143. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko irailaren 13koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, etekinen asegurua, 2000ko nekazaritzako aseguru konbinatuen plan nazionalean sartua, kontratatzearen kostua diruz laguntzen duena.

Uztailaren 3ko 5/2000 Foru Legeko 2. artikuluak dioenez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak urtero zehaztuko ditu nekazaritzako aseguru konbinatuen plan nazionalean sarturiko lerroetarako laguntzak, 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako baldintzetan. Dekretu hori abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legearen hamazazpigarren xedapen gehigarriak eta abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriak aldatu zuten.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren eta Agrupación Española de Entidades Aseguradoras de los Seguros Agrarios Combinados, S.A.ren (Agroseguro) artean 1991ko azaroaren 4an egindako Hitzarmenak ahalmena ematen du Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza aseguratuak ordaindu behar duen zenbatekotik kentzeko, poliza izenpetzen duenean.

Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak txostena egin du eta proposatu Nafarroako Gobernuak ENESAk helburu bererako ematen dituenei dagokienez dirulaguntzak eman ditzala etekinen asegurua, 2000ko nekazaritzako aseguru konbinatuen plan nazionalean sartua, kontratatzearen kostuan.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluan xedaturikoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen 2000ko Planaren bidez hitzarturiko etekinen aseguruaren kontratazio kosturako dirulaguntzak emanen dira, Nekazaritzako Finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onesten duen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzekin eta betebehar orokorren arabera. Dirulaguntza horiek, lehorreko neguko zerealen aseguru orokorrerako Nafarroan zehaztu diren nekazaritzako eskualdeetako udalerri guztietan dauden ustiapenendako emanen dira.

2. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateak emanen duen dirulaguntza finkatzeko, Estatuak "Entidad Estatal de Seguros Agrarios", ENESAren bitartez xede bererako ematen duen laguntza hartuko da oinarri, eta horren gainean honako portzentaje hauek ezarriko dira:

A) Kantauriko Eskualdea-Behe Mendia: udalerri guztiak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 10.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 10.

B) Eskualde alpinoa: udalerri guztiak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 10.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 10.

C) Lizarrerriko eskualdea: Allo, Los Arcos, Arellano, Armañantzas, Arroitz, Bargota, El Busto, Deikaztelu, Mues, Santsol, Torres del Río eta Vianako udalerriak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 70.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 50.

D) Lizarrerriko eskualdea: gainerako udalerriak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 36.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 17.

-E) Erdialdeko eskualdea: Caparroso, Zarrazkatelu, Faltzes, Melida, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Erriberri, Pitillas, Santakara eta Bardeetako Planoko udalerriak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 70.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 50.

F) Erdialdeko eskualdea: gainerako udalerriak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 36.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 17.

G) Erriberako eskualdea: udalerri guztiak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren portzentajea honako hau izanen da:

-Nekazari profesionalek edo lehentasunezko ustiapenaren titularrek, ENESAren dirulaguntzaren % 70.

-Gainerako aseguratuek, ENESAren dirulaguntzaren % 50.

2.-Nolanahi ere, aseguratuak aseguruaren kostu osoaren % 20 bederen ordaindu beharko du. Portzentaje horretara iristen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioak eman beharreko dirulaguntzatik kenduko dira behar diren puntuak.

3. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eta Agroseguroren artean egindako Hitzarmenari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Foru Agindu honetan finkaturikoa aplikatuz, Aseguratu bakoitzari ordaindu beharreko dirulaguntza, Aseguratuak poliza izenpetzeko momentuan ordaindu behar duen zenbatekotik kenduko da, eta zenbateko hori polizan adierazi beharko da. Dirulaguntza hori behin-behinekoa izanen da eta geroago aldatu ahalko da. Era horretan kentzen den dirua Agrosegurori ordainduko dio Foru Komunitateko Administrazioak, lehen aipatu Hitzarmenean ezarritako prozedurari segituz.

4. artikulua. 1. Nekazaritzako Finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onesten duen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak xedaturikoa betez, eta 3. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, dirulaguntza horien onuradun diren aseguru-hartzaileek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan: laguntza eskariaren inprimaki ofiziala, izenpeturiko polizen fotokopiak eta haien zerrenda erako laburpena, zeinetan aseguratu bakoitzarentzat adieraziko baitira aseguratutako unitateak, aseguratutako produkzioak, aseguratutako produkzioaren balioa, aseguruaren kostu osoa, hobariak eta deskontuak, ENESAren dirulaguntza, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eta nekazariaren kargura den aseguru kostua; bestela, izenpeturiko polizen zerrenda euskarri magnetikoan, zeinetan aseguratu bakoitzarentzat polizan dauden kontzeptu guztiak adieraziko baitira.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako eskaera eta dokumentazioa aurkezteko epea gehienez ere hogeita hamar egunekoa izanen da, poliza izenpetzeko epearen azken egunetik hasita.

5. artikulua. 1. Foru Agindu honen 4. artikuluan xedatutakoa betetzen ez bada, behin-behinekoz emandako dirulaguntza deuseztatu egin ahalko da, eta, hala bada, Foru Komunitateko Administrazioak erreklamatu eginen dio interesatuari.

2. Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egindako ikuskapenetatik ateratzen bada polizaren batek Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako baldintzak edo Foru Agindu honetakoak ez dituela betetzen, aipatu Departamentuak deuseztatu eginen du behin-behinekoz emandako dirulaguntza, eta haren zenbatekoa eskatuko dio aseguratuari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu honetan adierazitako laguntzen ondoriozko gastua egiteko ezinbesteko baldintza izanen da indarra duen gastuen aurrekontuko "Aseguru primen konpentsazioa" izeneko 71220-4700-7191 kontusailean, 30460-9 lerroan aski kreditu izatea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako azaroaren hamahiruan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0010656