Iragarkia
137. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 13a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 2000ko urriaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Onesten du Udalez gaindiko "Sarrigurengo Ekohiria" Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatua.
I.-Aurrekariak.
2000ko maiatzaren 22an Nafarroako Gobernuak erabaki zuen, Nafarroako Gobernuko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatutako "Sarrigurengo Ekohiria" Proiektua Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea eta aldi berean, gutxienez hilabeteko epean, jendaurrean eta udalerria ukitzen dion Toki Entitatearen entzunaldian jartzea.
Erabaki hori 2000ko ekainaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (71. zk.).
UPS honen xedea bertan mugatzen den esparrua antolatzea da, funtsean egoitza eta dotazioen arloko zenbait egintza eta merkataritza eta aisialdiko jarduketa batzuk garatzeko; kontuan hartuz egintza horiek handiak, garrantzitsuak eta bereziak direla, kokatzen diren udalaren esparrua gainditzen dute.
"Sarrigurengo ekohiria" Campamento Mendiak, Ekialdeko Ingurubideak eta Arangurengo errepideak inguratzen duten lurralde batean eginen da; eskualdearen ikuspegitik leku estrategikoan, Mendillorri, Gorraitz eta Badostainekiko ekidistantzian kokatzen da eta errepide horietatik irispidean.
Alboetan malkar bana du, Karrobide eta Barranco Grande deriztenak, eta muino leun batean dago. Goreneko aldean kokatzen da Sarrigurengo herrigunea, administratiboki Eguesibarren zati dena.
Proposaturiko hiri egiturak oinarrizko osagarri desberdin sail bat integratu nahi du. Hala, hiri sistema guztien osagai tipikoenekin batera, beste "berezko" osagai batzuk agertzen dira, horiekin batera izan behar dutenak eta hiri-natura katebegia osatzen dutenak. Horietan bereiz daitezke, sistematan sailkaturik, hiri mota hori antolatu eta bereizten duten pieza sail bat: jarduera-sistema, komunikabideena, azpiegitura eta hiri-zerbitzuena, esparru libre eta berdeguneena, hornidura eta aisialdiarena eta natura babestekoa.
Proposatutako antolamenduaren datu kuantitatiboak honako hauek dira:
Antolamendu esparruaren azalera: 1.501.906 m2
-Banaketa eremuaren azalera: 1.439.139 m2
-Etxebizitzen eremua: 1.274.276 m2
-Egokitasun eremua: 164.863 m2
-Etxebizitzen eskaintza: 4211 etxeb.
-Egokitasun eremuaren eskaintza: 125.587,50 m2 eraikiak
-Berdeguneak: 154.466 m2
-Aparkalekuak: 13.913 plaza
-Ekipamendua: 211.426 m2
-Natura babesteko sistemak: 359.942 m2
-Aprobetxamendu eredua: 0,730014 UA/m2
II.-Aurkeztutako alegazioak eta erantzunak.
Proiektu sektoriala jendaurrean izan den aldian sei alegazio aurkeztu dira. Alegazio horien edukiaren laburpena eta eman zaien erantzuna hemen jasotzen dira:
1. Fernando Sebastian Aguilar, Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Apezpiku jauna.
Alegatzaileak eskatu du UPSan hornidura erlijiosorako lurzatiak, bi baitira, 1.089 m2 (EP5) eta 2.067 m2 (EP-9) azalerakoak, 2.200-2.500 m2ko bakar batean biltzea, "parke zentralaren" hego eta ekialdeko mugen arteko zonan, erantsitako planoan ageri den bezala.
Erantzuna:
Alegatzaileak parrokiaren kokagunetzat proposatzen duen aldaketak UPSak planteatzen dituen erabileren antolamendu orokorrari errotik erasango lioke.
Hala ere, EP-5 lurzatiak alegazioan iradokitzen denarenetik hurbil-hurbil denez, haren azalera alegatzaileak proposatzen dituen 2.200 m2-raino handitzen ahal da, EP-9 lurzatiaren azalera murriztuz, horrela erabilera horretarako azalera osoa gorde dadin.
Horrela, hurbilagoko premia bati erantzuna ematen zaio eta ez da bigarren zentro parrokiala kentzen, etorkizunean beharrezkoa izan baitaiteke, epe ertain edo luzera.
Horregatik, alegazioa partez onartzen da, eta EP-5 luzatiaren azalera 2.200 m2-taraino handitzen; horrela 2.750 m2 eraikigarri geratzen dira eta EP-9 luzatiko azalera 956 m2-ra murrizten da; horrela 1.195 m2 eraikigarri geratzen dira.
2. Trabajos Catastrales, S.A.
Alegatzaileak adierazten du Tracasak 14.774,9 UA hirigintza-eskubide dituela Sarrigurenen eta hornidura hirugarrendar/administratiborako esleitutako lurzatiak, adjudikatuko zaiela espero dutenak, 8.462,72 UA kontsumitzen dituela.
Horregatik, eskatzen du hirigintza-eskubideak lurzoru berriaz trukatzea edo hirigintza-kostuen murrizketaren aukera kontuan izatea.
Erantzuna:
Eskaera ez da Plan Sektorialaren eduki eta zehaztapenei buruzkoa, baizik eta tramitatzen den kudeaketa-tresnari buruzkoa.
Horregatik, Plan Sektorialaren edukiaren parte ez denez, ez da eskabidea ez alde ez kontra erabakitzen, eta tramitatzen den kudeaketa-tresnari aurkeztu beharko zaio.
3. Golem Distribución, S.L.
1.-Golem Distribución sozietateak Plan Sektorialaren Egokitasun Eremuan 27.000 m2 azalerako lurzatia duela azaltzen du.
Sozietatearen jarduera erabat aisialdira zuzendua da, eta jarduera-mota hori Plan Sektorialean nagusi den etxebizitzetarako erabilerarekin bezala merkatariztako beste erabilera batzuekin bateragarria iruditzen zaie.
2.-Jarduerak, bai alde kualitatibotik eta bai kuantitatibotik badu bere nortasun eta entitatea emateko moduko garrantzia. Horretarako, planteatzen du, Egokitasun Eremuan askotariko ekipamendutarako lurzorurako, gutxieneko lurzati bat finkatu beharra, arauzko zehaztapen gisa, lurzati desberdinetan ezarpen desberdinetarako aukera emanen duena.
3.-Alegatzailearen ustez, aurrez ikusitako sistema desjabetzea den arren, horrek ez du nahitaez ekarri behar bere jabetzako lurzatiez gabetzea, enpresak lurzati horientzako duen xedea bat baitator planeamenduak aurrez ikusitakoarekin.
4.-Departamentu honetara aurrekoaren osagarri gisa bidalitako bigarren idazki batean, alegatzaileak adierazten du, Egokitasun Eremuan askotarako hornidura pribaturako aurreikusitako lurzatia ez denez aski alegatzaileak eraiki asmo dituen instalazioetarako, bere interesik handiena erabilpen hirugarrendar-komertzialeko Egokitsaun Eremuko lurzatietan duela nagusiki, horietan bere jarduera ongi baitator, nahiz eta, bere ikuspegitik, jarduera ekipamendu pribatutzat har daitekeen.
Alegatzaileak uste du Egokitasun Eremuan ezarritako koefizientea, 1,6897 bertako erabilera guztietarako, altua izan daitekeela horietako batzuetarako, berenerako adibidez, eta baxua beste batzuetarako.
Horregatik, eskatzen du, banaketa-eremuaren aprobetxamendua mantenduz, Egokitasun Eremuko homogeneizazio koefizienteak egokitzea, batzuei koefiziente altuagoa eta beste batzuei baxuagoa ezarriz, Eremuaren aprobetxamendua aldatu gabe.
Erantzuna:
1.-Alegatzailearen jarduerak ekohiriarentzat aurrez ikusitako erabileren bateragarritasunari dagokionez, planteamendu arrazoizkoa da eta Plan Sektorialaren zehaztapenekin ongi lotzen dena.
Beraz, alegazioaren puntu hau onartzen da alegatzailearen jarduerak eremuan aurrez ikusitako erabilerekiko bateragarritasunari buruz.
2.-Erabileren zehaztapena ahalbidetzeko gutxieneko lurzati bat ezartzeko eskabideari dagokionez, nahiz eta nahikunde bidezkoa dirudien, Plan Sektorialean ez da horrelako definizio zehazturik eman, planak erabilera zilegi desberdinak ezartzean malgutasun handiagoa izan dezan.
Egokitasun Eremuaren zehaztapen xehekatua UPSko geroagoko plangintza-instrumentu batek egitekotan uzten da, eta zer figura izanen duen, eremurako ezartzen diren erabilera baimenduen baitan geratuko da.
Beraz, alegazioaren atal hau ezetsi egin da.
3.-Beren lurren desjabetzea, berriz, ez da Plan Sektorial honen xede, eta gai hori tramitatzen den kudeaketa-instrumentuan tratatu behar da.
Beraz, alegazioa ezetsi egin da.
4.-Egokitasun Eremuaren homogeneizazio koefizienteen aldaketari dagokionez, poisibilitate hori Plan Sektorialean bertan planteaturik dago. Egokitasun Eremua hirigintzaren ikuspegitik garatuko duen plangintza-instrumentuak berraztertuko ditu azkenean ezarriko diren erabileren homogeneizazio koefizienteak.
Beraz, alegazioa ezetsi egin da.
4. Martín Apesteguia Irrisarri, Julián Luis Barace Monente jaunak eta Mª Eugenia Ruiz de Galarreta Velaz andrea.
1. eta 2.-Alegatzaileek adierazten dute Sarrigurengo hirigunearen ondoan dauden hiru lurzatiren jabeak direla. Lurzati horiek hiri lurzoru gisa daude sailkatuak Eguesibarko Hiri Lurzoruaren Mugaketa Proiektuan eta Udal Planean, zeinak indarra izanen duten laster Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnean.
Beraz, eskatzen dute lurzati horientzat hiri lurzoru sailkapena mantentzeko eta errespetatzeko bai bertan dauden eraikinak bai Eguesibarko Udal Planak ezagutzen dizkien eraikuntza-eskubideak.
3.-Alegatzaileak ez dira ados etxebizitza libreen, prezio tasatukoen eta babes ofizialekoen homogeneizazio koefizienteen arteko aldeekin.
Horri buruz koefizienteak gaurko prezioetara hobeto egokitzea eskatzen dute, alde horiek murriztuz.
Halaber, ez dira ados kostuetan hirigintza-obrak sartzearekin, eskualdeko sistema orokorrak iruditzen baitzaizkie, eta horien kostuak ez ditu bere gain hartu behar Sarrigurengo auzo-berriak bakarrik.
4.-Jarduketak osatzen duen kalte ekonomiko larriaren ordainetan, alegatzaileek proposatzen dute lurzati horiek trukatzea Egokitasun Eremuan sartutako beste batzuekin.
Erantzuna:
1. eta 2.-Indarrean den udal planeamendua dela-eta bertan diren eraikuntzak eta eskubideak errespetatzeari dagokionez, ez da zentzuzkoa eskatutakoa onartzea; izan ere, planeamenduak interes orokorrak partikularren gainetik jarri behar ditu eta Plan Sektorialak bere esparruan hartzen dituen xede eta zehaztapenak lurzatien jabeenen gainetik.
Lurzoruaren sailkapenari dagokionez, alegatzaileek diote lurzoruaren araubideari eta balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Lege berriak lurzoruak hirikotzat sailkatzerakoan diskrezionaltasuna baztertzen duela; handik aurrera, diotenez, lurzorua beti hirikotzat kalifikaraziko du baldin eta eskatzen diren zerbitzuak benetan baditu. Beraz, alegatzaileek diotenaren arabera betiere, hiri lurzoruen sailkapen arautu batera pasatu da, non gaur egun ez duen lekurik hirigintza-plangintzaren egilearen diskrezionaltasunak.
Azterketa juridiko honek oinarri oker bat du abiapuntu. Estatuko legeria, ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege-Dekretua barne (indarrean zena uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea onetsi zenean), zentzu horrexetan interpretatzen zuen jurisprudentziak lehenagotik (Auzitegi Gorenaren 1989ko ekainaren 17ko A.4731 Epaia, 1998ko uztailaren 28ko A.6651 eta 1999ko apirilaren 22ko A.291 Epaiak, beste askoren artean). Estatuko legerian, jurisprudentziak horrela interpretatuan, honako hau ulertzen zen: planeamenduak bere esku zuela agindu aplikagarriek eskatzen zituzten zerbitzuez hornitutako lurzoruak hiri lurzoru gisa sailkatzea, baina ez hori bakarrik, sailkatu ere nahitaez halakotzat sailkatu behar zituela. Eta, kontuan hartuz hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria bereizteko irizpideak ez zuela eraginik jabetza-eskubidearen eduki funtsezkoan (estatuaren eskumenaren muga), Nafarroako Parlamentuak onetsi egin zuen 1994ko uztailaren 4an Foru Lege bat, eta horretan oinarrituz: "Lurrek zuzenbidez hiri lurzorutzat hartzeko, bi beharkizun hauek bete beharko dituzte aldi berean:
a) Planeamenduak hiri lurzoruaren sailkapena ematea.
b) Lurrek ibilgailuendako sarbidea, ur hornidura."
Legegile nafarraren irizpide hau, estatuaren gainerako esparruan aplikatzen direnetatik benetan desberdinak diren irizpideak ezartzen baititu, ez dute inoiz hartu Justizi Auzitegiek eskumenen muga-gainditze gisa (1994tik gaur arte). Logikaz, Nafarroako Gobernuak lehena izan behar du foru legebiltzarrak onetsitako zehaztapen hori errespetatzen, Auzitegiek haren balioa zalantzan jartzen ez duten bitartean.
Beraz, alegazioaren puntu hau ezetsi egin da.
3.-Erabileren koefizienteak lurzoruaren hondar balioetatik abiatuz kalkulatu dira; kalkulu hori Plan Sektorialaren memoria-dokumentuaren eranskinean ederki zehaztuta dago. Beraz, haiek berrajustatzeko posibilitatea jasota dago.
Sistema orokorren urbanizazioari dagokionez, adierazi behar da banaketa-esparruan ez dagoela sistema orokorrik, toki sistemak baizik. UPSaren urbanizazio obren barruan sartu da jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko lotura-azpiegituren exekuzioa, lurzoru urbanizagarriaren jabeen betebeharra baita, Lurzoruaren araubideari eta balorazioei buruzko 6/1998 Legeko 18.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Kudeaketa Erregelamenduko 63tik 66ra bitarteko artikuluekin bat.
Beraz, alegazioaren puntu hau ezetsi egin da.
4.-Alegatzaileek aipatzen dituzten kalte ekonomikoek beraien alde legeak onartzen dituen kalteordain eskubideak sortzen ahal ditu. Kudeaketa-fasean kalte horiek zehaztuko dira eta bertan diren eraikuntza eta instalazioak baloratuko.
Trukaketa posibilitateari dagokionez, UPSaren edukien barnean ez dagoenez, ez da bidezko inolako posturarik hartzea, eta, gehienez ere, kudeaketa-instrumentuaren aurrean planteatzen ahal da.
Beraz, puntu honetan alegazioa ezetsi egin da.
5. Desarrollo Comercial Urbano de Ripagaina, S.L.
1.-Aukeren Esparruko sarbideak eskasak iruditzen zaizkio erabilera zilegiek sortuko duten zirkulazioarentzako. Horregatik proposatzen du zerbitzu bideak bi erreiakoak izatea norabide bakoitzean eta beste sarbide bat egitea Aretako Industrialdeko errepidearekin maila desberdineko lotura bat eginez, lurzoruaren ipar muturrean alegia.
2.-Egokitasun Eremuaren antolamendu malguagoa lortzeko, Plan Sektorialaren arabera aparkalekuen % 50a lur gainean izan beharra ez ezartzeko eskatzen du.
3.-Eskatzen du Plan Sektorialean sartzeko saltoki-zentro bat bere esparruan eraikitzeko premiazkoak diren aurreikuspenak, horretarako 154/1993 Foru Dekretuak, azalera handiko instalazioen ezarpena lurralde eta hirigintza aldetik arautzen duenak, ezarritako zehaztapenak kontuan izanik.
Erantzuna:
1.-Egokitasun Eremuko eta Plan Sektorialeko gainerako aldeen sarbideen bide sistemaren ahalmena bertako erabilera nagusiek mugatzen dute, eta haien tamaina Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide Zerbitzuaren irizpideei lotzen zaie.
Sarbideen bikoizketa eta bigarren sarbide bat egitea premiazkoa litzateke Egokitasun Eremuan saltoki zentro bat ezartzekoa balitz, baina hori Plan Sektorialaren arautegiak eremu horretarako zilegi jotzen duen erabilera posibleetako bat baizik ez da.
Ez dirudi bidezko banaketa-eremu osoaren hirigintza-kostuak handitzea saltoki zentro bat ezartzeko posibilitate hutsagatik. Aitzitik, zentzuzkoa beste hau da: inoiz horrelakorik ezartzen bada, 154/1993 Foru Dekretua, azalera handiko instalazioen ezarpena lurralde eta hirigintza aldetik arautzen duenari atxikirik beti ere, instalazio horrek konpondu beharko ditu sortzen diren zirkulazio arazoak eta ezarpen horrek sortzen dituen hirigintza-kostuak bere gain hartu beharko ditu.
Beraz, alegazioaren atal hau ezetsi egin da.
2.-Egokitasun Eremuko aparkalekuko plazen % 50a lur gainean egitera behartzen duen zehaztapena zorrotzegia izan daiteke Egokitasun Eremuaren andolamenduari eman nahi zaion malgutasunerako; beraz, bidezko dirudi kentzea.
Beraz, alegazioaren puntu hau onetsi egin da.
3.-Aurreko atalean adierazten denez, saltoki zentro bat Egokitasun Eremurako aurrez ikusitako erabilera posibleetako bat baizik ez da.
Bestalde, erabilera jakin hori gauzatzez gero, ezarpen espediente arautzailearen tramitazioaren bidez eginen da, azalera handiko instalazioen ezarpena lurralde eta hirigintza aldetik arautzen duen 154/1993 Foru Dekretuaren arabera.
Beraz, 154/1993 Foru Dekretuak ezarpen espediente arautzailea tramitatzez gero behartzen du, besteak beste, instalazioaren eragile den organo, entitate pertsona fisiko edo juridikoa definitzea, UPS honetan jasota ez dagoen datua.
Beraz, alegazioaren atal hau ezestea da bidezko.
6. Iruñeko Udala.
Iruña-Frantzia NA-135 errepidearen ardatzaren gaineko egoitzen garapena presio gero eta handiagoa ari zaio egiten Iruñeko Bigarren Zabalguneari, eta bereziki ekialdeko mugetan, Apezgaitegiaren inguruetan.
Hasiera batean onetsitako Iruñeko Udal Planak Bigarren Zabalguneko hego-ekialdeko mugetan honako kanpo-lotura hauek proiektatu ditu: Monjardin kalearen luzapena, Mendillorriko kaxkoko bide egituraren bikoizketa eta glorieta bat Nafarroa Behereko Etorbidean Sarrigurengo errepidearen parean.
Alegatzaileak uste du proposamen hauek lurraldearen antolamenduko egitura orokorrago baten zati direla, eta horregatik eskatzen du Sarrigurengo Ekohiriaren UPSaren esparruan haiek egiteko premiazkoak diren eremuak sartzeko, garapenaren arabera hiriarekin lotzeko bide egituratzat hartzen baititu.
Erantzuna:
Alegazioan bertan adierazten denez, Sarrigurenen hiri garapena NA-135 errepidearen ertzetan egitekoak diren beste zenbait etxegintza-jarduketei gaineratzen zaie, eta nabari da elkarturik, eta Iruñak sortutako zirkulazioari erantsirik, alde horretako bideetan presio handia egiten ari direla.
Iruñak bere alegazioan egiten dituen proposamenek, Sarrigurengo Proiektuak ordaintzea nahi lukeenek alegia, helburu hau dute, alegazioak berak dioenez: udal esparruaren antolamenduaren egitura orokorra hiriaren ingurunearekin duen loturari egokitzea.
Onar daiteke Sarrigurengo jarduketak hein batean Iruñeko Ipar-ekialdeko Sektoreko hiri zirkulazioan eragina izanen duela. Hala ere, begibistakoa da Iruñeko Udalaren proposamenek Sarrigurenko proiektua sortu aurretik zegoen problematika baten konponbide izan nahi dutela, eta proposamen horiek Iruñeko udalarekiko loturari eutsi eta indartzea dutela xede, eta beraz, Iruñeko Udalaren erdikotasun eta erakarmena sendotzea. Ez da behar adinako funtsik ikusten Iruñeko bide-sare lokala kanpoaldearekiko lotura premietara egokitzea nahi duten jarduketa batzuk Sarrigurengo proiektuari oso-osorik kargatzeko.
Sarrigurengo Proiektuak bide-sistema orokorrekiko lotura-arazo legal guztiak konpontzen ditu.
Beraz, alegazioa ezestea da bidezko.
III.-Ekarritako dokumentazioa: deskribapena.
Nafarroako Gobernuak 2000ko maiatzaren 22an hartutako Erabakian ezarritako zehaztapenei erantzunez, "Sarrigurengo Ekohiria" Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu baitzuen, eragileak dokumentu osagarri sail bat ekarri du.
III.-1. Arauak.
Ekarritako dokumentazioak ekipamenduetarako eraikuntza-arauen definizioari buruzkoa eransten dio planari eta Egokitasun Eremuko aparkaleku plazen erabilera publikoa bermatzen du, Gobernuaren Erabakian ezarri bezala.
Halaber, "Hirigintza-obren ezaugarri xehetuak" izeneko 3. Eranskinean bi aipamen egiten dira, lehenbizikoa indusketa eta ikerketa arkeologikoko lanei buruz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostenean ageri direnak; eta bigarrena, berriz, bideen trazadura eta zabalerari buruzko gomendioei eta zenbait elementu Hirigintza Proiektuan sartzeari buruz Iruñerriko Mankomunitateak egindako iradokizunei buruzkoa.
III.-2. Desjabetze kostuen ebaluazioa.
Ebaluazio ekonomikoari dagokionez, lurraren hondar baliotik abiatuz desjabetze kostuaren gutxi gorabeherako kalkulua sartu da, Planean berean lurzoru urbanizatuarentzat adierazitako balioak eta desjabetzearen kostuak hartuz. Emaitza honako hau da:
-Lurzoru urbanizatuaren balioa (1.5 Eranskina): 12.746.617.788 pezeta.
-Desjabegarri den lurzoruaren balioa (% 90): 11.471.956.009 pezeta.
-Hirigintza-lanaren exekuzio kostuak (1.4 Eranskina): 7.959.515.772 pezeta.
-Hirigintza-kostuak (PEM+GG+kalteordainak): 9.949.394.715 pezeta.
-Lurzatien hondar balioa: 1.522.561.294 pezeta.
Banaketa-eremuaren azalera 1.439.139 m2 baldin bada eta lurzoruaren hondar balioa 1.522.561.294 pezeta, bakoitzari dagokiona 1.057,97 pta/m2 da metro karratuko.
III.-3. UPSaren eragileak dokumentuan sartutako aldaketak.
-Sarbide berria "Iruñeko Atea" (UM-4A) multzo arkitektonikora.
Planak erabilera publikoko lurzoru pribatuaz hornitzen du UM-4A etxebizitzara ibilgailuz sartzeko. Etxebizitza-multzo honen sarbide premiak azterturik, bide hori ez da aski.
Horregatik, proposatzen da barne bidea zabaltzea eta etxebizitza-multzoaz kanpo doan beste bat, barnekoaren neurri berekoa baina publikoa.
Aldaketak ez dakar berekin Plan Sektorialean berdegune edo eremu libre publiko gisa definitutako azaleraren murrizketarik.
-Garaje mankomunitateak barneko etxe-sailetan.
Plan Sektorialak zirkulazioa etxe-sail multzoen inguruan antolatzen du, eta horrela barneko etxe-sailetara iristeko ibilgailuen zirkulazioa murriztua duten oinezkoentzako bideak daude.
Ahalik eta gehien saihesteko ibilgailuen zirkulazioa oinezkoentzako eremu hauetatik, etxe-sail hauetako garajeak beren alboetakoekin bat egitea proposatzen da, horrela barneko etxe-sail hauetako garajeetarako sarbidea ibilgailuentzako zirkulazio handiagoko bideetan egon dadin.
Etxe-sail mankomunatuak honako hauek dira: 3A-1 3A-2rekin, 3A-8 3B-5ekin eta 3B-9 5-1/2rekin.
-Ekialdeko Ingurubideko errotonda txikiaren trazadura berria.
Errotonda horretarako hasierako proposamenak Ingurubidearen enborra errotondaren gainean ezartzen zuen. Indusketak ezarritakoagatik eta ardatz nagusiko zirkulazioak sortutako aireko zarata txikitzeko, bere garaian eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Zuzendaritza Nagusiarekin ados erabaki zen eskema alderantziratzea Ingurubidearen enborra beheratuz.
IV.-Onura publikoko deklarazioa.
Sarrigurengo Udalez gaindiko Plan Sektorialaren xede nagusia da Iruñerri osotik datorren eskaerari etxebizitza egokien eskaintza zabala egitea, Iruñerriak berez eta duen garrantziagatik etxebizitzak eraikiko diren herriguneko eskaera aise gainditzen baitu.
Hiri garapen honen exekuzioa, babes ofizialeko bizitzen eskaintza-eskasia dela-eta, gizarte eta merkatu inguruabarrek ezartzen duten premiak ezarririk, kudeaketa publikoko sistema baten bitartez egin nahi da, eta horretarako biderik eraginkorrena desjabetzeen bitartezko exekuzioa da.
Udalez gaindiko Plan Sektoriala Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du eta ekimen publikoaren bidez garatu da. Adierazi denez, UPSaren xede nagusia babes publikoko araubideren baten peko etxebizitzak merkaturatzea da eta horretarako aukeratutako kudeaketa-sistema desjabetzea da. Desjabetze sistema aukeratu izana Plan Sektorial honen legezkotasuna oinarritzeko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 209 artikuluak dioena daukagu: ".lurzoru urbanizatua aukeran izatea bermatu, etxebizitzak sustatzeko behar den leku eta garaian...".
UPSaren xedea eta haren kudeaketarako aukeratutako sistema ikusirik, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeko 65. artikuluko 3 atalean aurreikusitakoarekin bat, bidezko da proposatzea Nafarroako Gobernuak desjabetze-ondorioetarako onura publikokotzat deklaratzea Udalez gaindiko Plan Sektoriala.
V.-Hirigintza eta lurralde antolamenduko oharrak.
V.1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena. Arkitektura Ondarearen Atala.
Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Arkitektura Ondarearen Atalaren txostenak, besteak beste, errekeritzen zuen Sarrigurengo hirigunearen ondo-ondoko inguruan eraikuntzaren altura mugatzea, ez baitzen Proiektuan horrelako mugarik kontuan hartzen.
Gerora, aldaketak sartu ziren Planean, txosten horretan aipatutako gorabeherak kontuan hartzen zituztenak.
V.2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Txostena.
Txostenak zentzuzkotzat jotzen du Ingurubidearen trazaduraren aldaketa, hiriaren ezarpenak eragina, eta adierazten du Nafarroako Errepideen Sareari erasaten dioten eta Sarrigurengo Hiriaren garapenaren ondoriozkoak diren obren finantzaketa ekimen honen eragileak hartu beharko duela bere gain.
Azken alderdi hau kontuan hartu da Plan Sektorialaren balorazio ekonomikoan, Hirigintza Kostuen Koadro Orokorrak izeneko 1.4 Eranskinaren barnean.
Azkenik, txostenak eransten du, oro har eta bereziki EP-1 lurzatiaren kasuan, eraikuntzako gutxieneko distantziak, errepidearen kanpoko ertzetik 50 m izanen direla A-30 Autobiaren kasuan eta 18 m NA-2314 errepidearenean.
Plan Sektorialak zehaztapen hau sartu behar du, eta horretarako, behar izanez gero, EP-1 lurzatiko eraikinaren lerrokadura aldatuko, ezarritako distantzien arabera.
V.3. Dokumentazioa.
Azterturik Sarrigurengo Ekohiriaren Proiektua udalez gaindiko Plan Sektorialtzat deklaratzen duen Gobernuaren Erabakiaren hirigintza eta lurralde balorazioaren atalean egindako errekerimenduari erantzunez ekarritako dokumentazioa eta dokumentuari Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sartutako aldaketak, osoa eta eduki aldetik zuzentzat jotzen da.
VI.-Ingurugiroaren gaineko gogoetak.
Nafarroako Gobernuaren Erabakiz Sarrigurengo Ekohiria Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzean sartutako Aldaketen dokumentua ikusirik, Ingurugiro Kalitatearen Zerbitzuak egokitzat jo ditu "Ingurugiroaren gaineko gogoetak" epigrafearen idazketaz arduratu den taldeak egindako proposamenak.
Horiek horrela, Lurraldearen Antolamenduaren Batzordeak urriaren 10ean emandako txostena kontuan hartuz, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta gainerako arau erabilgarriak ikusirik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren proposamenez, Nafarroako Gobernuak,
ERABAKI DU
1. Alegazioak Erabaki honen azalpen aldean adierazi den zentzuan ebaztea.
2. "Sarrigurengo Ekohiria" Udalez gaindiko Plan Sektorialaren espedientea onestea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatua, betiere Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostenean adierazitako baldintzak betetzearen baldintzapean.
3. Eragileari alegazioen ebazpenetik eratorritako eta aurreko puntuan adierazitako baldintza betetzera zuzendutako aldaketak jasotzen dituen Testu Bateratu bat prestatzeko agintzea, eta horrez gain dokumentuari erantsitako dokumentua ere hor sartzea.
4. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu, eta Etxebizitza Departamentuak sustatutako "Sarrigurengo Ekohiria" delako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren onura publikoa deklaratzea desjabetze ondorioetarako.
5. Plan Sektorialaren onespena proiektuaren exekuziorako premiazkoak diren baimen guztiak inondik ere galarazi gabe egiten dela adieraztea.
6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Eguesibarko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, bidezko ondorioetarako.
7. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, nahi bada, gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, egintzari berari buruz edo bertan jasotako kontu arautuei buruz, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, bertan argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenarekin bat. Zilegi izanen ere da Erabakia zuzenean inpugnatzea Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, bertan argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duen moduan.
Iruñean, bi milako urriaren hamaseian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquin Gortari Unanua.
Iragarkiaren kodea: A0009776
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
