14. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1999ko abenduaren 30ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, lan arriskuei aurrea hartzeko kultura sustatu, haien ebaluazioa ezarri eta aurrea hartzeko lana antolatzeko berariazko ekintzetarako dirulaguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Azaroaren 8ko 31/95 Legeak ikuspuntu berria eman dio laneko arriskuen prebentzioari, enpresaren jarduera eta erabakietan ere sartu baita. Prebentzioaren ikuspuntu berri horrek bi ardatz ditu: lehenbizi langileei loturiko arriskuak hasiera batean aztertutakoan planifikatu egiten da, eta, ondoren atzemandako arriskuei aurrea hartzeko neurri egokiak hartzen dira.

Hasierako ebaluazio horiek egiteko premia larria dagoenez, eta abian jartzeko zailtasun haundiak daudenez, batez ere enpresa txiki eta ertainetan, komenigarria da lan administrazioan lan arriskuei aurrea hartzeko kultura eta arriskuen ebaluazioak ezar daitezen bultzatzea, Gobernuak onetsitako Nafarroako Osasunaren Planarekin eta prebentzio planekin bat, baita, horren ondorioz, prebentzio lanaren plangintza eta antolamendua ere. Horretarako guztirako 2000. urterako aurrekontuei buruzko legean kontusail bat jarri da programa horretarako.

Gaur egungo arautegiak bi jardunbide ezarri ditu, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak lan arriskuei aurrea hartzeko bultzatzen duten politikaren barruko jarraibideekin bat. Alde batetik, enpresari-elkarteei dagokiena (enpresa txiki eta ertainetan) eta, bestetik, sindikatuei dagokiena. Bietan helburua da baldintza beretan entitate horiengana jo ahal izatea, dirulaguntzen kontzesioak irizpide objektiboei segitzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak arautu du. Legeak 3. artikuluan dioenez, dirulaguntzak emateko prozedura publizitate, lehiakortasun eta objetibitate printzipioei lotuko zaie.

Hori horrela, 8/1997 Foru Legearen 5.1. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru Agindu honen helburua da 2000. urtean enpresetan dinamizazio, aholkularitza eta informazio lana egitea, prebentzioaren arautegiaren oinarrizko kontuak aplikatu eta lan arriskuei aurrea hartzeko kultura sustatzeko, laneko arriskuen hasierako ebaluazioa egiteko eta, horren ondorioz, prebentzio lanaren plangintza eta antolamendua egin eta lan taldeak aztertzeko.

2. artikulua. Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzek 2000. urtean egiten diren jarduerak finantzatuko dituzte.

3. artikulua. Nafarroako enpresa txiki eta ertainetan (CNAE-93ko C, D eta F kodeak) osasunari eta laneko seguratasunari buruzko arautegia erabat garatzeko proiektuak bultzatu eta egiten dituzten enpresari-elkarteek eskuratzen ahalko dituzte Foru Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak. Entitate horiek laneko arriskuen hasierako ebaluazioa egin eta langileek erabilitako lan tresneria aztertuko dute, eta horren ondorioz prebentzio lanaren plangintza eta antolamendua eginen dute. Prozeduraren emaitza gisa, segurtasunari eta prozedurei buruzko esku-liburua prestatuko dute.

Sindikatuek ere eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak, enpresa txiki eta ertainetan batik bat, lan taldeen bitartez. Lan taldeak prebentzio-teknikariek osatuko dituzte eta beren lana izanen da enpresei, prebentzio-ordezkariei, segurtasun eta osasun batzordeei, sindikatuetako ordezkariei eta langileei prebentzio lanari buruzko informazioa eta aholkuak ematea.

4. artikulua. 1. Dirulaguntzaren eskaerak Lan Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dira, honako dokumentuokin batera:

a) Entitate eskatzaileen kreditazioak.

b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten dutenen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

c) Proiektuaren eta egin gogo dituzten ekintzen berri ematen duen memoria teknikoa. Ekintza horiek, gutxienez, hogei enpresatan eginen dira.

d) Proiektuaren kostuaren memoria ekonomikoa, behar bezala xehekatua, ongi azalduta zenbat enpresatan jardun behar duten (20tan gutxienez), eta zer arlo edo eremu geografikotan, eta enpresa bakoitzean lan taldeek egin beharreko jarduketek izanen duten unitateko kostu oinarrizkoa. Horretarako, 3. artikuluko lehenbiziko lerroaldean aurreikusitako jarduketetarako, gehieneko koefiziente biderkatzaileak finkatuko dira, enpresa bakoitzeko langile kopuruaren arabera erabiltzekoak.

Enpresaren langile kopurua

-1etik 5era: 1

-6tik 10era: 1,50

-11tik 15era: 2

-16tik 20ra: 2,25

-20tik goiti: 2,50

6 langiletik beheitiko enpresa bakoitzean egin beharreko jarduketa multzorako diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua 160.000 pezetakoa da. Horixe izanen da aipatu koefiziente biderkatzaileak aplikatzeko modulua.

3. artikuluko bigarren lerroaldean ezarritako lan taldeen bitartez sindikatuek egiten dituzten jarduketetarako, enpresa bakoitzean lan taldeek egindako informazio eta aholkularitza jarduketa multzoari laguntzeko gehieneko kostua 50.000 pezetakoa izanen da 5 langiletik beheitiko enpresetan, 75.000 pezetakoa 6 langiletik 10era bitartekoetan, 100.000 pezetakoa 11 langiletik 15era bitartekoetan, 112.500 pezetakoa 16tik 20ra bitartekoetan, eta 125.000 pezetakoa 20 langiletik goitikoetan.

e) Entitate eskatzaileen Identifikazio Fiskalerako Txartelen fotokopia konpultsatua.

f) Entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteak dituela edo betebehar horietatik salbuetsia dagoela adierazten duen ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatua.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

3. Aurkeztutako datuak gezurrezkoak izanez gero, edo datuak espres aldatuz gero, zehapena jar liteke ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta harene erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen legea).

5. artikulua. 1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita.

2. Eskabidearekin batera aipatutako dokumenturen bat falta bada, Lan Zuzendaritza Nagusiak interesatuari akatsak zuzentzeko eskatuko dio 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio horrela egin ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko da. Ondorioz, eskabidea artxibatu eginen da.

6. artikulua. Dirulaguntzak onartzerakoan irizpide hauek lehenetsiko dira:

Aurkeztutako ekintza eta proiektuak eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan Laneko Zuzendaritza Nagusiak hautatutako lehentasunezko jardunbideen araberakoak izatea.

Proiektua laneko segurtasun eta osasunaren arloko gaurko arautegiarekin bat etortzea.

Nafarroan laneko arriskuen prebentzioaren arloan egiten diren beste programa batzuekin duten osagarritasuna edo integrazio maila.

Lantokietan bultzatzea arriskuen hasierako ebaluazioa egin dadila, baita prebentzio lanaren ondoriozko plangintza ere.

Enpresari-elkarteek aurkezten dituzten proiektuetan, prebentzio lanaren xede izanen diren enpresek kostua kofinantzatzeko hartutako konpromisoa

Sindikatuek jardun behar duten arloetan duten ordezkaritza-maila.

Nafarroako Foru Komunitate osoan aritzen diren enpresari-elkarteen eta sindikatuen arteko akordioa, dagozkien arlo edo eremu geografikoetan jarduteko.

Beti ere, aurkezten diren proiektuetan, adierazi beharko da aztergai diren enpresen % 50, gutxienez, talde hauetako batekoak direla: a) arriskuen ebaluaziorik edo prebentziorako antolamendurik ez duten enpresak edo c) laneko tresneria edo babes kolektiborako baliabide teknikoak arautegira egokiturik ez dauzkaten enpresak.

7. artikulua. Enpresari-elkarteentzako dirulaguntzen bidez aurkeztutako proiektu bakoitzean aipatutako kostuen % 50 finantzatuko dira gehienez. Sindikatuentzako dirulaguntzen bidez, aldiz, % 100era bitarte, beti ere kostuak 4. artikuluaren d) idatz-zatian adierazitako parametroen barrenean baldin badaude.

8 artikulua. 1. Dirulaguntzaren onarpena Laneko zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez eginen da, beti ere eskatzaileak dirulaguntza izateko behar diren beharkizunak betetzen dituela frogatu ondoren.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta handik bi hilabetera, ebazpenik eman ez bada, eskaerak ezetsiak daudela ulertuko da.

9. artikulua. 1. Dirulaguntza honela ordainduko da:

Diru kopuruaren % 70 dirulaguntza onartzen den unean.

Gainerakoa, % 30, proiektuan diren ekintzak egin direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren:

a) Proiektuan aurkeztu eta ondoren burutu diren ekintzen memoria tekniko eta ekonomikoa, datu hauek biltzen dituena:

Prebentzio lana egin den enpresen zerrenda eta horietako bakoitzaren langile kopurua (gutxienez hogei enpresa izanen dira).

Prebentzio arloko teknikariek osatutako lan taldeek enpresa bakoitzean izandako jarduketaren kostua, unitateko.

b) Hartutako dirulaguntzaren kargura egindako gastuen jatorrizko faktura edo ziurtagiriak. Aurkezten diren fakturak martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan ezarritakoari lotuko zaizkio (fakturak luzatzeko eta gastu eta kenkariak arrazoitzeko arauak ematen dituen Foru Dekretua).

c) Enpresa bakoitzak egindako finantzakidetzaren ziurtagiriak.

2. Edozein modutan ere, ziurtagiriak aurkezteko epearen azken eguna 1998ko abenduaren 31 izanen da.

10. artikulua. Proiektuan ezarritako konpromisoak edo dirulaguntza ematen duen ebazpenean jarritako baldintzak, osorik edo zati bat, ez betetzeak ondorio hau ekarriko du: dirulaguntza jaso duen entitateak hartutako diru kopuru guztia edo parte bat itzuli beharra, baita dirulaguntza jasoz geroztiko berandutza-korrituak ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Deialdi honetarako aurreikusitako diru kopurua 2000. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren ondoko kontusailekoa da: 83110-4709-3151, 31970-7 lerroa, "lan arriskuei aurrea hartzeko programa" izenekoa, 100.000.000 pezetakoa.

12. artikulua. Deialdi honetan espres ezarrita ez dagoen horretan ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraituko zaio (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duena).

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita hamarrean.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0000030