14. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 1999ko abenduaren 20koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Onesten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomatu izateko zazpi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1999ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomatu izateko zazpi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez Enpresa Zientzietako diplomatuen zazpi lanpostu betetzea da. Txanda hauetan banatzen dira:

a) Txanda irekiko hiru lanpostu.

b) Igoera txandako hiru lanpostu

c) Minusbaliatuentzako txandako lanpostu bat.

1.2. Deialdiko lanpostuak ondokoak dira:

-Lehendakaritza eta barne Departamentuko bat, 5820 plantilla zenbakia.

:-Ekonomi eta Ogasun Departamentuko bat, 1082 plantilla zenbakia.

Toki Administrazioko Departamentuko lau, 5835, 5836, 5837 eta 5838 plantilla zenbakiak.

-Gizarte Ongizateko Departamentuko bat, 5425 plantilla zenbakia.

1.3. Igoera txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, hutsik geldituz gero, txanda irekikoari gehituko zaizkio.

Minusbaliatuendako txanda murriztuko lanpostu hutsa, izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik eman gabe gelditzen bada, lanpostu hori dagokion txandari gehituko zaio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.3 artikuluari ezarritako banaketa ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera txandan edo minusbaliatuendako txanda murriztuan, aprobatzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietan aprobatu eta lanposturik gabe gelditu direnak txanda irekiko lanpostuetara aurkeztu ahal izanen dira, txanda horretako izangaiekin lehia garbian arituz, lortutako azken puntuazioari jarraikiz.

1.4. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, indarra duten Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera.

1.6. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatuak izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario egiten diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatu.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko dute bizileku finkoa. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Enpresa Zientzietako diplomatu edo Merkataritzako irakasle titulua edukitzea, edo bestela Ekonomiako, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaturen lehenbiziko hiru ikasturteak, gutxienez, eginak eta gaindituak izatea, edo aipatu titulu eta maila horiek eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

d) Lanpostuetako eginkizunak egiteko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, aipatutako baldintzez gain beste hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera txandan parte hartzerakoan duen lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo txikiagokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan lanean bost urte egin izana eta antzinatasun hori onartua dela frogatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, igoera txandako gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere aipatu txandan parte hartu ahal izango dute.

2.3. 3. oinarrian xedatutakoa izan ezik, lanpostua eskuratzen duten izangaiek baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituztela ulertuko da eta oposizioan zehar haien jabe izan beharko dute izendapena bitarte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenetako edozein bidetatik. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (eredu hori Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan dago eskuragai, Karlos III.aren Etorbideko 2an, eskaratzean), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Lehiatzaile minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar izaten badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Igoera txandan parte hartzea eskatzen dutenek, aurrekoez gain, 2.2. ataleko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute Epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: María Camino Bonafaux Martínez andrea, Toki Administrazioko Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Fernando Sala Ibarrola jauna, Toki Administrazioko Departamentuko Aholkularitza eta Lankidetza Ekonomikoaren Ataleko burua.

-Mahaikidea: Alfonso Lecumberri Palacios jauna, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Finantza Politikarako Ataleko burua.

-Ordezkoa: María Ausín Lecuna andrea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Eskualdez gaindiko Organismoen Bulegoko burua.

-Mahaikidea: Begoña Castillo Setas andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Angel Barbarin Barandalla jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Administrazio Ataleko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak hautatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak hautatutako ordezkari bat.

-Mahaikide-idazkaria: Luis García Ortego jauna, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Francisco Javier Esparza Sánchez jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Itunen Ataleko burua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio-arrazoietako bat gertatzen denean, Kalifikazio-epaimahaikideek ezin izanen dute parterik hartu.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2000ko maiatzean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahai kalifikatzaileak agertzera emanen ditu gainerako probak edo ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

6.2. Oposizioaldiak ondotik zehazten diren ariketak izanen ditu:

Lehen ariketa: deialdiaren II. eranskineko I. zatian heldu diren gaiei buruz epaimahaiak proposatzen dituen gai eta kasuak landu eta garatzea.

Bigarren ariketa: gehienez ere 5 ordutan hiru gai azaldu beharko dira idatziz, deialdiaren II. eranskineko I., II. eta III. zatietatik bana, denak zozketaz aukeratuta.

Hirugarren ariketa: deialdiaren II. eranskineko IV. zatian heldu diren gaiei buruz epaimahaiak proposatzen dituen gai eta kasuak landu eta garatzea.

6.3. Oposizioko ariketetan gehienez ere 100 puntu lortu ahalko dira eta ariketen arabera honela banatuko dira:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 50 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 30 puntu. Gai bakoitzeko 10 puntu lortuko dira gehienez ere.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 20 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira eta horietako bakoitzean bazterturik geratuko dira ariketa bakoitzari ematen zaionaren erdia bederen lortzen ez duten izangaiak. Orobat, kasu eta proba guztietan, bazterturik geratuko dira edozein gai edo kasutan 0 puntu lortzen duten izangaiak.

6.5. Oposizioko bigarren ariketa epaimahaiaren aitzinean, eta jendaurrean, irakurriko dute izangaiek.

6.6. Epaimahaikide bakoitzak banaka puntuatuko ditu ariketak eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren emaitza.

6.7. Proba bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.8. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikoa dela kontsideratzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak. Orobat, bigarren ariketa irakurtzera agertzen ez direnak baztertuta geratuko dira.

6.9. Hautapen probek irauten duten artean denbora eta baliabideetan egin daitezkeen egokitzapenak eginen zaizkie beren eskabidean hala eskatu duten minusbaliatuei.

7.-Gainditu dutenen zerrenda eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta proposamena helaraziko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, hautapen proba guztietan balorazio handiena duen ariketan puntuazio handiena izan duen lehiatzailea lehenetsiko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiria.

c) Kasuan kasuko Laneko Arriskuak Galarazteko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Lehiatzaileak minusbaliatua dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere minusbalioa batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten frogagiria aurkeztuz.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoak diren lehiatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte, gainera, beren aurreko Administrazioaren dossier pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulu hori eskuratzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiriarena.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoaren funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

Lehiatzaileak minusbaliotasuna alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, minusbalio hori batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen frogagiria aurkeztuz.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen zaio izendapenik egin eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezur esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gaindituen zerrendan hurren dagoen izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietan esan bezalako tramitea eginen zaio.

8.-Lanpostu hutsen hautapena.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten.

8.2. Igoera txandan hautapen probak gainditu dituzten lehiatzaileek beti izanen dute lehentasuna deialdiko lanpostu hutsak betetzeko beste txandetakoen aurretik.

8.3. Lehiatzaile minusbaliatu baten minusbalioa ez badaiteke deialdiko lanpostu jakin batekin baizik bateratu, bermatu egiten zaio aukera izanen duela bateratzeko moduko lanpostu bat aukeratzeko, hartarako ematen den txostena ikusirik.

Gainerako kasuetan, lehiatzaileek hautapen probetan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran aukeratuko dituzte lanpostuak.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan xedatutakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen funtzionario izendatuko ditu Enpresa Zientzietako diplomatu lanpostuan aritzeko, eta Ebazpen bidez esleituko dizkie lanpostu hutsak.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatu diren izangaiek izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi idatz-zatietako kasuetan ez da aldatuko izendapena baino lehen egindako lanpostu hutsen hautapena, eta zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei egoera horietatik sortzen diren lanpostuak.

10.-Helegiteak.

Deialdi honen eta haren oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegite egin nahi zaion egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................................ jauna/andrea, adinez nagusia, ...................... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabea, ...............................(e)n (................) 19..eko .......aren ...(e)an jaioa, nazionalitate .............(e)koa, helbidea: ...................... (kalea, zenbakia), .............. herria, ............. probintzia, ......... posta kodea, eta ........ telefonoa dituena,

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen du

Eskatzen duela onartua izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ............................ izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian, (........(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) ondotik aipatzen den txandan:

Txanda irekia

Igoera txanda

Minusbaliatuendako txanda

Karguan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Xedapen indardunek ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdiko 2. oinarriak aipatzen duen titulua baduela

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Minusbaliatua denez, eransten den egokitzapena eskatzen duela, aipatzen diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira)

Minusbaliotasunaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkezten dituela

Hortaz:

Eskatzen dut eskabide hau onar dadila eta beraz ni ere onar nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko ............... izateko ... lanpostu betetzeko deialdian.

Iruñean, .....ko ....................ren ..............an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

I. zatia

1. gaia.-Kontzeptuak eta oinarrizko kontabilitateko egoerak. Kontuak, idazpenak, inbentarioa, ondarea, egiaztapen-balantzea, egoera-balantzea, galdu-irabazien kontua.

2. gaia.-Kontabilitateko Plan Orokorra. Kontabilitate-printzipioak, kontuen taula, definizioak eta kontabilitate-zerrendak. Eragiketa erregistroa orokorrean.

3. gaia.-Kontabilitateko Plan Orokorra: urteko kontuak eta Memoria Kontabilitateko Plan Orokorrean. Balorazio arauak.

4. gaia.-Sozietate anonimoen kontabilitatea, eraketaren kontabilitate arazoak. Aldi desberdinetako fundazioa eta aldi bereko fundazioa. Kapital aldaketak. Jesapenen jaulkipena eta amortizazioa. Autokartera. Emaitza banaketa.

5. gaia.-Sozietateen likidazioen, deuseztapenen, aldaketen eta zurgapenen kontabilizazioa.

6. gaia.-Kostuen kontabilitatea. Kontzeptuak eta sailkapenak. Kostuen eredu eta metodoak.

7. gaia.-Finantza egoeren azterketa. Helburuak eta metodoak. Epe motzera izango den finantza egoeraren azterketa. Epe luzera izango den finantza egoeraren azterketa.

8. gaia.-Finantza egoeren azterketa. Fondoen jatorri eta aplikazioaren egoera-orria. Altxortegiaren egoera. Emaitzen eta errentagarritasunen azterketa. Itopuntua eta balankamendu operatiboa.

9. gaia.-Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra. Kontuen taularen deskripzioa. Obligazioak eta gastuak: kontzeptua eta motak, ezagutzeko irizpideak eta zenbatzeko irizpideak. Kobratzeko eskubideak eta diru-sarrerak: kontzeptua eta motak, ezagutzeko irizpideak eta zenbatzeko irizpideak.

10. gaia.-Administrazio Publikoen kontabilitate-magnitudeen azterketa eta ondare-interpretazioa, ekonomikoa eta finantzarioa.

11. gaia.-Irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioaren aurrekontuei eta gastu publikoei buruzkoa. aurrekontuen espediente, printzipio eta kontzeptuen edukia. Aurrekontuen onespena, exekuzioa eta likidazioa. Kredituak eta haien aldaketak. Irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretua, aurrekontuen egiturari buruzkoa. Aplikazio arauak. Gastu eta dirusarreren sailkapena eta edukia.

12. gaia.-Irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena. Agiriak eta liburuak. Kontabilitateko eragiketak. Egin beharreko egoera-orriak eta eman beharreko informazioa. Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra, Toki Administrazioari egokitua (1990eko uztailaren 17ko Ministerio Agindua), eta haren egokitzapena Nafarroan.

13. gaia.-Posizio neurriak: erdikoak eta ez-erdikoak. Barreiadura neurri absolutuak eta erlatiboak. Kontzentrazio neurriak.

14. gaia.-Bi aldagarrien arteko ajustearen eta erregresioaren azterketa.

15. gaia.-Zenbaki indizeak: bakunak eta konplexuak. Sail estatistikoen deflaktazioa. Enlazeak eta oinarri aldaketak. Indize erabilienak: KPIa (Kontsumorako Prezioen Indizea) bereziki.

16. gaia.-Sail tenporalak: ezaugarriak eta autokorrelazioa. Sail tenporalen osagaiak. Mendetako joera. Aroetako aldaketak. Gora-behera ziklikoak. Aurreikuspena.

II. zatia

1. gaia.-1978ko Espainiako Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Haren bermea eta etendura. Konstituzio Auzitegia eta herriaren defendatzailea. Konstituzioaren erreforma.

2. gaia.-Estatuko buruzagitza. Koroa. Erregearen eginkizun konstituzionalak. Ondorengotza eta erregeordetza. Berrespena. Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren osaketa eta eskurantzak.

3. gaia.-Nafarroako Erresumaren egitura politiko-administratiboa. Foru legeak. Nafarroaren foru erregimena: haren bilakaera.

4. gaia.-1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziaketak eta amaiera. Haren edukiaren azterketa. Haren itun izaera.

5. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

6. gaia.-Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Osaketa. Eginkizunak eta erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Kontuen Ganbara.

7. gaia.-Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: osaketa eta eginkizunak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haren aukeraketa. Haren erantzukizun politikoa Nafarroako Parlamentuaren aitzinean.

8. gaia.-Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Justizia administrazioa Nafarroan. Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren erreformarako prozedura. Estatuko Administrazioarekiko harremanak. Komunitate autonomoekiko hitzarmen eta lankidetza akordioak.

9. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

10. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina: egitura eta haren edukiaren azterketa.

11. gaia.-Nafarroa eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoen historia. Nafarroa eta Estatuaren arteko gaur egungo Hitzarmen Ekonomikoa: xedapen orokorrak. Nafarroa eta Estatuaren arteko harmonizazio fiskalerako arauak. Ekarpen ekonomikoa.

12. gaia.-Nafarroako toki entitateen lege araubidea: Udalak, Kontzejuak, Mankomunitateak eta beste toki erakunde batzuk. Antolaketa eta Administrazioa.

13. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea: egitura eta haren edukiaren azterketa. Atariko Titulua eta I. Titulua.

14. gaia.-Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. Edukia. Aurrekontuak prestatzeko prozesua. Aurrekontuaren kontrola.

III. zatia

1. gaia.-Enpresari indibiduala: ahalmena, ezintasunak eta debekuak. Merkatari estatusaren froga, lorpena eta galera. Enpresariaren laguntzaileak. Senar-emazteen arteko sozietateak.

2. gaia.-Merkatal sozietatea: kontzeptua eta motak. Sozietate kolektiboa: kontzeptua, merkatal izaera, bazkideen eskubideak eta betebeharrak. Sozietate kolektibo ez-erregularra.

3. gaia.-Sozietate komanditarioa: kontzeptua, merkatal izaera, kapital soziala, bazkideen eskubideak eta betebeharrak.

4. gaia.-Sozietate anonimoa: kontzeptua, eraketa, helbidea, kapitala.

5. gaia.-Sozietate anonimoa: bazkideen egintza eta koalitatea, sozietatearen organoak.

6. gaia.-Erantzukizun mugatuko sozietatea: kontzeptua, eraketa, kapital soziala, sozietatearen organoak.

7. gaia.-Sozietate kooperatiboak: kontzeptua eta izaera, haien araubide juridikoa.

8. gaia.-Merkatal sozietateen deuseztapena eta likidazioa. Deuseztapenaren arrazoien arabera, eman beharreko urratsak. Sozietateen eraldatzea.

9. gaia.-Ordainketa-etendura. Aurrekariak eta kontzeptu legala. Ordainketa-etendura kasuak. Deklarazioaren ondorioak. Etenduraren soluzioa. Hitzarmena.

10. gaia.-Porrota. Kausak eta motak. Porrot-deklarazioaren ondorioak. Porrotaren organoak. Aktiboaren eta pasiboaren likidazio eragiketak. Porrotaren soluzioa. Hitzarmena.

11. gaia. Merkatal kontratuak. Kontzeptua eta ezaugarriak. Froga, forma eta perfekzio klaseak. Preskripzioa merkatal zuzenbidean.

12. gaia.-Administrazio Publikoa zer den. Lege formala, legegintza delegatua eta Lege Dekretua: kontzeptua. Erregelamendu-ahalmena: kontzeptua eta mugak. Erregelamendu motak. Arauen hierarkia.

13. gaia.-Administrazio egintzak: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapena. Administrazio egintzaren elementuak: eskumena, edukia, xedea eta forma. Egintza tazituak eta isiltasun administratiboa. Egintza administratiboaren jakinarazpena.

14. gaia.-Egintza administratiboen balioa eta exekutibitatea. Egintza administratiboen eraginkortasunik eza eta baliogabetzea.

15. gaia.-Administrazio kontratuak: izaera juridikoa, motak eta elementuak. Amaiera, desegitea eta amaiera iragartzea.

16. gaia.-Administrazio prozedura zer den. Prozedura administratiboari buruzko legea. Printzipio orokorrak eta aplikazio eremua. Prozedura administratiboaren hasiera, tramitazioa eta ebazpena.

17. gaia.-Errekurtsoak bide administratiboan: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtso gai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan.

18. gaia.-Europako Komunitatearen zuzenbidea. Kontzeptua, ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria, Itunak, Erregelamenduak, Zuzentarauak, Erabakiak. Beste iturri batzuk. Europako Komunitatearen zuzenbidea eta Espainiako Konstituzioa.

19. gaia.-Europako Batasuna: aurrekontua eta jarduketarako politika nagusiak.

20. gaia.-Europako Batasunaren antolaketa. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Justizia Auzitegia: osaketa eta eskumenak; haren epaien ondorioak.

IV. zatia

1. gaia.-Enpresa kontzeptua. Enpresa motak. Enpresen xedeei eta neurriari buruzko teoriak.

2. gaia.-Erabakiak hartzeari buruzko teoria. Ziurtasunez eta ziurtasunik gabe hartutako erabakiak. Erabaki-zuhaitzak.

3. gaia.-Produkzio-prozesua. Produkzio kostuak: haien egitura. Produkzio kostua baldintzatzen duten elementu nagusiak. Kostua produkzio bakunean eta konposatuan. Azpiproduktuen kostua.

4. gaia.-Produktibitatea enpresan. Kontzeptua. Produktibitatearen neurriak. Produktibitatearen gorakada, esku hartzen duten faktoreak. Efizientzia eta produktibitatea: hobekuntza epe motzean, epe ertainean eta epe luzean.

5. gaia.-Komertzializazioa enpresan. Produktua, haren bizitza zikloa. Merkatu azterketa.

6. gaia.-Enpresaren kokalekua. Faktore erabakigarriak. Enpresa kokatzeko arau orokorrak. Garraio kostuaren araberako kokatzea. Kostu eta errendimendu osoen araberako kokatzea. Enpresaren eragin espaziala.

7. gaia.-Enpresaren egitura ekonomiko-finantzarioa. Kapital beharrak enpresan. Enpresaren finantziazio bideak. Batez besteko heltze-aroa. Maniobra fondoa.

8. gaia.-Enpresaren kanpoko finantziazioa. Baloreen merkatua. Kreditua epe motzerako, epe ertainerako eta epe luzerako. Factoring-a eta leasing-a.

9. Enpresaren barneko finantziazioa. Mantenimendu bidezko autofinantziazioa. Amortizazioen funtzio finantzarioa. Aberastu eta autofinantziatzea. Autofinantziazioaren ondorio biderkatzailea. Autofinantziazioaren abantailak eta desabantailak.

10. gaia.-Inbertsioa enpresan. Inbertsio motak. Inbertsioaren alderdi koantitatiboak eta koalitatiboak. Inbertsioaren denbora prozesua. Ekipamendu-ondasunak berritzearen arazoa.

11. gaia.-Emaitza enpresan: haren izaera. Emaitza osoa eta aldizkako emaitza. Enpresaren etekinaren erlatibotasuna. Enpresaren emaitzaren osagaiak.

12. gaia.-Enpresaren balorazioak. Oinarrizko printzipioak. Metodoak. Kontabilitatez kanpoko balorazioak.

13. gaia.-Planifikazioa enpresan. Planifikazioaren elementuak, urratsak eta xedeak. Antolaketa: egitura, sistema eta antolaketa diseinuak. Kontrola: kontrol teknikak.

14. gaia.-Kapitalizazio bakuna. Merkatal deskontua eta deskontu razionala. Mugaegun arrunta. Mugaegun ertaina. Kapitalizazio konposatua. Konbenio lineala. Konbenio esponentziala. Hainbesteko baliokideak kapitalizazio bakunean eta konposatuan. Hainbesteko efektiboa eta hainbesteko nominala.

15. gaia.-Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak. Benetako errentak, errenta egonkorrak eta errenta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Betiereko errentak.

16. gaia.-Maileguak. Amortizazio sistemak: errenboltso bakarra, amortizazio kuota egonkorra, urteroko egonkorra, progresio aritmetikoan eta geometrikoan aldatzen diren urterokoak. Interes zatikatuak dituen amortizazio metodoa. Kapitala eratzeko operazioak.

17. gaia.-Jesapen normal klasikoak eta ezaugarri komertzial alde bateko eta alde bikoekin. Jesapen normalizagarriak: amortizazio sariarekin, amortizazio lehorrarekin, loteekin, interesak era zatikatuan ordainduz, aldizkako administrazio gastuekin.

18. gaia.-Balio higigarrien gaineko operazioak. Finantza merkatua. Salerosketa operazioak. Baloreen errentagarritasuna. Balore-pignorazioa. Harpidetze-eskubideak.

Iragarkiaren kodea: A9912555