143. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E O T Z

Behin betiko onespena, Eraikinak eta eraikuntzak arautzen dituen ordenantzari eta Eraikinak eta etxebizitzak zaharberritu eta eraikitzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzari

Leozko Udalak, 2000ko ekainaren 23an egin bilkura arruntean, Eraikinak eta eraikuntzak arautzen dituen ordenantza hasiera batean onestea erabaki zuen. Eraikinak eta etxebizitzak zaharberritu eta eraikitzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza horren barnean dago.

Jendaurrean paratzeko iragarkia 2000ko 100. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 18an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/99 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hori behin betikoz onestea erabaki zen, 2000ko irailaren 29an egin osoko bilkuran.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betez, osorik argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Iratxetan (Leotz), bi milako azaroaren zazpian. Alkatea, Josu Zabalza Murillo.

ERAIKINAK ETA ERAIKUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

I. KAPITULUA

Atarikoak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Leozko Udal Barrutiaren barnean eraikinek bete behar dituzten baldintza orokor nahiz partikularrak arautzea, dagozkien alderdi teknikoez, eraikuntzaz, osasunaz, segurtasunaz eta zerbitzuez den bezainbatean, eta etorkizunean eraikinaren inguruarekin eta lekuaren itxurarekin ikusteko ez duten materialak erabiltzea eragotziz.

2. art. Arrazoia.

Gure herriek eraikuntza mota berezkoa dute, inguruko materialetan oinarritua: harria, zura, harlauza, teila arabiarra eta adreilu gotorra. Azken bi horiek hemen egin izan dira, eta oraindik gelditzen dira lehengo teilerien aztarnak.

Arau honen helburua da, hortaz, gure herriak dauden- daudenean mantentzera saiatzea, aitzineko belaunaldiek utzi diguten ondarea atxikiz.

3. art. Esparrua.

Ordenantza honetan ezartzen diren xedapenak eraikin berri guztiei aplikatuko zaizkie, baita zaharberritze eta berreraikuntzei ere. Orobat, moldatzeetan ere aplikatuko da, baldin eta haien tamaina, izaera edo luze-zabalak direla eta, Leozko Udalak espreski erabakitzen badu.

4. art. Interpretazioa.

Ordenantza honen interpretazioa Hirigintzako Araudi Orokorraren ariora eta haren menpean eginen da.

Zalantzarik izanez gero, zenbat eta urbanizatuagoa, zenbat eta eraikuntza gutiago, zenbat eta garaiera edo bolumen gutiago eta zenbat eta dotazio gehiago aurreikusi ekipamendu eta zerbitzu komunitarioetarako, harexek izanen du lehentasuna.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. art. Gehieneko lerrokadura.

Eraikin bateko fatxada bakoitzean lurzati baten barnean noraino eraiki daitekeen mugatzen duen lerroari dagokio.

6. art. Nahitaezko lerrokadura.

Karrika edo eremu publiko baten diseinuak komenigarri egiteagatik nahitaezkoa fatxada baten gehieneko lerrokadura dela ulertu behar bada, halako kasuei dagokie.

7. art. Eraikinaren garaiera.

Fatxadaren lerrokaduraren sestra-puntu beherenetik fatxadako murruek, kanpotik, estalkiko forjatuarekin bat egiten duten lerrorik beherenera dagoen distantzia bertikala da eraikinaren garaiera.

8. art. Hegalkinak.

Hegalkina da eraikin bateko edozein fatxadatan lerrokaduratik ateratzen den edozein eraikuntza, edozein materialez egina.

9. art. Eraikin bateko solairuak.

Betiere, gehieneko solairu kopurua fatxada kaltegarrienetik abiatuta ezarri behar da, hau da, eraikin batean goiti-beheitiak badira, fatxada batek gainerakoan baino oin gehiago baditu, oin kopurua mugatzerakoan fatxada kaltegarriena den harexetatik neurtuko da.

10. art. Sotoak edo erdisotoak.

Lurraren zero kotatik beheiti dauden solairu guztiak sotoak edo erdisotoak dira, baina erdisotoak eguzki argia du eta sotoak ez.

Eraikinarekin muga egiten duen lurraren alderik beherena da zero kota.

11. art. Beheko solairua.

Beheko solairua eraikinaren inguruko lurretik hurbilena da haren kotarik beherenean.

12. art. Goiko solairuak.

Beheko solairuaren eta estalkiaren edo teilatupearen artean dauden solairu guztiak dira goiko solairuak.

13. art. Teilatupea.

Eraikinaren goreneko solairua, estalkiaren planoaren azpian dagoena da teilatupea, betiere bien artean dagoen eremuan inor bizitzeko modukoa bada.

III. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

1. ATALA

Eraikinen kontserbazioa

14. art. Kontserbazioa nahitaezkoa.

10/94 Foru Legearen 224. artikuluari jarraikiz, Leozko Udal Barrutiaren barnean dauden eraikin guztien jabeak beharturik daude horiek baldintzarik hoberenetan atxikitzera, sendotasunaz, osasungarritasunaz, higieneaz eta apaingarriez den bezainbatean, baita ingurugiroa babesteko, ondarea babesteko eta hiria zaharberritzeko arauei loturik atxikitzera ere.

Alde horretatik, Leozko Udalak ahalmena du baldintza horiek betetzen ez dituzten jabeak eraikina ederki atxikitzeko behar diren neurri guztiak hartzera.

15. art. Apaintze lanak.

10/94 Legearen 225. artikulua aplikatuz, Leozko Udalak, turismoa edo estetika dela bide, eta guztien interesaren alde egin nahirik, fatxadak edo eremu publikotik ikusten diren eremuetan kontserbazio eta zaharberritze lanak egiteko agindua eman dezake, lehenagotik inongo planetan sarturik ez egonagatik ere.

Obra horiek jabeen kontura eginen dira, zenbateraino dauden kontserbaziora beharturik, hein horrexetan baldin badaude. Hein horretatik goiti Udalaren kontura eginen da.

16. art. Osasungarritasun lanak.

Leozko Udalak eraikin bateko osasungarritasun edo higiene baldintzak hobetzeko lanak agintzen ahal ditu, betiere osasun publikoa zaintzeak beharrezko egiten badu.

Aginduari horretarako ezartzen den epean obeditzen ez bazaio, Udalak lanen ordezko betearazpenari ekinen dio, jabegoaren titularraren kontura.

2. ATALA

Eraikuntzen segurtasuna

17. art. Badaezpadako hesiak.

Eraikuntza edo eraispen lanak egiten ari badira bertan, eraikin edo orubeen fronteak badaezpadako hesien edo gisakoen bidez inguratuko dira, eta horiek segurtasuna emateko moduko garaieraz eta halabereko materialez eginak izanen dira. Hesiak ez dira nahitaezkoak izanen eraikinaren itxitura egina baldin bada eta egin beharreko lanek eremu publikoko segurtasunari eta jendearen ibili libreari eragiten ez badiete.

Betiere, lanek oinezkoendako arriskua ekartzen ahal badute, galtzada modu egokian eta behar adina babesteko bitartekoak paratuko dira.

Lanak bukatutakoan, hesiak edo babesteko paratu dituen gainerako bitartekoak kendu beharko ditu sustatzaileak. Lanak burutu gabe ere, hilabete baino denbora gehiagotan etenik gelditzen badira, orduan ere sustatzaileak beharkizun bera izanen du, betiere babesteko erabilitako bitartekoek traba egiten badiete jendearen ibili libreari eremu publikoan barna.

18. art. Badaezpadako neurriak lanak egin bitartean.

Eraikin bat egin edo moldatu bitartean, jendearen ibiliari traba egin edo arriskua ekartzen ahal badio, obra zuzendaritzak nahiz Tafallako eskualdeko ORVEren bulegoak, edo bertzenaz, Udalaren teknikari fakultatiboak zehazten dituzten badaezpadako neurriak paratu beharko dira.

Materialak obraren barnean kokatu eta prestatuko dira, eta hori posible ez bada, Leozko Udalak horretarako dioen tokian.

Aldamioak paratu behar badira, horiek laneko segurtasun eta higieneari buruz indarra duen araudia beteko dute.

19. art. Jasogailuak eta garabiak.

Materialak jasotzeko aparatuak eta garabiak ezin izanen dira eremu publikoan paratu. Kasu berezietan salbuespenak eginen dira, betiere Udalak aldez aurretik baimena ematen badu. Hortaz, proiektu teknikoek espreski aipatuko dute kokalekua, hura eremu publikoan baldin bada.

20. art. Segurtasuna proiektu teknikoa aurkeztu beharrik ez duten obretan.

Ez da beharrezkoa izanen proiektu teknikoa aurkeztea mantenimendu, margotze, teilaberritze eta gisako obretarako. Halaber, eraikinen barnean espazioaren banaketan aldaketarik egin gabe eta bizigarritasun baldintzak aldatu gabe eginen diren obra tikietarako ere ez da beharrezkoa izanen proiektu teknikoa aurkeztea, betiere Tafallako ORVEren bulegoak edo, bertzenaz, Udalaren teknikari fakultatiboak uste badute egin beharreko lana aipatu kategoria horietakoren batean sartzen ahal dela.

Lanak egiteko jasogailuak, garabiak edo aldamioak paratzea beharrezkoa bada, fakultatibo eskudunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta hartan adierazi bere gain hartzen duela aipatu tresnen diseinua egokia eta abiaratzea. Baldintza hau ez bada betetzen ez da eraikitzeko lizentziarik emanen.

21. art. Aurri egoeran dauden eraikinak eskoratu beharra.

Eraikin bat aurri egoeran badago edo eraikineko elementuren batek ondasunen edo jendearen segurtasun baldintzak ez baditu betetzen, jabeak eskoratu beharko du. Horretarako, aldez aurretik, fakultatibo eskudunak proiektua egin beharko du eta obraren erantzukizuna bere gain hartuko duen zuzendaria izendatu beharko da, baita obra lizentzia eskuratu ere. Bertze inongo jabe edo titularrek ezin izanen dio uko egin eskoratzeko behar adina elementu jartzeari bere jabegoko eraikinetan.

Udalak ofizioz deklaratzen ahal du eraikin bat eskoratu behar dela, baita eskoramendua egin ere, jabearen kontura, hark egiten ez badu.

Eraikin bat bota ondotik, ondoko finkak eskoratu behar badira, Udalari nahitaez eman behar zaio horren berri. Horretarako proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatutako planoekin eta memoriarekin batean.

22. art. Aurri egoeraren deklarazioa eta eraisteko erabakia.

Eraikinaren aurri egoeraren deklarazioa eta osorik edo partez eraisteko erabakia lotu beharko zaizkio 10/1994 Foru Legeko 226. artikuluan xedatutakoari, Diziplinaren gaineko Erregelamenduan ezarritako tramitazio eta norainokoarekin.

Jarduketa horiek, betiere, Intereseko Eraikin eta Elementuen Katalogo eta Inbentarioan ezarritakoari egokituko zaizkio.

Aurri deklarazioa baino lehen, beti egin beharko da alde biko espedientea, higiezinaren jabeak edo bertako bizilagunek eskatuta, Udalak ofizioz ekinda edo salaketa baten ondorioz abiarazita.

Jabearen borondatez eraisten bada, teknikari eskudunak sinatutako proiektua aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

23. art. Eraispenak, lurrerauzketak eta betelanak.

Laneko segurtasun eta higienearen gainean indarra duten erregelamenduek xedatutakoa betez eginen dira, eta obra zuendaritzaren aginduekin bat, Udalaren teknikari fakultatiboak gainbegiratuta.

Etxegileak behar den guztia egin beharko du inguruko eraikin eta eraikuntzen egonkortasuna bermatzeko.

Inoiz ezin izanen da lurrik edo obra-hondakinik eremu publikoan utzi eta hura obrak hasi aitzin nola zegoen, halaxe utzi beharko da.

Obra-hondakin eta lur soberakinak nahiz obretatik heldu diren material guztiak Udalak baimendutako hondakindegira eraman beharko dira, debeku baita kontrolik gabe botatzea.

3. ATALA

Eraikinen baldintzak eraikuntza aldetik

24. art. Oztopo arkitektonikoak kentzea.

Jendearentzat, oro har, irekiak diren eraikin edo instalazio egin berrietan edo moldatze lanak egiten direnetan, beharrezko neurriak hartuko dira ezinduak aise sartu eta erabil ditzaten. Hori guzia Oztopo fisiko nahiz Zentzumenekoei buruzko 4/88 Foru Legeak ezarritako moduan eginen da. Arau eta erregelamendu horiek betetzen direla ziurtatzeko atal bat sartuko da proiektu teknikoen memorian.

25. art. Tximiniak eta sutegiak.

Artikulu honetan arautzen dira etxeetan erabiltzeko instalazioetatik eta berokuntza sistema indibidualetatik igortzen diren ke eta gasak. Bertzelako instalazioetan jarduera sailkatuei buruzko araudietan zer xedatzen den, horren ariora jokatuko da.

Debeku da mota guztietako patio eta fatxadetatik kanpora kea ateratzea, baldin eta ez bada hodi egokien bidez bideratzen puntu horren parean eraikinaren kanpoko estalkiaren gainera.

Aipatu puntu horretatik etxebizitzaren batera 2 m baino gutxiagoko tartea bada, estalkirik garaienetik goiti kontatuko da.

Aipatu baldintzak betetzen ez dituzten tximiniak, eraikin berriak egin ondotik, goitiago altxatu beharko dira, arauzko garaieraraino eta jabearen kontura.

26. art. Ur bilketa eta hustuketa.

Eraikuntza, zaharberritze eta moldatze berrietan bermatuko da euri uren bilketa eta hustuketa, euri urak eta eta hondakin-urak bakoitza bere bidetik.

Gaur egungo eraikinetan Udalak agintzen ahal du barne instalazioa aitzineko lerroaldean ezarritakora egoki dadila jabeen kontura.

27. art. Zimenduak eta murruen drenajea.

Eraikin eta eraikuntzen zimenduak ez dira eremu publikoan sartuko zapatak edo bertzelakoak erabiliz. Beharrezkoa baldin bada kanpotik drenatzeko isurbideak paratzea jabari publikoko lurren gainean, Udalak konponbidea espreski baimendu beharko du, mantenimenduaz eta gero batean instalazio horren gainean egin beharreko lanez den bezainbatean bakoitzari dagozkion eskubide eta betebeharrak zein diren argituz.

28. art. Kanpo instalazioak.

Instalazio berri guztiak obra lizentziei lotutako egintzak dira.

Eraikin berrietan eta gaur egungo eraikinetan nolabaiteko tamaina hartzen duten moldatze lanetan ez da kablerik baimenduko fatxaden kanpoaldean.

Erregaia biltegiratzeko instalazio partikularrak kanpotik ez ikusteko maneran paratuko beharko dira, eta horretarako Tafallako ORVEren bulegoak edo, bertzenaz, Udalaren teknikari fakultatiboak egokien jotzen dituzten konponbideak hautatuko dira.

29. art. Saneamendurako instalazioak.

Saneamendurako instalazio guztiak hondakinak biltzeko sare orokorrarekin lotu behar dira. Ez da hobi septikorik ezta arazteko bertze sistemarik onartuko sailkapenean hirikotzat edo urbanizagarritzat jotzen den lur gainean.

Sare orokorrera ezin hustu den kasuetan, ponpaketarako instalazioak onartzen ahalko dira, urak aldaparen ondorio hutsez ailega daitzen hartuneko kutxetara.

30. art. Ur hartuneak.

Udalaren eta Mairagako Mankomunitatearen arauekin bat eginen dira, eta beti arau murriztaileenak aplikatuko dira.

Lotune eskubideak, baita obren kostu osoa ere, eskatzailearen kontura izanen dira.

Debeku dira ponpaketa zuzenak saretik. Horietarako Udalaren edo Mankomunitatearen baimena beharko da, eta nahitaez ur biltegia paratu beharko da tartean.

4. ATALA

Nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioen baldintza partikularrak

31. art. Definizioa.

Ordenantza honi dagokionez, nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintzaren ustiapenarekin, biltegiratzearekin edo produkzioarekin ikusteko dutenak dira nekazaritza eta abeltzaintzako instalazio.

Jarduera Sailkatuen gaineko Erregelamenduan eta haren pareko bertzeetan halakotzat jotzen dutenei erraten zaie abeltzaintzako instalazio.

32. art. Galda daitezkeen distantziak.

Berritik paratzen diren abeltzaintzako ustiategiek gutienez ere 500 metroko tartea utziko dute gaur egun hiri lurzorutzat hartzen deneraino edo etorkizunean Udalaren Hirigintza Planak holakotako erabakitzen dueneraino.

Abeltzaintzako ustiategia eraikitakoan tarte bera utziko da etxebizitzak eraikitzeko.

Sailkapenean urbanizaezintzat hartzen den sailkapenean, gorde behar den gutieneko tartea izan daitezkeen etxebizitzetaraino 250 metro izanen da. Hura tikiagoa izaten ahalko da higiezina instalazioaren titularrarena izanez gero.

Halaber, ondotik aipatzen diren kasuetarako, berorietan erraten denari eginen zaio men:

-Joan-etorrietarako bideetara: Errepideei buruzko 1986ko urriaren 10eko Foru Legean aipatzen direnak.

-Ur ibilgu naturaletara eta kontsumorako ez diren putzuetara: 35 metro.

-Ur hornidurarako putzu eta iturbegietara: 300 metro.

-Eremu babestuetara: 300 metro.

33. art. Osasun eta higiene baldintzak.

Nekazaritzako edo abeltzaintzako instalazioek ezin izanen diote inola inori trabarik egin, ke, usain, isurketa edo asotsengatik.

Udalak eskumenak izanen ditu beharrezkotzat jotzen diren neurri zuzentzaile guztiak eskatzeko.

Instalazioetako zorua iragazkaitza izanen da, paretak zarpeaturik egonen dira barnetik porlanezko mortairua erabiliz, eta gainera zuzeneko aireaztapena izanen dute.

Halaber, behar bezalako instalazioak izanen dituzte nahitaez hondakinak biltzeko, eta horiek betiere prest egonen dira hondakinak eta euri urak berezirik eramateko.

Jabea beharturik dago desinfekzio eta arratoi galtze lanak egin eta kontrolatzera, baita inguruak eta bereziki galtzadak garbi edukitzera ere.

34. art. Bertze arau aplikagarriak.

Atal honetan ezarritakoaz landa, Jarduera sailkatuen gaineko ordenantzarik baldin bada, hura ere aplikatzen ahalko da nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioei dagokienez, eragiten dien neurrian behintzat.

IV. KAPITULUA

Eraikinen ezaugarriak forma eta estetikaren aldetik

1. ATALA

Eraikinen ezaugarri berariazkoak, bizitegi direnean

35. art. Irizpide orokorrak. p.Eraikinek, zer hiri ingurutan kokaturik dauden, hartaraxe egokitu beharko dute, eta horretarako inguruan diren eraikinekin harmonia izan beharko dute bai konposizioaren aldetik, bai eraikuntzaren ezaugarrien aldetik, baita ezaugarri materialenetik ere.

Eraikin bateko zaharberritze edo sendotze lan guztietan beren lehengoan utziko dira historia nahiz eraikuntza aldetik berezitasunen bat duten elementu arkitektoniko guztiak, hala nola armarriak, teilatu-hegalak, arkuak, ateburuak edo lehioburuak, harlanduak edo gisakoak.

36. art. Interesekotzat jotzen diren eraikinetatik hurbil dauden eraikinak.

Interesekotzat jotzen diren eraikin edo elementuetatik hurbil dauden eraikinetan zaharberritze edo eraikuntza lanak egiten badira, emaitzak harmonia izan behar du haiekin, bai materialen erabilerari bai fatxaden konposizioari dagokionez.

37. art. Eraikuntza osagarriak eta eranskinak.

Eraikuntza horiek harmonia izan behar dute eraikinaren gainerakoarekin, hari erantsi edo lotu baitzaizkio. Eraikin nagusirako ezarri diren baldintza berak bete beharko dituzte.

38. art. Fatxadako elementuen konposizioa.

Balkoien baoetan, leihoetan, ateetan eta fatxadako gainerako elementuetan eskualdeko usadioko konposizio arauei segituko zaie.

Konposizio ardatz bertikalak ezarriko dira, solairu bakoitzeko baoek haietan zentratu beharko baitute.

Beheko solairuko baoak fatxaden konposizio ardatzen ariora jarriko dira.

Eraikin mota guztietako aitzindegietako apaingarriak eraikinaren bao arkitektonikoa osatzen duten lerroen barnean eginen dira, ez baita zilegi fatxadako bertze atal batzuetan apaingarririk ematea.

39. art. Fatxadako materialak.

Eraikinetako kanpo itxiturek karga-hormaren itxura izanen dute. Hala ere, alde berezietan baimentzen ahalko dira arkupedun arkitekturako elementuak, atari, karrerape, etabarrei dagokiena, ezarritako irizpide orokorrari kontra egin gabe.

Erabiltzeko materialak harri-hormak edo silarriak izanen dira, halako kasu batzuetan, Udalak komenigarri juzkatu ezik, Tafallako eskualdeko ORVEren bulegoak eta/edo Udalaren teknikariek aldez aurretik txostena eginda, bertzelako materialik erabiltzea ukatzen ez bada ere.

Txosten hori loteslea izanen da ezezkoa denean bakarrik.

40. art. Estalkiak.

Eraikinetako estalkiak bi, hiru edo lau isurialdekoak izanen dira, % 30etik % 35era bitarteko aldapa izanen dutela. Irizpide berdina aplikatuko zaio terrazen estalkiari, hauek harmonia izan dezaten eraikin nagusiaren bolumetriarekin eta konposizioarekin.

Estaltzeko erabiliko den materiala teila arabiarra edo lauza da. Ez da onartuko uralita edo arbela erabiltzea.

Estalkiko hiru aldeko isurialdeak hegalen bidez luzatuko dira, eta horiei zurezko elementuen bidez eutsiko zaie.

Estalkiko planoen gainean ez da bertze eraikuntzarik baimenduko, txapitulak, sabaileihoak, tximiniak eta antenak baizik.

Txapitulek eraikinaren gainerakoaren eraikuntza sistema bera izanen dute. Estalkiaren gainerakoak baino malda tikiagoak izanen dituzte tapatzeko, eta haien bizkarra horizontala izanen da beti.

Estalkiko leihoaren gisako sabaileihoak egiten ahalko dira, zurgin lanetako elementuez eta teilen planoaren lerroarekin berdinduak. Hezetasunaren, beroaren galeraren, etabarren kontra eraikuntzako soluzioa gainerako leihoena bezalakoa izanen dute.

41. art. Zurgin lanak.

Baoetako zurgin lanak zurezkoak izanen dira eta jatorrizko kolorekoak, edo bertzenaz zuraren kolore berdintsuan pintatutako zurean. Halaber, PVCa, gisako sintetikoak eta aluminio lakatua ere erabil daitezke, zurkarak baldin badira. Gainerako materialak debekaturik daude.

Proiektu teknikoan haien erabilera aurreikusia badago, koloreak, eraikina zer alderditan dagoen, hantxekoetara egokituko dira. Kontuan hartu beharko da zurgin lanetako elementuren batean kolorea erabiltzeak higiezineko fatxadaren zurgin lanetako gainerako elementuen pintaketa ekarriko duela.

Egituran nahiz estalkian zurezko elementuak tindatuak nahiz beren kolore naturaletan gelditzen ahalko dira, zurgin lanetako gainerakoak pintatuak izan arren.

Udalak zaintzen eta ikuskatzen ahalko du erabiltzen diren koloreak egokiak izan daitezen, eta berriz ere pintatzea agintzen ahalko du hasieran onetsitakoak ez badira.

Kanpotik iluntzeko elementuak kontraleihoak izanen dira beti.

42. art. Balkoiak.

Balkoiak forjazkoak izanen dira eta haien zorua harlauzazkoa edo adreilu gotorrekoa.

43. art. Eguzkibegiak.

Eraikinean sartuak eginen dira, eta zurezko barandak izanen dituzte.

44. art. Hegalkinak.

Lerrokadura orokorretik kanpora, hegalkinak bakarrik onartuko dira 3,50 metrotik goiti badaude lurraren sestratik fatxadaren puntu horretan.

Kasu horietan guztietan, hegalkinek baldintza hauek bete behar dituzte:

-Eraikinaren perimetro osoan hegalkin hauek baizik ez dira onartuko: teilatu-hegalak, balkoiak eta miratokiak.

-Fatxaren lerrokadurari dagokionez, teilatu-hegalen hegalkina 1,20 metro izanen da gehienez, inklinatua baldin bada, eta metro 1 gehienez horizontala baldin bada.

-Gehieneko luze-zabal hori, are hegalkinik izateko aukera ere, mugaturik egonen da, izan ere haren aitzinean 6 metro gelditu beharko dira libre, gutienez, karrikaren bertzaldean, hegalkinak baimenduta.

45. art. Finken itxitura.

Usadioko itxituren gisako ezaugarri formalak izan beharko dituzte. Eraikuntza aldetik, soluzioak harri- hormetan oinarrituak izanen dira. Garaiera metro 1 izanen da gehienez, edo 2 metro burdinesi motako itxiturak erabiliz gero.

Itxituretarako landaresiak edo soluzio mistoak ere onartuko dira. Berriz, debeku da alanbre arantzaduna erabiltzea, baita ebakitzen ahal duten materialak erabiltzea murruen gainean.

Bi lurren arteko mugak bereizteko, aipatuez gain metalezko sareak ere erabil daitezke, gehienez ere 2 metrokoak.

Lurrean goiti-beheitirik bada, aitzineko lerroaldeetan ezarritako garaierak ateratzeko, banaz-bertzekoa eginen da lurzatiaren kanpoko aldetik neurturik.

2. ATALA

Nekazaritza eta abeltzaintzako eraikinen baldintza bereziak

46. art. Bordak, estalpeak eta nekazaritza eta abeltzaintzako bertze eraikin batzuk.

Bordak, estalpeak eta nekazaritza eta abeltzaintzako bertze eraikin batzuk eraikitzerakoan, hirigintzari buruzko araudietan agindutakoari men egiteaz gain, baldintza hauek kontuan hartuko dira:

Planta laukizuzena izanen dute eta inoiz ez dira izanen 100 mý zabal baino gehiago, salbu eta eraikina behar bezala justifikaturiko proiektu bati loturik egon nekazaritzan, abeltzaintzan, oihangintzan edo landa-garapenaren arloetan.

Lurraren punturik beherenean gehieneko garaiera ez da 3,50 metro baino gehiago izanen sestratik teilatu-hegaleraino neurturik.

Estalkia bi isurialdekoa izanen da, teilaz egina eta % 40ko malda nonbait hor izanen duena.

Eraikinaren egitura zurezkoa izanen da, eta hori teilatu-hegalei eta oro har hegalkinei ere dagokie.

Itxiturak harriz eginen dira. Bertzenaz luzituko dira, lurraren edo gisakoren kolore batean pintaturik.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra eta sortuko du erabateko eragin juridikoa.

ERAIKIN ETA ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITU ETA ERAIKITZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Ordenantza honen xedea Leozko Udalaren dirulaguntzak arautzea da, bere udal mugapean kokaturiko eraikinak zaharberritzeari nahiz etxebizitza berriak edo nekazaritzari, abeltzantzari, oihangintzari edo landa garapenari loturiko eraikuntzak eraikitzeari sostengu emateko.

2. art. Jarduketa babesgarriak.

Udalak babestuko dituen obrak jarduketa mota hauei dagozkie:

a) Eraikinaren egituraren egokitzapena.

Eraikuntzaren aldetik higiezinei behar adina segurtasun baldintza ematen dizkieten obrak halakotzat hartuko dira, haien egonkortasuna, jasangarritasuna, tinkotasuna eta sendotasuna bermaturik egon daitezen.

b) Eraikinaren egokitzapen funtzionala.

Horrelakotzat hartuko dira higiezinei behar adina baldintza ematen dietenak alor hauetan:

-Higiezinetako sarbideak (ataria eta eskailera-kaxa).

-Estalkien konponketa: teilatuak, teilatu-hegalak, isolamendua, hoditeria, zorrotenak, etab. Fatxadak: zurgin lanak, isolamenduak, estaldurak eta, oro har, kanpo apaindura.

-Instalazio orokorrak eta segurtasun neurriak.

-Guztiendako elementuetan aitzinekoren batekin batean egiten diren obra guztiak.

c) Oztopo arkitektonikoak kentzea.

d) Etxebizitza eta/edo eraikin berriak.

3. art. Baldintza orokorrak.

a) Obra hirigintzako jarduketa babesgarritzat hartu ahal izateko, eraikinak, zaharberritze kontuetarako, baldintza hauek bete beharko ditu:

-Etxebizitzen kasuan, gehienbat bizitegitako erabili behar da eta gainera dagokion bizigarritasun agiria eduki behar du.

-25 urte baino gehiagoko antzinatasuna, oztopo arkitektonikoak kendu ezik.

-Hirigintzako gaur egungo araudiak eta planeamenduak xedatzen dutenera edo obra lizentzia eman aurreko aginduzko txostenera egokitzea.

-Sustatzaile-jabea udalerri honetako herritarra izatea, gutienez ere bi urte lehenagotik.

Adierazitako baldintza horietatik azken biak etxebizitza berriei dagokienez ere aplikatuko dira.

b) Jarduketa eta obra guztietan bermatu behar da, batetik teknikoki nahiz eraikuntza aldetik eraikinaren kontserbazio egoerarekin nahiz Udalaren hirigintzako planeamenduarekin edo, bertzenaz, udal ordenantzarekin bat heldu direla, eta bertzetik, eraikinaren baldintzak egiazki hobetzen lagungarri izanen direla erabilpenaren, segurtasunaren edo estetikaren aldetik.

c) Ordenantza honetan aurreikusitako udal laguntzatik kanpora geldituko dira:

-Udal zerbitzu eskudunak beharrezko ikusten dituen obrak egiten ez dituzten jarduketak.

-Barne akaberetan egiten diren hobekuntza obrak, jarduketa babesgarriak egiteko beharrezkotzat jotzen direnak izan ezik.

-Udal planeamenduak antolamendutik kanpokotzat jotzen dituen eraikinetako obrak, non ez dituen haien premiak beharrezko egiten. Horretarako, udal zerbitzu eskudunak jo beharko ditu premiazkotzat eta hori Leozko Udalak onetsi.

4. art. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomiko guztiei aplikatzen ahal zaizkien baliabide guztiak ekitaldi bakoitzean udal aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira.

5. art. Laguntzak.

Ordenantza honetako 1 eta 2. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz babesten ahal diren hirigintzako jarduketetarako Leozko Udalak ematen dituen laguntza ekonomikoak dira eraikinak eta etxebizitzak zaharberritu edo eraikitzeko udal laguntzak.

6. art. Udalaren laguntza motak.

Udalak etxebizitzak zaharberritu edo eraikitzeko ematen dituen laguntzak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko laguntza ekonomikoak.

b) Diruz bertzeko laguntzak: aholkularitza teknikoa eta eraikuntzaren gainekoa.

c) Laguntza bereziak.

7. art. Laguntza ekonomikoak.

Zuzeneko laguntza ekonomikoak kategoria hauetakoak izan daitezke:

a) Gutieneko tasak: zergen eta ordenantza fiskaletan biltzen diren gutieneko tasen aplikazioa (obra lizentziak, eremu publikoko okupazioa, etab.).

b) Obretarako dirulaguntza: obraren burutze materialaren aurrekontuaren % 3,5eko dirulaguntza, betiere aurrekontu hori 500.000 pezeta baino gehiagokoa bada.

Sustatzaileak udalerrian bizi diren herritarrak baldin badira, gainera, obraren burutze materialaren aurrekontuaren % 1,5 ordainduko zaie, bi urteko epean obra bukaeraren dokumentazioa jasotzen denetik aitzina.

8. art. Diruz bertzeko laguntzak.

Diruz bertzeko laguntzak jarduketa hauetariko batzuk izanen dira:

-Udalaren obra teknikariaren aholkularitza edo, bertzenaz, ORVEren bulegokoa, kontratazio teknikoez, obren gauzatze eta segimenduaz eta oro har hirigintzako aholkularitzaz.

-Txostenak egitea obren aurrekontuez.

9. art. Laguntza bereziak.

Leozko Udalak hitzarmenak erabakitzen eta sinatzen ahalko ditu zaharberritzeko ohiz kanpoko jarduketetan eskuhartzeko, ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak, are jarduketa horietan parte hartzea ere, diru aldetik bitarteko bereziak jarriz edo giza baliabideak eta baliabide material eta teknikoak ezarriz.

Baliabide teknikoak aipatzen direnean ulertu behar da bertako harria edo antzekoa jartzea, pezeta baten aldera kg bakoitzeko. Sustatzaileak berak atera beharko ditu harriak Leozko Udalak erraten dion tokietan.

10. art. Laguntzen tramitazioa.

Laguntza ekonomikoen tramitazioa indarra duen araudiaren eta aplikatzen ahal diren gainerako arauen pean egonen da, haietan ezartzen baitira tramitazio baldintzak etxebizitzak zaharberritzea babesteko.

Eskariak Leozko Udalari zuzenduko zaizkio, agiri hauekin batean:

-Eskabidea.

-Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu izanaren frogagiria.

-Obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua.

-Zaharberritzearen bukaeraren kalifikazioa, halakorik bada.

Leozko Udalak gehienez ere bi hilabetera ordainduko du laguntza ekonomikoaren zenbatekoa, behar den eskabidea aitzineko lerroaldean aipatutako agiri guztiekin batean jasotzen denetik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra eta sortuko du erabateko eragin juridikoa.

Iragarkiaren kodea: A0010286