152. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

366/2000 FORU DEKRETUA, azaroaren 20koa, Doneztebeko Udalaren herrilurreko 120 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena, ondoren haren erabilera beste bati lagatzeko.

Doneztebeko Udalak 120 metro koadroko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lursail hori 1. poligonoko 384. lurzatiko puska bati dagokio eta Askin alderdian dago.

Proposaturiko desafektazioaren xedea da lur horien erabilera Retevisión Móvil, S.A.ri uztea, hamar urterako, urteko kanon baten truke, telefonia mugikorreko zentro bat jar dezan. Lagapena bost urtetik bost urtera berritu ahalko da.

Doneztebeko Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako azaroaren hogeian egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Doneztebeko Udalaren herrilurreko 120 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onestea. Lursail hori 1. poligonoko 384. lurzatiaren puska bati dagokio eta Askin alderdian dago.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Doneztebeko Udalari desafektatutako lur horren erabilera Retevisión Móvil, S.A.ri uzteko, telefonia mugikorreko zentro bat jar dezan.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Doneztebeko Udalak onetsi zuen baldintza pleguak dioena hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira.

4. artikulua. Doneztebeko Udala behartua da espediente honen xede diren lurren mugak jartzera.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako azaroaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0010990