Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 10a
III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
A R G U E D A S
Ordenantzaren behin betiko onespena
"Arguedasko udalerrian animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantza" behin betikoz onetsi zen 2000ko urriaren 10eko osoko bilkuran, eta, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan agindutakoari jarraikiz, osorik ematen da argitara.
Arguedasen, bi milako urriaren hamazazpian. Alkate udalburua, José Antonio Rapún León.
ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Ordenantza honen eremua eta xedea
1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Arguedasko udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babespena bermatu nahi da, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.
2. art. Aplikazio eremua Arguedasko udalerrira mugatuko da.
3. art. Animaliak dituztenak eta animalien babes eta defentsarako elkarteak, beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskura ditzan.
Maila berean beharturik gelditzen dira atezainak, etxezainak, hiri nahiz landa finketako zaindariak edo arduradunak, zerbitzu egiten duten tokietan animaliarik izateari dagokionez, beren lan harremanak izan ditzakeen mugekin ere.
4. art. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak dekomisatuko.
II. KAPITULUA
Definizioak
5. art. 1. Etxeko animaliatzat hartzen dira, gizakiak lagun egiteko, hazteko edo baliabideak eskuratzeko berekin edukitzen dituen espezieetako animaliak.
2. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizakiak bereziki etxean zaintzen duen animalia.
3. Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizakiak bereziki etxean zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza-ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.
4. Ustiatzeko edo errentako etxeko animalia: giza-ingurura egokiturik, gizonak irabazi asmoz zaintzen duena. Ez du inola ere arriskurik ekartzen ahal inguruko gizartearentzat.
5. Animalia abandonatua: jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena, horixe da abandonatua.
III. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
6. art. Udalerrian animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenik ez gogaitzea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.
7. art. Edozein animaliaren jabeak, uneoro bete beharko du gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartu eta desagertarazteari buruz indarra duen arauteria. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionean agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.
Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.
IV. KAPITULUA
Guztiendako arauak lagun egiteko animalien gain
8. art. 1. Lagun egiteko animalien jabeena da haien uneoroko zainketaren ardura, eta animaliek ezin izanen dute etxe nahiz bertze edozein lokaletatik kanpora ibili, haien erantzukizuna hartuko duen pertsona batek gidaturik ez badoaz.
Jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duen animalia, eta ezein pertsonak lagun egiten ez diona joko da abandonatutzat. Horrela gertatuz gero (5. artikulua, 5. idatz- zatia), udal zerbitzuek hartuko dute animalia bere kontu, hura berreskuratu, laga edo hil arte.
2. Identifikagarririk ez duten animaliak berreskuratzeko epea zortzi egunekoa da.
3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.
9. art. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barnean edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, eskutik uzten badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.
10. art. Animaliek pertsona edo ondasunei trabarik eragin ez diezaieten:
1. Herritarrek animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, horren berri emanen diete udal zerbitzuei. Egoera horrek luzaro iraun ez dezan, debekaturik dago animalia horiei janaririk ematea, edozein gorabehera edo lekutan delarik ere, barne harturik etxebizitzen arteko patioak, teilatuak, e.a.
2. Debekaturik dago, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.
11. art. 1. Debekatuta dago animaliei tratu txarrak eman edo irain egitea, eta gaixotasun sendaezinak jota, jabeak hala nahi duelako edo ezinbertzeko arraizoiengatik beharrezkoa den kasuetan soilik emango da hiltzeko baimena, beti ere eutanasia bidez eta eskumena duen teknikoak egin beharko duelarik. Kontsumorako animaliak hiltzeko, azienden mugimenduaren gainean ezarritako xedapenak, eta animalien babeserako araudia bete beharko dira beti ere.
2. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.
3. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.
4. Jendeari edo bertze animaliei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak, albaitaritzaren kontrolpean egonen dira hamalau egunetan. Behaketan egoteko aldi hori Udalak zehazten duen zentroan eginen da.
5. Jabeak eskatzen badu eta albaitaritza zerbitzuek oniritzia emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, beti ere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.
6. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.
7. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.
12. art. 1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ur-ibilguetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.
2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugapearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.
3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.
13. art. 1. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debekatua daukate berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida- zakurrak.
Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta galaraz ere maniobratu edo ikusteko ahalmena, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.
2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Garraiobideen eta enbalajeen taxukerak animaliak eguralditik eta hozpero haundietatik babesteko modukoa beharko du, eta enbalaje horiek barnean animalia bizidunak daukaztela adierazi beharko dute. Handi-zabalak animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinakoak izanen dira. Animaliak erasokorrak badira, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.
3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.
4. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.
14. art. Espreski debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak prestatu, erabili eta biltzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.
15. art. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko jendaurreko ikuskizunetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.
Orobat, debeku da animaliak eritxeteetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.
Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.
16. art. Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.
Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik izanen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.
17. art. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, bertze erabiltzaileak beren hartan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.
Animalien jabe edo edukitzaileak beharturik daude ez uztera animaliei gorotz edo bertzelako zikinkeriarik egiten etxeetako gune eta elementu komunetan, bai eta garbitzera ere, horrelakorik eginez gero.
18. art. Lagun egiteko animalia batek ausikirik egiten badio pertsonaren bati, honek gertatutakoa jakinaraziko die udal zerbitzuei, eta dagokion azalpen medikoa aurkeztu aldi berean. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.
Osasun zentroek, animalien ausikiak dituzten pertsonei laguntza mediko edo kirurgikoa ematen badiete, horren berri eman behar diete udal zerbitzuei.
V. KAPITULUA
Zakurrei buruzko arau berariazkoak
19. art. Zakurrei ere lagun egiteko animalia guztiei aplikatzen zaizkien arau orokorrak aplikatuko zaizkie.
20. art. Zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea, Arguedasko udal mugapean, Udalaren eginkizuna da. Udal mugapean bizi diren zakurren jabeak edo zakurrak dituztenak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez.
Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute identifikazio lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.
Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.
21. art. Xede berarekin -zakurren zentsua eguneratzea- zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude udal zerbitzuei zortzi eguneko epearen barrenean honako hauen berri ematera:
a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.
b) Bertze udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.
c) Zakurren jabetzari dagokionean gertatutako aldaketak.
d) Jabeen helbide aldaketak.
22. art. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo zakurrak dituztenak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.
Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo duena bera arduratuko da.
Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute txertatze lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.
23. art. Zakur batek ausiki egiten badio pertsonaren bati, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta dagokion azalpen medikoa aurkeztu aldi berean.
Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu den pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Horretaz gain, beharturik dago animalia beren ohiko aterpean edukitzera Udalaren osasun zerbitzuek bil dezaten arte, espreski debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.
Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.
Orobat, zakur baten jabeak edo duenak uste badu bere zakurrak badituela amorruaren ezaugarriak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.
24. art. Bide publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan zakurrak bakarrik ibiltzen ahal dira, (atari, eskailera, igogailu, solairuarte, e.a.etan) baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek gehienez ere bi metro luze den kate edo uhalaren bidez eramaten baditu.
Horrez gain, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek, nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.
Ehiza-zakurrak ere izan daitezke katea edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.
Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek harrapatu eta eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe ibiltzen diren zakurrak.
25. art. Aitzineko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiei begiratuko zaie identifikaturik ote dauden.
Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.
Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo animalia ez dutela berreskuratu nahi adierazten duten jabeenak, zakurtegiaren esku geldituko dira.
26. art. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrak hark behar bezala jarduteko legez ezarrita dauden arauen menpean egonen dira.
27. art. Zakurrekin ibiltzen diren pertsonek galarazi behar dute horiek kaka egitea espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.
Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso, bere hartatik kendu eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden biltontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.
Hala egiten ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta dagokien zehapen espedientea irekiko zaie.
28. art. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak egotea.
Halaberean, balkoiak, terrazak, e.a. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo eremu publikoa.
29. art. Ikusmen urriko pertsonen "gida-zakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.
Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.
Gida-zakurra bere lana egiteko ez-gauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, orohar, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.
Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gida-zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.
Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra inora sartzeagatik ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.
30. art. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Beren jabeen erantzukizunpean, jendeei edo gauzei kalterik egiten ahal ez dieten esparruetan izanen dira.
Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.
Ez dira beti ere loturik egonen, eta estekaturik egonez gero, estekagailuak mugitzeko ahala eman behar die.
VI. KAPITULUA
Animalien babesa
31. art. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.
2. Debeku da:
a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.
b) Kontsumorako edo gizonarendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.
c) Abandonatzea.
d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen ariora dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.
e) Mutilazioak eragitea, non eta albaitariek agindu eta kontrolatutakoak ez diren, ezinbertzez edo premia funtzionala dagoelako.
f) Egoki garatzeko behar duten mantenua ez ematea.
g) Animaliak sari, publizitate deigarri, esker-sari edo ordaineko oparitako erabiltzea animaliak diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertze erosketen truke.
h) Animaliak saltzea edo ematea laboratorio edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.
i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso- agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.
j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.
k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.
l) Zakurrak betiere loturik edukitzea.
m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak lege-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez-eginetan erortzea.
n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek xedatzen dutena, edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bertzela erabiltzea.
ñ) Zakur auskak, oilar auskak eta orohar animaliak elkarren aurka jartzen dituzten gainerako jarduerak.
o) 14 urtetik beheitikoek edo ezinduek animalia arriskutsuak eduki eta zaintzea.
3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.
VII. KAPITULUA
Lege hausteak eta zehapenak
32. art. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
2. Honakoak dira lege hauste arinak:
a) 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.
b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.
c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.
d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.
e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluak arautu aurreikuspenak bete gabe.
f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.
h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea uhal edo kate batez lotu gabe.
i) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.
j) Hiriko karriketan barna basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.
k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.
l) Ikastetxeetan, igerilekuetan edo ospitaletan animaliekin sartzea.
m) Eraso eginak diren zakurrak muturrekorik gabe eramatea.
n) Ordenantza honetako 35.1 artikuluan ezarritako betebeharra ez betetzea.
ñ) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.
3. Honakoak dira lege hauste larriak:
a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene osasun baldintza txarretan edukitzea.
c) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamentuak ez ematea.
d) Animaliak indarra duen arauteria hautsiz saltzea.
e) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea eta, hala izaten bada, gauzatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren xedapenen kontra.
f) Zine nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea baldin berekin ankertasuna, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimen behar bezalakorik izan gabe.
g) Animaliak laboratorio eta klinikei eskualdatzea indarra duen arauteriako baldintzak bete gabe.
h) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.
i) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
j) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.
4. Honakoak dira lege hauste oso larriak:
a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontra doazen jarduerak antolatu, haien publizitatea egin eta, bertzenaz, egin egitea.
b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
d) Premiarik gabe sufrimendua edo kaltea ekar diezaieketen gaiak ematea.
e) Zakurrak betiere loturik edukitzea.
f) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.
33. art. 1. Lege hauste arinek 10.000tik 25.000 milara bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 25.001etik 100.000ra bitartekoak, eta oso larriek 100.001etik 500.000ra bitartekoak.
2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak kontuan hartuko dira, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
b) Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.
d) Arau-hausteak errepikatu eta horietan berrerori ote den.
34. art. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau- hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.
2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena, udalerri honetako alkateari, edo honek eskuordetu pertsonari dagokio.
Ebazpena emateko eskumena Alkatetzarena izanen da arau-hauste arin eta larrien kasuan eta osoko bilkurarena oso larriak direnean.
35. art. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalteordainak deusetan ukatu gabe.
2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.
3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak ezgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Ezgaitzea aldi batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, arau-haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbaterainoko ankertasuna edo nahikeria izan den.
36. art. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.
37. art. 1. Bere agenteen bitartez, Udalak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.
2. Dekomisatzea badaezpada eginen da, dagokion zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea.
3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, Udal zerbitzuetako langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien arautegi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurugiro, abelazkuntza arloetan eta bertze edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.
Bigarrena.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo ttikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.
Hirugarrena.-Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.
Laugarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: A0009587
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
