137. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Deialdia, Barañaingo Udaleko administrari-ofizial izateko bortz lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko

Gobernu Batzordeak hilaren 11n egin bilkuran harturiko erabakiaren ondorioz onetsi da ondotik ematen den deialdia, Barañaingo Udaleko administrari-ofizial izateko bortz lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko bortz lanpostu betetzea da deialdi honen xedea, eta horretarako oposizio murriztua erabiliko da Udal beraren lan-kontratudun finkoen artean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluak aurreikusten baitu. Destinoa alor hauek dira: hezkuntza, ekonomia eta ogasuna, gizarte ongizatea, kultura eta kirolak.

1.2. Deialdiko lanpostuek Barañaingo Udaleko maila bereko langileei dagozkien ordainsariak izanen dituzte.

1.3. Urteko lanaldia Udaleko gainerako langileek duten bera izanen da.

1.4. Izendatuek, beren ekimenez eta beren erantzukizun murriztuaz deialdiko mailari nahiz kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkien lanak eta eginkizunak betez eginen dute beren zerbitzua. Gaurdaino zituzten eginkizunak izanen dituzte beren gain, eta horiez landa beren lanbide-talde berriari dagozkionak eta, oro har, beren eginkizunen barnean manatzen dizkieten egiteko guztiak.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Txanda murriztuko hautaprobetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Barañaingo Udaleko lan kontratudun finkoa izatea.

b) Beharrezko titulazioa, hots, goi mailako batxilergoa, bigarren mailako lanbide heziketa edo baliokidea izatea eta gutxienez ere bortz zerbitzu urte eginak izatea administrazio publikoen edo haien erakunde autonomoen barnean.

c) Administrari laguntzaileen lanpostu baterako izendatua izana.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszendentzian ez egotea.

e) Behar diren hautaprobak gainditzea.

b) letran aipaturiko baldintzen ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna frogatzen ahalko da.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Oposizioan parte hartu nahi dutenek Barañainko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dute eskabidea, hilabeteko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabidearekin batean izangaiak deialdiaren 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Interesatuek behin-behineko zerrenda argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean erreklamazioak egiten ahalko dituzte.

4.3. Alkatetzak aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, oposizioaren probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren adieraziko delarik.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia ondokoek osatuko dute:

Mahaiburua: Joaquín Olloqui Osés jauna, Barañaingo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Lehen mahaikidea: David Iriarte Aguirre jauna, Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Bigarren mahaikidea: Félix García Fernández jauna, Barañaingo Udaleko kontu hartzailea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Hirugarren mahaikidea: Jesús García Martínez jauna, Barañaingo Udaleko udaltzainburua.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Laugarren mahaikidea: enpresa batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: enpresa batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Teodoro Domeño Elarre jauna, Barañaingo Udaleko idazkaria, hizpidea duela baina boto eskubiderik ez.

5.2. Epaimahaiak hautaprobak egin aurretik eratu beharko du eta ezin izanen du jardun gutienez kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak deialdi honen arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak gehiengoz ebatziko ditu.

6. oinarria.-Oposizioaldia.

6.1. Ariketa praktikoa, bi probak osatuko dutena. Lehenbizikoan kasu praktiko bat argitu beharko da, gehienez ere ordubetez, bete nahi den lanpostuaren alorreko gai baten gainean.

Bigarrenean agiri bat egin beharko da ordenagailuan. Haren edukia epaimahaiak erabakiko du. Ordu bete iraunen du gehienez.

Ariketa honetan 30 puntu emanen dira gehienez, 15 ariketa bakoitzeko. Izangaiek gutienez ere 8 puntuko kalifikazioa erdietsi beharko dute proba bakoitzean, gaitzat hartuko badituzte.

6.2. Ariketa teorikoa: test motako azterketa bat, 30 galdera izanen dituena II. eranskineko gaien gainean. 90 minutu iraunen du gehienez eta hiru erantzun okerreko erantzun zuzen bat kenduko da.

Ariketa honetan 30 puntu emanen dira gehienez. Izangaiek gutienez ere 15 puntuko kalifikazioa erdietsi beharko dute proba bakoitzean, gaitzat hartuko badituzte.

7. onarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Oposizioko ariketak puntuatu ondotik, epaimahaiak deialdia iragarri duen organoari aurkeztuko dio probak gainditu dituzten eta deituriko lanpostuetan sartzen diren izangaien izendapen proposamena, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

8. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautaprobak bukatutakoan, alkateak izendapen proposamenean adierazitako izangaiak izendatuko ditu.

8.2. Izendapenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

8.3. Izendatzen diren izangaiak izendapena jakinarazi eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barrenean jabetuko dira lanpostuaz.

8.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetzen ez direnek esleitzen zaien lanpostuan aritzeko eskubideak galduko dituzte. Hala gertatzen bada, deialdia iragarri duen organoak, izendapen proposamenean emandako zerrendako izangaiekin, halakorik baldin bada, beteko ditu sorturiko hutsuneak, betiere erdietsitako puntuazioaren arabera.

9. oinarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdiaren edo haren oinarri guztien nahiz bakar baten aurka paratzen ahalko dira:

1.-Berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazpenaren ondoko hilabetean eta aukeran, deialdia egin duen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua); horren ondorioz, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izanen da ez gora jotzeko errekurtsoa ez administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurreko hori ebatzi edo ustez atzera bota arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin berriz errekurtso hori bera paratu.

2.-Gora jotzekoa, jakinarapenetik hilabeteko epean eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, gora jotzekoa espreski ebatzi edo ustez atzera bota arte.

3.-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jakinarazpenaren biharamunetik bi hilabeteko epean, jurisdikzio horretan eskudun den organoari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Barañainen, bi milako urriaren hamaikan.

I. ERANSKINA

Izena: ........................, adinez nagusia, N.A.N. ................, jaioteguna: ............., sorlekua: ............. bizilekua: .............., telefonoa: ...........

Zure aitzinera agertzen naiz eta hau diot:

Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostuak oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Eskaturiko tituluen jabe naizela.

Eskaturiko baldintza guztiak biltzen ditudala, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut: Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostuak oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

II. ERANSKINA

Ariketa teorikorako gai-zerrenda

1.-Administrazio publikoen organoak.

2.-Administrazio publikoen jarduera eta jarduketa administratiboak.

3.-Guztiendako administrazio prozedura eta errekurtsoak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraikiz.

4.-Agirien erregistroa, administrazio espedienteak, interesatuak, adierazpenak eta jakinarazpenak toki erakundeen araubidearen arloko araudiari jarraikiz.

5.-Barañaingo Udalaren ordenantzak: ideia orokorra.

Barañainen, bi milako urriaren hamazazpian. Alkatea, Joaquín Olloqui Osés.

Iragarkiaren kodea: A0009642