III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
B A R A Ñ A I N
Behin betiko onespena, Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzari
Udalak, hilabete honetako 26an egin osoko bilkura arruntean, behin betikoz onetsi zuen Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Haren testua ondotik heldu da.
Barañainen, bi milako urriaren hogeita zazpian. Alkatea, Joaquín Olloki.
BARAÑAINGO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Zioen aurkezpena
Barañaingo Udalak udalerriak berez dituen bi hizkuntzetako bat dela euskera deritzo. Gainera, euskera sustatzeko eta normalizatzeko hiritarrek duten aldeko joera, Nafarroako Gobernuak zein Barañaingo Udalak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoetatik ateratakoaren arabera, biltzen du ordenantza honetan.
Horretaz gain, irakaskuntza euskeraz jasotzeko izena ematen duten bi eta hiru urteko haurrak, urtez urte, gero eta gehiago direla egiaztatu dugu.
Euskeraren aldeko gizarte-nahiaren islada den horren guztiaren arabera, Barañaingo hiritar elebidunen kopurua, urteak pasa ahala, handituko dela aurreikus daiteke; hau da, Barañainek euskeraz ere dakiten gero eta hiritar gehiago izango ditu. Hiritar multzo horrek gero eta euskerazko zerbitzu gehiago eskatzeko eskubidea izango du, eta, ziur aski, halaxe egingo du, legeak ematen dizkion eskubide linguistikoetaz baliatuz. Eta Udalak, erabiltzailearentzako zerbitzu publikoa den aldetik, dagokion moduan erantzun beharko dio eskakizun honi.
Ordenantza honen helburu generikoa, beraz, Barañaingo hiritarrei arreta eta zerbitzua, udal esparruan, euskeraz emango zaiela bermatzea da.
Baina Udalak zein hiritarrek duten nahi ageri horretaz gain, ondokoa ere aipatzekoa da: Espainiako Konstituzioak ondare kulturalari begirunea eta babesa emateko ardura ematen diela ahalmen publikoei, Espainiako hizkuntzak ondare horren zati direlarik; abenduaren 15eko 18/1986 Euskerari buruzko Foru Legeak herritarrek euskera ezagutu eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta euskeraren berreskuratze eta garapena bermatzea helburu duela; lege horrek berak -Eremu Mistoan- herritarrek administrazio publikoei euskeraz zuzentzeko eskubidea bermatzen duela eta plaza batzuetarako euskeraz jakitea derrigorrezkoa izatea eta beste batzuetarako merezimendutzat baloratzea aurreikusten duela; eta, bukatzeko, uztailaren 4ko 135/1994 Foru Aginduak, euskeraren erabilpena Nafarroako administrazio publikoetan arautzen duenak, Eremu Mistorako ondokoa aurreikusten duela: administrazioak herritarrek berari euskeraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak hartzea; barneko erabilpenerako inprimakiak elebiz erabiltzeko joera; administrazioarteko harremanetan elebitasuna erabiltzeko aukera; eta lanpostu batzuetarako euskeraz jakitea beharrezkoa izateko eta beste batzuetarako merezimendutzat baloratzeko aukera.
Hori dela-eta, ondoko helburuak ditu ordenantza honek:
1.-Hiritarrek nahi duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatzea.
2.-Euskeraren idatzizko erabilpenari buruzko araudia ezartzea.
3.-Batzordea osatzea, euskeraz jakiteko eskatuko duten lanpostuak eta euskera lan-hizkuntza gisa erabil lezaketen administrazio prozedura ohikoenak zehaztuko dituena.
4.-Euskera nola baloratuko den zehaztea, euskeraz jakiteko eskatuko ez duten lanpostuetarako.
5.-Euskera bultzatzeko neurriak jorratzea.
Aipatu arauen arabera, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluei eta ondorengoei jarraiki, ondoko ordenantza onartzea erabaki da:
I. KAPITULUA
Ordenantzaren aplikazio esparruaren gainekoa
1. artikulua. Ordenantza hau Barañaingo Udalean ezarriko da; Barañaingo Udalak ondokoa biltzen du: Udala bera, zentzu hertsian, eta bere menpe dauden ondoko organismo autonomoak.
2. art. Udalaren eskuduntzako zerbitzuetan, gestiorako edozein era erabiliz hirugarrenek emanda, ordenantza honen IV. kapitulua ezarriko da.
II. KAPITULUA
Administrazioen arteko harremanen gainekoa
3. art. Barañaingo Udalak eremu euskaldunetako edo euskera ere hizkuntza ofiziala aitortuta duten beste erkidegoetako administrazio publikoei zuzendutako agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak elebidun idatziko dira, salbuespenak salbuespen.
4. art. Barañaingo Udalak beste eremuetako administrazioei zuzendutakoa ere elebidun idatziko da, pixkanaka, baldin eta beste administrazioak harremanak elebidun hasi baditu.
III. KAPITULUA
Hiritarren eskubideen gainekoa
5. art. Hiritarrek Barañaingo Udalari euskeraz zein gaztelaniaz zuzentzeko eskubidea dute.
6. art. Herritarrek Udalari euskeraz idazten badiote, euskeraz erantzungo zaie. Horretarako, baldin eta euskaraz hizkuntz gaitasuna duen langilerik ez balego, itzulpen zerbitzua erabiliko da; zerbitzuak hiritarrak eskatutakoaren eta berari jakinaraziko zaion udalaren erabaki edo erantzunaren gaztelerazko bertsio ofiziala emango du.
7. art. Herritarrek Udalari euskeraz hitz egiten badiote, euskeraz erantzungo zaie.
8. art. Xede horretarako, 6. eta 7. artikuluei jarraiki, publikoarentzako arretarako lanpostuetan udal langile euskaldunak egongo direla bermatzea helburu izango duen jarduera-plana diseinatu eta garatuko du Udalak, ordenantza honen V. kapituluak dioenari jarraiki.
IV. KAPITULUA
Udalaren kanporako irudia
9. art. Barañaingo Udalak eta bere menpe dauden Organismo autonomoek euskera eta gaztelania erabiliko dituzte hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzeko:
Horregatik, ondokoa elebidun agertuko da:
a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta plaka informatiboak.
b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzekoak.
c) Eraikin, kale eta gune publikoen errotulazioa.
d) Udalaren parke mugikorraren udal sail eta bulegoen errotulazioa eta langileen arropa eta uniformeena.
e) Turisten intereserako tokien, trafiko seinaleen eta zerbitzu-kontrolen seinaleztapen horizontal zein bertikala.
f) Udalak hiritarren eskura jartzen dituen dokumentu eta ereduak, administrazio prozeduren berri ematea helburu dutenak.
g) Udalerriaren irudi instituzionala edo kanporakoa emateko erabiltzen den gainontzeko komunikabide edo formatoak.
10. art. 1. Karteletako osagarri guztiak elebidun agertuko dira.
2. Hiritarrei, orokorki hartuta, zuzendutako udalaren jardueren gaineko propaganda eta informazio-foiletoak elebidun agertuko dira.
3. Kirol, kultur eta antzeko jardueren berri ematen dituzten foiletoetan, esku-programetan, katalogoetan etab.etan honela erabiliko dira hizkuntzak:
a) Informazio orokorreko osagarriak (tokia, data, ordua,...) elebidun agertuko dira.
b) Jarduera beste mintzaira batetaz (ikuste-mintzairaz, musika-mintzairaz, plastika-mintzairaz,...) egiten bada, bi hizkuntzetan emango da horren gaineko informazioa.
c) Aipatutako jardueraren trasmisioa gehienbat ahozkoa bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak,...) jarduera jorratuko den hizkuntzaz idatzi ahal izango dira esku-programak, katalogoak eta abar; jardueran nondik norakoaren laburpena beste hizkuntzaz eginen delarik.
11. art. Publizitatea komunikabideetan.
1. Prentsan jarritako udalaren iragarkiak elebidun agertuko dira.
2. Ikus-entzunezkoetan (irrati zein telebistan) egindako publizitatea elebidun izango da; hizkuntza bat nahiz bestea erabiltzen duten hiztun kopuruen arabera.
12. art. Argitalpenak.
Barañaingo Udalaren eta bere menpe dauden organismoen argitalpenak elebidun egingo dira guztion interesarako baldin badira eta hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzen baldin bazaie, turisten intereserako baldin badira edo Barañainerako izaera enblematiko edo sinbolikoa baldin badute.
13. art. Udalaren beraren komunikabideak (UIB/BIM, esate baterako) eta Udalaren dirulanguntzak jasotzen dituzten horiek:
1. Elebidun egingo dira, baldintza berdinetan, titulu finkoak zein zenbaki batetik bestera aldatzen direnak, erreportaien goiburukoak, etab.ak.
2. Euskerazko laburpen bat egingo zaie gaztelaniaz egindako elkarrizketa, artikulu, etab.ei. Laburpena leiho batean, goiburuan edo egokitzat joko den beste era batean jarriko da, ikusterraz egoteko moduan. Testuaren % 25 eta 30 bitartea bildu beharko du laburpenak.
3. Euskeraz egindako artikulu, elkarrizketa etab.en gaztelaniazko laburpena era berean eta baldintza berdinetan egingo da. Testuaren % 25 eta 30 bitartea bildu beharko du laburpenak.
4. Iragarkiak elebidun, oso-osoan edo partzialki, jartzeko aukera jakinaraziko zaie iragarleei; horretarako, Udalaren beraren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.
V. KAPITULUA
Langileen eta Udalaren barneko funtzionamenduaren gainekoa
14. art. Euskeraz jakitea eskatuko duten lanpostuak zehaztuko dira Udalaren urtebeteko plantilla organikoaren barruan. Aipatu lanpostuak jendaurrean arituko direnenak eta prozedura administratibo arautuekin lotura hertsiak dutenak izanen dira.
15. art. Aurreko artikuluaren xedeetarako, teknikoki gaitua izango den batzordea osatuko da eta bere esku egonen da ondokoa: hiritarrekiko ahozko zein idatzizko harreman estuagoak dituen udal eremuak eta administrazio prozedura ohikoenak aztertzea, aipatu eremu eta prozedurek sartzen dituzten lanpostuen profil linguistikoak definitzea, hiritarrei arreta euskeraz emango zaiela bermatuko duten zirkuitu elebidunak ikertzea eta zehaztutako profil linguistikoan sartu ahal izateko bide eta balibide ezarriko dituen jarduera-plana garatzea. Aipatu helburua gauzatzeko, sei hilabetetik urtebeterako epea izanen du.
16. art. Barañaingo Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan, Ordenantza honen 14. artikuluaren arabera euskaraz jakitea derrigorrez eskatzen dutenetan salbu, euskararen ezagutza merezimendutzat baloratu daiteke. Horretarako, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilerari buruzko uztailaren 4ko 135/99 Foru Dekretuaren 23. artikuluak eta unez uneko indarrean dauden arautegiek ezarritakoari jarraituko zaio.
17. art. Euskeraren balorazioa kontutan hartzea baderitzo, hiritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan deialdiaren (oposaketa gehi lehiaketa) puntu guztien % 5 baloratuko da, eta deialdiaren (oposaketa gehi lehiaketa) puntu guztien % 10 hiritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan. Eta betiere Nafarroako administrazio publikoetan euskeraren erabilerari buruzko uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuaren 23. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio.
18. art. Aurreko artikuluak ezarritakoaren xedeetarako, euskararen ezagutza egiaztatzeko 135/1994 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, eta eginen den profil linguistikoen proposamenean behar bezala zehaztua geratuko da.
Nolanahi ere, euskeraren ezaguera-maila froga bidez egiaztatu behar izatekotan, Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren teknikariengana joko da.
19. art. 1. Euskera ikasi nahi duten udalaren langileei lagundu egingo zaie, ordenantza honek ezarritako helburuak beteko direla bermatzearren.
2. Aipatu helburuak betetzea xede izango duten prestakuntza linguistikorako planak antolatuko ditu Udalak. Planek lan-ordutegia murriztea, dirulaguntzak eta izan litezkeen ordezkapenak aurreikusiko dituzte, Nafarroako Gobernuak ezarrita duen eremuaren barruan.
3. Laguntza eta ezaguerak eskatu ahal izango zaizkie prestakuntza linguistikorako planetan sartutako udalaren langileei eta Udalean lan egin ahal izateko euskeraren ezaguera-maila baloratu zaienei -baita beraien lanbideko edozein fasetan ere-, Barañaingo Udalaren administrazioan egin behar duten lanean eman eta erabiltzeko.
VI. KAPITULUA
Euskararen sustapenaren gainekoa
20. art. 1. Udalaren Euskara Kontseiluak jarduera-programen proposamenak egingo ditu eta euskararen gaineko gaiei buruzko informazio-maila igotzea eta euskeraren erabilera eta ezaguera gizarte-arlo guztietan suspertzea izango dute helburu.
2. Kontseiluaren proposamenak, Euskara Batzorde Informatzailearen bitartez, aurkeztuko dira Udalean.
3. Barañaingo Udalak, adierazpen gisa, Nafarroako Gobernuko ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta,era koordinatu batera, beste udal erakunde batzuekin batera, eskolatze kanpainan, euskera helduei irakasteko matrikulaziorako kanpainan, euskera familiaren barruan trasmititzeko kanpainan, euskera udaletxean erabiltzeko kanpainan, euskerazko eta euskera sustatzen duten aldizkarietan eta udalekuetan hartuko du parte.
21. art. Luis Morondo Udalaren Musika Ikastetxean musika-mintzaira eta edozein instrumentu euskeraz irakasteko eskaintza ahalbidetuko duten beharrezko pausoak emango dira, horretarako prest egon eta gai izango liratekeen irakasle-kopurua irakasle/ikasle ratioa eta kostua/eraginkortasuna erlazioa, beste alderdi batzuen artean, aztertu ondoren.
22. art. Barañaingo Udalak diru-kopurua esleituko du urteko bere Aurrekontuetan, euskera ikastaroetan parte hartu nahi duten udalerriko helduentzat; horretarako urtero plazaratuko den Deialdiaren araberakoa.
23. art. Udalaren Kultur eta Kirol Arloek 3 eta 18 urte bitartekoentzat eskainitako euskerazko jarduera-kopuruak, normalean, bat egingo du euskerazko adarretan eskolatuak dauden aipatu adin bitartekoen proportzioarekin. Era berean, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko dira helduentzako.
24. art. Euskerazko kultur jarduerak eta euskera sustatu nahi dutenak bultzatuko dira eta dirulaguntza emango zaie herri ekimenetik bultzatutakoei.
25. art. Barañaingo Udalak, berarekin elkarlanean jarduten edo hiritarrekin harremana duten zerbitzuen enpresa publiko zein pribatuei, Barañaingo bezeroei igorritako jakinarazpenak, ordainagiriak, inprimakiak, errotulazioa eta informazioa, oro har, elebiz izan daitezela eskatuko die.
26. art. Udalaren Haurtzaindegian, eta 0-3 urte bitartekoentzat LOGSE Barañaingo udalerrian ezartzen den heinean, haurren hezkuntza euskaraz eskatzen duten eskariei erantzuna emanen zaie. Horrela, gurasoek beren seme-alaben hizkuntz eredua aukeratzeko duten eskubide librea bermatuko da. Hezkuntza publikoan ere era berean jokatuko da. Udalaren Ludotekan, Liburutegian eta Gazteriaren Etxean, jarduera elebidunak bultzatuko dira, udal ordenantza honek ezartzen duenaren ildotik.
27. art. Kapitulu honetan aipatutako jarduera eta ekimenak "Euskararen erabilpena udal esparruan normalizatzeko Nafarroako Gobernuak eta zenbait toki entitatek sinatutako Lankidetza Hitzarmena"-ren urteroko garapen programetan azalduko dira.
28. art. Barañaingo Udalak, aldizka, ikerketa eginen du euskaldunen portzentaia jakiteko; horrela, udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko ezagutza hobea izateko eta beraiendako kanpaina bereziak hobe burutzeko. Eta, bere borondatez izena ematen duten hiritarrekin, Barañaingo euskaldunen errolda eginen du, erabateko bermeaz, kanpaina bereziak burutu ahal izateko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ordenantza hau behin-betiko onarpenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 15 egun igarota hasiko da indarrean.
Bigarrena.-Barañaingo Udalaren Euskera Batzorde Informatzaileak, bere proposamenez edo Udalaren Euskera Kontseiluaren proposamenez, ordenantza honen betetzearen segimendua egiteko eta bermatuko duen edozein gairen gaineko proposamenak egiteko ahalmena du.
Iragarkiaren kodea: A0010158