III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I R U R T Z U N
Behin betiko onespena ordenantzari
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa betetzeko, argitara ematen da Enplegua sustatzeko Udalaren ordenantzaren testu osoa. Ordenantza hori Irurtzungo Udalak 2000ko uztailaren 28ko osoko bilkuran hasiera batez onetsi, 2000ko 103. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 25ekoan, argitaratu eta Irurtzungo Udalak berak, 2000ko urriaren 6an egin osoko bilkuran behin betikoz onetsi zuen.
Irurtzunen, bi milako urriaren hamaseian. Alkatea, Eduardo Murugarren Francés.
ENPLEGUA SUSTATZEKO UDALAREN ORDENANTZA
Ordenantza honen xedea da enpresa proiektuak sustatu eta bultzatzea, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sortzeko Irurtzungo Udalaren mugapean.
Enpleguaren egungo politikaren aitzinean eta ABLE enpresak ugaritzeak herri honetako enpleguari bereziki eragiten dionez, Udal honek enpresa inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko eta herri honetako ekimenak garatzeko asmoa du. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, bere finantza- baliabideak erabiliz eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko apostu garbi, berrizale eta ernearazlea eginez, hemengo ekimena bultzatu nahi du, hartan oinarri izanen direlarik fondo galduko dirulaguntzak ematea herriko bizilagunei kontratu mugagabeak egin dakizkieten eta industri lurzati publikoak besterentzea, herrian bertan ekimenak garatu daitezen.
1. artikulua. Irurtzungo Udalak dirulaguntzak emanen dizkie besteren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.
2. art. 2.1. Eskabidea egiten dutenetik urteko epean, besteren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresek eskuratzen ahal dituzte laguntza hauek. Kontratuek mugagabeak izan behar dute eta lanaldi osokoak. Halaber, aipatu kontratazioek enpresan ordutegi osoa duten langile finkoen kopuruari handitze garbia ekarri behar diote baina, inolaz ere, beste enpresa bateko langile finko baten enplegu aldaketaren ondorioa izan.
2.2. Laguntza hauek eskura ditzakete Irurtzungo industrialdean kokatzen diren enpresek edota herrian jadanik daudenek, beti ere plantilla ere handitzen bada eta kontuan hartu gabe instalazioak handitzen dituzten.
2.3. Laguntza hauek eskura ditzakete herriko hirigunean jarduten duten enpresek, industrialdera aldatzen badira.
2.4. Halaber, laguntza hauek eskura ditzakete Irurtzungo udal mugapean langabezian izanik autonomo gisa ezartzen diren langileek, banaka nahiz sozietate zibil irregularretan eraturik, eta bazkide-langile direnek, sozietate mugatuetan, sozietate anonimoetan, lan- sozietateetan edo kooperatibetan.
3. art. 3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa 100.000 pezeta izanen da herriko bizilagunen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta kontratatua guttienez ere kontratazio eguna baino urte bete lehenago baldin badago herrian erroldaturik, hori guztia 2.1 artikuluko eskabideei dagokienez.
3.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa 200.000 pezeta izanen da herriko bizilagunen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta kontratua Udal honek diruz laguntzen dituen Oinarrizko Errenta edo Enplegu Babestua izeneko programen bidez egiten bada, aitzineko artikuluko baldintzetan.
Dirulaguntza hori 300.000 pezeta izanen da herriko emakumezkoen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta kontratua Udal honek diruz laguntzen dituen Oinarrizko Errenta edo Enplegu Babestua izeneko programen bidez egiten bada.
3.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa 200.000 pezeta izanen da herriko emakumezkoen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta kontratatua guttienez ere kontratazio eguna baino urte bete lehenago baldin badago herrian erroldaturik, hori guztia 2.1 artikuluko eskabideei dagokienez.
3.4. Autoenplegurako laguntzak-Onuradunak: Irurtzungo Udalak diruz lagunduko ditu langabezian dauden pertsonak, beren kontura ezartzen badira, nahiz banaka nahiz elkarturik sozietate zibil irregularretan. Halaber, diruz lagunduko ditu sozietate mugatuetan, sozietate anonimoetan, lan sozietateetan eta kooperatibetan eratzen diren langile-bazkideak, Irurtzungo udal mugapean ezartzen badira. Pertsona onuradunek erroldaturik egon beharko dute Irurtzunen, guttienez, jardueran hasi baino urte bat lehenagotik, hau da JEZkoan alta hartzen den egunetik hasita.
Laguntza mota eta zenbatekoa.-Dirulaguntza fondo galdura izanen da, betiere aurrekontuko kontsignazio eskuragarrien arabera, eta langile autonomo edo aipatu sozietateetako bazkide bakoitzeko 100.000 pezeta.
Dirulaguntzaren zenbatekoa 200.000 pezetakoa izanen da langile autonomo edo aipatu sozietateetako bazkide bakoitzeko, horiek emakumezkoak direnean.
3.5. Hona hemen Irurtzungo industrialdean ezartzen diren enpresa berrientzako dirulaguntzen zenbatekoa:
a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 300.000 pezetakoa izanen da lau lanpostu baino gehiago sortzen dituzten enpresentzat, plantillaren ehuneko 50, guttienez, herrian erroldaturik badaude.
b) Dirulaguntzaren zenbatekoa 400.000 pezetakoa izanen da sei lanpostu baino gehiago sortzen dituzten enpresentzat, plantillaren ehuneko 50, guttienez, herrian erroldaturik badaude.
c) Dirulaguntzaren zenbatekoa 500.000 pezetakoa izanen da hamar lanpostu baino gehiago sortzen dituzten enpresentzat, plantillaren ehuneko 30, guttienez, herrian erroldaturik badaude.
Udalaren osoko bilkurak alda ditzake arestiko zenbatekoak, dirulaguntzak 500.000 pezetako muga gainditu gabe, betiere enpresa hori jartzeak herriarentzat berebiziko garrantzia duela uste bada, hori guztia Irurtzungo Udal Planeko 1998ko azaroko Informazio Txosteneko 3. puntuan, "Jarduera ekonomikoa eta produktiboa" izenekoan, eman aginduei jarraikiz.
3.6. Aitzineko 2.3 artikuluko kasuetarako dirulaguntzak 1.500.000 pezeta bitartekoak izanen dira.
3.6.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa bi aldagarriren ariokoa izanen da:
1.-Jarduerak sorrarazten duen enplegua.
2.-Lekualdatzeak dakarren onura.
3.7. Aitzineko 3.1, 3.2, 3.3 eta 3.4, 3.5 eta 3.6 artikuluetan bildutako dirulaguntzek muga izanen dute, hain zuzen ere Udalaren aurrekontuan urtero horretarako ematen den zenbatekoa.
4. art. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 134.2 artikuluan xedatutakoaren babesean, eta industri eta enplegu alorretako herriko ekimenak bultzatu nahian, Irurtzungo Udalak bidea erraztuko die herrian kokatuak diren enpresei, hala eskatzen badute, industri lurzoru publikoak eros ditzaten. Adjudikatzeko baremoa honako agindu hauei lotuko zaie:
a) Industri jarduerak azkeneko bost urteetan izan duen hazkundea: bi puntu lanpostu berri bakoitzeko, 1995eko urtarrilaren batetik kontatuta.
b) Plantillako langileen kopurua, eskabidea egin baino, guttienez, urtebete lehenago: hiru puntu langile finko bakoitzeko eta puntu bat sei hilabetetik goitiko kontratu bakoitzeko.
c) Lekualdatzea, hirigunetik ateratzeko: bost puntu.
4.1. Eskabidea egiten duten enpresek izanen duten lurzoru erabilgarria honelaxe banatuko da: 150 metro koadro langile finko bakoitzeko eta 50 metro koadro aldi baterako langile bakoitzeko, enpresan, guttienez, sei hilabeteko antzinatasuna badute.
Nolanahi ere, enpresa bakoitzak gehienez ere 400 metro koadro garbi har ditzake.
4.2. Aitzineko puntuan azalduriko industri eremu publikoa besterenduko da, betiere eskabidea egiten den unean Udalak jabetzan duen industri eremuaren arabera. Hortaz bada, Udalak beretzat gordeko du adjudikatzeko metro koadroetan doikuntzak (gorantz nahiz beherantz) egiteko eskubidea, lurzorua hobeki eta erabat aprobetxatu ahal izateko.
Udalaren osoko bilkurak aitzineko 4.1 artikuluko zenbatekoak alda ditzake, enpresak herriarentzat berebiziko garrantzia duela uste badu, Irurtzungo Udal Planeko 1998ko azaroko Informazio Txosteneko 3. puntuko aginduen arabera.
4.3. Industri eremuaren balio justua urtero finkatuko da, Udaleko teknikari batek eginen duen balorazio teknikoaren bidez.
4.4. Prozedura uneoro doituko zaie 122. artikuluari eta hurrengoei, Toki Ogasunei buruzko Ondasunen Erregelamenduko 128.2.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
5. art. Aitzineko 2.1 eta 2.2 puntuetan azaldutako laguntzetarako eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira 30 egun balioduneko epean, kontratazioa egiten denetik hasita, eta horretarako langilearen jatorrizko kontratuaren kopia eta inbertsioaren edota jarduera deskribatzen duen txostena ere aurkeztu beharko dira.
Aitzineko 2.4 puntuan azaldutako laguntzetarako eskabideak Udaletxean aurkeztu beharko dira 30 egun balioduneko epean, JEZren dagokion epigrafean alta ematen den egunetik hasita.
Azaldutako gainerako laguntzetarako eskabideak inbertsioaren edo jardueraren aurreproiektuarekin eta deskripzio-txostenarekin aurkeztu beharko dira.
6. art. Udalak espedienteak aztertuko ditu eta horiek ebazteko beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatzen ahal du. Dokumentazio hori ekartzeko 10 egun balioduneko epea egonen da, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, espedientea besterik gabe artxibatuko da.
7. art. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesteak hura eta hemendik aitzina enpresak aurkez ditzakeenak ukatu edo deuseztatzea ekarriko du hamar urtetan.
8. art. Gehienez ere 30 eguneko epean, Udalaren osoko bilkurak ebatziko ditu industri eremu publikoa erosteko eskabideak, ordenantza honetako 4. artikuluan zehazten baitira. Lehenbiziko eskabidea jasotzen den unean hasiko da epea, eta epe horretan eskabide gehiago jasotzen bada, horiek atenditu eta ebatziko dira lehenbiziko eskabideak irekitako epearen arabera, eta berdin ondoko eskabideekin. Udalaren eta enpresaburuaren arteko kontratua sinatuko da, eta bertan nahi adina baldintza edo betebehar sartzen ahal dira, emandako dirulaguntzak hobeki aprobetxatzearren.
9. art. Aitzineko 3.1, 3.2 eta 3.3 puntuetako dirulaguntzak ordainketa bakarrean eginen dira, eta aldez aurretik hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazio liburu ofizialak, TC1 eta TC2 eredukoak, kontratazioa egin aitzinekoak eta ondokoak, eta Foru Ogasunarekin, Lizentzia Fiskalarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeheharrak eguneraturik daudelako agiriak.
Aitzineko 3.4 puntuko dirulaguntzak ordainketa bakarrean eginen dira, eta aldez aurretik Gizarte Segurantzako kotizazio liburu ofizialak eta Foru Ogasunarekin, Lizentzia Fiskalarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeharrak eguneraturik daudelako agiriak ere aurkeztu beharko dira.
Aitzineko 3.5 eta 3.6 puntuetako dirulaguntzak ordainduko dira eskabidea egin duen enpresaren jardueraren gaineko espedientea ebatzi ondoren, eta gehienez ere urtebeteko epean.
10. art. Aitzineko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz diruz lagundu den kontratu baten langileak kontratua bete baino 37 hilabete lehenago uzten badu enpresa onuraduna, baja egin eta ondoko hogeita hamar egun balioduneko epean, beste langile bat paratu beharko da haren ordez, kontratu aldetik ezaugarri berberak izanen dituena, eta hasiera batean laguntza hauek eskuratzeko ezarritako baldintzak dituena. Horrela egiten ez bada, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzuliko da.
Dirulaguntza jaso duen pertsona aitzineko 2.4 puntuan xedatutakoaren araberakoa baldin bada, aitzineko idatz- zatiko epe berbera izanen da, eta dirulaguntza itzuli beharko du jardueratik gelditzen bada.
11. art. Halaber, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzuli beharko da, lan-kontratu mugagabea duten langileen plantilla murrizten bada.
12. art. 37 hilabetetan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzako kotizazio liburuen TC1 eta TC2 ereduen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dizkio Udalari seihileko guztietan. Zer entitatetan egin diren behar ziren dirusarrerak, harexek zigilatu beharko ditu kotizazio liburu horiek ere.
13. art. Irurtzungo Udalak bidezko juzgatzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian- aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.
14. art. Laguntza hauen onuradunek ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioz dituzten betebeharrak ez betetzeak onartutako dirulaguntzak kendu edo deuseztatzea ekarriko du, baita, dirulaguntzarik bilduz gero, Udalari itzuli beharra. Horretarako hilabeteko epea egonen da deuseztapena jakinarazten denetik.
15. art. Lurzatietan inolako eraikuntzatan hasi baino lehen, industri eremu publikoa erosi duen enpresa onuradun batek eremu hori nahi ez badu, Irurtzungo Udalak beretako gordetzen du atzera eskuratzeko eskubidea, hasierako salmentaren prezioan, gehi dagozkion KAPIren indizeak.
Jarduera eskualdaketetan, industri eremu publikoa erosi duten enpresa onuradunek aldez aurretik hori jakinarazi beharko diote Irurtzungo Udalari.
16. art. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: A0009535