I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
10/2000 FORU LEGEA, azaroaren 16koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeko 75.5 artikulua aldatzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARI NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:
BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 30EKO 19/1992 FORU LEGEKO 75.5 ARTIKULUA LEGEA
ZIOEN AZALPENA
Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak 1990eko uztailaren 31n sinatu zuten Hitzarmen Ekonomikoko 27. artikuluak ezartzen du Nafarroak Estatuan unean-unean indar duten oinarrizko printzipio eta mamizko zein formazko arau berak aplikatuko dituela Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordainaraztean.
Nekazaritza, arrantza eta garraioaren sektoreei laguntzeko neurri presakoak hartzeko urriaren 6ko 10/2000 Errege Dekretu-legeak aldatu du Balio Erantsiaren gaineko Zerga ororentzako araubidean arautzen duen Legea, eta nekazaritza, arrantza eta abeltzaintzaren araubide berezian diren subjektu pasiboek jasotzen duten kopuru jakineko konpentsazioa handitu.
Konpentsazio hori orain arte araubide horretako produktu edo zerbitzu osagarrien salmenta prezioaren 100eko 5ekoa ba zen, orain 100eko 8koa da nekazaritza ustiategientzako produktuak entregatu edo zerbitzuak ematen diren kasuetan, eta 100eko 7koa nekazaritza eta arrantza ustiategientzako produktuak entregatu eta zerbitzuak ematen direnean.
Nekazaritza, arrantza eta abeltzaintzaren araubide berezian diren subjektu pasiboen tratamendua eta ororentzako araubidean izaten dena Nafarroako tributuen eremuan parekatzeko, aldatu egin behar da zerga arautzen duen foru legea.
Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen aldaketa.
2000ko urriaren 7tik aurrera Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 75. artikuluko 5 zenbakiak honako idazkera izanen du:
"5. Artikulu honetako 3 zenbakiak aipatzen duen kopuru finkoko konpentsazioa kalkulatzeko, zenbaki horretan aipatzen diren produktu edo zerbitzuen salmenta prezioari ondoren esaten direnetatik tokatzen den portzentajea aplikatuko zaio:
100eko 8, nekazaritza edo baso ustiategietan lortutako produktu naturalen entregetan eta ustiategi horien zerbitzu osagarrietan.
100eko 7, azienda eta arrantza ustiategietan lortutako produktu naturalen entregetan eta ustiategi horien zerbitzu osagarrietan.
Prezio horiek finkatzeko, ez dira kontatuko operazio horiek kargatzen dituzten zeharbideko tributuak, eta ez erostunari aparte kargatzen zaizkion gastu osagarriak ere, hala nola komisioak, enbalajeak, porteak, garraioak, aseguruak, finantzarioak eta abar.
Diru kontraprestaziorik gabe egiten diren operazioetan, aipatu portzentajeak entregatutako produktuen edo egindako zerbitzuen merkatu balioari aplikatuko zaizkio.
Operazio bakoitzean aplikatu behar den portzentajea, konpentsazioa jasotzeko eskubidea sortzen den momentuan indar duena izanen da."
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi milako azaroaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: a0010651