I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
EBAZPENA, 2000ko urriaren 2koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2000ko urriaren 2an emandako Ebazpenaren bitartez, onetsi egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
1.-Xedea.
Aditzera ematen da erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Lanpostua Nafarroako Emakumearen Institutuari dago atxikita eta plantillako 4525 zenbakia du.
Deialdiko lanpostuaren eginkizunak hauek dira: Nafarroako Gobernuak emakumearen inguruan dituen lan-ildoak garatzeko eta haien segimendua egiteko laguntza teknikoa ematea eta Nafarroako Emakumearen Institutuaren programa berariazkoen aplikazioan esku-hartzea, hots, osasun arlokoetan, hezkuntza arlokoetan, gizarte ekintzakoetan eta agintzen zaizkion gainerako arloetakoetan.
2.-Lanpostuak gehitzea.
Deialdi honen xede den lanpostuaren kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, deialdia egin duen organora igortzen duen egunean hutsik daudenak bete arte.
3.-Aplikatu beharreko araudia.
Lehiaketa hau irekita dagoenez, honako lanpostu huts honi dagokion mailaren barrenean, deialdikoa ez den bestelako lanpostuetako langileentzat, lehiaketa hau Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 33. artikuluan, lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 10. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako manuetan, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an eman 130/1998 Foru Aginduan eta deialdiko oinarrietan xedaturikoari jarraikiz arautuko da.
4.-Betebeharrak.
Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lekualdatze lehiaketaren prozedura guztian, lanpostuaren jabetza hartu arte.
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) B maila edo taldekoa izatea.
c) Erdi mailako titulu bat edo, bestela, lizentziatura edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako hiru ikasmaila gaindituak edukitzea eskatu zaioneko lanpostu batean aritzeko izendatua izatea.
Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, lekualdatze lehiaketa honetan deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea; beraz, eskubide pasibo eta osasun-laguntzako lehengo araubide berean segituko dute.
Horretatik salbuetsita daude Estatuaren Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, hain zuzen ere MUFACEn afiliaturik egonik, Estatuaren Klase Pasiboen Araubideari helduta daude eta. Horietako batek lortzen badu deialdi honen xede den lanpostua, araubide hori utzi beharko du eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu beharko da.
5.-Lansariak.
Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko dituzte.
6.-Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.
a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña), deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.
Eskabidea posta bulego batean aurkezten baldin bada, gutunazal ireki batean eraman beharko da, ziurtapena egin aurretik, data eta zigilua jar diezazkioten.
Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea akitzen den egunean.
b) Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, behar bezala kautotuak.
c) Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturalen barrenean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen Ebazpena emanen du. Aipatu Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.
Bazterturik ez badago, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu ondoren eta hauek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.
8.-Epaimahaiaren osaera.
Lehiaketa kalifikatuko duen Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
-Mahaiburua: Loren Albéniz Ascorbe andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzailea.
-Ordezkoa: María Victoria Guisande González andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuko Informazio eta Lankidetza Ataleko burua.
-Mahaikideak:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.
Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.
2. Ana Lete Laurenz andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuari atxikitako Azterlan eta Programa Ataleko burua idazkari lanetan arituko dena.
Ordezkoa: María Antonia González Albero andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuari atxikita dagoen ebaluazio arloko teknikaria.
Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epearen barruan eratuko da.
Epaimahaikideek ezin izanen dute esku hartu eta halaxe jakinarazi beharko diote dei egin duen organoari, administrazio prozedurari buruzko arauetan abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor litezkeen afera guztiak.
9.-Merezimenduen kalifikazioa.
Merezimendu hauek baloratuko dira:
a) Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuak: 35 puntu, gehienez ere.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu, gehienez ere.
Alegatu eta justifikatutako merezimenduak Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu honako honi atxikitako baremoaren arabera.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu merezimenduen gainean.
c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez ere.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketako epaimahaiarendako.
d) Proba praktikoa, lanpostuaren edukiaz eta eginkizunez: 25 puntu, gehienez ere.
Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horrek merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko aferak biltzen ahalko ditu.
Proba hau baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.
Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa jakiteko.
Lehiaketako atalak kalifikatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, eta bost eguneko epeari hasiera emanen dio, interesatuek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.
10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.
Egindako erreklamazioak Epaimahaiak ebatzi ondoren, lehiatzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, deialdia egin duen organora 9. oinarrian aipatzen den proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda igorriko du, haietariko bakoitzak lehiaketako ataletan guztira lorturiko puntuazioaren arabera aurkeztua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko du. Deialdiko 2. oinarrian aurreikusten den gehikuntzaren ondoriozko lanpostuak ere sartuko ditu, hala egokitzen bada.
Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasunik handiena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hori eginda ere, berdinketak oraindik jarraitzen badu, lanpostuaren eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoan puntuaziorik altuena lortzen duenak izanen du lehentasuna.
11.-Lanpostu hutsak aukeratzea.
Lehiatzaileek lorturiko puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak deituko duen egintzan.
Behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanposturik aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
12.-Esleipena eta jabetza hartzea.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, izendapenak egin eta izangaiei dagozkien lanpostuak esleituko dizkie eta ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.
Lehiatzaileek esleitutako lanpostuak hartu beharko dituzte izendapen eta esleipenari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.
Aipatu epearen barnean, eta aski justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua hartzen ez duten lehiatzaileek esleitu zaien lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakorik gertatuz gero, lanpostu hutsak deialdiko 10. oinarrian aipatzen den zerrendan agertzen diren lehiatzaileekin beteko dira.
13.-Aurkezturiko agiriak.
13.1. Izangaiek erretiratzen ahalko dituzte aurkeztu dituzten agiriak, erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkeztu ez bada, espresuki hala eskatu ondoren. Eskabide hori hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dute, izendatzeko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik beste hiru hilabete pasa ondoren.
13.2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epea bukaturik, aurkezturiko agiriak erretiratu ez badira, ulertuko da izangaiak uko egiten diola berreskuratzeari eta beraz galdu eginen du berreskuratzeko eskubidea eta agiriak hautsi eginen dira.
13.3. Erreklamaziorik edo errekurtsorik baldin badago, aurkezturiko agiriak egiaztatu eta aztertuko dira eta erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetu bezain laster erretiratuko dira.
14.-Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Iruñean, bi milako urriaren bian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Eskaria, .............. izateko ..... lanpostu, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .....(e)ko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, parte hartzeko.
1.-Norberaren datuak.
Izen-deiturak:
Non eta noiz jaioa:
N.A.N.: .................
Helbidea: ................................................... P.K.:
Etxeko telefonoa: ......................... Lantokiko telefonoa:
2.-Administrazio datuak.
a) Egoera administratiboa:
Zein lanpostutarako izan zen izendatua:
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa
Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa
Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea
Lan kontratudun finkoa
Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa
Jardunean
Zerbitzu berezietan
Eszedentzia berezian
(X batez adierazi bakoitzari dagokiona)
b) Oraingo destinoa:
Lanpostua:
Lanpostuaz jabetu zeneko eguna:
Departamentua:
Zerbitzua:
Atala:
Bulegoa:
Erakunde Autonomoa:
c) Maila edo taldea: ......
3.-Sinatzaileak aditzera ematen du eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epea akitzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituela.
4.-Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak, eskabidearekin batera aurkeztuak.
Iruñean, 19...(e)ko ............aren ......(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:
1) Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaturiko titulazio eta maila/talde horretako lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.
2) Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaturiko titulazio eta maila/talde horretako lanpostuetan: 1,12 puntu urte bakoitzeko.
3) Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, arestikoak ez beste lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.
4) Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, arestikoak ez beste lanpostuetan: 0,30 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1.-Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2.-Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.
3.-Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4.-Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5.-Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekitaldietan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokideko (10 ikastordu), gehienez ere 10 puntu.
Oharrak:
1.-Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.
2.-Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriengatik kreditu bateko balorazioa eginen da.
3.-Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriengatik 12 kredituko balorazioa eginen da.
4.-Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekitaldietan parte hartzea puntuazio berarekin puntuatuko da. Horien artean, espreski, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.
2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarrak edo aldizkariak herria, eskualdea, Espainia edo nazioarteko eremua hartzen duen kontuan hartuz.
3) Sektore publikoan prestakuntza ekitaldiak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.
4) Deialdian eskaturikoa ez beste titulazio eta espezialitate akademikoak: 4 puntu, gehienez ere.
5) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: hizkuntzak, sektore pribatuko lanak, prestakuntzako egonaldiak edo bekak egonaldiak, kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.
Oharrak, honako b) atal oso honi buruz
1.-Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honen barruan.
2.-Honako b) atal honetako gehieneko puntuazioa 25 puntukoa izanen da.
Iragarkiaren kodea: A0009179