137. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D O N E Z T E B E

Baldintza orokorren plegua

Udalak emandako obra lizentziak baldintza hauei lotuko zaizkie:

1. Lizentzia emana dela ulertuko da jabetza eskubidea izan ezik eta betiere hirugarrenik kaltetu gabe, eta nork bere jardueretan lorturiko etekinak ezin izanen ditu erabili bere erantzukizun zibil edo penala ekiditeko edo arintzeko.

2. Jabeak egungo lege nahiz ordenantzetan segurtasun publikoari begira ezarritako neurriak oro hartuko ditu. Era berean, ezin izanen dira jarri pasabideak edo ur bideak oztopatzen dituzten materialak, aldamioak edo edozein motatako objektuak.

3. Baimentzen diren obren inguru hurbilean telefono harien instalazioak, ur hodiak edo beste edozein zerbitzu publikotako instalazioak badaude, onuradunak horren berri emateko beharra du, delako zerbitzu publiko horretan sortzen ahal diren kalteak saiestearren. Era berean, arrazoi horrengatik sorrarazten diren gastuak ordaindu beharko ditu eta baimendutako obraren ondorioz kaltetzen diren hirigintzako elementuak behar bezain ongi lehengoratu.

4. Lerrokadurak eta sestrak behar dituzten obrak abiarazteko ezinbestekoa izanen da udal teknikariak aldez aurretik "hari-lerroa" egitea, eta hori agiri bereizi batean jasoko da, Zuinketaren Aktan alegia.

5. Lizentzia emateko erabakian zehaztutako epeen barnean hasi eta bukatuko dira obrak.

6. Obraren jabeak edo kontratistak udal teknikariei baimena ematen diete Udalak egoki juzkatzen dituen ikuskapenak egiteko.

7. Obrak iraun bitartean ezin izanen da pertsonen ibilera edo ibilgailuen trafikoa eragotzi inolako objektu edo aldamiorekin.

8. Era berean, etxe berriko obrak edo kanpoaldea ukitzen duten berrikuntzakoak hasi aurretik, hesia paratuko da, betiere Udalak dioenaren arabera.

9. Obra bukatutakoan Udalari jakinaraziko zaio, udal teknikariak egiaztatu dezan lanak emandako baimenari lotzen zaizkion ala ez. Ikuskapen hori egin eta behar den ziurtagiria ematen ez den bitartean, ezin izanen da ez etxebizitza gaitu ez lokala merkataritzarako edo industriarako egokitu.

10. Klausula hauek hausten badira, zehapen ekonomikoaz gain lizentziaren iraungipena etorriko da.

11. Fatxadak xaflak, zenbakiak eta Udalak ezartzen dituen euskarriak dohain jartzeko zortasunari lotuta daude, eta zehaztuko den moduan ipiniko dira.

12. Teilatu eta azoteetako euri urak nahiz hondakin urak Udalbatzak ezarri moduan bideratuko dira, eta beti galaraziko dira eremu publikora zuzenean doazen isurketak eta usain txarreko jarioak, eta gainera, behar bezala bildu eta, teilatu-hodien bitartez, saneamenduko sare publikora bideratuko dira.

13. Hondakin urak, usain txarreko jarioak eragozten dituzten hodi iragazkaitzen bitartez, saneamenduko sare publikora bideratuko dira.

14. Lizentzia honek ez du biderik ez eskubiderik ematen eremu publikoa hesi edo obra-hondakinekin okupatzeko ezta garabiak, pasabideak, iraunkorrak izan ala ez, eta halakoak instalatzeko ere; obra dela-eta horietarako lizentziak behar direnean, propio eskatu beharko dira, betiere obra lizentziaz gain.

15. Doneztebeko Udal Planean zehaztutako berariazko baldintzak ere hartu beharko dira kontuan, 1998ko maiatzaren 29an hartu baitzuen indarra Plan horrek, Hirigintzako Araudia, berriz, 1998ko abuztuaren 26an, 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zelarik.

16. Obrak hasi aurretik, interesatuak ur hornidurarako alta eskatu eta behar den kontagailua paratu beharko du. Udal zerbitzuek gailu hori ikuskatuko dute, Ur hornidura eta gisako beste zerbitzu batzuk emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak aurreikusitakoari jarraikiz (1996ko abenduaren 31n, 159. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argiraratu baitzen). Baldintza hori bete ezean, ez da ur sarerako lotura baimenduko.

Joaquín Duque Ibarrondo Doneztebeko Udaleko idazkaria naizen honek.

Honako hau ziurtatzen dut:

Doneztebeko Udalak ematen dituen obretarako udal lizentziak lotuko dituzten baldintza orokorren plegu hau Udalak 1998ko irailaren 29ko osoko bilkuran onetsi zuela eta 2000ko irailaren 29ko erabakiaren bidez aldatu zela, eta indarra hartuko duela erreklamazioetarako epea bukatu eta biharamunean, hau da, plegu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun igarotakoan, betiere erreklamaziorik aurkezten ez bada.

Eta jasota gera dadin, alkatearen aginduz honako hau luzatzen dut, Udalarenarekin ikus-onetsia eta zigilatua baitago, Donezteben, bi milako urriaren bian. Alkate udalburua, Miguel San Miguel Azpiroz. Idazkaria, Joquín Duque Ibarrondo.

Iragarkiaren kodea: A0010089