea irekitzeko du.

b) Hodiaren adarra edo tartea, hartzeko gailua erregistro giltzarekin batzen duena.

c) Erregistro giltzak Enpresaren eta abonatuaren erantzukizunak bereizten ditu, eta adarraren bukaeran, eremu publikoan, eta jabetza partikularraren mugan egonen da.

28. art. Barne instalazioak.

1. Barne instalazio orokorra da hodien, giltzen, makinen eta neurgailuen multzoa, erregistratzeko giltzatik abiatuta barne instalazio partikularrekin lotzen dena pasoko giltzaren bidez.

2. Barne instalazio partikularra da hodien eta giltzen multzoa, abonatu bakoitzaren esparru, lokal edo etxebizitzaren barnean ura banatzeko xedea duena.

6.2.-Saneamendua

29. art. Barne instalazioak.

1. Saneamenduko barne instalazio partikularra da hodien multzoa, abonatuaren etxebizitza edo lokalaren barnean, hondakin urak eraikineko instalazio orokorreko saneamendu hodietara eramaten dituena.

2. Eraikin bateko saneamenduko instalazio orokorra da hodien, putzuen eta punpaketen multzoa, beren kontrol elementuak eta guzti, instalazio partikularretako hondakin urak hartu eta eraikineko saneamenduko hartuneraino eramaten dituena.

30. art. Hartuneak hiri kolektoreetan.

1. Hartuneak hiri kolektore bateratuetan dira hodien, erregistroen eta pieza berezien multzoa, eraikin edo finka bateko hondakin urak, mugatik kolektoreraino eramaten dituena.

2. Hartuneak ur beltzak biltzeko hiri kolektoreetan dira hodien, erregistroen eta pieza berezien multzoa, eraikin edo finka bateko ur beltzak, mugatik kolektoreraino eramaten dituztenak.

31. art. Hartuneak eskualdeko kolektoreetan.

Hartuneak eskualdeko kolektore bateratuetan dira hodien eta erregistroen multzoa, finka bateko mugatik abiatuta hango hondakin urak bildu eta eskualdeko kolektorera eramaten dituztenak.

32. art. Ur beltzak biltzeko hiri kolektoreen sareak.

Ur beltzak biltzeko hiri kolektoreen sareak dira hodien, erregistroen, hustuketa kamaren eta aireztapenen multzoa, zenbait hiri finkatako ur beltzak hiri edo eskualde mailako kolektore bateraturaino, herri mailako araztegiraino edo ur-ibilgu bateraino eramaten dituztenak.

33. art. Eskualdeko kolektoreen sarak.

Hodien, bideratzeen, mekanismoen, makinen eta kontrol elementuen multzoa, hiri kolektoreetatik edo/eta hartuneetatik hondakin urak arazteko instalazioetara eramaten dituena.

34. art. Arazteko instalazio partikularrak.

1. Ur beltzak arazteko instalazioa: etxeetako hondakin urak tratatzen dituen jabetza partikularreko elementuen multzoa da, ur horiek ondotik kolektoreetara, lur sail batera edo ur-ibilgu batera behar diren baldintzetan isurtzen dituena.

2. Industri urak arazteko instalazioa: industri prozesu batetik heldu diren urak tratatu eta arazteko jabetza pribatuko elementuen multzoa da.

35. art. Hondakin urak arazteko herri mailako instalazioa.

Biltontzien, hodien, mekanismoen, makinen eta kontrol elementuen multzoa da, herri bateko kolektore sareetatik heldu diren hiri hondakin urak arazten dituena, gero ur-ibilgu publiko batera isurtzeko.

36. art. Urak arazteko eskualde mailako instalazioa.

Biltontzien, hodien, mekanismoen, makinen eta kontrol elementuen multzoa da, saneamendurako eskualdeko kolektoreetatik heldu diren urak arazten dituena, gero ur-ibilgu publiko batera isurtzeko.

7.-Hornidura zerbitzua

7.1.-Hartuneak

37. art. Trazadura.

Enpresak banaketa sarean egokien ikusten duen puntutik eginen da beti hartunea.

Hartunearen trazadura eginen da halako moldez non ahalik eta laburrena izanen baita, eta ez du zeharkatuko eskatzailearenaz besteko jabetzarik, eskatzaileak behar diren baimenak jaso eta jabetza horiek ukitzen dituen tartearen erantzukizuna bere gain hartzen duenean izan ezik. Tarte hori, nola nahi den ere, abonatuaren barne instalaziotzat hartuko da.

Paratzaile baimendu batek, eskatzaileak bere kargu eta askatasun osoz aukeratuak, eginen du hartunea, hori guztia deusetan galarazi gabe 36. artikuluan enpresarendako lagapenari buruz xedatzen dena.

Hartunea egiteko Enpresak eman eta beharrezkoak diren oharpenei jarraikiko zaie.

38. art. Kokalekua.

Lotuneko giltza banaketa sareko hodiaren gainean egonen da, hori beharrezkoa denean; erregistro giltza eremu publikoan egonen da, trazadurak jabetza partikularraren lehenengo muga ukitzen duten tokiaren ondoan; eta ixteko giltza, teknika aldetik paratzea komeni denean, jabetzaren fatxadan ezarriko da, kutxa iragazkaitu baten barrenean.

39. art. Goi presioko sarea.

Sare horiek ura bilketa guneetatik Mankomunitateko toki entitateen biltontzi erregulatzaileetaraino eramaten dute.

Ez da goi presioko sareetarako hartunerik baimenduko intereses orokorreko arrazoirik tartean ez bada, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak halakotzat jotzen duen arrazoirik alegia.

40. art. Neurriak.

Enpresak erabakiko du zein izanen diren hartuneen neurriak, abonatuak eskabidean adierazten duen kontsumoari begira eta hornidura baliabideak kontuan izanik. Neurri horiek zuzenak izanen dira baldin eta frogatu egiten bada hartuneak badaukala eskatu edo kontsumituriko batez besteko ur emaria.

Horniduran akatsak izan eta horiek abonatuaren barne instalazioaren neurriei edo egokitzapenari egozten ahal bazaizkie, enpresak ez du bere gain erantzukizunik hartuko.

41. art. Hartunea eta hornidura anitzak.

Finka bakoitzak bere ur lotunea izanen du eta lotune horrek erregistro giltza bat eta ur sarbide partikularra izanen ditu gutxienez ere.

Hartune bakarretik hornidura bat baino gehiago kontratatuak dituzten finketan, kontagailu sail bat paratu beharko da, eta enpresak zehaztuko ditu ezaugarriak, baita non kokatu behar den ere.

Erregistro giltzatik kontagailu sailerainoko hoditeria tartea eta hor dauden gainerako instalazioak eraikinaren barne instalazio orokorraren zatia dira. Instalazio horien mantenimendua eta zainketa jabe eskubidedunen ardura dira.

42. art. Hustuketa kasuetarako hustubideak.

Hodiak hausten ote diren, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izanen dute, kontratatutako hartuneak horni dezakeen emari handiena bideratzeko gaitasuna dutenak, eraikinean, horren barrenean gordetako produktuetan edo kanpoko bertze edozein elementutan kalterik sortuko ez dutenak.

43. art. Hartuneen lagapena.

Enpresaren ustez hartunea behar bezala burutu denean, partikularrak Mankomunitateari lagatzen ahal dio, eta Mankomunitateak, berriz, instalazio partikularren lagapenerako kontratua sinatu eta onar dezake.

Instalaazioaren lagapena jabetza partikularraren mugaraino onartzen dela ulertuko da, "Iuris tantum" ulertu ere, edo, barnekoa bada, erregistro giltza jartzen den guneraino.

7.2.-Hornidura, toki hornituetan

44. art. Lotune eskubidearen kontzesioak.

Lotune eskubidearen kontzesiorako, ezinbestekoa eskatzaileak Mankomunitateko ordenantza fiskalean ezarri tasa ordaindu beharko du ezinbestean.

45. art. Horniduraren kontzesioa.

Edozein ur hornidura onartzeko, higiezin, etxebizitza edo lokaleko barne instalazioa aldioro indarra duten arauen araberakoa beharko du izan. Hornidura eskatzen duenak aipatu inguruabarrak egiaztatu beharko ditu, erakunde eskudunak luzatutako agiriaren (paratzaile baimenduaren egiaztagiriaren) bidez.

Hornitu nahi den higiezina erabili edo baliatzeko eskubidea aitortu beharko da beti.

Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, eta hornituriko urari eman nahi zaion erabileraren arabera, honakoak ere beharko dira:

-Etxebitzetarako hornidura: bizigarritasun zedularen bidez kreditatuko da higiezina bizitzeko egokia dela.

-Industriarako, lanbideren baterako edo merkataritzarako erabiliko diren lokalen hornidura: jarduera lizentzia erakutsiz kreditatu beharko da jarduera hori.

-Erabilera pribatuko lokalen hornidura: okupatzeko udal lizentzia beharko da aurkeztu.

Eremu urbanizaezinetan dauden instalazioetarako horniduren kasuetan, obrarako eta obra hornitzeko behar den baimena eskatuko zaio Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu Departamentuari, 191/1988 Foru Dekretuak xedatu bezala.

46. art. Behin-behineko hornidurak.

Ur hornidura behin-behinekoz eman ahalko da hala eskatuz gero, baita telefonoz eskatuta ere. Hala ere kontzesio hori ez da behin betikoz onartutzat joko harik eta aurreko artikuluan eskatu agiriak aurkeztu arte.

Behin-behineko hornidura horiek gehienez ere sei hilabeterako emanen dira.

47. art. Hornidura bananduak.

Ur hornidura zer eraikin edo etxebizitzatarako hitzartu, hari baino ez zaio aplikatuko, baita jabe bakar batek hainbat eraikin edo higiezin mugakide dituenean edo maizter berberak erabiltzen dituenean ere. Kasu horietan, eraikin edo higiezin bakoitzak bere hornidura beharko du izan, banan banako kontratu baten bidez burutua.

Eraikinetan egon daitezkeen merkataritza edo negozio lokal bakoitzak bere hornidura banandua izanen du.

48. art. Beste guneetarako hornidurak.

Auzoberrietako hornidurek edo egungo sarea handitzea edo aldatzea dakartenek aurreko artikuluetan ezarritakoaz gain hurrengo hauek ere izanen dituzte arau.

7.3.-Egungo sarea handitzea edo aldatzea dakarren hornidura

49. art. Hornidurarako aukerak.

Jurramendiko Mankomunitatearen eskumen esparruaren barnean egon arren, hornitu gabeko tokietan, edo horniturik egonik ere, inguru horretako instalazioak handitzea edo aldatzea beharrezko dutenetan hornidura gehiago onartzea hornidura egiteko ahalbide teknikoen menpe egonen da beti.

50. art. Ordaintzeko erantzukizuna.

Erabat nahiz behar adina hornitu gabeko toki baterako, hornidura eskaria egiten duenak kontsumo berri horri erantzuteko sarean egin beharreko zabalkuntzak edo aldaketak dakartzan gastuak ordaintzeko beharko ditu, bere kontura eta fondo galdura ordaindu ere.

Sarea handitu eta aldatu behar denean, Enpresak ezarriko ditu baldintza teknikoak eta kontrolatuko lanen exekuzioa.

51. art. Hornidura urria.

Aitzineko artikuluetan aurreikusitakoari doakionean, toki bat behar adina horniturik ez dagoela ulertuko da banaketa sareak, hartunea egon behar duen lekuan eta inguru horretako kontsumoak asetzeko hitz emandako ur emariak kenduta, eskari berria asetzeko adina emari ez duenean. Emaria hartunearen kotatik hiru metro gora iristen dela ulertuko da, eta Enpresa ez dago beharturik sareko inolako puntutan ura halako presio jakin batez hornitzera, hidranteetarako aurreikusia izan ezik.

7.4.-Eraiki beharreko auzoberrietarako hornidurak

52. art. Urbanizazioak.

Erregelamendu honen ondorioetarako honakoak dira berritik egiteko urbanizazioak: hirigintza jarduketaren ondorioz azpiegiturez hornitu beharreko lur sailak, haien lurzati edo orubeen artean eta horien eta hirigunearen artean bide eta zerbitzu azpiegiturak egin behar direnean hain zuzen ere.

Urbanizazioren batean kokaturiko orube edo higiezinetarako hartunea edo hornidura emateko, ondotik ezartzen diren baldintza hauek bete beharko dira.

53. art. Aldez aurretiko beharkizunak.

Behar diren urbanizazio proiektuak onetsi aurretik, eta beti ere eraikitzeko lizentziak eman aurretik, Mankomunitateko kasuan kasuko entitateak hornidura eta saneamendurako benetako baliabideei buruzko txostena eskatu beharko dio Enpresari.

Era berean, aldez aurretik eta hiru alderdiren arteko -Mankomunitateko entitatearen, Mankomunitatearen eta sustatzailearen arteko- hitzarmenaren bidez erregulatuko da urbanizazioa nola eta noiz eskualdatuko zaion Udalari edo Kontzejuari Mankomunitateari atxikitzeko.

54. art. Ordaintzeko erantzukizuna.

Sustatzaileak bere kontura ordainduko ditu sare berriak eta egin beharreko elikagailuek nahiz sendogarriek ekarritako gastu guzti-guztiak.

7.5.-Hirilurreko sareen berrikuntza

55. art. Kontribuzio bereziak.

Enpresak, hirilurreko sareak berritu baino lehen, kontribuzio bereziak ezarri ahalko ditu berrikuntzaren kostua, osoa nahiz hein batean, berreskuratzeko.

7.6.-Kontsumoa kontrolatzea

56. art. Neurgailuak.

Abonatu bakoitzak kontsumituriko ura neurgailua baten bidez kontrolatuko da. Neurgailu hori ondoko artikuluotan ezartzen denari jarraikiz paratuko da.

57. art. Motak.

Para daitezkeen neurgailuak mota hauetakoak izan daitezke:

-Kontagailuak

-Emarimetroak

-Ekipo bereziak.

Kontagailuz hornituriko neurgailutzat hartuko da, aparatu mekaniko edo elektromekaniko bat edukirik, bertatik igarotzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz bertze emari mugarik gabe. Instalazio partikularraren ezaugarrien arabera, kontagailuak orokorrak edo bananduak izan daitezke.

Emarimetroa duen neurgailutzat hartuko da aparatu elektro-mekaniko nahiz elektrikoa duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz bertze mugarik gabe.

Ekipo berezitzat, berriz, benturiak, zurrutarriak eta diafragmak hartzen dira.

58. art. Kontagailuak.

Eraikin bakoitzeko barne instalazio partikularraren ezaugarriak zein diren ikusita, ur hornidura kontagailu bananduen edo orokorraren arabera egiten ahalko da. Fakturazioa, hortaz, honelaxe eginen da:

a) Kontagailu bananduek abonatu bakoitzak etxebizitza edo lokalean egiten duten kontsumoa neurtzen dute.

Kontagailu bananduen multzoak horretarako propio erabiliko diren lokal edo armairuetan jarriko dira. Tokirik egokiena higiezinaren beheko solairua izanen da, guztion erabilerarako den guneren batean, jabari publikoko eremutik sarbide zuzena duen batean hain zuzen.

b) Kontagailu orokorrak eraikin osoan egindako kontsumo guztiak neurtzen ditu, eta bakar-bakarrik horretarako erabiliko den armair batean paratuko da, babes eta maniobra giltzekin batera (kokalekua zehazteko, aurreko xehetasun berberek balio dute).

Merkataritza edo negozio lokalen kontagailuak eraikineko kontagailuen multzo orokorrean egonen dira. Lokal horietan kontsumo handiak izanez gero eta eraikinekoak ez diren hartuneak behar badira, kontagailua fatxadan jarriko da, kanpo aldetik irekitzen ahal den kutxeta batean.

Erabilera aurreikusiek eraikineko kontsumo sistema ukitu edo bertzelakatzen badute, horiek dira kontsumo handiko lokalak, beti ere eraikinekoa ez den hartunea behar dutenak.

59. art. Ezaugarri teknikoak.

Enpresaren esku dago erabakitzea zein izanen diren kontagailuaren edo kontagailuen neurriak eta ezaugarriak, instalazio sistema edozein izanik ere. Horretarako kontuan hartuko ditu abonatuak hornidura eskabidean eskatzen dituen kontsumoak, hori guztia barne instalazioetarako Oinarrizko Aarauetan ezarritakoari jarraikiz.

60. art. Kokalekua.

58. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresak adieraziko du zein den tokirik egokiena kontagailua paratzeko. Toki hori jabetza partikularrean egonen da, eremu publikotik sarbide erraza duen lekuren batean, ahal dela fatxadan, komunitateen eraikinetan izan ezik.

Horretarako, interesatuek edo obra eraikitzaile eta sustatzaileek, ezinbestean eta obretarako udal lizentzia lortu aitzin, Enpresari eskatu beharko diote eraikinaren barne instalaziorako dituzten proiektuak ontzat eman ditzan. Oniritzia lortu ezean Udalak edo Kontzejuak Mankomunitateari igorriko dio proiektua, lizentzia eman aurretik txostena egin dezan.

Aurrekoa gorabehera, kasuan kasuko toki entitateak behin-behineko lizentzia eman ahalko du, baldintzatako jarriz Enpresaren oniritzia jasotzea. Eraikitzailea edo sustatzailea beharturik dago Enpresak egindako aldaketak proiektuan jasotzera.

Orobat, enpresaren baimena beharko da hornituriko eraikin, lokal edo barrutian egindako aldaketa edo berrikuntzaren batek kontagailuaren instalazioa edo haren sarbidea ukitzen duenean.

61. art. Zerbitzuan alta hartzea.

Hartune eskubideak ordainduak dituen pertsona edo entitate batek Erregelamenduaren araberako hartunea duen higiezin baterako ur hornidura Enpresarekin kontratatzen duenean, "zerbitzuan alta" hartu duela esaten da.

Alta benetan hartzeko, Enpresak emandako kontagailua toki egokian paratuko da. Ez da onartuko erabiltzaileek ekarritako kontagailurik.

Alta zerbitzuaren aldera eskatzaileari ordainarazten zaion tasan ez da kontagailuaren prezioa sartuko, gailu hori Enpresaren instalazioen zatia baita.

Horrexegatik, zerbitzuan baja hartzerakoan, Enpresak kontagailua hartu eta beretako altxatuko du.

62. art. Erantzukizunak.

Kontagailuak paratu, kendu eta haien mantenimendua Enpresaren langileen zeregina izanen da eta hark baimentzen dituen paratzaileena, eta erabat debakaturik dago bertze inork haietan eskua sartzea.

Erantzukizun horrek ez du bere baitan hartzen, ordea, kontagailua jartzeko eskatu duen partikularrak egokitutako tokia edo kutxa.

63. art. Prezintoak.

Debekatua dago, halaber, inongo aitzakiaz baliatuta, funtzionamenduaren eta sistema homologatu baten bermerako fabrikatzaileek jarritako prezintoak aldatzea, baita Enpresak muntadura edo konponketak egiterakoan paratutakoak ere.

Edozein inguruabar dela eta preziontoren bat hausten bada, hogeita lau orduko epean jakinaraziko zaio Enpresari.

64. art. Egiaztapenak.

Kontagailuei buruzko frogak Enpresak egoki iritzia eta abonatuak eskatzen duenean eginen dira. Froga abonatuak eskatu eta ondoan kontagailuaren funtzionamendua ona dela ikusiz gero, jarduketa horren gastuak eskatzailaren kontura izanen dira eta tarifa, berriz, ordenantza fiskalak ezarritakoa.

Kontagailuaren funtzionamendua ona dela juzkatuko da neurketa akatsik izanez gero, horiek indarra duen arautegiak baimendutako mugen barnean daudenean.

Kontagailua, hautsia dagoelako edo funtzionamenduan akatsak dituelako, konpondu egin behar denean, Enpresak abonatuari kontagailuaren ordezkoa jarriko dio.

65. art. Kontsumoen erregimenaren aldaketa.

Abonatuak kontsumoen erregimena aldatu edo horiek hornidura eskatu zueneko deklarazioarekin bat ez datozenean, eta, horrenbertzez, neurgailuaren neurria desegokia denean izandako ur kontsumoak behar den zehaztasunez baloratzeko, bertze neurgailu bat paratuko da, egiazki izandako kontsumoen araberakoa.

Kontsumoen erregimena aldatu duela edo abonatuak hornidura eskatzerakoan egindako aitorpenarekin bat ez datozela ulertuko da, Enpresak egindako egiaztapen teknikoetatik, paratutako neurgailua, fabrikatzaileak definitu ezaugarriei jarraikiz, egiazko kontsumoen araberakoa ez dela ondorioztatzen denean.

Neurgailua aldatu behar denean, Enpresa baimendua dago aldaketa horiek egiteko, bertze baldintzarik bete gabe.

7.7.-Zerikusia duten zerbitzuak

66. art. Partikularrendako zerbitzuak.

Enpresak ur zerbitzuarekin zerikusia duten zerbitzu eta obrak egin ditzake partikularrendako, hala nola hornitutako areto partikularreko barne muntadura paratzea, e.a. Zerbitzu horiek pribatutzat joko dira.

Zerbitzu horien ordainketak prezio librean zehaztuko dira, merkatuaren baldintzen arabera alegia. Ordainketa horiek ez dira ordainarazpen publikotzat hartuko.

8.-Saneamendu zerbitzua

67. art. Erregulazioa.

Aitzineko saileko xedapenak saneamendu zerbitzuari ere aplikatuko zaizkio, salbu eta, berariazkoak izateagatik, hornidura zerbitzurako baizik ez direnak, ondoko artikuluetan ezartzen diren berezitasunak deusetan ukatu gabe.

Aitzineko lerroaldeak ezarritakoari doakionean, "hornidura", "banaketa edo hornidura", "kontsumoak" eta "hornitua" hitzak irakurtzen diren tokian, honako hauek ulertuko dira hurrenez hurren: "hustuketa", "saneamendua", "isurketak" eta "hustuketa dutenak".

68. art. Isurketa-kota.

Galtzadapeko 0,80 m-ren azpitik, enpresa ez da inola ere beharturik egonen isurketa-kotarik ematera. Isurketa bat kolektorearen kotaren azpitik egiten bada, eskatzailearen kontura izanen dira hondakin urak goititzeko ekipo bat paratzea eta mantentzea.

69. art. Hartunea.

Saneamenduko hartunea Enpresak egokien juzkatzen duen tokian lotuko da saneamendu sarera eta behin eginez gero enpresarena izanen da.

Saneamenduko hartuneen hermetikotasuna segurtatu behar da horiek diseinatu eta eraikitzerakoan, eta batez ere saneamendu sarearekin lotzerakoan.

Enpresak kutxetak egitea galdatzen ahal du, hala hartunearen abiapuntuan nola sarearekiko lotunean, baita ur emariak kontrolatu eta biltzeko kutxetak eraikitzea eta behar diren neurketa sistemak paratzea ere. Halaber, eraikinaren barnean hartuneak erregistratzeko kutxetak paratzea galdatzen ahal du enpresak. Hori guztia enpresaren zehaztepenei jarraikiz eginen da. Beti ere, saneamenduko hartuneak egitura eta bideratu beharreko uren erasokortasuna jasateko maneran proiektatu eta egin beharko dira.

70. art. Hartune bereziak.

Mankomunitateak euri urak eta ur beltzak bereizten dituen sarea erabili du hasieratik. Hortaz, hustuketa zerbitzua hartzen duen eraikin edo finka ororen barne instalazioak euri urak eta ur beltzak bereizi beharko ditu.

Enpresak isurketen laginak hartzeko kutxak egiteko eskatzen ahal du, berak onetsitako diseinuari lotu beharko zaizkionak.

71. art. Medida de vertidos.

Para los casos en los que se estime necesario o conveniente por la Empresa el control específico de los vertidos, ésta diseñará e indicará el sistema de ubicación del aparato de medida de vertidos de preceptiva instalación.

La Empresa podrá exigir la construcción de arqueta de tomas de muestras de vertidos según diseño aprobado por ésta.

72. art. Saneamendurako azpiegiturarik gabeko aldeak.

1. Saneamendurako azpiegiturarik gabeko aldeetan, edo saneamendurako azpiegitura aski ez dutenetan, erabiltzaileek beren gisako konponbideetara jo dezakete, hala nola hobi septikoak, kubetak edo iragazkiak, beti ere haien proiektua eta gauzatzea Enpresak teknikoki onesten baditu.

Konponbide horiek, baita, behar izanez gero, babes daitezkeen baimenak ere, behin-behinekoak izanen dira, harik eta Mankomunitateak finkaren aldakan saneamendu sarea izan arte. Une horretan lotunea eginen da haiekin ordenantza honetan aurreikusitako modu eta baldintzetan.

2. Aitzineko lerroaldean, eta 49 eta 50. artikuluetan aurreikusitakoari dagokionez, halako leku batean hartunea paratu behar eta han kolektore sarerik ez bada, saneamenduko azpiegiturarik gabeko aldea dela ulertuko da.

Halaber, halako leku batean, hartunea paratu behar eta han, isurketa eskari berria asetzeko kotarik edo eramateko ahalik aski ez bada, saneamenduko azpiegitura aski ez duela ulertuko da.

3. Aurreko puntuetan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, erabiltzaileek ezin izanen dute saneamendurako beren gisako konponbideetara jo, herriko arau subsidiarioek saneamendu zerbitzu normalaren berezko azpiegiturez hornitzeko beharra ezartzen dutenean.

73. art. Etxeko instalazioen garbiketa.

Etxe batean beren gisako instalazioa paratu badute, Enpresa ez da behartuta egonen hura onartu, garbitu edo saneatzera, non ez den enpresaren eta hondakin urak arazteko instalazio partikularraren jabearen arteko akordiorik. Horrela izanez gero, hitzartutakoa izanen da arau.

9.-Zerbitzuen kontratazioa

74. art. Kontratua-poliza.

Xedeak nahiz baldintzak erregelamendu honetan aurreikusitakoak izanik, ur hornidura eta saneamenduen zerbitzuen kontratazioa egiteko, behar den kontratua gauzatuko da. Haren sinatzaileak izanen dira, batetik, enpresak izendatzen duen pertsona eta, bertzetik, zerbitzuak hartuko dituen eraikin, lokal edo aretoaren jabea, edota kasuan kasuko eraikina okupatzeko adina titulu duena. Biek zuzenean jardun dezakete edo botere aski duen ordezkari baten bitartez.

75. art. Zerbitzuen eskaera.

Interesatuek eskatuta emanen da edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketarena. Horretarako, interesatuek enpresak luzatutako ereduari jarraikiz bete beharko dute eskabidea eta bertan idatzitako datuak egiazkoak izateaz erantzunen dute. Enpresa beharturik dago osorik betetatako eta sinaturiko ale bat abonatuari emateko

Eskabide horrekin batean 45. artikuluan eskatu agiriak aurkeztu beharko dira.

76. art. Iraupena.

Zerbitzuak aldi baterako edo epe zehatzik gabe kontratatu ahal izanen dira.

Ez da inoiz epe zehatzik gabeko zerbitzurik emanen behin-behineko egoeretarako, hala nola obretarako, etab.

Egoera berezietan, muntaduretan frogak egiteko edateko uraren hornidura eta hustuketa eman ahalko dira. Horretarako, aldez aurretik Enpresaren eta erabiltzailearen artean hitzarmena sinatu beharko da eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena eta ezaugarriak, kontsumituko den ur bolumena, eginen diren isurketak eta hitzarmena eraginkorra izan dadin behar diren gastuak.

Era berean, zerbitzuak behin behinekoz ere eman ahalko dira, gehienez ere sei hilabeterako.

77. art. Erregimen kolektiboko hornidurak.

Erregimen kolektiboko horniduren kontzesio ez ohikoak kontratatzeko, hornituriko multzo osoaren titularitatea bere eginen duen ondasun-komunitatea edo ente juridikoa nahitaez eratu beharko da aldez aurretik.

Orobat, ezinbestekoa izanen da eraikin horren instalazio orokorrak aldez aurretik ez izatea etxebizitza edo lokal bakoitza banan-banan hornitzeko ahalbidetzen duten baldintza teknikoak.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, hornidura horiek normaltzat joko dira jabekideen elkarteek dituzten komunitate-zerbitzuetarako kontratatzen direnean.

Kasu horietan ez da denendakoaz aparteko kontratu bakarkakorik egiten ahalko. Haren barnean sartuko dira, tarifaren tasa eta gainerako baldintzak zehaztuz. Komunitateko kide guztiek batera dute erantzukizuna Mankomunitatearekin komunitate horrek izan ditzakeen zorretan.

Enpresak berak erabaki dezake erregimen kolektiboko hornidura egitea, eta jabekideen elkarteak hala egitea onar dezake, beti ere aurreko baldintzatan.

78. art. Ur hornidura eta hustuketa zerbitzuak, zer xedetarako onartu ziren, haiexei atxikirik geldituko dira eta, hortaz, ez dira bertzetarako erabiltzen ahal, bertze kontzesio bat eskatu ezik.

79. art. Polizak.

Erabilera bakoitzak bere hornidura eta/edo saneamendu poliza du eta, beraz, nahitaezkoa da polizak aparte ematea tarifa edo baldintza ezberdinak aplikatzea eskatzen dituztenei. Abonatu polizan izenpetutako kontratuaren baldintza bereziren bat edo batzuk, edozein arrazoi dela eta, aldatuz gero, bertze orrialde bat idatziko da data berriarekin eta alde biek sinatua, eta bertan hitzartutako aldaketak paratuko dira.

80. art. Zerbitzuak ezin eskuz aldatu.

Arau orokor gisa, ur hornidura eta/edo hustuketa abonua pertsonala eta eskualdaezina da. Horrenbertzez, abonatuak ez du bere eskubideak bertze bati lagatzerik izanen, ez eta bere erantzukizunetik libratzerik ere Enpresaren aitzinean.

Zerbitzuko abonatu batek, higiezin hornituaren gainean dituen erabilpen eta probetxamendu eskubideak nolanahi ere galdu edo horiek saldu edo errentan ematen dituenean, bortz eguneko epean eskatu beharko du baja zerbitzuan, higiezinaren gaineko eskubideak galdu dituela ziur dakienetik aitzina.

Abonatuak aurreko artikuluan zehaztu eginbeharra betetzen ez badu, huts hori arau-hauste arintzat hartuko da eta horren arabera zigortuko. Halakoetan ofizioz emanen zaio baja horniduran.

Aitzineko kasuan, higiezin hornituaren titulartasuna edo erabilpen eta probetxamendu eskubideak eskuratzen dituen pertsona edo entitateak, Enpresari jakinarazi beharko dio bortz eguneko epe berean, eraikinari hornidura kentzea ala zerbitzuan alta hartu nahi ote duen.

Higiezinaren eskuratzaile berriak aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen ez badu, huts hori hutsegite arintzat hartuko da eta horren arabera zigortuko.

Abonatu berriari alta emateko, baldintza administratiboak bete eta behar diren tasak ordaindu beharko ditu.

81. art. Subrogazioa.

Abonu polizaren titularra hiltzen denean, hornidura duen etxebizitza edo lokalaren jabe edo erabiltzailearen oinordeko edo legatu-hartzaileak subrogazioa egiten ahalko du.

Entitate juridikoen kasuan, eskubide eta betebeharretan ordezkatu edo subrogatzen duenak bertze horrenbertze egin ahal izanen du abonu polizan ere, beharrezko diren baimen administratibo guztiak udal Enpresari aurkeztuz gero.

Sei hilabetekoa da subrogatzeko epea, egintza kausatzailea gertatzen denetik hasita.

Irabazpidezko sozietatea deseginez gero, hornidura duen higiezinaren esleipen-hartzailearen ezkontideak ere subrogazio eskubidea erabiltzen ahalko du.

Eskubide berbera izanen du hornitu higiezinaren jabekideak, haren gaineko jabego amankomuna behin deuseztuz gero, jabe bakarra bihurtzen denean.

Eta orokorrean, polizaren subrogazioa egiten ahalko dute halaber, jabetza, errentamendu, usufruktu, gozamen, erabili edo bizitzeko eskubide errealean higiezinaren gaineko eskubidea zuen titularraren oinordeak, baldin hark Mankomunitatearekiko ordainketak eguneratuak baditu.

Kasu horietan guztietan higiezina erdiesten duenak, sei hilabeteko epean, aurreko egoeran subrogatzeko borondatea jakinarazi beharko dio Enpresari edo, higiezina hornidurarik gabe uzteko nahia, hori baldin bada kasua.

Jabe berriak aurreko lerroaldean zehaztu obligazioa betetzen ez badu, huts hori arau-hauste arintzat joko da eta horren arabera zigortuko.

82. art. Klausula bereziak.

Polizan sar daitezkeen klausula bereziek ez dute inola ere arauei jarraituz onetsitako aginduen aurkakorik ukanen, ez eta orokorrean indarra hartu eta baimendu tarifetako prezioak baino handiagorik izanen ere.

10.-Kontratua eten eta iraungitzea

83. art. Enpresak bere abonatuei ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak eteten ahal dizkie ondoko kasuetan eta prozedura honen bitartez, eta beti ere Administrazio Publikoaren erakunde eskudunaren berariazko aginduaren ondorioz edo aldez aurretik hari jakinarazita:

a) Enpresak edo Mankomunitateak egindako edozein zerbitzuren ordainagiria kobratzen hasten denetik hiru hilabeteko epean abonatuak ordaintzen ez duenean.

b) Iruzurragatiko likidazio irmo baten zenbatekoak ordaintzen ez direnean edo behin eta berriro iruzurra egin dela frogatzen denean.

c) Abonatuak, ematen zaion ura, kontratatutako polizan agertzen ez diren eran edo bertze zerbitzu batzuetarako erabiltzen duenean.

d) Abonatuak polizak baimendu ez bezalako baldintzetan egiten dituenean isurketak.

e) Abonatuak bere ordainketa-polizan agertzen ez diren etxebizitza edo lokalak hornitzeko, bere instalaziotik desbideratzeak paratzen duenean edo paratzera uzten duenean.

f) Abonatuak, hornidura kontratatua duen lokalean, instalazioak miatzera edo egiten den kontsumoa aztertzera heldu diren langileei sarrera ukatzen dienean, Enpresaren bulego orduetan eta haren baimena eta nortasun txartela aldean daramatela. Horrelakoetan, aipatu ukoak, bi lekukoren aitzinean egina beharko du izan edo agintaritzako langileren baten aitzinean.

g) Abonatuak ekipo zuzentzaileen instalazioekin axolagabekeriaz jokatzen duenean, sarean nahaspiderik gertatu eta horiek zuzentzeko erakunde eskudunek ezarri epea behin iraganez gero.

h) Abonatuak bere instalazio partikularreko matxurak behar bezala konpontzen ez baditu Enpresa hornitzaileak hala eskatu dionean, batez ere ur galerak badaude.

i) Eta orokorrean, abonatuak erregelamendu honetan ezarri zaizkion betebeharrak larriki hausten dituenean edo abonatu-polizan ezarritako baldintzei lotzen ez zaienean.

Kasu horietan, baita ur hornidurarako eta/edo hondakin uren hustuketarako kontratuan jasotzen direnetan ere, organo eskudunak kontratua eteteko espedientea abiaraziko du, ezarritako legezko prozedurari jarraikiz. Abonatuari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emanen bidezko juzkatzen dituen alegazioak aurkezteko.

Alegazio horiek aztertu eta, egitate frogatuak gezurtatzen ez badituzte, organo eskudunak kontratua etetea erabakiko du. Hura interesatuari jakinaraziko zaio eta horrez geroztik hornidura mozten ahal da.

Hornidura eteteko jakinarazpenean honako hauek zehaztuko dira: abonatuaren izena eta helbidea, hornidura eteteko arrazoia eta Udalaren izena, helbidea, telefonoa eta bulego orduak, bertan etenduraren arrazoiak konpondu ahal izateko.

Eteteak eta berriz ere lotzeak dakartzaten gastu guztiak abonatuaren kontura izanen dira.

84. art. Kontratuaren iraungipena.

Kontratua eta, hortaz, hornidura ondoko arrazoietan edozein dela medio iraungirik geratuko dira besterik gabe:

a) Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen duenean. Horretarako, bajaren eguna baino bost egun lehenagotik gutxienez ere, idazkia aurkeztu behar da enpresako bulegoetan, polizaren titularrak edo horretarako legez baimendutako batek sinatua, eta horrekin batera azken irakurketa ordaindu beharko da. Horrela egiten ez bada, abonatuari dagokion kontsumoaren batez bestekoa halako bi kobratuko zaio.

b) Denbora zehazturako egiten badira, iraupen epea bukatzen denean.

c) Abonatuari egotzi dakizkiokeen arrazoiak direla medio, sei hilabetez neurgailuak erregistratu datuak lortu ezin izan direnean.

d) Kontratatutako horniduraren titularrak hornitu lokal, finka edo aretoa erabiltzeko eskubidea galtzen duenean.

e) Hornidura ez ordaintzeagatik eteten denean, etendura egin eta hiru hilabeteren buruan abonatuak ordaindu gabe dituen ordainargiriak eta lotunea berriz paratzeko tasa ordaindu ez baditu, hori guztia Enpresak zorrak ordainarazteko dituen bideak erabiltzeko eta izan diren kalte-galeren ordaina jasotzeko eskubidea galarazi gabe.

f) Kontratuak eta, hortaz, Enpresak emandako hornidurak baliogabetu daitezke, nahitaez bete beharreko arauzko xedapenak edo erregelamendu honetako aginduak hausten direnean.

85. art. Ordaindu ezean.

Hornidura eskubidea izateko baldintzak bete arren Enpresari kopururen bat zor dutenei ez zaie ur hornidura emanen harik eta zor hori kitatu arte, egon daitezkeen errekarguak zein gastuak eta guzti.

86. art. Fidantzak.

Izan daitezkeen zorpekoen nahiz, Enpresaren muntaduretan, abonatuari egozten ahal zaizkion kalteen ordainketari aurre egin ahal izateko, horniduraren kontratua egiten duenean, diru-zenbateko bat ordaindu beharko du diruzaintzan, fidantzatako. Zenbateko hori Enpresak zehaztuko du eta kontratua desegiten denan itzuliko zaio, behar den likidazioa egin eta gero.

11.-Zerbitzuen erabilpen motak

87. art. Erabilpen motak.

Ur hornidura xede hauek betetzeko baizik ez da emanen:

a) Etxeko erabilpenetarako.

b) Industriako eta merkataritzako erabilpenetarako.

c) Udal eta Kontzejuen erabilpenetarako.

d) Obrak egiteko.

e) Suteak itzaltzeko.

f) Guztion interesekoak diren kirol instalazioetarako.

g) Militarren egoitzetarako.

h) Ongintza eta irakaskuntza zentroetarako.

i) Finka partikularretako ureztapen, apaindura eta aisirako.

j) Zerbitzu berezien kontsumoetarako.

k) Baratze familiarrak edo berotegiak ureztatzeko.

88. art. Definizioak.

1. Etxeko erabilpenetarako kontsumoak dira edateko, garbiketarako, higienerako eta gainerako erabilera ohikoetarako kontsumoak, etxebizitzetan edo bizigarritasun agiria nahiz Enpresaren ustez bizigarritasuna frogatzen duen beste antzeko agiriren bat behar duten esparruetan egiten direnak.

2. Industriako eta merkataritzako erabilpenetarako kontsumoak dira lantegi, saltoki, ostalaritzako establezimendu eta gisako egoitzetakoak eta jarduera lizentzia behar duten orotariko jarduera guztietakoak, baita erabilera pribatuko lokal, biltegi, garaje eta erabilerarik gabeko etxabetakoak ere.

3. Udal eta Kontzejuen erabilpenak dira Mankomunitateko kide diren toki entitateen edo haien menpeko erakundeen eraikin eta instalazioetan egiten direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak eraiki, zaharberritze eta, oro har, edozein obra motatan sortzen diren beharrak asetzeko dira.

5. Suteak itzaltzeko hornidurak halako eraikin, lokal edo esparruan suteak itzaltzeko instalazioak hornitzeko baizik ez dira ematen. Hornidura horiek suteetan edo horrela behar duten ezbeharretan soilik erabiltzen ahal ditu abonatuak. Instalazioa aldian behin probatu behar bada, hornidura horiek erabiltzen ahal dira, baina bakarrik enpresak baimena ematen badu eta berak finkatzen dituen baldintzetan eta orduetan.

6. Zerbitzu berezietarako kontsumoak edozein premia asetzeko dira hura noizbehinkakoa edo denbora baterako bada.

89. art. Iraupena.

Obrak egiteko eta zerbitzu berezietarako hornidurak epe mugaturako eta prekarioan emanen dira, herritarren premia orokorrek baldintzapeturik.

Hornidura horiengatik abonatua behartua egonen da kontratua egiten duen unean berean Udalak ezarritako zenbatekoak ordaintzera, baita haren muntadura paratzeagatik zortzen diren gastuak ere.

Beste erabileretarako gainerako hornidurak epe mugarik gabe kontratatuko dira.

90. art. Saneamendu zerbitzuaren erabilpena.

Saneamendu zerbitzuaren erabilpenak eta isurketen motak eta baldintzek Mankomunitatean indarra duten arau eta ordenantzek isurketen gainean aldioro diotena izanen dute arau.

12.-Irakurketak eta kontsumoak

91. art. Kontsumoen zehaztapena (benetakoak).

Kontsumo berezietan izan ezik, abonatu bakoitzak egindako kontsumoak zehazteko instalaturik duen neurgailuak erregistraturiko datuak hartuko dira kontuan.

Enpresako langileek edo bertako langile ez izanik hark kreditatutako jendeek, irakurriko dituzte datu horiek, Enpresak berak finkatuko dituen aldietan, eta horren aurkako froga sinesgarririk ez bada, irakurketa horrek abonatu bakoitzak egin kontsumoen berri emanen du.

92. art. Abonatuak berak irakurtzea.

Enpresari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla medio, langileek ez baditzakete halako abonaturen baten kontsumoak kontrolatzen dituen neurgailuak erregistratutako datuak jaso, abonatuak, hornidura puntuan utzitako inprimakian eta ondoko bortz egunen barrenean, neurgailuak erregistratutako datuak eman beharko dizkio Enpresari.

93. art. Kontsumoen zenbatespena.

Neurgailua matxuratu delako, irakurketa egin nahi izan zenean abonatua kanpoan izan eta ez duelako aurreko artikuluan ezarri beharkizuna bete, edo bete arren, emandako datu horiek bat ez datozelako abonatuak duen kontsumo erregimenarekin, horiek guztiak direla-eta, kontsumoa jakiterik ez dagoenean, aitzineko urteetan sasoi berean zer kontsumo izan diren, haiexek hartuko dira oinarritako berriak zenbatesteko, eta kontratuak hamabi hilabeteko iraupena ez badu, kontsumo horren kalkulua egiteko, fakturatu den aldi osoko kontsumoak hartuko dira kontuan.

Neurgailurik gabeko puntuetan (ur-ahoak, ur-paldoak, etab.) noizean behin edo aldi batean egiten den kontsumoa Enpresak berak neurtu eta erabiltzaileari edo abonatuari jakinaraziko dio. Ezinbesteko kasuetan, Udalaren edo Kontzejuaren txostena beharrezkoa izanen da Enpresak kontsumoen ebaluazioa egin dezan.

Aurreko ataletan aipatu kasuetan Enpresak aukera izanen du kontsumoak zenbatesteko, ordainketa aldi horri dagokion fakturazioa egitearren, edo hurrengo ordainketa aldirako gibeleratu eta biak azken horretan metatzeko.

94. art. Hornidurarako lehentasunak.

Matxurak, hornidura-etenak, lehorte luzeak edo bertze edozein arrazoi dela-eta ur kantitatea murrizten bada, premia larrienak ase beharko dira lehenbizi, hain zuzen ere, urik ez izateagatik giza eta ekonomi mailan eragin handiena sor dezaketen beharrak.

13.-Fakturazio eta ordaintzeko modua

95. art. Fakturazioa.

Enpresak une bakoitzean ofizialki onetsitako tarifek agintzen dituzten baldintza eta prezioen arabera fakturatuko ditu abonatu bakoitzak egin kotntsumoak, eta ekitaldi bakoitzean Enpresak berak zehazten dituen aldietan. Hamabortz egunetik beheitiko hilabete zatiak hilabete erditzat hartuko dira eta hortik goitikoak hilabete osotzat.

96. art. Arau orokorra izanen da ur hornidurarako instalazioen gainean eta kontsumoaren gainean Estatuak, Foru Komunitateak eta Udal edo Kontzejuek ezarritako tributuak, Enpresa berorietan zergadun bada, abonatuak tributuengatik ordaindu behar duenari ez gehitzea, non eta tributua sortzen duen arauak bertzerik xedatzen ez duen. Nolanahi ere, dagokion zenbatekoa tarifan kostu gisa eransten ahalko da.

Halarik ere, horniduraren kontratua izenpetzeko behar den dokumentazioa nolabait kargatzen duten edozein motatako zerga, ariel, eskubide edo gastuak abonatuaren gain geratuko dira.

97. art. Ordaintzeko modua.

Edozein kontzeptu dela medio abonatuak Enpresari edo Mankomunitateari zor dizkion zenbatekoak entitate horien bulegoetan ordainduko dira edo horretarako ahalmena duten aurrezki entitateetan.

Halaber, zenbateko horien ordainketa Jurramendiko Ur Mankomunitatearen eremuan bulegoak dituzten bankuetan irekitako kontuetan helbideratzen ahalko da.

98. art. Ordaingairiak.

Ordainagirietan datu hauek jasoko dira ezinbestean:

a) Abonatuaren helbidea.

b) Ordainagiriaren titularraren helbidea, aurreko bera izan ez eta horrela azaltzen bada polizan.

c) Aplikatutako tarifa.

d) Fakturatutako kontsumoa zehazten duten kontagailuen irakurketak eta hauek burutu eguna, fakturazio epea definitzeko.

e) Fakturatutako kontsumoak (benetakoak edo zenbatetsiak diren zehaztuko da).

f) Kontzeptu bakoitzari bakarka ezarri zaizkion tarifa osagariak.

g) Horniduraren zenbateko osoa.

h) Alokairuak (halakorik bada).

i) Erasaten ahal diren zeharkako zergak.

j) Ordaintzeko garbia.

k) Fakturaren batura osoa.

14.-Tasak, kontribuzio bereziak eta prezioak.

99. art. Arauketa.

Mankomunitatearen kontura Enpresak eskainitako zerbitzuek erabiltzaileari ekartzen dioten kostua, tasen gainean Mankomunitateak urtero onetsi behar duen ordenantza fiskalean ezarriko da.

Enpresak berak egiten dituen zerbitzuak, merkatuko prezioetan kobratuko ditu, Enpresak nahi bezala ezarririk.

Mankomunitateak konpromiso publikoak hartuko ditu bezeroekin, eskatutako zerbitzuak ongi eta azkar egiteko. Konpromiso horiek urte bakoitzeko ordenantza fiskalean agertuko dira, eta aurreikusten ahalko dute behar den tasa ez ordainaraztea Mankomunitateak hartutako konpromisoa betetzen ez badu.

15.-Arau-hausteak, iruzurrak eta zehapenak

100. art. Arau-hausteak.

Abonatuaren arau-haustetzat hartuko da, ordenantza honetan ezarri betebeharrak eta baldintzak ez betetzea, beti ere kapitulu honetan ezarritakoarekin bat.

101. art. Sailkapena.

Garrantziari eta ondorioei begira, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.

a) Arau-hauste arintzat hartuko da ondoan ematen diren erregelamendu honetako artikulu eta idatz-zatiek agintzen dituztenak ez betetzea: 19. artikulua, 1, 3, 4, 5 eta 8. idatz-zatiak.

b) Arau-hauste larritzat hartuko da ondoan ematen diren erregelamendu honetako artikulu eta idatz-zatiek agintzen dituztenak ez betetzea: 19. artikulua, 2, 6 eta 7. idatz-zatiak, eta 21. artikulua, 2, 3, 4, 6, 7, 10, 12 eta 13. idatz-zatiak.

c) Arau-hauste oso larritzat hartuko da ondoan ematen diren artikulu eta idatz-zatiek agintzen dituztenak ez betetzea: 21. artikulua, 1, 5 (abonatuarendako etekin ekonomikoa dakarrenean), 8, 9 eta 11. idatz-zatiak eta, oro har, Enpresaren kontra eta irabazi asmoz egiten dituen ekintza guztiak.

102. art. Zehapenak. Arau-hauste arinak.

Erregelamendu honetako arau-hauste arinek Enpresaren ohartarazpena ekarriko dute. Abonatuak, hala behar izanez gero, egoera normalizatu beharko du hamabortz eguneko epean, eta sortutako gastu guztiak bere gain hartu.

103. art. Arau-hauste larriak.

Erregelamendu honetako arau-hauste larriak errekargu bat fakturatuz zehatuko dira, hau da, 200 metro kubiko ur, erabilpenerako indarra duen oinarrizko tarifaren prezioaren arabera baloratuak. Hori horrela izanik ere, hala behar den kasuetan, hornidura eten eginen da, harik eta Enpresak ikusi arte muntadura hasierako egoeran utzi dela berriro, eta abonatuak, sortutako egoeran zuzeneko erantzule gisa izan ditzakeen erantzukizunak galarazi gabe.

Horniduraren entendura jakinarazten bada, zor diren zenbatekoen likidazioa % 15 igoko da.

Egindako arau-haustea dela medio gastuak sortu eta abonatuak ordaintzen ez baditu, ez zaio inola ere hornidura berriz ere paratuko.

104. art. Erregelamendu honetako arau-hauste oso larriak, egindako iruzurragatik egin beharreko likidazioaz gain, 500 metro kubiko uraren errekargua izan dute zehapen, erabilpenerako indarra duen oinarrizko tarifaren prezioaren arabera baloratuta. Prezio horren barnean sartuko dira hornidurarena, saneamenduarena eta erasandako zergak. Egindako iruzurraren ezaugarriengatik ezin bada kontsumituriko ur bolumena zehaztu, arlo horretako egungo legerian ezarritako prozedurari erabilita zenbatetsiko da kontsumo hori.

105. art. Berrerortzea.

Arau-hauste arin batean berrerortzeak, arau-hauste larria osrtuko du. Arau-hauste larri edo oso larri batean berrerortzeak zigorrak bikoiztu, hirukoiztu, eta abar eginen ditu, haren graduaren arabera.

106. art. Prozedura.

Zehapen prozedurak araudi orokorrean aurreikusitakoa begiratuko du (Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea eta Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren Erregelamendua). Bereziki, arau horietan ezarritako preskripzio epeak aplikatuko dira.

16.-Erreklamazioak, errekurtsoak eta jurisdikzioa

107. art. Erreklamazioak.

Edozein inguruabar dela eta abonatuak Enpresaren halako jarduera baten aurka erreklamazioak paratu nahi dituenean, idatziz egin beharko ditu, eta bertan erreklamazioaren zergatiak azaldu.

Aipatu prozedura horren bidez Enpresari zuzendutako edozein erreklamazio, Enpresaren bulegoetan sarrera izan eta ondoko hamar egun balidouneko epean erantzun beharko da.

Aurrekoa gorabehera, beharkizun hori betetzen ez bada, horrek ez du esan nahi isilbide administratiboa aplikatzeko A.J. eta G.A.P.L.an aurreikusitako epeak ez eta hantxe aurreikusitako ondorioak ere aldatu direnik.

108. art. Errekurtsoak.

Enprearen ebazpenen kontra administrazio araubideak oro har xedatzen dituen errekurtso eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dira.

109. art. Jurisdikzioa.

Erregelamendu hau aplikatu eta ulertzeko moduak eta bere babesean egiten diren hornidura kontratuek sor ditzaketen arazoak konpontzeko, Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegiak izanen dira eskudun.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Erregelamendu honetan espreski agertu ez eta sor daitezkeen arazoak, bertan araututakoaren antzekotasunaren irizpideari jarraituz ebatziko dira, 15. kapituluari dagokiona salbu.

Bigarrena.-Erregelamendu honen osagarritzat hartuko dira legeria orokorraren xedapen indarra dutenak: eta gehigarri bezala, Egiaztapen Elektrikoei buruzko Erregelamendua, 1954ko martxoaren 12ko Dekretuak onetsia, urriaren 15eko 2949/82 Errege Dekretua eta uztailaren 18ko 172584 Errege Dekretua.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.-Erregelamendu honek indarra hartzean paraturik dauden kontagailuak, erabiltzailearenak baldin baziren, horrela segituko dute.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A9912272