118. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

714/2000 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako Errektoreordeak emana, Telekomunikazio Ingeniari, Industri Ingeniari, Industri Ingeniari Tekniko, Mekanika berezitasun, Industri Ingeniari Tekniko Elektrizitate berezitasun eta Nekazaritza Ingeniari titulazioetako Ikasketa planak egokitzeko segitu beharreko irizpideak ezartzen dituena.

Unibertsitate Komunitateko Zerbitzuko Zuzendariaren txostena ikusirik.

Ukitutako ikastegiei bidezkoak diren kontsultak eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak 918/99 ebazpenaren bidez (2000ko otsailaren 7ko 17 zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehena.-Ikasketa plan berriak egokitzeko segitu beharreko irizpideak ezartzea, ondoren adierazten den moduan:

1. Ikasketak 1999/2000 ikasturtean bukatzen dituzten ikasleek, karrera bukaerako proiektua baizik falta ez dutenean, ez dira egokituko.

2. Iraungitzen ari diren ikasketa planak egiten ari diren ikasleak, edo karrera bukaerako proiektua baizik gainditu behar ez dutenak, ez dira egokituko.

3. Legez homologatu behar izan den Ikasketa Planeko ikasleentzat, egokitzapena ofizioz egingo da, 1497/87 E.D.ko 11. artikuluko 3. lerroaldeak ezartzen duenaren arabera.

4. Baldin eta ikasketa plan berriek badituzte plan zaharretako bi irakasgai edo irakasgai gehiago batzearen ondorio diren irakasgaiak, ondoren aipatzen diren irizpideek erakutsiko dute nola jokatu behar den:

a) Plan berrian batu den irakasgaietako bat gainditu duten ikasleek, matrikula egitean, ez dute irakasgai berria matrikulatu beharko, iraungi diren eta oraindik gainditu gabe dituen irakasgaiei dagozkien prestakuntza-osagarriak baizik. Batzearen ondorioa den irakasgai berria osatzen duten irakasgai guztiak gainditzen dituenean, ofizioz, irakasgai berriko matrikula egingo zaie, tasarik kitatu behar izan gabe.

Batzearen ondorioa den irakasgai berria osatzen duten irakasgai guztiak gainditu gabe dituzten ikasleek irakasgai berria matrikulatu beharko dute.

b) Iraupen Arauek ezartzen duten gehienezko 120 kredituko matrikula zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko gainditu den ezagupenaren zatia.

c) Batzearen ondorioz iraungitzen diren irakasgaiek, euskarri informatiko bereiztuan iraungo dute. Kudeaketa garbiago izan dadin, akta bereiztuak egingo dira, eta ikasleak ordainduko ditu, matrikula egitean, gainditu gabe dituen kredituei dagozkien zenbatekoak.

d) Matrikulatzen den prestakuntza-osagarri bakoitzean 6 deialdi edukitzeko eskubidea izango da.

e) Gainditu gabe dauden prestakuntza-osagarriak gainditzerakoan, irakasgaia gainditu dela ebazpen hau indarrean sartu eta gero dagokion deialdian jasoko da espedientean.

f) Irakasgai hauetan azken nota lortuko da batez besteko nota ponderatuz, egokitzapen ondorioetarako ondoren aipatzen den taula aplikatuz: nahikoa, 1,5; ongi, 2,5; oso ongi, 3,5 eta bikain, 4,5.

g) Batuko diren irakasgaietan, ikastegiek zehaztuko dute prestakuntza-osagarrien egutegia.

5. Matrikulatzeko epean sor litezkeen arazoak bizkor konpontzeko, eta beroriei irtenbidea ematen laguntzeko, ukitutakoentzat informazio zerbitzu berezi bat ipiniko da. Zerbitzu honen ardura titulazioko azken urteetako ikasleek edukiko dute, aldez aurretik egokitzapen-prozesuaren nolakoa ikasteko prestatu direlarik.

6. Irizpide hauen interpretazioa, garapena eta betetzea batzorde batek egingo du. Ondoren aipatzen diren hauek osatuko dute batzordea: Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako Errektoreordea, Telekomunikazio eta Industri Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko Zuzendaria, Nekazaritza Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko Zuzendaria, Irakasleen Gaietarako eta Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordearen Atxikia, Unibertsitate Komunitate Zerbitzuko Zuzendaria eta Ikasketako Atalburua.

Hirugarren.- Ebazpen hau Telekomunikazio eta Industri Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko Zuzendariari eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko Zuzendariari jakinaraztea, ebazpenak ukitzen dituen irakasleak jakinaren gainean jar ditzaten; ebazpen honen gaia diren ikasketa planetako ikasleei, zeinei beren etxeetara bidaliko baitzaie, matrikula-gutunarekin batera; Gizarte Kontseiluari, ebazpenak Iraupen Arauak aplikatzeko duen eraginagatik; Unibertsitate Komunitate Zerbitzuko Zuzendariari eta Ikasketako Atalburuari.

Laugarren.-Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea, orok jakin dezan.

Ebazpen honek bide administratiboa ixten du, eta beronen aurka Birjarpen Errekurtsoa paratzen ahal da Errektorearen aurrean, edo, zuzenean, Administrazioarekiko Auzi- Errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenaren kasuan eta bi hilabeteko epean bigarrenaren kasuan, Ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, Bi milako abuztuaren hogeitabian.-Reyes Berruezo Albeniz, Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako Errektoreordea.

Iragarkiaren kodea: A0008504