137. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

217/2000 FORU AGINDUA, urriaren 30ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Zorreko etekinen gainean egindako atxikipenak itzultzeko prozedura arautzen duena.

Nafarroako Ogasunari buruzko abenduaren 16ko 8/1988 Foru Legeko 73.5 eta 76 e) artikuluen arabera, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak administratuko ditu Nafarroako Zorraren jaulkipenak. Departamentu horretako kontseilariari dagokio Nafarroako Zorraren edozein baldintza aldatzea ekarriko duten eragiketak erabaki edo hitzartzea, betiere hobeki administratzeko badira eta edukitzaileen eskubide ekonomikoei kalte egiten ez badie.

Bestalde, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako kontu-ordainketak arautu eta Sozietateen gaineko Zergaren Araudia, atxikipen eta kontu-sarrerei dagokienez, aldatzen duen abenduaren 30eko 371/1998 Foru Dekretuak atxikipenetik salbuesten ditu, Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek baino ez dituztenean lortzen, errenta finkoko balio negoziagarrietatik datozen etekinak, balio espainolen bigarren mailako merkatu ofizialetan negoziatzen badira, Foru Dekretuak indarra hartzetik aurrera jaulkitzen badira, eta kontuko oharpenen bidez adierazten badira.

Nafarroako Zorrak eskatzen diren baldintzak betetzen dituenez, beharrezkoa da itzulketarako eskubidea duten inbertsoreei atxikipenen itzulketa bermatzeko bidea ezartzea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Espainiako Bankuko Kontu Oharpenen Zentralak izanen du ardura Nafarroako Zorraren korrituak ordaintzeko eta egindako atxikipenak itzultzeko, bai eragiketak Espainiako finkagune iraunkorren bitartez egiten ez dituzten egoitzarik gabeko inbertsoreei, bai Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboei, abenduaren 30eko 371/1998 Foru Dekretuko 34.17 artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Nafarroako Zorreko inbertsoreek, atxikipenak itzultzeko eskubidea badute, Espainiako Bankuko Kontu Oharpenen Zentralak erabakitako prozedurari segituko diote, eta ezartzen diren epe eta baldintzak izanen dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako urriaren hogeita hamarrean.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: a0010043