14. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1999ko abenduaren 30ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, laneko ekipoen egokitzapenetan edo babes kolektiborako baliabide teknikoetan inbertsioak egiteko, industri, eraikuntza eta erauzketa arloko enpresa txiki eta ertainei 2000. urtean laguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Laneko baldintzak direla-eta izaten diren arriskuen aurrean langileen osasuna babesteko eta hobetzeko premia kontuan hartuta, eta babes horrek maila egokia izan dezan, 2000ko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko Foru Legeak xede horrekin kontusail bat ezarri du, Gobernuak onetsitako Nafarroako Osasun Planeko lan arriskuei aurrea hartzeko programekin bat.

Xede hori lortzeko asmoz, komenigarritzat jo da industri, eraikuntza eta erauzketa arloko enpresa txiki eta ertainei laguntzak ematea, beren laneko ekipoak segurtasun eta osasunaren gaineko gutxieneko xedapenen eskakizun berrietara egokitu ahal ditzaten edo babes kolektiboaren arloan dauzkaten babes baliabide tekniko desegokien ordez laneko arriskuei aurrea hartzearen gaineko xedapenekin konformeago diren beste batzuekin ordezka ditzaten.

Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Xedea.

Deialdi honen xedea da, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko xedapenetan eskatzen dena betetzeko asmoz, laneko ekipoak egokitzeko edo babes kolektiborako baliabide teknikoak aldatzeko inbertsioak egiten dituzten industri, eraikuntza eta erauzketa arloko enpresa txiki eta ertainei laguntza emateko araubidea erregulatzea.

2. artikulua.-Onuradunak.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke arau honek erregulatutako kapital finkoko inbertsioak egiten dituzten industri arloko, CNAE-93ko C eta D kodeak, eta eraikuntza arloko enpresa txiki eta ertainak, baldin eta, 2000. urtean, arau honetan biltzen diren kapital finkoko inbertsioak Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan burutzen badituzte.

Laguntza hauek aplikatzeko, enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko baldintza hauek bete behar dira:

1) 250 langile baino gutxiago izatea.

2) Urteko negozioaren bolumena 40 milioi euro baino gehiagokoa ez izatea ez eta urteko balantzea 27 milioi euro baino gehiagokoa ere.

3) Independentziaren irizpidea betetzea, hots, kapitalaren edo boto eskubideen % 25 edo gehiago ez egotea beste enpresa baten esku edo, batera harturik PYMEtzat hartu ezin daitekeen enpresa multzo baten esku. Muga hori bi kasuotan gainditu ahalko da:

-Kasuan kasuko enpresa inbertsioko enpresa publikoek, kapital bermerako enpresek edo erakundeetako inbertsiogileek kontrolatzen dutenean, beti ere, horiek ez badute inolako kontrolik enpresaren gainean, ez bakarka ez taldeka.

-Kapitalaren dispertsioaren ondorioz, titularra zehazterik ez dagoenean, eta enpresak aitortzen badu egiaztatu dezakeela enpresaren partaidetzaren % 25 edo gehiago ez dagoela PYMEtzat hartu ezin daitekeen enpresa baten edo enpresa multzo baten esku, kasuan-kasuan.

3.-Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira. Hauek izanen dira:

a) Industri enpresetan, CNAE-93ko D kodea, lehendik dauden lan ekipoak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenei egokitzeko. Errege Dekretu hartan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasun eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) Eraikuntza enpresetan, CNAE-93ko F kodea eta erauzketa enpresetan, CNAE-93ko C kodea, lehendik dauden babes kolektiborako baliabide teknikoen ordez Segurtasun eta Osasun arloan indarra duten lege xedapenei egokitutako beste batzuk jartzeko.

Egin beharreko inbertsioek xede hauek baizik ez dute izanen: industri arloko enpresek laneko ekipoak egokitzea edo eraikuntza eta erauzketa enpresek lehendik lantokietan dituzten babes kolektiboko baliabide teknikoen ordez beste batzuk, egokiagoak, paratzea.

4.-Aplika daitezkeen onurak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak fondo galdurako dirulaguntza, gehienez ere inbertsioaren % 30ekoa, 10.000.000 pezetatik gorakoa ez bada, ematen ahal die arau honetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten enpresei. Inbertsio horiek dira laneko ekipoak egokitzeko eta enpresetan lehendik dauden babes kolektiborako baliabide teknikoak aldatzeko, laneko arriskuei aurrea hartzeko legez eskatzen ahal den araudiari lotuz.

5. artikulua.-Bateraezintasunak.

Foru Agindu honen bidez arauturiko laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Parlamentuak 1982ko ekainaren 23an onetsiriko industri politikarako eta inbertsioa eta enplegua sustatzeko neurri koiunturalei buruzko arauko 34. artikuluan arauturiko inbertsiorako finantza laguntzekin eta hori garatzen duten gainerako arauekin. Enpresak horiei lotzen ahalko zaizkie bigarren aukera hartzen badute. Kasu horretan, laguntzetarako baldintza izanen da, zenbatekoei eta betebeharrei dagokienez, arauteria horren edukia betetzea eta Industri Zuzendaritza Nagusian izapidatu beharko dira.

6. artikulua.-Eskaeren tramitazioa.

Arau honetan aurreikusitako laguntzak jaso nahi dituzten enpresek, azaroaren 15a baino lehen, eskaera aurkeztu beharko dute Lan Zuzendaritza Nagusian eta eskaerarekin batera agiri hauek:

1.-Sozietate bat denean, hura eratu zeneko eskrituraren kopia.

2.-Inbertsioaren proiektua eta lortu nahi diren helburuak justifikatzen dituen memoria, eta orobat, memorian azaldu beharko da hartuko diren neurriak Segurtasun eta Osasunaren gaineko arauetako eskakizunetara egokitzen direla.

3.-Proiektuaren kostuaren gaineko memoria ekonomikoa, behar bezala baloratua eta atalka zehaztua.

Enpresek aurkeztutako eskaerak eta gainerako dokumentazioa Lan Zuzendaritza Nagusiak aztertuko ditu, eskatutako dokumentazio eta datuak espedientean dauden egiaztatzeko.

Zuzendaritza horrek akatsik badela ikusten badu, edo enpresaren informazio gehiago izatea beharrezkotzat jotzen badu, enpresari jakinaraziko dio, honek hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, adierazitako akatsak zuzen ditzan edo espedientea eskatutako datu berriekin osa dezan. Epe horretan, Lan Zuzendaritza Nagusiak eskatutakoa betetzen ez badu, Zuzendaritzak, besterik gabe, espedientea artxibatuko du.

7. artikulua.-Ebazpena.

1. Lan zuzendari nagusiak, egoki juzkatzen dituen txosten teknikoak eskatu ondoren, gehienez ere 3 hilabeteko epean, eginiko eskaerak ebatziko ditu.

2. Eskaera Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan aurkezten denetik espreski ebazpenik eman gabe hiru hilabete pasata, ezetsitzat joko da.

8. artikulua.-Laguntzaren ordainketa.

Laguntza ordainduko da inbertsio guztiak burutu direla behar bezala justifikatu eta frogatu ondoren. Nolanahi ere, horien egiaztagiriak 2000ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

9. artikulua.-Betebeharrak ez betetzea.

Proiektuan eta memorian agertutako inbertsioak gauzatzen ez badira, edo enpresa onuradunak berak emandako datu edo informazioen gainean zerbait faltsutu edo okertzen badu, emandako laguntzak deuseztuko dira, hori guztia dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean erregulatutako balizko erantzukizunak, enpresa horri legozkiokeenak, deusetan galarazi gabe.

10. artikulua.-Laguntzen pilaketa.

Araubide honen aplikazioa laguntzen pilaketaren gaineko arauen menpe egonen da, laguntza horiek beste helburu batzuetarako izan ala helburu berberetarako, entitate batek edo batzuek onetsitako araubideen indarrez emanak (administrazio zentrala, eskualdekoa edo tokikoa) Azken kasu honetan laguntza metatuak ezin izanen da tarteko diren araubideetako gehieneko mugetatik gorakoa izan.

Edozein modutan ere, "de minimis" motako laguntzengatik enpresak hartzen duen dirulaguntzaren zenbatekoa bat etorriko da enpresa txiki eta ertainei Estatuak eman beharreko laguntzen gainean Europako Komunitateak ezarritako Zuzentarauekin.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita hamarrean.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0000031