124. ALDIZKARIA - 2000ko urriaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

829/2000 EBAZPENA, irailaren 26koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu eta bertara igotzeko, hala nola Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautapen prozeduretako praktikaldia arautzen duena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren martxoaren 22ko 99/2000 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu eta bertara igotzeko, hala nola Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautapen prozeduretako deialdia onetsi zen (2000ko martxoaren 31ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Deialdi horretako hamaikagarren eta hamabigarren oinarrietan ezartzen da izangai hautatuek praktikaldi bat egin beharko dutela, arau horrexetan ezartzen denaren arabera salbuesten direnak izan ezik. Praktikaldi horren helburua oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna aztertzea da.

Hortaz, deialdiko aipatu oinarriekin bat, bidezko da praktikaldi horren garapena arautzea eta balorazio batzordea nortzuek osatuko duten zehaztea.

Adierazitakoa kontuan harturik, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz, eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irailaren 20ko 348/2000 Foru Aginduaren bidez izendatu ziren praktiketako funtzionarioen praktikaldiaren helburua da hautatu diren izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna aztertzea. Praktikaldi hori Ebazpen honetan ezartzen den prozedurari jarraikiz garatuko da.

Fase hori egitetik salbuetsita egonda ere, praktiketako funtzionario bilakatzeko bidea aukeratu duten izangai hautatuak ez dira baloratuak izanen eta izaera hura mantenduko dute karrerako funtzionario izendatu arte.

2. Praktikaldietako batzorde kalifikatzaile bat bakarra izanen da eta honako hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Antonio Jaurrieta Ezquerro jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria.

-1. batzordekidea: Luis Iza Dorronsoro jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari atxikitako ikuskatzailea.

-2. batzordekidea: Julio Urtasun Echeverría jauna, Iruñeko "Plaza de la Cruz" Bigarren Hezkuntzako Institutuko zuzendaria.

-3. batzordekidea: Angel Carrillo Lezaeta jauna, Iruñeko "Donapea" Bigarren Hezkuntzako Institutuko zuzendaria.

Mahaikide-idazkaria: Begoña Unzué Vela andrea, Langiler atalburua.

Batzorde kalifikatzaileak irakasle-tutoreak izendatu eta, prozesua bukatutakoan, izangaiak baloratuko ditu.

3. 1. Tutoreak, ahal delarik, izangaiak praktikak egin behar dituen ikastetxe berean destinoa izanda, izangaiaren kidego eta espezialitate bereko irakasleen artetik izendatuko dira, eta, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kasuan, gainera, katedradun izaera dutenek lehentasuna izanen dute. Horiek izendatzerik ez badago, irakasle-tutorea ikasketaburua edo, bestela, ikastetxeko beste edozein irakasle izanen da, kalifikazio batzordeak hautatua.

2. Irakasle-tutoreak praktiketako funtzionarioei aholkuak emateaz arduratuko dira, urteko programazio orokorraren honako alderdi hauei buruz:

-Ikastetxeko hezkuntza proiektua.

-Etapako curriculum proiektua.

-Administrazio memoria: Ikastetxearen Antolamendurako Agiria, estatistika, instalazioak, ekipamendua, e.a.

-Gobernu organoen antolamendua eta funtzionamendua.

-Hezkuntza komunitatean nola parte hartu eta koordinazio didaktikoa.

Irakasle-tutoreak zilegi izanen du praktiketako funtzionarioaren eskoletara joatea, bere eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen baldin badu, betiere interesatuarekin aldez aurretik hitzartuta.

3. Praktikaldia bukatutakoan, irakasle-tutoreak txosten bat emanen du, Ebazpen honen eranskinean dauden alderdiei buruzko balorazioaren eta interesgarritzat jotzen dituen bestelakoen berri emateko. Txostena Batzorde kalifikatzaileari igorriko dio.

4. 1.-Lanpostuan trebatzeko jarduerak, martxoaren 22ko 99/2000 Foru Aginduaren hamabigarren oinarriaren 3. puntuan aipatutakoak, ondoko hauek izanen dira: gelako programazioari eta ikasleen ebaluazioari buruzko jarduerak, irakasle-tutorearen gidaritzapean eginak, hala nola gobernu organoen funtzionamenduari, parte-hartzeari eta ikastetxearen koordinazioari buruzko informazioa, arreta berezia emanez ikasleen tutoretza-lanari.

2.-Praktiketako funtzionarioek egin beharreko prestakuntza jarduerek, oinarri horretan aipatuek, hogei orduko iraupena izanen dute gutxienez eta horiek egitea ezinbesteko baldintza izanen da Gai kalifikazioa lortzeko.

Jarduerak egiteko, funtzionarioek "Irakasleen Prestakuntzarako 2000/2001 ikasturteko Planak" eskaintzen duen edozein modalitate edo ikastaro aukeratu ahalko dute.

Praktiketako funtzionarioek praktikaldia bukatzen den egunean arestian aipatutako jarduerak bukatuak dituztela edo egiten ari direla kreditatu beharko dute Batzorde kalifikatzailearen aurrean; horretarako, Irakasleentzako Laguntza Zentroek luzatutako ziurtagiria aurkeztuko dute.

3.-Batzorde kalifikatzaileak amaierako txosten bat eskatu ahalko die izangaiei, ondoko alderdi hauei buruzko informazioa jasotzeko: praktikaldian burutu duten lana, aurkitu dituzten oztopoak eta hartutako laguntzak. Txosten hori, behar izanez gero, praktikaldia bukatzean emanen zaio Batzorde kalifikatzaileari.

5. 1.-Batzorde kalifikatzaileak izangaien balorazioa eginen du, abiapuntutzat harturik irakasle-tutoreak emandako txostenak, ikastetxeko zuzendariarenak eta, horrelakorik balego, izangaiaren amaierako txostena. Irakasle-tutorearen eta ikastetxeko zuzendariaren txostenak Ebazpen honen eranskinean ageri diren araberakoak izanen dira eta balorazioa "nahikoa" edo "ez nahikoa" terminoekin adieraziko da.

Batzorde kalifikatzaileak bidezkotzat jotzen dituen alderdiei buruzko txosten osagarri bat eskatu ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari. Batzorde kalifikatzailearen erabakia "gai" eta "ez gai" terminoetan adieraziko da.

2.-Batzorde kalifikatzaileak praktiketako funtzionarioen zerrenda, lortutako puntuazioa barne, igorriko du Giza Baliabideen Zerbitzura.

3.-"Ez gai" kalifikazioa hartzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuak emandako ebazpen arrazoituaren bidez.

6. Batzorde kalifikatzailea hamar eguneko epearen barruan eratuko da, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Batzordea ez da eratuko kide guztiak bertan ez badaude, egoera berezietan salbu; Hezkuntza zuzendari nagusiari dagokio egoera horiek zein diren erabakitzea.

Justifikaturiko arrazoiak direla-eta, Batzordean baja hartu behar duten kideen ordezkoak izendatzeko baimena Hezkuntza zuzendari nagusiak emanen du.

Batzordeak ezin izanen du kalifikazioak ("gai" eta "ez gai") adierazten dituen behin betiko aktarik idatzi, gutxienez batzordeburua eta batzordekideen erdiak bertan ez badaude. Nolanahi ere, Batzordea eratu ondoren, ezinbesteko arrazoiak edo ustegabeko gorabeherak direla-eta, ezinezkoa balitz batzordekideren bat, batzordeburua edo idazkaria bertan egotea, horren berri eman beharko litzaioke Hezkuntza zuzendari nagusiari, bidezkotzat jotzen duen ebazpena eman lezan.

7. Praktikak 2000ko irailaren 1ean hasi eta 2001eko martxoaren 1ean bukatuko dira.

Batzordeak amaierako akta idatziko du 2000ko maiatzaren 31 baino lehen. Batzorde kalifikatzaileak beharrezkotzat jotzen baldin badu, txosten osagarri bat egin ahalko du bere jardueren garapenari buruz.

8. Funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasuneko baja-egoeran edo, Batzorde kalifikatzailearen iritziz, ebaluazioa egitea galarazten dion beste egoera batean baldin badago, Batzordeak praktikaldiaren amaiera atzera dezake, behar bezalako ebaluazioa egitearren.

9. Praktikaldiaren barrenean azterketa medikoa eginen zaie funtzionarioei, irakaskuntza lanetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa ote duten ikusteko.

Azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

10. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

12. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Idazkaritza Teknikora, Giza Baliabideen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Batzorde kalifikatzaileko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, bi milako irailaren hogeita seian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

ERANSKINA

Irakasle-tutorearen txostena

Praktiketako funtzionarioa

Ikastetxe publikoa

1) Kasuan kasuko departamentu didaktikoaren programazioaren betetze-maila

2) Metodologiako estrategia egokien eta etengabeko ebaluazio eta ebaluazio formatiboaren aplikazioa

3) Programazioaren egokitzapena bere taldeko edo taldeetako ikasleen arabera (gelako programazioa eta irakaslana)

4) Departamentu didaktikoaren jardueretan parte-hartzea

5) Ikasleen aniztasunaren trataera, bereziki hezkuntza premia bereziak dituztenenak, horrelakorik badago

6) Talde-lanean aritzeko gaitasuna

(Eguna eta sinadura)

Ikastetxeko zuzendariaren txostena

Praktiketako funtzionarioa

Ikastetxe publikoa

1) Norberaren ordutegiaren betetze-maila

2) Integrazioa irakasleen klaustroan eta hezkuntza komunitatean

3) Ikastetxeko jardueretan parte-hartzea, hala eskolakoetan, nola eskolaz kanpokoetan eta osagarrietan

4) Ikasleekin eta familiekin harremanak izan eta komunikatzeko gaitasuna

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0009018