14. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 1999ko abenduaren 27koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fisioterapeuta lanpostu bat oposizioz betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1999ko abenduaren 27an emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fisioterapeuta lanpostu bat oposizioz betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da fisioterapeuta lanpostu bat oposizioz eta txanda irekian betetzea. Lanpostuak plantillako 35705 zenbakia du, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentukoa da: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren barneko Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren atalekoa. Destinoa Tafallan.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak onetsitako Lansariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarriek agintzen dutenaren arabera.

1.4. Hautapen probak gainditu ondoren deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan funtzionario egiten den izangaia Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanposturako izendatu eta lehendik ere eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzen erregimenean (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen dutena) afiliaturik dagoen funtzionarioak zilegi izanen du bertan segitzea ala, bestela, Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizilekua. Administrazio organo eskudunek zilegi izanen dute destino hori nahi dutenean aldatzea.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da eta administrazio organo eskudunek zilegi izanen dute nahi dutenean aldatzea.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Nazionalitatez espainola izatea edo Europako Batasunaren kide den beste edozein estatukoa edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsi dituen nazioarteko itunak dituzten estatuetakoa.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Fisioterapiako diplomadun, Erizaintzako diplomadun edo O.L.T. titulua (Fisioterapiako espezialitatea) izatea, edo ofizialki balio berekotzat jotako besteren bat, edo titulu hori bereganatzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

d) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizia ez izana.

2.2. Oposizioa gaindituta lanpostua eskuratzen duten izangaiek aurreko baldintza guztiak betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honetako zazpigarren oinarriak ezarritako epean eta moduan; baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete behar dituzte, bai eta oposizio guztian izendapena egin arte ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituen bideetako edozein erabiliz. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Lehiatzaile minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barnean, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Pilar Elcarte Elcarte andrea, Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoko burua, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuan.

-Ordezkoa: Pedro Olangua Baquedano jauna, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko zuzendaria.

-Mahaikidea: Juan Santos Moros García jauna, Nafarroako Ospitaleko errehabilitazio medikua.

-Ordezkoa: Santiago Martínez Gorostiaga jauna, Nafarroako Ospitaleko errehabilitazio medikua.

-Mahaikidea: María Luisa Sanciñena Echarte andrea, fisioterapeuta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari atxikia.

-Ordezkoa: María Jesús Sanciñena Echarte andrea, fisioterapeuta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari atxikia.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

-Mahaikide idazkaria: Jordi Coma López jauna, fisioterapeuta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari atxikia.

-Ordezkoa: Yolanda Mateo Marzo andrea, fisioterapeuta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari atxikia.

Epaimahaiak hautapen probak baino lehen eratuta beharko du.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, gutxienez, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta gutxienez kideen erdiek ere.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio- arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2000. urteko apirilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean, probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren zehaztuko da.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu, erregelamenduak agintzen duen moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa: epaimahaiak deialdiko II. eranskineko gaien inguruan egindako bost galderari erantzun beharko zaio, idatziz. Ariketa egiteko gehienez ere zenbat denbora izanen den ariketa hasi aurretik esanen du epaimahaiak.

Bigarren ariketa: epaimahaiak eranskineko gaien inguruan proposaturiko kasu teoriko-praktiko bat garatu eta ebatzi beharko da. Kasu bera izanen da izangai guztientzat. Ariketa egiteko gehienez ere zenbat denbora izanen den ariketa hasi aurretik esanen du epaimahaiak.

6.3. Oposizioa osotara gehienez 20 puntutan baloratuko da, honela banaturik:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 10 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Oposizioko ariketa guztiak kanporagarriak izanen dira eta izangai batek ariketa bakoitzean gehienezko puntuazioaren erdia gutxienez ateratzen ez badu, kanpoan geldituko da. Kanpoan geldituko dira, halaber, lehenbiziko ariketako bi galderatan edo gehiagotan zero puntuko kalifikazioa izaten duten izangaiak.

6.5. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren puntuazioa.

Epaimahaikideek emandako puntuazio altuenaren eta baxuenaren arteko aldea probaren puntuazio osoaren 0,30 edo handiagoa baldin bada, puntuazioarik handiena eta txikiena baztertu eginen dira, emaitza hiru epaimahaikideren puntuazioen batez bestekoa egitetik ateratzen bada, beti ere.

6.6. Lehenbiziko ariketa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren iragarki oholetan eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren bigarren ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiriren bat aldean eraman beharko dute. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.

6.8. Hautapen probetan denbora eta baliabideetan egin daitezkeen egokitzapenak eginen zaizkie beren eskabidean hala eskatu duten minusbaliatuei.

6.9. Azkeneko puntuazioa ateratzeko, gutxieneko kalifikazioak gainditu dituzten izangaiek oposizioan lorturiko puntuazioak batuko dira.

7.-Gainditu dutenen zerrenda, izendapen proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Oposizioko bigarren ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta proposamena helaraziko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Emaitzan berdinketarik izaten bada, lehenbiziko ariketan puntuazio handiena izan duen lehiatzailea lehenetsiko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez bada:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Kasuan kasuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan adierazten duena.

Lehiatzaileak minusbaliatua dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere minusbalioa batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten frogagiria aurkeztuz.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoa bada, lehiatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko ditu, gainera, aurreko Administrazioaren dosier pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak hain zuzen ere.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa bada:

a) Deialdiko 2.c) oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoaren funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

c) Lehiatzaileak minusbaliotasuna alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, minusbalio hori batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen frogagiria aurkeztuz.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen zaio izendapenik egin eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gaindituen zerrendan hurrena den izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietako tramite berberak eginen dira ondoren.

8.-Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario izendatuko du, fisioterapeuta lanposturako, eta Ebazpen bidez esleituko dio lanpostu hutsa aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatu den izangaiak izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen du jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

8.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan beteko da.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuaren) 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita zazpian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

....................... jauna/andrea, adinez nagusia, .......... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, .............(e)n (............) 19..eko ......aren ...(e)an jaioa, nazionalitatez .........(e)koa, helbidea ............(e)n (............) kalea .........., posta kodea ......., telefonoa ........., laneko telefonoa ........

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen du:

Eskatzen duela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fisioterapeuta lanpostu bat oposizioz betetzeko deialdian, ........(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuan, onar dezatela.

Karguan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenek ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdiko 2. oinarriak aipatzen duen titulua baduela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Minusbaliatua dela eta adierazitako denbora eta baliabide egokitzapenak eskatu dituela (beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasuna eta eskaturiko egokitzapenak). Frogagiria ere erantsi du

Hortaz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dadila eta beraz ni ere onar nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko fisioterapeuta lanpostua oposizioz betetzeko deialdian.

Iruñean, .....ko ................aren .....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.-Errehabilitazioaren gaur eguneko kontzeptua. Aplikazio praktikoa. Aspektu mediko eta sozialak eta lan arlokoak. Fisioterapiaren eginkizuna.

2. gaia.-Ezintasunaren kontzeptua. Ezgaituaren beharrak. Problema pertsonalak eta lan arlokoak. Ekintza eta prebentzio mailak.

3. gaia.-Zinesiologiaren definizioa eta kontzeptua. Oinarri mekanikoak (estatika, dinamika eta zinetika).

4. gaia.-Oreka eta egonkortasuna: grabitate zentroa. Funtsezko posturak. Egonkortasunean eragina duten faktoreak. Gorputza, palanka sistema.

5. gaia.-Giltzaduren kontzeptu orokorra: arkitektura. Mugimendu motak, mugimenduen ardatzak eta planoak. Giltzaduren mekanika: giltzaduren balantzea. Neurketan eragina duten faktoreak.

6. gaia.-Kontzeptu muskular orokorra: eginkizunak. Muskuluaren lan-motak. Muskulu gehien bat zinetikoak eta muskulu gehien bat tonikoak. Muskuluaren uzkurduraren azterketa: balantze muskularra.

7. gaia.-Nerbio sistema: arku erreflexua. Propiozeptoreak. Muskuluaren tonua. Mugimenduen koordinazioa eta kate zinetikoen azterketa.

8. gaia.-Ariketa, sendabide gisa: helburuak. Zinesiterapian erabiltzen diren oinarriak. Aplikazio mota eta teknikak. Ariketa agintzeko oinarrizko aspektuak.

9. gaia.-Muskuluaren berreziketa: helburuak. Mobilizazioaren oinarriak, koordinazioa eta laguntza, zinesiterapian. Muskuluaren indarra, erresistentzia, potentzia eta nekea. Tratamenduaren progresioa.

10. gaia.-Postura zuzentzea: postura ona izateko iradokizunak. Postura motak. Okerreko posturaren arrazoiak. Tratamendurako posturen balioespena eta horien aldaketak. Gerri-aldeko arazoak. Fisioterapeutaren eginkizuna.

11. gaia.-Esekidura bidezko ariketak. Ariketen mailakatzea. Gehien erabiltzen diren aparatuak.

12. gaia.-Txirrikaterapia. Ariketen mailakatzea. Fisioterapeutaren eginkizuna.

13. gaia.-Kontra-indarrekiko ariketak. Aplikazio klinikoak. Aurrerapenen balorazioa.

14. gaia.-Taldeko ariketak: antolamendua, abantailak eta desabantailak. Kirol jarduerak.

15. gaia.-Isometrikoak, isotonikoak, isozinetikoak. Jarduteko metodologia. Ariketetarako debeku erabatekoak eta partzialak.

16. gaia.-Kitzikadura neuromuskular propeozeptiboa. Lan neuromuskularra errazteko teknikak. Horien garapena. Kabat izeneko tratamendua.

17. gaia.-Giltzaduren zurruntasunerako zinesiterapia. Zurruntasunaren faktore etiologikoak. Tratamenduaren helburuak. Tratamenduaren metodologia.

18. gaia.-Kontrakturak eta deformitateak. Horiei nola aurrea hartu. Ferula aktiboak. Tratamendua hautatzeko metodoak.

19. gaia.-Malgutasuna: definizioa. Luzamendu estatikoa. Indar baten kontrako luzamendua. Metodologia orokorra.

20. gaia.-Ibilkeraren azterketa berezia: fasea. Ibilkera normalaren eta patologikoaren azterketa. Pisua arindutako ibilkera. Paraleletan. Laguntza mekanikoak.

21. gaia.-Masajeak: eragin fisiologikoak. Aplikatzeko teknika. Kontuz ibiltzekoak eta debekuak.

22. gaia.-Ortesiak eta protesiak: helburuak. Errehabilitazioan duten garrantzia. Oin eta zangoetarako ortesiak. Ornoen tratamenduan erabiltzen diren ortesiak. Berreziketa eta ortesiak.

23. gaia.-Lanaren bidezko terapia: Lanaren bidezko terapiaren garrantzia errehabilitazio zerbitzu batean. Tratamenduaren oinarri orokorrak. Sendabide gisa erabil daitezkeen jarduerak.

24. gaia.-Paraplejia: helburu fisioterapikoak. Ibileraren berreziketa. Berreziketa eta ortesiak.

25. gaia.-Fisioterapeutaren eginkizuna eskoliosi organikoetan. Lan programa. Kirola eskoliosirako ariketa gisa.

26. gaia.-Ahuldaderako eta/edo perlesiarako ariketak. Eritasun adierazgarrienak. Perlesi lasaia. Perlesi espastikoa.

27. gaia.-Espastizitatea: berreziketarako metodoak. Bobath tratamendua, garuneko perlesian.

28. gaia.-Arnas aparatuko errehabilitazioaren metodologia fisioterapikoa: arnasketaren mekanismoak. Postura bidezko drenajea. Arnasketa ariketak. Nola maneiatu fase kronikoan dagoen eria: etxerako jarraibideak.

29. gaia.-Frenkel-en ariketak: jarraibide orokorrak. Ariketen teknika eta progresioa, oinez egiten diren ariketetan eta etzanda.

30. gaia.-Hemiplejia: postura bidezko zainketak. Fisioterapia neuromuskularra. Fisioterapia berariazkoaren metodoak.

31. gaia.-Gaixo erreumatikoari laguntzeko printzipio orokorrak. Teknika fisioterapikoak prozesu endekatzaileetan. Espondilitis ankilopoietikoaren fisioterapia.

32. gaia.-Mugitzeko ezgaitasuna: kontzeptua eta sailkapena. Mugitzeko ezgaituaren arazoak.

33. gaia.-Haurren garun perlesia: kontzeptua eta etiologia. Motak eta ezaugarriak. Horri lotutako arazoak. Fisioterapeutaren esku-hartzea: errehabilitazioa eta eskola inguruan laguntzea.

34. gaia.-Traumatismo kraneoenzefalikoak. Kontzeptua. Ondorioak. Fisioterapeutaren esku-hartzea: errehabilitazioa eta eskola inguruan laguntzea.

35. gaia.-Bizkarrezur-muinaren traumatismoak. Kontzeptua. Ondorioak. Fisioterapeutaren esku-hartzea: errehabilitazioa eta eskola inguruan laguntzea.

36. gaia.-Bizkarrezur bifidoa: kontzeptua, etiologia eta tipologia. Horri lotutako arazoak. Fisioterapeutaren esku-hartzea: errehabilitazioa eta eskola inguruan laguntzea.

37. gaia.-Miopatiak. Kontzeptua. Horri lotutako arazoak. Duchenne de Goulougneren muskulu distrofia. Fisioterapeutaren esku-hartzea: errehabilitazioa eta eskola inguruan laguntzea.

38. gaia.-Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1990eko urriaren 3ko Lege Organikoa (LOGSE). Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen hezkuntza antolatzen duen apirilaren 28ko 696/1995 Errege Dekretua.

39. gaia.-Martxoaren 1eko 76/1993 Foru Dekretua: Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpean Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroa sortu zuen.

Iragarkiaren kodea: A9912781