16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- B E R T I Z A R A N A

Ordenantza fiskala, jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko lizentziak emateko eta jarduera eskualdatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Bertizaranako Udalak, 1999ko urriaren 8an egin osoko bilkura arruntean, behin betikoz onetsi zuen jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko lizentziak emateko eta jarduera eskualdatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Udalak, 1999ko uztailaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza, eta onespena 1999ko abuztuaren 23ko 105. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan adierazitakoarekin bat, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa.

ORDENANTZA FISKALA, JARDUERA SAILKATU ETA KALTEGABEETAN ARITZEKO LIZENTZIAK EMATEKO ETA JARDUERA ESKUALDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko lizentziak emateko eta jarduera eskualdatzeko tasen ordainarazpen hau ezarri da martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 6. atalaren 100. artikuluaren babesean.

Ordainarazpenaren xedea

2. art. Ordainarazpenaren xede dira honako kasu hauetan ematen diren lizentziak:

a) Establezimenduak aldi baterako jartzea, jaietan, ferietan edo merkatuetan.

b) Jarduera berritik jartzea lokal batean.

c) Jarduera toki batetik bestera aldatzea.

d) Jardueran aldaketak egitea, haren izena, jabea eta egoitza aldatu gabe ere.

e) Jarduera handitzea, eta hori gertatutzat emanen da jarduera sailkatuen gaineko kontribuzioa handitzen den aldiro, non ez den araudi fiskalaren aldaketak sortua.

f) Eskualdaketak, enpresaren izen edo helbidearen aldaketak eta titular aldaketak, bertan garatzen den jarduera aldatu edo handitu gabe.

Zergagaia

3. art. Irekitzeko lizentziak eman aurretik eskuratu beharreko zerbitzu tekniko eta administratiboak, nahitaez izan behar baitituzte ingurugiroa zaintzeko jarduera sailkatuen edo jarduera kaltegabeen titularrek; horra zergagaia.

Zerga ordaindu beharra

4. art. Zergak ordaintzeko betebeharra sortzen da:

a) Aginduzko lizentzia ematen den unean berean.

b) Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzen denean.

Subjektu pasiboa

5. art. Pertsona natural edo juridikoak daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera, lizentzia ematen bazaie jarduera batean aritzeko, eskualdaketa egiten bazaie edo lizentziaren titulartasuna ematen.

Tasak zenbatekoak izanen diren kalkulatzeko, kontuan hartuko da tasa pagatu behar duten subjektu pasiboen gaitasun ekonomikoa. Ondorioz, gaitasun handiagoa duten subjektu pasiboek kuota handiagoak ordainduko dituzte, gutxiago dutenenekin orekatzeko.

Karga-oinarria

7. art. 1) Karga-oinarria lizentziaren xede den jarduera kokatzen deneko lokalaren azalerak emanen du.

2) Egoitzak sotorik izanez gero, horren azalera % 50 murriztuta kontatuko da. Behekoa ez den beste solairuen azalera % 25 murriztuta kontatuko da.

8. art. Negozioa lizentzia eskuratu duen pertsonaren etxe berean kokatuta badago, hainbanatu eginen da erabilera bakoitzeko azalera, eta etxebizitzarako zatia ezin izanen da inoiz azalera osoaren % 40 baino handiagoa izan.

Tarifak

9. art. Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

10. art. Tokia ikuskatu aurretik, interesatuak eskatutako lizentzia hartzeari espreski muzin egiten badio, tarifak % 80 jaitsiko dira.

Kudeaketa arauak

11. art. Establezimendua irekitzeko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera(k) eta tokia zehazten dituela, Ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legeak edo udal ordenantzek eskatutako dokumentazioarekin batean.

12. art. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesatuak ordaindu egin beharko du, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina borondatezko kobrantza aldian, bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko bailitzateke.

13. art. Emandako lizentziek balioa galduko dute Ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran ari nahi duten interesatuek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

14. art. Titulartasuna aldatu edo eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinarazi beharko dio egiaztagiriak aurkeztuz.

Arau-hauste eta zehapenak

15. art. Arau-hauste berezi hauek larritzat hartuko dira:

a) Lokalak irekitzea behar den lizentzia erdietsi gabe.

b) Karga-oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

Bestelako arau-hausteetarako ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

16. art. Zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako tramiteak beterik, Ordenantza honek indarra hartuko du eta eragin ekonomikoa sortuko, testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Bigarrena.-Udalari ahalmena ematen zaio ordenantza honetan argi ez dauden inguruabarrak interpretatzeko, baina aurreikusia dagoenaren edozein aldaketa egin nahi bada, ordenantza hau onesteko tramite berberak bete behar dira.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe utziko dira, baliorik ez eraginik ez dutela, udal mailako aurreko xedapen guztiak, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten badiote.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Establezimenduak berritik jartzea, jarduera toki batetik bestera aldatzea, jardueran aldaketak egitea.

Azalerako lehen 50 metro karratuetan, 300 pezeta metro karratu bakoitzeko.

51tik 100 metro karratu bitarte: 280 pezeta.

101etik 500 metro karratu bitarte: 235 pezeta.

501 metro karratutik goiti: 220 pezeta.

II. epigrafea.-Jarduera handitzea, birkalifikazioak, jarduera eskualdatzea eta titularra aldatzea, enpresaren izena edo helbidea aldatzea.

II.1. Jarduera handitzea:

II.1.1. Lokalaren azalera handitzea: I. epigrafeko tarifak, azalera handitzeari buruzkoak, aplikatuko zaizkio.

II.1.2. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga handitzea: I. epigrafeko tarifen % 50 aplikatuko da.

II.2. Birkalifikazioak:

II.2.1. Aurreko lizentziarik gabeak: berritik irekitzat joko dira eta I. epigrafeko tarifak aplikatuko.

II.2.2. Aurreko lizentzia dutenak: I. epigrafeko tarifen % 50 aplikatuko da.

II.3. Jarduera eskualdatzea eta titular aldaketak.

I. epigrafeko tarifen % 10 aplikatuko da.

II.4. Enpresaren izena edo helbidea aldatzea

I. epigrafeko tarifen % 25 aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: A9912773