124. ALDIZKARIA - 2000ko urriaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M E L I D A

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

Melidako Udalak, 2000ko irailaren 12an egindako osoko bilkuran, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Oinarriak honako hauek dira:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak lan-kontratu mugagabeko langileak izanen dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, lan arloko legerian xedatutako probaldia pasa beharko badute ere, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta alta emanen zaie.

1.3. Lanpostuak E mailari dagozkion lansariez hornituko dira, 251/1993 Foru Dekretuan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, eta, Melidako Udaleko la-kontratu mugagabeko enplegatuak diren aldetik, indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete. Izendatutako izangaiek ezin izanen dute oporrik hartu hermendiak ureztatzeko denboraldiak iraun bitartean.

1.5. Izendatutako izangaiek Melidan bizi beharko dute.

2.-Eginkizunak.

Izendatuek ondoko eginkizunak zein Udaleko berezko beste edozein bete beharko dituzte:

-Ureztaketa zein landa inguruneko nekazaritza mailako bestelako lanak antolatu eta zaintzea.

-Argiteria publikoaren zein Udalaren hornidura eta saneamendu sareen mantentze-lana eta kontserbazioa.

-Udalaren instalazioen zein ondasun higigarrien garbiketa eta mantentze-lana.

-Karrika zein plazetako lorategi eta arbolez arduratzea.

-Karrika zein plazen ureztaketa eta garbiketa.

-Udal obretako behin-behineko langileez arduratzea.

-Hilerriaren ardura eta ehorzketa lanak.

-Agintzen ahal zaizkien beste betebehar batzuk, espezialitate jakinik behar ez badute ere, lanbidea ezagutzea eta horretan trebea izatea eskatzen dutenak. Horiek denak beren eskumenen esparruan eta beren maila eta kategoriaren barrenean.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Europako Batasuneko hiritarra eta 18 urte beteak izatea.

b) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

c) Eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

e) B1 mailako gidatzeko baimena edukitzea.

3.2. Lanpostua lortzen duten izangaiek, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko dituzte arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita oposizioaren prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Melidako Udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean.

4.2. Izangaiek, onartuak izateko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eredu ofizialeko eskabidea, goitik behera beteta, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera, eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo identifikazio agiri baliokidea.

b) Eskatzen den tituluaren eta gidatzeko baimenaren kopia kautotua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera aurkeztu behar dena, konpultsa egiteko). Gidatzeko baimenaren kasuan, aurkez daiteke 3.2 atalean ezarritako epean hura eskuratzeko baldintzak betetzen direla dioen egiaztagiria edo, bestela, deklarazio bat, zeinetan hitz eman edo zin egiten baita esandakoa hala dela.

4.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, okerrik bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta horiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

6.-Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Apolonio Jaso Alonso jauna, udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Eugenio Lorente Celigueta jauna, udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Isidoro Muneta González jauna, arkitektoa.

Ordezkoa: Juan José Nicolao Celigueta jauna, arkitekto teknikoa.

Mahaikidea: José Luis Martínez Sesma jauna.

Ordezkoa: Julián María Musgo Adrián jauna.

Mahaikidea: Juan Manuel Sesma Sesma jauna, Filosofia eta Letretako lizentziatua.

Ordezkoa: Coro Bernarte Jaso andrea, liburuzaina.

Mahaikide eta idazkaria: Ana Huércanos Marco andrea, Melidako Udaleko idazkaria.

Ordezkaria: Francisco Sesma Aznárez jauna, udal albientea.

6.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

6.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6.5. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak tartean badira.

Orobat, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, aipatu gorabeherak gertatzen direnean, lege horretan berean ezarritako forma eta baldintzak betez.

Errefusatze, abstentzio edo bestelako zioak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko, osoko bilkurak dena egitea ukatu gabe.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

7.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 16.J artikuluari jarraikiz, deialdia argitaratu eta bi hilabete igaro beharko dira, gutxienez, oposizioa hasi orduko. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da hautaprobak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

7.2. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: hiru proba eginen dira, eta bertan, epaimahaiak propio prestatutako galdera sortei erantzungo zaie idatziz. Hona hemen probak:

a) Diktaketa, 100en bat hitzekoa.

Probaren balioa: 5 puntu. Ortografia mailako akats bakoitzeko 0,5 kenduko da. Azentuazio akats bakoitzeko, 0,1.

b) Oinarrizko matematika ariketak ebaztea. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Probaren balioa: 5 puntu.

c) Idatziz erantzutea epaimahaiak prestatutako galderei, zeinak izanen baitira bigarren ariketako proba praktikoei, Melidako udalerriaren ezagutzari eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei buruzkoak (bereziki hermendiaren ureztaketa).

Probaren balioa: 10 puntu.

Horrako a) eta b) probetan ez da gutxieneko puntuaziorik eskatzen, eta c) proban, berriz, gutxienez 5 puntu atera beharko dira.

Bigarren ariketa.-Egin beharreko lanarekin zerikusia duten lau proba izanen dira. Honako hauek, hain zuzen ere:

a) Igeltsero lanekin zerikusia duen proba praktikoa. Gehieneko puntuazioa, 12,5 puntu.

b) Kimatze eta lorezain lanekin zerikusia duen proba praktikoa. Gehieneko puntuazioa, 12,5 puntu.

c) Mantentze-lanekin eta traktorearen erabilerarekin zerikusia duen proba praktikoa. Gehieneko puntuazioa, 12,5 puntu.

d) Elektrikari, zurgin eta mekanikari lanekin zerikusia duen proba praktikoa. Gehieneko puntuazioa, 12,5 puntu.

Probaren balioa: 50 puntu. Ariketa hau osatzen duten probetako bakoitzean gutxienez 6,25 puntu ateratzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

Hirugarren ariketa.-Proba psikoteknikoak, lanpostua eskuratzeko izangaien gaitasuna eta egokitasuna aztertzeko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuko langileek eginen dute, alkatetzak aldez aurretik erabakitzen dituen ezaugarrietan oinarriturik. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu. Ez da baztergarria izanen.

Laugarren ariketa.-Elkarrizketa epaimahaiarekin, Melidako udalerriaren ezagutzari eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei buruz (bereziki ureztaketa). Gehieneko puntuazioa: 10 puntu, eta ez da baztergarria izanen.

7.3. Lehenbiziko ariketako C) proba eta bigarren ariketako lauak baztergarriak izanen dira. Hortaz, bazterturik geldituko dira proba horietan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez duten oposiziogileak, eta epaimahaiak ez ditu zuzendu ere eginen ariketa horretako gainerako probak.

Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren ez da nahitaez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko, baina bai Melidako Udaletxeko iragarki oholean, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

Ariketa bakoitzeko deialdi bakarra eginen da, eta baztertuta geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokian azaltzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Batera iragartzen ahalko da proba bat baino gehiago, baita egun berean bat baino gehiago egin ere.

7.4. Izangaiek NANa aldean dutela azaldu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute, bestela, kanporatu eta baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko beste moduren batean nortasuna kreditatzen badute egintza horretan bertan.

Probetan kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehala kanporatzea ekarriko du ondorioz, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar badu.

7.5. Epaimahaikide bakoitzak bere kasa emanen du kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da delako ariketaren puntuazioa.

7.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Udaletexeko iragarki oholean eta probak egin diren tokian, aprobatu duten izangaien zerrenda, lortutako emaitzekin batera, baita hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez ere.

8.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Ariketen kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jendaurrean paratuko du, Udaletxeko iragarki oholean, puntuazioaren arabera ordenatua.

8.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena helaraziko dio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratu beharko da.

9.-Agiriak aurkeztea

9.1. Izendapen proposamena Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatutako tituluaren eta gidatzeko baimenaren kopia kautotua edo fotokopia (Udaletxeko bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa).

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

9.2. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintzak deuseztatuak geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.3. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko luke utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautaketa prozesua amaiturik, eta izangaiek 9.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezturik, Udalak, osoko bilkuran, Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko ditu.

Izendatutako izangaiek izendapenaren berri izan eta hilabeteko epearen barrenean sinatu beharko dute kontratua, baita lanean berehala hasi ere. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean kontratua sinatzen ez badute eta lanean hasten ez badira, gaindituen zerrendako hurrengo izangaiek beteko dituzte lanpostuak.

11.-Errekurtsoak

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, jakinarazpenaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpenaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko maila bereko Sail edo Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Melidan, bi milako irailaren hamalauan. Alkatea, Apolonio Jaso.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................... J/A, adinez nagusia, .......... zenbakidun N.A.N. duena, 19..(e)ko .....aren .....(e)an jaioa, ..........(e)n (.......) eta helbidea ......(e)an, ...... kaleko .. zk.an duena, .... posta kodea, ....... telefonoa.

Zure aitzinean agertu da eta erarik bidezkoenean honako hau azaltzen dizut:

Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu, lan-kontratu mugagabearekin, oposizio bidez betetzeko deialdiko probetan onartua izatea eskatzen dudala.

Badudala lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa.

Indarreko xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez dudala.

Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez nagoela, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez nautela baztertu.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat eman eta, horren kariaz, Melidako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu betetzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dizut.

Melidan, 2000ko.........aren ....(e)an

(Izangaiaren sinadura)

MELIDAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: A0008657