III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
M E N D A Z A
Ordenantzaren behin betiko onespena
Mendazako Kontzejuko Batzarrak, 2000ko urriaren 23an egin bilkura berezian, honako erabaki hau hartu zuen:
"Auzolana eta bidelana arautzen dituen ordenantza 2000ko abuztuaren 12an hartu erabakiaren bidez hasiera batez onetsi zen eta 115. bon.ean, irailaren 22koan, iragarkia argitaratu.
Legezko jendaurreko epea, hogeita hamar egunekoa, inolako alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, behin betikoz onetsi da ordenantza orokorra."
Mendazan, bi milako urriaren hogeita lauan. Kontzejuko burua, Javier Barruete Martínez.
AUZOLANA ETA BIDELANA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12, 53, 54 eta 55. artikuluetan xedatutakoaren babesean.
Xedea
2. art. Ordenantza honek xedea du arautzea, batetik, herritarren lana, auzolan, auzalan edo artelan izenekin ere ezagutua, eta, bertzetik, herriko bideak eta mendi bideak egin, zaindu eta hobetzeko bidelana, hau da, oro har Kontzeju honen eskumenetan biltzen diren obra guztiak.
Bi prestazioetarako arauak
3. art. Auzolana eta bidelana, biak, bateragarriak dira eta aldi berean ere eman daitezke. Beraz, aldi berean ematen direnean, bidelana bete behar dituztenek auzolana ere garraio elementu berekin egiten ahalko dute.
4. art. Auzolana egitea ordezten ahal da bertze familia bateko pertsona batekin, edota lanbideen arteko guttieneko soldataren bi halako ordainduz.
Egitera behartuak
5. art. Auzolana eta bidelana Kontzeju honetan bizi diren familiek egin behar dute, betiere hemezortzi urtetik berrogeita hamabost urte bitartekoek.
Auzolana egiteko familiatzat hartuko da kide bakarreko nahiz gehiagoko familia, baldin eta Bizilagunen Udal Erroldan badaude, eta famili unitatea osatu eta etxe batean bizi direnak.
Lan egitera behartuak dauden familiak dira Mendazako biztanleen Erroldan daudenak.
6. art. Mendazako Kontzejuak urtero onetsiko ditu, erabaki baten bitartez, auzolana eta bidelana egiteko aldiak, betiere kontuan harturik Kontzejuko mugapean lan handienetako garaiekin batera izan ez daitezen.
Auzolana
7. art. Auzolana egitera behartuak daude toki honetan bizi direnak, salbu eta ondoko hauek:
a) Hemezortzi urtetik beheitikoak eta berrogeita hamabortz urtetik goitikoak.
b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.
c) Espetxeetan preso daudenak.
d) Soldadu edo ordezpeneko prestazio sozialean daudenak, hartan egon bitartean.
8. art. Toki entitate honek babestuko ditu auzolanean ari diren biztanleak, gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskutik.
9. art. Auzolana ez da urtean sei egun baino gehiagokoa izanen, ez eta bi egun jarraian baino gehiago eginen ere. Interesatuaren ordez bertze pertsona batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez egiten baldin badu. Orobat, auzolanaren librantza egin daiteke lanbideen arteko guttieneko soldataren bi halako ordainduz.
Bidelana
10. art. Bidelanean parte hartu beharra dute, nahitaez eta salbuespenik gabe, herriko enpresa-ustiategietan garraio elementuak dituzten pertsona orok, fisiko zein juridikoek eta herrian bizi edo ez.
11. art. Trakzio mekanikoko ibilgailuen garraio prestazioak urtean gehienez ere sei egun hartuko ditu eta egunak ez dira jarraian egonen. Haren ordez, lanbideen arteko guttieneko soldataren hiru halako ordain daiteke.
Gainerako kasuetan, urtean ez dira hamar egun baino gehiago izanen ez eta bi egun jarraian baino gehiagotan eginen ere.
12. art. Bidelana egiteko erabiltzen diren ibilgailuendako erregai gastuaren abonamendua Kontzeju honen kargura eginen da.
13. art. Auzolana egiteko abisua bi egun lehenago jakinaraziko zaie herriko bizilagunei, oholean iragarkia paratuz eta herrian usatzen den gisara.
Auzolana egitera beharturik dagoen bizilagunen batek ezin badu, lan edo eritasun kontuak direla eta, Kontzejuari jakinarazi beharko dio, nahi duen moduan baina behar den astiarekin.
Kontzejuak onargarritzat jotzen badu auzolanera ez agertzeko arrazoia, egin gabeko auzolana betetzera joateko dei egiten ahal dio ezinduari, ezintasuna desagertzen denean.
Kontzejuaren ordezkariak eskumena izanen du auzolanak antolatu eta banatzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.
Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.
Iragarkiaren kodea: A0009853