III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
A Z A G R A
Azagrako Udalaren kontu hartzaile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdia
Lehenengo oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Azagrako Udalaren kontu hartzaile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzea da deialdi honen xedea.
1.2. Kontratua administratiboa izanen da eta beranduenez ere lanpostu hutsa jabetzan betetzen denean bukatuko da.
Horiek horrela, izendapenak Azagrako Udalaren zerbitzuko aldi baterako administrazio-kontratudun bihurtuko du izendatua.
1.3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da eta organo eskudunek edozein momentutan aldatzen ahalko dute.
1.5. Hautatzen den izangaiak kontu hartzailetzako eginkizunak beteko ditu eta Ekonomia Alorraren arduraduna izanen da.
1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, Azagrako Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabiltzen ahalko duena, beti ere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.
Bigarren oinarria.-Izangaien beharkizunak:
2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, beharkizun hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea eta nazionalitatez espainiarra.
b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu tituluaren jabe izatea, edo Zuzenbidekoarena, uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 251.2b. artikuluaren arabera.
c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izatea.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beteak izan beharko ditu beharkizun horiek.
Hirugarren oinarria.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Azagrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 15 egun naturaleko epean, azken eguneko eguerdiko ordu bata arte. Azken egun hori baliogabea bada, epea hurrengo egun balioduneko ordu berean amaituko da.
Eskabideek I. eranskineko ereduaren araberakoak beharko dute izan, eta haiekin batera lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.
3.2. Eskabidearekin batera, espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideak kitatzeko 3.000 pezeta ordaindu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da udal diruzaintzan.
3.3. Luzaezina da eskabideak aurkezteko epea.
Laugarren oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Azagrako udalburuak, ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 10 egun baliodunetan, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik egin badute, haiek zuzendu.
4.3. Aipatu epea iraganik eta erreklamazioak ebatzirik, Azagrako udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpena eman eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.
Bosgarren oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
-Mahaiburua: Basilio Sánchez Lasheras jauna, Azagrako Udaleko alkate udalburua
-Ordezkoa: Jesús Murgui Díaz jauna, Azagrako Udaleko zinegotzia.
-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikaria.
-Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikaria.
-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikaria.
-Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikaria.
-Mahaikidea: Jesús Manuel Rosón Lete jauna, Castejongo Udaleko kontu hartzailea.
-Ordezkoa: titularrak izendatzen duen kontu hartzaile bat.
-Mahaikide-idazkaria: María Jesús Hernández Luri andrea, Azagrako Udaleko idazkaria.
-Ordezkoa: Raquel García Pérez andrea, Cadreitako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aurretik eratu beharko da, eta eraketa nahiz gainerako jarduketak baliozkoak izateko, gutxienez ere, kideen gehiengo osoa beharko da.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu proba guztietarako, edo batzuetarako soilik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horretan baino ez dute epaimahaia lagunduko.
Seigarren oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola egin:
6.1. Oposizio-lehiaketa 2001eko urtarrilean hasiko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
6.2. Lehiaketaldia:
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, 12,5 puntu arte gehienez ere, II. eranskinean zehazten denaren arabera.
6.3. Oposizioaldia:
Honako ariketa hauek osatuko dute oposizioaldia:
a) Idatzizko proba teorikoa: III. eranskineko gaietako bi idatziz garatu beharko dira. Gehienez ere 20 puntu emanen dira.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere hamar puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
b) Idatzizko proba praktikoa: Nafarroako Udal bateko kontu hartzaile lanetan ohikoak diren bi kasu praktiko idatziz garatu beharko dira. Kasu horiek IV. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere hamabost puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
6.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Azagrako Udalaren iragarki-oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.
6.5. Izangaiei dei bakarra eginen zaie ariketa bakoitzerako, eta nortasun agiri nazionala daramatela beharko dute agertu.
Zazpigarren oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazio osoaren araberakoa, helaraziko dio Udalari. Bertan, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketa guztietan lortu kalifikazioak batuko dira eta, horrekin batera, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere eginen da. Proposamen hori Azagrako Udalaren iragarki oholean eman beharko da argitara.
7.2. Proposatzen den izangaiak jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epea izanen du Udaleko bulegoetan honako agiriok aurkezteko:
1.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
2.-2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria.
3.-Zin egin edo hitz emandako aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.
4.-Osasun ziurtagiria, karguaren berezko eginkizunak ongi betetzea eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela egiaztatzen duena.
7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.
7.4. Hori gertatuz gero, probak gainditu dituen eta 7.1. atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
Zortzigarren oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautaprobak amaitu eta izangaiak 7.2. oinarrian aipatu agiriak ekarritakoan, Azagrako Udalak, osoko bilkuran, Azagrako Udaleko aldi baterako administrazio- kontratudun izendatuko du, kontu hartzaile lanpostua betetzeko. Ondotik, behar den kontratua sinatuko da.
8.2. Izendatzen den izangaiak 7 eguneko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 7.4. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
Bederatzigarren oinarria.-Errekurtsoak.
Deialdiaren, haren oinarrien eta horiek ekarritako egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat jartzen ahalko da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo eskudunari zuzendua.
b) Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: .............., adinez nagusia, N.A.N. zk.: .........., helbidea: ........., kalea: .........., zenbakia: .... posta kodea: .........., telefonoa: ............
Adierazten dut:
Azagrako Udaleko kontu hartzaile lanpostua, oposizio- lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.
Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.
Deialdian ezarritako ezintasun bakar bat ere ez dudala.
Inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez baztertua izan ez naizela eta eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez nagoela.
Deialdiko 2. oinarrian ezarri titulazioaren jabe naizela.
Eskabideak aurkezteko adierazitako epea bukatzen den egunean behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Horrenbestez,
Azagrako Udaleko kontu hartzaile lanpostua, oposizio- lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.
(Eguna eta sinadura)
II. ERANSKINA
Alegatutako merezimenduak, eskabidearekin batera aurkeztuko diren jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:
1.-Nafarroako toki entitateren batean kontu hartzailetzako eginkizunetan izandako esperientzia edo Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentutik toki entitateendako aholkularitzan lanetan izandakoa: puntu 1 urte bakoitzeko eta gehienez ere 5 puntu.
2.-Bestelako administrazio publikoetako lanpostuetan izandako esperientzia, lanpostu horietan aritzeko deialdi honetarako eskatu titulu berberak beharrezkoak badira: 0,5 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 2,5 puntu.
3.-Administrazio publikoen kudeaketarekin zerikusia duten ikastaroak, gutxienez ere 100 ordukoak: gehienez ere 2,5 puntu.
4.-Erabiltzailearentzako informatikako ikastaroak, lanpostuari aplikatuak: gehienez ere 2,5 puntu.
Egindako zerbitzuak Administrazio Publikoak luzaturiko ziurtagirien bidez egiaztatuko dira. Egindako lanaldia zehaztu beharko da, eta benetan egindako zerbitzu guztiak onartuko dira, kontratazio araubidea zeinahi delarik ere. Zerbitzuak aldi berean egin badira, puntuaziorik handienerako balio dutenak baino ez dira baloratuko.
Esperientzia aldiak urtebetekoak ez badira edo lanaldi osoko lanak ez badira, proportzioa bilatuko da, hilabeteka bilatu ere.
Lehiaketaldian gehienez ere 12,5 puntu erdiesten ahal dira.
Lehiaketaldia bukatutakoan, Azagrako Udaleko iragarki oholean paratuko da ikusgai izangaiek bertan eskuratu duten puntuazioa.
III. ERANSKINA
1. gaia.-Aurrekontuei buruzko oinarri klasikoak. Aurrekontuari buruzko kontzepzio klasikoaren krisia. Oinarri politikoak, kontabilitatezkoak eta ekonomikoak. Aurrekontu mota berriak. Aurrekontuaren ondorio ekonomikoak.
2. gaia.-Toki korporazioen aurrekontu orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren arloetan garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren arabera. Edukia. Betearazpen oinarriak, eranskinak, prestaketa, izapidaketa, onespena, argitalpena eta indarra hartzea. Aurrekontuetako aldaketak.
3. gaia.-Toki korporazioen aurrekontuen egitura, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen egituraren arloan garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren arabera. Kontzeptu orokorra. Dirusarrera eta gastuen sailkapena.
4. gaia.-Finantza-kudeaketaren kontrola. Kontrol motak, administrazio kontrola. Kanpoko kontrola edo jurisdikzionala. Kontrol politikoa edo parlamentarioa.
5. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Barreneko fiskalizazioa. Fiskalizazio organo eta prozedurak. Kontu hartze eta diruzaintza eginkizunak. Esparrua eta edukia.
6. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Kanpoko fiskalizazioa. Nafarroako Kontu Ganbera. Eskumenak, eginkizunak, osaketa.
7. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Eskubide publikoko dirusarrerak eta eskubide pribatuko dirusarrerak. Kontzeptua eta motak. Prezio publikoak. Kreditu eragiketak. Isun eta zehapenak.
8. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Tributu baliabideak, tasak, kontribuzio bereziak, zergak eta errekarguak.
9. gaia.-Toki ogasunen baliabideak. Foru Komunitateko tributuetan parte hartzea. Transferentzia arruntak. Kapital-transferentziak. Tokiko obra eta azpiegituren hirurteko plana. Dirulaguntzak.
10. gaia.-Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Tributuez besteko baliabideak: herrilurretako aprobetxamenduak, urbanizazio kuotak, bestelako prestazioak.
11. gaia.-Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoa. Egitura eta edukia. Haren ondoriozko printzipioak. Toki Administrazioan dituen oihartzunak.
12. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/88 Foru Legea. Finantza eragiketak. Diruzaintza, kontrol eta kontabilitatea.
13. gaia.-Nafarroako toki administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.
14. gaia.-Nafarroako toki administrazioaren kontratuak. Izaera eta motak. Administrazio kontratua. Kontratuen osagaiak. Baliozkotasuna eta baliogabetasuna.
15. gaia.-Kontratazio prozedura. Kontratua prestatzeko prozeduraren oinarriak. Kontratazioaren bermeak.
16. gaia.-Toki entitateen ondasunak. Kontzeptua eta motak. Ondasunen sailkapen juridikoaren aldaketa. Inbentarioa: eraketa, egitura eta prestaketa.
17. gaia.-Tributuak kudeatzeko prozedura: xedapen orokorrak. Tributuen ezarpena. Izapidaketa eta likidazioa. Egiaztapena eta ikerketa.
18. gaia.-Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. Preskripzioa. Zorrak iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak. Entitate laguntzaileak.
IV. ERANSKINA
1. gaia.-Kapitalizazio soil eta konposatuko erregimeneko finantza-eragiketak. Zati-denboretarako bihurketak.
2. gaia.-Deskontu soil eta konposatuak. Kapitalizazio konposatuko erregimeneko kapital baten egungo balioa. Kapitalizazioko batez besteko balioak. Kapitalizazio konposatuko kredituen ordezkapena. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Korrituen hainbesteko baliokideak eta deskontuak, osoak eta zatikatuak.
3. gaia.-Errenta benetako, finko eta aldakorrak, progresio aritmetiko eta geometrikoan.
4. gaia.-Errenta finko eta aldakorren bidez amortiza daitezkeen maileguak. Aitzinduriko korrituak eta amortizagarriak dituzten maileguak, Amerikako sistemaren bidezkoak. Jesapen arruntak, primadunak, lotedunak eta azken kupoia ordaindu gabeak. Errenta aldakorren bidez amortiza daitezkeen jesapenak eta urtero aldatzen den efektiboaren bidez haren guztirakoak amortizatzen direneko jesapenak. Jesapenen bihurketa.
5. gaia.-Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.
6. gaia.-Kontabilitate publikoa: funtsezko oinarriak. Sektore publikoa. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Kontabilitate publikoaren faseak.
7. gaia.-Toki administraziorako kontabilitate instrukzioa. Kontabilitate eragiketak. Dirusarreren aurrekontuko kontabilitatea. Gastuen aurrekontuko kontabilitatea. Beste eragiketen kontabilitatea: ibilgetua; kreditu eragiketak; beste ente publiko batzuen baliabideen administrazioa; bestelako eragiketak.
8. gaia.-Eman beharreko kontuen egoerak eta eskuratu beharreko informazioa. Aurrekontuen emaitzaren eta diruzaintzako gerakinaren kalkulua. Kontu orokorra. Toki entitatearen eta haren erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Merkataritzako sozietateen kontuak. Entitatearen osoko bilkurarendako eta kudeaketa organoendako argibideak.
9. gaia.-Toki administrazioaren kontabilitatea. Kontzeptu eta helburuak. Aurrekontuetako aurreikuspenak. Eskubide nahiz beharkizunen onarpena eta likidazioa. Dirusarreren bilketa eta gastuen ordainketa. Dirusarrera eta gastu espedienteen azterketa fiskala. Aurrekontuaren likidazioa.
Azagran, bi milako urriaren hogeian. Alkatea, Basilio Sánchez Lasheras.
Iragarkiaren kodea: A0009790