I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
FORU AGINDUA, 2000ko urriaren 2koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2000/2001 ekitaldirako esne kuoten Fondo nazional koordinatuari erreferentziako kopuruak erosteko betebehar eta irizpide osagarriak ezartzen dituena.
Esne sektorearen modernizazio eta lehiakortasunaren hobekuntzari buruzko uztailaren 10eko 1486/1998 Errege Dekretuak esne kuoten Fondo nazional koordinatua sortu zuen Erreserba nazionalaren barruan, eta ezarri zituen Fondoko kuota integratuak esleitzeko erak, onuradunen betebeharrak, eskatzen ahal diren gehieneko kopuruak, oinarrizko lehentasun irizpideak, esleipen osagarria eta beste afera batzuk. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2000ko irailaren 23ko Aginduaren bidez gauzatu da haren aplikazioa eta Fondoko kopuruak saltzeko prezioa 52,81 pezeta/kilogramotan ezarri da.
Fondoan 2000/2001 ekitaldirako Nafarroako Foru Komunitateari esleitu zaion kopurua 821.359 kilogramokoa da (790.456 kilogramo industriei saltzeko eta 30.900 kilogramo zuzenean saltzeko). Fondoaren esleipen osagarria 821.359 kilogramokoa da (790.456 kilogramo industriei saltzeko eta 30.900 kilogramo zuzenean saltzeko). Xedapen horiek denak Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko bidezko da betebehar eta irizpide osagarriak ezartzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Onuradunak.
Dagokien zenbatekoa ordaindu ondoren 2000/2001 ekitaldirako esne kuoten Fondo nazional koordinatuko kuotak eslei dakizkien nahi duten nekazariek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Haiei esleituriko kuota 2000ko apirilaren 1ean 400.000 kilogramotik beherakoa izatea.
b) Uztailaren 10eko 1486/1998 Errege Dekretuko 34.1 artikuluan aipatzen diren ekoizle kategorietakoa izatea:
-Nagusiki nekazari izatea.
-Nekazari gaztea izatea.
-Eskualde behartsuko ustiategia izatea.
-Ekoizle elkartea izatea.
-Ongintzako, irakaskuntzako edo bestelako erakundeak izatea.
c) Esne-ekoizpena behin betikoz uzteko Europako Batasuneko, Estatuko edo Foru Komunitateko fondoen kontu finantzaturiko programetan parterik hartu ez izana.
d) Azken bost ekitaldietan erreferentziako kopururik transferitu edo utzi gabekoa izatea, eskubidea aurkezten denekoa barne.
e) 2000/2001 ekitaldian banan-banako erreferentziako kopuruaren 100eko 90 edo gehiago merkaturatu izana.
f) Esnea eta esnekiak ekoiztu eta merkaturatzeko osasun baldintzak betetzea. Hori analisiak egiten dituen esne laborategi ofizialaren ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da.
2. artikulua. Fondorako eskabideak.
1. 2000/2001 ekitaldirako kuoten Fondotik erreferentziako kopuruak eskuratu nahi dituzten nekazariek, haien ustiategia Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badago eta arestiko artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, 2000ko azaroaren 1a baino lehen, eskabide bat aurkeztu beharko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko lurralde edo eskualdeko bulegoetan emanen zaien eskabidearen ereduari lotuz. Eskabidea, eskatzen diren ziurtagiriekin batera, bulego horietan aurkeztu beharko da.
2. Nekazari batek eska dezakeen gehieneko kopurua 2000ko apirilaren 1ean esleiturik daukan erreferentziako kopuruaren araberakoa izanen da.
a) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 150.000 kilogramotik beherakoa baldin bada, gehienez ere 100eko 33.
b) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 150.000tik 250.000 kilogramo bitartekoa baldin bada, gehienez ere haren kuotaren eta 350.000 kilogramoren arteko aldearen 100eko 25.
c) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 250.000tik 400.000 kilogramo bitartekoa baldin bada, gehienez ere haren kuotaren eta 500.000 kilogramoren arteko aldearen 100eko 10.
Hala ere, abeltzainaren esne kuota edozein delarik ere, 5.000 kilogramotik beherako kopururik ez da esleituko
3. Interesatuek eskabidean hitz emanen dute bakarrik bertan behera utziko dutela hura Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak esleipenaren proposamena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora igorri baino lehen.
4. Kuotak esleiturik dauzkaten eraldaketarako nekazari elkarteak eta ekoizpenerako kooperatibak, ondasun erkidegoak edo sozietate zibilak izanez gero, beti ere 2000ko maiatzaren 31ko Foru Aginduko 2. artikuluan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, kuoten Fondoan parte hartzeko aipaturiko mugak honelaxe kalkulatuko dira: esleituriko kuota elkarte haiek osatzen dituzten eta nagusiki nekazariak diren nafar kideez zatituko da, horiek 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan. Eskatzen ahalko den kopurua, bestalde, honelaxe aterako da: aurreko baremoen arabera bakoitzari legokiokeen zenbatekoa kopuru hartaz biderkatuko da.
3. artikulua. Lehentasunezko irizpideak.
Erreferentziako kopuruak eskuratzeko lehentasunezko irizpide hauek ezarri dira.
a) Irekitzeko udal lizentzia edo, horrelakorik ezean, jarduera sailkatuaren lizentzia daukaten ustiategiak: hiru puntu.
b) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea eta lehentasunezko ustiategitzat joa izatea: bost puntu.
c) Abeltzainaren adina:
-18 urtetik 40 urtera bitarte: lau puntu.
-40 urtetik 45 urtera bitarte: hiru puntu.
-45 urtetik 50 urtera bitarte: bi puntu.
-50 urtetik 55 urtera bitarte: puntu bat.
Horretarako, lehen aipatu diren ekoizle elkarteak izanez gero, nagusiki nekazariak diren nafar kideen batez besteko adina hartuko da kontuan, 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.
d) Ustiategiko tokia:
-Mendiko nekazaritza aldea: bi puntu.
-Nekazaritza alde behartsa: puntu bat.
e) 2000/2001 ekitaldiaren hasieran duten erreferentziako kopuruaren arabera:
-100.001 kg. baino gutxiago: lau puntu.
-100.001etik 150.000ra bitarte: hiru puntu.
-150.001etik 250.000ra bitarte: bi puntu.
-250.001etik 350.000ra bitarte: puntu bat.
Horretarako, esleituriko kuota elkarte haiek osatzen dituzten eta nagusiki nekazariak diren nafar kideez zatituko dira, horiek 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.
f) Kuota T2 edo T3 bidez lortu duten ustiategiak, transferentzia onartuak 2000ko martxoa 31 baino lehenagotik balio badu:
-% 20 baino gehiago: hiru puntu.
-% 10etik % 20ra bitarte: bi puntu.
-% 10etik beheiti: puntu bat.
Ehunekoa eskuraturiko kuota osoa kontuan hartuz kalkulatuko da, hots, eskabidean transferentziaren onarpena jakinarazteko kopiaren bidez frogatu den kuota hori, 2000ko apirilaren 1eko hasierako kuota osoaren aldean.
g) Esne kontroleko herriguneetako ustiategiak: puntu bat.
h) Eskatuta ere, aurreko ekitaldian Fondoko dirurik hartu ez duten ustiategiak: lau puntu. Aurreko banaketan dirurik eskatu ez dutenak: hiru puntu.
Berdinketarik gertatuz gero, gazteena lehenetsiko da. Horretarako, lehen aipatu diren ekoizle elkarteak izanez gero, nagusiki nekazariak diren nafar kideen batez besteko adina hartuko da kontuan, 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.
4. artikulua. Fondoaren esleipenaren izapidaketa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erreferentziako kopuruak esleitzeko proposamen bat prestatuko du, interesatuei jakinaraziko diena eta 2000ko abenduaren 15a baino lehen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira igorriko duena.
Proposamena hartu eta hamar eguneko epean, abeltzainek proposameneko kopuruen zenbatekoa Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak horretarako ezartzen duen sartu-ateratzeko kontuan ordainduko dute.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, ordainketa egin dela egiaztatu ondoren, proposamenean agertzen ziren nekazarien artetik epe barruan ordainketa egin ez dutenen zerrenda igorriko du Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira, interesatuak esleipenaren ebazpenetik baztertzeko.
5. artikulua. Uko egitea.
1.-Ulertuko da Fondoan eskuraturiko kopuruen zenbatekoa epe barruan ordaintzen ez duten eskatzaileek esleipenari uko egiten diotela.
2.-Fondoko kuota eskuratzeko zenbatekoa ordaindu eta gero ezin eginen zaio uko esleipenari.
6. artikulua. Fondoko esleipen osagarria.
1. Aplikatzekoak diren esleipenaren mugak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2000ko irailaren 23ko eman zuen Aginduko 7. artikuluaren arabera ezarriko dira, Fondoa eskuratzeko aurkezturiko eskabideetan ageri diren zenbatekoen berri izan eta gero.
2. Esnea ez merkaturatzeko arautegiaren aplikazioaren ondorioz Erreserba nazionalean dauden kopuruak Kuota Fondoari loturiko esleipen osagarria handitzeko erabiliko dira.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi milako urriaren bian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
Iragarkiaren kodea: A0009062