III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
B E L A S K O A I N
Ordenantza fiskalen behin betiko onespena
Udalak ondotik zehazten diren ordenantzak onetsi zituen, 2000ko ekainaren 24an. Erabakia irailaren 4an argitaratu zen, 2000ko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, baita Herriko Etxeko iragarki oholean ere, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamaziorik ez alegaziorik aurkeztu.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12 eta 13. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz, behin betikoz onetsirik gelditu dira ondoko ordenantzak.
Belaskoainen, bi milako urriaren hemezortzian. Alkatea, sinadura ulertezina.
ORDENANTZA FISKALA, TOKI ERAKUNDEAREN JABARI PUBLIKOKO LURZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Ordenantza hau ondokoetan xedatutakoaren babesean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 93. eta hurrengo artikuluak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 100. eta hurrengo artikuluak, eta 2/1995 Foru Lege eta 6/1990 Foru Lege aipatu berriak aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea.
2. art. Zergagaia dira toki entitateko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak eta gisakoak, betiere eremu publikoan edo toki entitatearen jabari publikoko lurretan ezartzen badira.
3. art. Zerga hau ordaintzeko beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da. Udalaren nahitaezko lizentziarik lehenagotik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agin daiteke.
4. art. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta toki entitateko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.
5. art. Zerbitzua ustiatzen duen enpresak udal mugapean urtero eskuratzen duen fakturaziotik heldu den dirusarrera gordina, horra zerga-oinarria.
6. art. Eskuratutako dirusarrera gordinari %1,50 aplikatuz finkatuko da tasaren zenbatekoa.
7. art. Ordenantza honen menpe zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek behar den lizentzia eskatu beharko dute, eta gainera, zerbitzua ustiatzeko obraren bat egin behar badute, behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.
8. art. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin ekartzen ahal badu toki entitatearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, tasa ordaintzeaz gain, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere. Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.
Gordailua indarra duen araudia urratzeagatik edo lizentziaren baldintak ez betetzeagatik ezarritako zehapenak ordaintzeko erabil daiteke. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko adostasun txostena, eta hartan adierazi indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete direla eta obra behar bezala egin dela.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak, aitzineko Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak eta orokorrean aplikatzeko diren gainerako arauek xedatutakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.-Ordenantza honen eragina bi milako urtarrilaren lehenetik aitzinekoa da.
ETXEBIZITZAK ERAIKI ETA ZEHARBERRITZEKO LAGUNTZEN ERREGELAMENDUA
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea dirulaguntzak arautzea da, hirigunearen barnean etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko eta biltegiak eta gisakoak etxebizitza bilakatzeko. Halakotzat hartuko dira bai etxe berriak eraikitzeko lanak, bai sendotze, konpontze eta modernizatzekoak, baita, estetikoki nahiz barne espazioen banaketari dagokionez, bizigarritasun baldintzak hobetzekoak ere, zernahi den haien erabilera.
2. art. Baldintzak.
Ondoko baldintzak betetzen dituzten bizlagunak izanen dira laguntzen onuradun:
A) Adinez nagusi izatea.
B) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea.
C) Udalarekiko betebehar fiskalak eguneraturik izatea.
D) Memoria eta obraren exekuzio materialerako aurrekontua aurkeztea.
E) Udalaren obra lizentzia eskuratzea eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu izana.
3. art. Laguntza mota.
Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa hiru puntukoa izanen da obraren exekuzio materialerako aurrekontuaren gainean, aurrekontu arruntean horretarako jarritako kontusailaren kontura.
4. art. Laguntzak eskuratzea.
Lehenago hirilurraren gaineko kontribuzioan inskribaturik ez bazegoen, horretarako eskabidea aldez aurretik aurkeztuta eskuratuko dira laguntzak, eta harekin Udalak eskatzen dituen agiriak ere aurkeztuko dira.
Obra bukatuta, Udalaren teknikariak obra burutua aztertuko du, behar diren frogapenak egiteko. Agiri bat ere eskatzen ahalko du, obra eta inbertsioa nola egin diren modu arrazoizkoan eta behar adinakoan jasoko duena.
Udalak edozein frogapen egin nahi badu, onuradunak men egin beharko dio. Uko edo traba egiteak bildutako eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea ekarriko du.
5. art. Baliabide ekonomikoak.
Aplikatzen ahal diren udal baliabideak Udalaren aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira.
6. art. Eskumena.
Alkateak izanen du eskabideak erregelamendu honetako arauen ariora ebazteko eskumena. Txosten bat egin beharko du eskatzaileak laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela dioena, eta dirulaguntza ematea ebatziko du.
7. art. Ondorioak. Ordenantza hau 2000ko ekitaldian aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: A0009646