III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
A N D O S I L L A
Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra
Andosillako Udalak, 1996ko abenduaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra.
Jendaurrean egon beharreko denbora iragan baita inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onespena du, hala ezartzen baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan, eta honen ondotik ematen da argitara osorik dagokion testua.
Andosillan, bi milako uztailaren bostean. Alkate udalburua, sinadura ulertezina.
KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. atalean xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.
Zergagaia
2. art. Kontribuzio berezien zergagaia zera da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea, toki entitate honek toki entitatearen mailako herrilanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.
3. art. Honakoak hartuko dira toki entitatearen mailako herrilan eta zerbitzutzat:
a) Toki entitate honek bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.
b) Toki entitate honek beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituenak.
c) Toki entitate honek dirulaguntza emanik, beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.
4. art. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira beti, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.
2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, beste helbururik ez dute izaten ahal.
5. art. 1. Obren kostuak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, beti ere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:
a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.
b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak lehen aldiz egin edo aldatzea.
c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.
d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta herriko argiak ezarri, aldatu edo hobetzea.
e) Ur-hornidurako sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.
f) Su-itzaltze zerbitzuak jarri eta hobetzea.
g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, non ez diren interes orokorrekoak.
h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.
i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak egin eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.
j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.
k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-tirak erregulatu eta desbideratzekoak ere.
l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bestelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.
m) Toki entitatearen bestelako herrilan edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.
2. Ez da inola ere kontribuzio berezirik eskatzen ahalko, herriko obra edo zerbitzu publikoek herritar guztien gaineko eragin edo onura dakartenean.
Salbuespenak
6. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita haiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.
Subjektu pasiboak
7. art. 1. Kontribuzio berezien subjektu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak dira, baita unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikorik gabeko entitateak ere, baldin eta onura berezia hartzen badute toki entitatearen esparruan kontribuzioa ordaintzeko betebeharra sortzen duten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik.
2. Onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:
a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.
b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrak.
c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltzeko zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan udal mugapearen barrenean lanean aritzen diren aseguru konpainiak.
d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egitetik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.
Zerga-oinarria
8. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren ehuneko 90ak, gehienez ere, osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.
2. Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:
a) Proiektuak erredaktatu eta obra, plan nahiz programa teknikoak zuzentzeko peritu-lanen kostu benetakoa.
b) Egin beharreko obren edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.
c) Obra edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitateari dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak delako toki entitateari emandako higiezinak.
d) Eraikinak eraitsi eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita suntsitu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.
e) Zerbitzu eta herrilanetan inbertitu den kapitalaren korritua, toki entitateak kreditura jo behar duenean, kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.
9. art. Herrilan edo zerbitzuetarako aurrekontuan jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.
10. art. Herrilan edo zerbitzuak direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen dituenetakoak, toki entitateak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoak alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten beste administrazio publikoek herrilan edo zerbitzu horrexentzat beste laguntzak ematerik. Dena dela, ordenantza honetako 8. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.
11. art. 1. Zerga oinarria finkatzeko, hauxe ulertuko da toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari toki entitateak erdiesten dituen dirulaguntzak, edozein pertsonak edo entitate publiko nahiz pribatuk emanak, kenduz ateratzen den zenbatekoa.
2. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.
Kuotak
12. art. Subjektu pasibo bakoitzari ondoko artikuluan aipatzen diren banaketa-irizpideei jarraikiz zerga- oinarriaren zati bat egoztearen ondorioz ateratzen den emaitza da kontribuzio berezien kuota.
13. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, herrilan eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:
a) Oro har, batera aplikatuko dira, banaketa moduluen gisara, higiezinen fatxadako metro linealak. Irizpide horiek parte berdinetan hartuko dira, tributuaren guztirako zenbatekoa kitatzeko.
b) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada eta, jabeekin batean, udalerri mugapeko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean.
c) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota berak bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren ehuneko 5 baino handiagoa bada, gaindikina hurrengo ekitaldietara atzeratuko da, harik eta erabat amortizatu arte.
d) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa banatuko da obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.
14. art. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, toki entitateak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez ere bost urtetarako.
Sortzapena
15. art. 1. Kontribuzio berezien sortzapena obrak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua egiten hasten denean.
Obrak zatikagarriak baldin badira, obraren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena.
2. Aitzineko zenbakian xedatutakoa ukatu gabe, ezarri nahiz agintzeko erabaki zehatza onetsitakoan, toki entitateak eskatzen ahal du kontribuzio bereziak aldez aurretik ordaintzeko, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.
3. Ez da beste urte bateko aurrerakinik eskatzen ahal, lehenago zein obratarako eskatu zen aurrerakina, horiexek jadanik burutu ez badira.
Dirubilketa
16. art. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari doakionean, toki entitate honen Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko da, epe, errekargu eta gainerakoetarako. Ordenantza fiskal orokor horretan aipatzen ez direnetan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.
2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer herrilan edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.
Kudeaketa arauak
17. art. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.
18. art. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko herrilanen bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da lehenbizi horiek egiteko agindua onestea.
19. art. 1. Lanak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko diren likidazioak igorriko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, horiek berdinduko dira konturako entregatzat hartuz.
2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.
20. art. Behin kontribuzio bereziak agintzeko erabaki zehatza hartu delarik, eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bestela ediktu bidez.
Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluan ezartzen den bezala.
21. art. 1. Toki entitate batek bere eskumeneko herrilanak edo zerbitzuak egiteko beste toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, lanak egitea edo zerbitzua ezarri edo handitzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta dirubilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartze eta agintze erabakiei dagokienez.
2. Entitate horietako batek agintzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.
Herritarren lankidetza
22. art. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak herrilanak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakoa, horren arabera beraiei dagokienez gainera.
2. Halaberean, toki entitateak sustatutako herrilan edo zerbitzuak ezarri edo handitzearen ondorioz ukituak gertatzen diren jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute, kontribuzio bereziak agintzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, toki entitate honek erabakitako herrilan edo zerbitzuan laguntza emanik parte hartu ahal izateko.
23. art. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra.
Bigarrena.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du, eta erabateko eragin juridikoa sortuko, bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.
Iragarkiaren kodea: A0006951