14. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Ezinezkoa izan denez Lehendakaritza eta Barne kontseilariaren urriaren 11ko 196/1999 Foru Aginduaren jakinarazpena egitea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2. eta 135. artikuluek agintzen duten bezala, ediktu honen bidez betetzen da Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59.4 artikuluak agintzen duena.

"196/1999 FORU AGINDUA, urriaren 11koa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Pablo Fernández Torrejón jaunaren kontrako zehapen prozedurari hasiera ematen diona, ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko arautegia hautsi duela eta.

Foruzaingoak Tafallan 1999ko abuztuaren 19ko pikatzailerik gabeko nobilladan izandako gertaeren inguruko salaketa igorri du. Salaketak gertaera hauen berri ematen du: Pablo Fernández Torrejón jauna, Javier Aparicio Pérez Cejuela nobilleroaren taldeko kidea, lehenengo zezenkoa hil eta sastagaia sartu eta gero, ikusleei keinuak egiten hasi zen, besoak altxatu eta zapi bat mugitzen ari zelako itxura eginez, jendeak nobilleroarendako sariak eska zitzan. Jokaera haren ondorioz, eta presidenteak belarria eman ez zuenez, jendea oihuka eta txistuka hasi zen eta izan zirenak baino istilu larriagoak izaten ahal ziren.

Salaturiko gertaerak ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 9.2.a) artikuluaren kontrako arau-haustea izan litezke, arau-hauste larria Foru Lege horren 23.13 artikuluaren arabera.

Aipatu Foru Legearen 26.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arloko arau-hauste larriak erregelamenduak zehazten duen isunarekin zigor daitezke, besteak beste. Isuna 1.000.000 pezeta artekoa izan daiteke.

Horrenbestez, ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 27. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Pablo Fernández Torrejón jaunaren (NANa 3.801.484) kontrako 98/99 zehapen espedienteari hasiera ematea, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arautegia hautsi duelakoan.

Salatuak bere erantzukizuna borondatez onartu ahal izanen du; horrek zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamenduko 8. artikuluak ezarri dituen ondorioak izanen ditu (abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua).

2. Afera Orokorretarako atalburua instruktore izendatzea eta Pedro Segura González jauna idazkari.

Salatuak aipatu funtzionarioak errefusa ditzake, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluak ezarritako araubidearen arabera.

3. Foru Agindu honen berri ematea zehapen prozeduraren instruktore eta idazkari izendatu direnei.

4. Foru Agindu hau Pablo Fernández Torrejón jaunari jakinaraztea (eta Foruzaingoaren txostena igortzea), eta adieraztea hamabost egun balioduneko epea duela, honakoa jakinarazi eta biharamunetik hasita, nahi dituen alegazioak egiteko eta komenigarri iruditzen zaizkion agiriak zein argibideak aurkezteko eta, hala denean, frogak proposatzeko, erabili nahi dituen bitartekoen berri emanez. Horretarako, Barne Zuzendaritza Nagusian aztertu ahal izanen du espedientea.

5. Prozedura hau ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa da gehienez, Foru Agindu honen datatik hasita, zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuko 20.6 artikuluaren arabera.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko urriaren hamaikan.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin."

Iragarkiaren kodea: A9912556