143. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

231/2000 FORU AGINDUA, 2000ko azaroaren 8koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, bake epaitegietako funtzionamendu gastuak finantzatzeko, udalendako dirulaguntzak arautzen dituena.

Epaitegi Barrutien Mugaketa eta Egiturari buruzko abenduaren 28ko 38/1998 Legeak, 51.3 eta 52. artikuluetan, ezartzen du, batetik, udalen eskumena dela euren mugapean dauden bake epaitegiak instalazioez eta gauzazko baliabideez hornitzea eta, bestetik, Justizia Ministerioa edo, bestela, justizia administrazioko eskumena duen erkidegoa beharturik dagoela udalei bake epaitegien finantzazioan laguntzera, dirulaguntzen bitartez, tokian tokiko biztanle kopuruaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitateak justizia administrazioko eskumenak bereganatu dituenez, Foru Agindu honen asmoa da dirulaguntza horiek arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoari egokitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko udalek euren mugapean dauden bake epaitegietako funtzionamendu gastuak finantzatzeko dirulaguntza jasoko dute, Foru Agindu honetan ezartzen diren baldintzetan.

2. artikulua. Dirulaguntzak bake epaitegietako funtzionamendu gastuak finantzatzeko izanen dira, baina soberakinik izanez gero, herriko biztanle kopuruaren eta beste ezeren arabera banaturik egonda itzuliezinak direnez, dirua epaitegi horietako inbertsio gastuak finantzatzeko erabili beharko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 124. artikuluaren arabera.

3. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa kasuan kasuko herriko biztanle kopuruaren araberakoa izanen da, honako tarte hauen arabera:

BIZTANLE MODULU BIZTANLE KOP.

1 1etik 499ra 62.000 0

2 500etik 999ra 105.000 106

3 1.000tik 2.999ra 196.000 41,5

4 3.000tik 4.999ra 279.000 31,5

5 5.000tik 6.999ra 342.000 25

6 7.000 edo gehiago 392.000 21

2001ez geroko ekitaldietarako moduluak, finkoak zein aldakorrak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru aginduaren bidez ezarriko dira urtero, aurrekontuetan horretarako aurreikusten den diruaren arabera.

4. artikulua. Indarra duten arauei jarraikiz, eratzen den bake epaitegietako idazkaritza batasun bakoitza osatzen duten udalek biztanle kopuruaren arabera dagokien kopuruaren % 50 jasoko dute.

Gainerako % 50a batasunaren egoitza hartzen duen udalendako izanen da eta hango biztanle kopuruaren arabera dagokionari erantsiko zaio.

5. artikulua. Dirulaguntzak ofizioz emanen dira Justizia zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, udalerri bakoitzeko biztanleen azken datu ofizialen arabera.

Dirulaguntzaren ordainketa zatika eginen da, hiruhileko bakoitza bukatutakoan.

6. artikulua. Dirulaguntza zertarako eman den, helburu horrexetarako erabili beharko dituzte fondoak udalek.

Hori helburu, Udaleko idazkariak, aurrekontu-ekitaldia amaitu eta hurrengo hilabetean, ziurtagiri bat eginen du, jasotako fondoak bake epaitegiaren gastuak finantzatzeko erabili direla eta aipatu epaitegietako gastuak finantzatzeko helburua ez, beste bat duten kontusailetara bideratu ez direla egiaztatzeko. Orobat, aurre-aurreko ekitaldian jasotako dirulaguntzaren aplikazioaren kudeaketari buruzko memoria aurkeztu beharko da.

7. artikulua. Foru Agindu honetan ezarritako beharkizunak betetzen ez badira, laguntza galduko da eta, kasua bada, aurreko ekitaldi ekonomikoan jasotako dirua itzuli beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek 2001eko urtarrilaren batean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako azaroaren zortzian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0010382