I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, azaroaren 6koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas Gasbidearen adarra, Gas Navarra, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratu eta espedientea jendaurrean jartzeko eta instalazioek ukitzen dituzten udalei entzunaldia emateko izapideei hasiera ematen diena. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira eta hilabete bat iraungo dute.
2000ko ekainaren 29an, Gas Navarra, S.A.k Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas Gasbideko adarra aurkeztu zuen, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa izapidatzeko.
Adar horren helburua da Fustiñana eta Cabanillas udalerriei Ribaforadako gasbidearen adarretik egiten zaien gas naturalaren hornidura handitzea.
Proposaturiko gasbidea, 6,8 km-koa, egungo Buñuel-Ribaforada adarrean hasiko da, Ribaforadatik hego-ekialdera dagoen puntu batean. Hortik, Buñuel-Ribaforada errepidea eta Aragoiko Ubide Inperiala gurutzatuko ditu, Ebro gainditu ondoren, Fustiñanako herrigune aldera jotzeko. Herri horretatik, Tausteko Ubidea gainditu ondoren, gasbideak Cabanillaseraino eginen du, Tutera-Tauste NA-126 errepidearekin lerroz lerro. Azkeneko tarte honetatik adar txiki bat aterako da, abeltegi bati hornidura eramateko; errepide hori bi aldiz gurutzatuko dute bai gasbideak, bai aipatu adarrak.
Espedientea aztertu delarik, eta emandako txostenak ikusirik, honako hau ondorioztatu da:
a) Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzaileko datuen arabera, Ebroren gurutzagunearen eta Fustiñanako herrigunearen arteko gasbide-tartearen trazadura Cabanillas eta Fustiñanako saneamendu eta hornidura kolektorearekin paralelo doa eta araztegiaren paretik pasatzen da.
Bestalde, gasbideak bi tokitan gurutzatuko du NA-126 errepidetik Fustiñanara joateko hirigintza planeamenduan aurreikusita dagoen belarri itxurako sarbide bat, hiri-lurzoruan kokatuko dena. Cabanillasen kasuan, gasbidearen azkeneko tartea nolabaiteko antolamendua duen hiri-lurzoru batean sartzen da, eta modu desegokian gainera, itxura batean.
Aurreko guztia ikusita, eta kontuan harturik gasbideak bere ardatzaren inguruetan egin daitezkeen jarduerei buruz ezartzen dituen zortasunak, bidezko da administrazio baimena lortu eta instalazioa eraikitzeko proiektuetan behar diren zuzenketa eta neurriak sar ditzatela eskatzea, gasbidearen trazadura eta aipatu egoerak bateragarriak izateko.
b) Ingurumenaren gaineko Afekzioen Azterlanaren 5.4. atalean, adierazten da, Ribaforada eta Fustiñana lotzeko asmoz, Ebro gainditzeko errepidearen oinarrizko proiektua onetsia dagoela, gasbideak gaindituko duen toki beretik, hain zuzen. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak horri buruzko informazioa eman du. Txosten horretan adierazi du Departamentuak "Fustiñana eta Ribaforada (Nafarroa) arteko errepidearen trazadura berria" izeneko proiektua prestatu duela, proiektu hori burutzeko Ribaforadako lurren berrantolamenduan proiektu horretarako izanen den lur-zerrenda bat gorde dela eta gasbidea, plantari dagokionez, bat datorrela aipatu trazadurarekin. Hortaz, gasbidearen proiektuari baimenik ez zaiola eman behar ondorioztatu du, aipatu proiektuaren kanpoko ertzetatik hasita 30 metroko eragin-tartea errespetatzen ez bada.
c) Ebro ibaia Interes Kulturaleko Tokia (IKT) deklaratutako 2000 Natur Bidearen eremu batetik, ES2200040 izenekoa, gurutzatuko da. Fustiñana eta Cabanillasera gasa eramateko, Ebro gainditzea behar-beharrezkoa denez, bidezko da, UGPSa onetsi aitzin, sustatzaileari ondokoa eskatzea: gurutzaduraren inguruan izanen diren afekzioak hobeki zehaztu ditzala, bide-bazterretan harri-lubeta bat jarri beharra justifika dezala, eta, azkenik, EE/92/43 Zuzentarauan aipatutako habitatei nolako kaltea eragingo zaien, betiko kendu beharreko zuhaitz-kopurua eta motak eta aurreikusitako neurri zuzentzaileak zehaztu ditzala. Alderdi horiek guztiak ingurumenaren gaineko eraginaren azterlan batean bilduko dira, aipatu Zuzentarauaren 6.3. artikuluan ezarrita dagoen moduan.
Bestalde, gasbidearen trazaduraren zati batek Campoabajo izeneko altxonbidea ukituko du aldi baterako, nahiz eta hura lehengoratzea aurreikusita dagoen.
d) Azkenik, Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du egoki litzatekeela obrak egin bitartean segimendu arkeologikoa egitea. Horretarako, arkeologo batek obra-tokian egon beharko du, pista eta zanga irekitzeko fasean. Txostenaren bukaeran adierazten da lurzoruaren azpian hondakin arkeologikorik aurkituz gero, Zerbitzuari bidezko jakinarazpena bidaliko zaiola eta, honek, dokumentazioa osatu eta hondakinak errekuperatu ondoren, altxatzeko baimena eman ahalko duela.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Batzordeak 2000ko urriaren 10ean emandako adostasun txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas Gasbideko adarra, Gas Navarra, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea, aipatu Foru Legean ezarritako ondorioetarako, betiere honako zehaztapen hauek betetzen badira:
a) Gasbidearen trazadura "Fustiñana eta Ribaforada (Nafarroa) arteko errepidearen trazadura berria" izeneko proiektuan zehaztutako kanpoko ertzetatik 30 metrora, gutxienez, eraman beharko da. Proiektu hori Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan dago.
b) Espedientea onetsi aurretik, proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren gaineko azterlana egin beharko du sustatzaileak, EE/92/43 Zuzentarauaren 6.3. artikuluan ezarritako moduan. Bertan honako alderdi hauek zehaztuko dira: Ebro gainditzeko eremuaren inguruan, hots, 2000 Natur Bideko ES2200040 izeneko eremuan, izanen diren afekzioak, interes kulturaleko toki gisa deklaratu baita, ibai-bazterretan harri-lubeta bat jartzeko beharraren justifikazioa, horrelakorik egiten bada, EE/92/43 Zuzentarauan aipatutako habitatei nolako kaltea eragingo zaien, betiko kendu beharreko zuhaitz-kopurua eta haien tipoa eta, azkenik, aurreikusitako konpentsazio neurriak.
2. Enpresa sustatzaileari adieraztea administrazio baimena lortzeko eta instalazioak eraikitzeko proiektuetan gasbidearen trazadurak Fustiñana eta Cabanillasko hirigintza planeamenduetan eragingo dituen gorabeherak konpontzeko behar diren zuzenketa eta neurriak azaldu beharko dituela, hala nola gasbidea herriok erkide dituzten kolektoreekin eta araztegiarekin bateragarria izateko behar direnak. Horri dagokionez, NILSAk (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.) ematen dituen jarraibideei segitu beharko zaie.
3. Adieraztea, orobat, obrak egiteko fasean honako neurri hauek hartu beharko direla:
a) Campoabajo izeneko altxonbideari aldi baterako eragingo zaion afekzioari eta hura lehengoratzeko neurriei dagokienez, Nafarroako altxonbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraikiko zaio.
b) Fustiñana eta Cabanillas arteko NA-126 errepidearen ukipen eremutik doan gasbidearen tarteko obrak eta gasbideak Buñuel-Ribaforada errepidea, NA-126 errepidea, Aragoiko Ubide Inperiala, Tausteko Ubidea, Ebro ibaia eta bestelako ibai-bide batzuk gurutzatzeko obrak egiteko, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurretiazko baimena beharko da, hala nola kasuan-kasuan eskumena duten beste erakundeenak.
c) Orobat, obra-fasean, ondare arkeologikoa babesteko behar diren jarduketak eginen dira, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak ematen dituen jarraibideen arabera. Jarraibide horiek Erabaki honen azalpen zatian adierazi dira.
4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta espedientea jendaurrean jartzeko eta instalazioek ukitutako udalei entzunaldia emateko izapideei hasiera ematea. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira eta hilabete bat iraungo dute.
Jendaurreko erakustaldiaren ondorioetarako, espedientea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan egonen da ikusgai (Alondegi kalea, 1, 2. solairua), bulego orduetan. Epe horretan, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahalko dituzte.
5. Erabaki hau igortzea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentura, Hezkuntza eta Kultura Departamentura, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, Gas Navarra, S.A.ra eta Ribaforada, Fustiñana eta Cabanillasko udaletara, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi milako azaroaren seian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.
Iragarkiaren kodea: A0010553