118. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2000ko irailaren 11koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Onesten du Lodosan segurtasun gela bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 2000ko ekainaren 5eko bilkuran, erabaki zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea Lodosan segurtasun gela bat eraikitzeko proiektua, INABONOS, S.A. Merkataritzako konpainiak sustatua, eta proiektua eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana gutxienez hilabete batez aldi berean jandaurrean eta proiektuko instalazioak udalerria erasaten dion Toki Entitatearen entzunaldian jartzea.

Erabaki hori 2000ko ekainaren 19ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta bai jakinarazi ere sustatzaileei eta proiektuak udalerria erasaten dion Toki Entitateari.

Proiektuaren edukia da segurtasun gela edo gordailu bat eraikitzea Lodosako "El Viso" delako aurkientzan, Inabonos, S.A.k sortzen dituen hondakinak segurtasunez gorde eta hondakinok lekualdatu eta gelan gordailatzeko operazioak egiteko.

Aztertu diren alternatibak baloraturik, hartarako alderdi tekniko zein ingurugiroko guztiak neurtuz, juzgatu da El Visoko alternatiba soluzio egokiena dela, kondizio hidrogeologiko onak dituelako, gaurko kokalekutik hurbil dagoelako eta obra amaitutakoan paisajea lehengoratzeko baldintza topografiko hobeak dituelako.

Proiektuaren edukia da funtsean 17.000 mýko azalera bat hustea, hartarako ezponda bat eginaz 3h/1V eta 4tik 8,5 metrora bitarteko sakonerakoa, eta bertan gero hondakinak altxatzea, batez beste terrenoaren gaurko kotatik 8,5 metro gorago daudela.

Gelaren ontzia prestatzea honako aldietan eginen da: lur bejetala kendu, ontziaren zuloa egin, perimetroko dikeak egin, gelako ontziari akabera eman, oinarria zigilatzea, ezpondak zigilatzea, azalera zigilatzea eta lur bejetala ihaurtzea.

Hondakinak lekualdatzeko bidea Inabonos, S.A.ren lurzatitik hasi, trenbidea pasatzen duen bidea hartu eta azkenean gelara iritsiko da proiektatu beharreko bide berri bat hartuta, 250 bat metro luze eta 10 bat zabal.

II.-Aurkeztu diren alegazioak eta haien erantzuna

Proiektu sektoriala eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana jendaurrean egon diren denboran zortzi alegazio aurkeztu dira. Hona hemen haien edukia, labur bildurik, eta haien erantzunak:

1. Errioxako Gobernuaren Turismo eta Ingurugiro Kontseilaritzako Ingurugiro Kalitatearen Zuzendaritza Nagusia.

A) Alegaziogileak protestatu nahi du Errioxako komunitatea ez delako aintzat hartu aurretiazko informazioen tramitean, noiz eta aurreikusten den ekintzak zuzenean erasaten dion Errioxari.

Erantzuna:

Bai Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala tramitatzerakoan eta bai Ingurugiroaren gaineko Eraginaren deklarazioan kunplitu dira aldi berean jendaurrean eta proiektuak udalerria ukitzen dien Toki Entitateen entzunaldian jartzeko tramiteak. Kasuko araudi sektorialak espedientearen publizitateaz agintzen duenaren arabera tramitatzeak segurtatu egiten du nahi duenak bere eskubideari komeni zaiona alegatzeko aukera, eta halaxe izan da orain ere, Administrazioak ez baitu babesik eza sortzeko moduko prozedura-akatsik egin.

B) Alegaziogileak aditzera ematen du hautatu den kokalekukoaz beste alternatiben gaineko azterlanak aski azalekoak iruditzen zaizkiola, eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren metodologia eskas egina dela.

Erantzuna:

Proiektu guztien hasieran beharrezkoa izaten da Aurrezko Azterlanak deritzenak egitea, jakiteko noraino den bideragarria diruz eta teknikaz aztertu beharreko proiektua. Azterlan horien barrenean eta besteak beste, hauek egin dira: Alternatiben Azterlanak, Azterlan Hidrogeologiko-geoteknikoa eta IEA. Horiek guztiak gogoan harturik hautatzen da alternatibarik egokiena, zeina eraikuntza proiektuan garatzen baita xehero.

Beste alde batetik, aditzera eman behar da kokalekua hautatzerakoan baloratu dela lurraldeko elementurik ahulenak zein ziren.

Baloratu beharreko lurraldea, Ebro ibaiko uhamil lurren eremu emankorrak kenduta, aski homogeneoa da natur osagaien ikuspuntutik. Ez dago interes bereziko eremurik. Eskualdea gutxi sentikorra delarik eta zelaitze lanak ere txikiak, eragina ez da handia.

Balio estetikoei dagokienez, paisajearen gainean sor litezkeen eraginak aski antzekoak izango lirake eta betiere paisajea IEAk agindu bezala lehengoratu edo integratu liteke.

Lurralde honetako balio aipagarriak dira azaleko nahiz lur azpiko urak eta ondare kulturala (gehienbat arkeologikoa). Hortaz, zuloa non egin erabakitzeko aintzat hartu behar dira baldintza hidrogeo- logiko-geologikoak eta interes arkeologikoko puntuen kokalekua, eta halaxe egin da, Azterlan Geologiko-Teknikoak eta Txosten Arkeologikoak jasotzen duten moduan (biak IEAn bilduak).

C) Alegaziogileak aditzera ematen du plano eta aireko argazkietan ez dela inon ageri Alcanadre izena, nahiz eta testuan esaten den hura dela segurtasun gelatik hurbileko herrietako bat.

Erantzuna:

IEAko herri guzien izenak ez agertzeak ez du inolako pisurik ez garrantzirik, ez baitu zailtzen ez non diren atzematea ez eta litezkeen eraginak non diren ere.

D) Alegaziogileak dio dauden alternatiben artean, aipatzen baitira Ingurugiroaren gaineko Eraginaren dokumentuan, "gatz mehatze batean ixtea" dagoela. Aditzera ematen du soluzio tekniko alernatiboak badaudela, Nafarroako orduko faktore politiko sozialengatik gaitzetsi zirenak.

Erantzuna:

Ez baitago halako instalaziorik, zoru kutsatuak hartzeko gai denik, aukera hori berainik desagertzen da eta horregatik ez da aintzat hartu ere egin.

E) Alegaziogileak dio hurbil ala urruti egotea ez dela aintzat hartzen, eta Lodosako mugape guztia dagoela eremu kutsatutik 8 km baino gutxiagoko erradio batean. Tokia hautatzeko, baldintza ekonomiko, ingurugiroko, politikoak eta abar baloratzen direla.

Erantzuna:

Proiektuko azpiegitura kokatzeko azterlanean hurbiltasuna baloratzen da, zeina aintzat hartu behar baita Inabonos, S.A.ren zoru kutsatuak egoki kudeatzerakoan, horrela gutxitu egiten baitira ingurugiroaren gaineko eragina, garraioak berekin dakartzan arriskuak gutxitzen direlako.

F) Alegaziogileak aditzera ematen du ez dela esaten nola baloratu diren kokalekua hautatzeko parametroak ez eta zeini ematen zaien lehentasuna eta garrantzia gehien. Haren ustez baldintza ekonomikoak, politikoak eta sozialak, oinarrizkoak baitziren orain arte kasuko soluzioa hautatzeko, ilundu eta teknikoagoko beste irizpide batzuk aipatzen dira, hala nola bista eragina, lurraren erabilera, hurbiltasuna eta abar... Esaten ere du gelaren kokalekua Alcanadretik 2 kilometro baino gutxiagora eta Errioxako Komunitate Autonomoko mugatik 100 metro baino gutxiagora egotea aski zela kokaleku hori baztertzeko, eta hala egin ez bada, seinale irizpideak ez direla oso sakon baloratu.

Erantzuna:

UPSean eta IEAean aitortzen den bezala, segurtasun gelaren kokalekua ez da kasualitatez hautatu, baizik eta hainbat alternatiba aztetu eta baloratuta. El Visoko parajean ezartzea erabaki bada, Errioxako Komunitatetik hurbil, bertako baldintza hodrogeologiko onengatik izan da.

Kokalekua hautatzeko irizpideak teknikoak izan dira huts-hutsik: hurbiltasuna, irisbide errezak, bista eragina, lurraren erabilerak eta ezaugarri hidrogeologikoak. Horiek izan dira kokalekua hautatzeko irizpide oinarrizkoak, haiek definitzen baitituzte egitezko eraginak, bai ingurugiroaren gainekoak nola jendearen gainekoak.

Alternatiben azterlanean irizpide horien arabera finkatu zen kokalekurik egokiena E zela. Behin hori hautatuz gero, xehetasun azterlan hidrologikoa egin zen eta permeabilitate probak egiten hasi, zeinen emaitzek azaltzera eman zuten terrenoa desegokia zela.

E delako puntua aurreko arrazoiagatik gaitzetsi ondoren, hurrengo kokalekurik egokiena aztertu zen, Ebro ibaitik hego aldera. Behin eremu horretan sondeo eta kalikatak egiten segitu zen delako eremua sendotzeko, hidrologiaren ikuspuntutik baldintza minimo batzuek definitua. Prozesu hori "Los Cabezos delako finkaren azterlan geologikoa, Lodosan (Nafarroa)" izenburuko ohar teknikoan xehetzen da. Sustatzaileak espedienteari erantsi zion oharra jendaurrealdian.

Eta kokalekua Errioxako komunitatetik hurbil egoteagatik baztertu ez bada, horrexek frogatzen du irizpideak tekniko hutsak izan direla, egokitasun teknikoak ez baitu administrazio mugarik kontuan hartzen.

G) Alegaziogileak aditzera ematen du ibaiaren hegoaldeko formazio geologikoek, Errioxaren mugan, ez dutela zertan hobeak izan Ibaiaren iparraldekoak baino. Esten ere du E alternatiba utzi eta G, H eta I alternatibak hartu badira, arrazoi ekonomikoengatik izan dela: hurbiltasuna eta garraioaren kostua, eta bai arrazoi politiko sozialengatik ere, Lodosan barna edo inguruan ez pasatzeko.

Erantzuna:

F atalean definitu da nola hautatu den kokalekua. Xehetasun azterlanek (adb. Xehetasun Azterlan Hidrogeologikoa) erabakitzen dute azkenik zergatik den hobestekoa itxuraz beste baten oso antzekoa den kokaleku bat.

Dudarik gabe, garraio-distantziako irizpideak eta garraioak jendeguneen gainean izan dezakeen eraginekoak jaso eta kontuan hartu behar dira Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlan guztietan, kokalekua hautatzeko irizpide tekniko eta ingurugirokoak baitira.

H) Alegaziogileak dio E alternatiba oso eskas azaldua iruditzen zaiola, ibaiaren hegoaldeko kokalekuak baino askoz eskasago behintzat. Esaten ere du hartu diren permeabilitate emaitzak (2 x 10-6 eta 6 x 10-6 m/sg) ez direla hain onak eta hortaz oinarria inpermeabilizatzeko obra aski handiak egin beharko direla.

Alegaziogileak dio hautatu kokalekukoak beste xehetasun azterlanik ez dela aurkeztu. Hortik deduzitzen du hautatze azterlanak a posterioriko justifikazioak direla, toki hautatzeko benetako arrazoiak estaltzeko eginak, haren ustez Nafarroako eta Lodosako arrazoi ekonomiko, politiko eta sozialak.

Erantzuna:

E alternatiba ez da xeheroago aztertu hasierako probetan bertan permeabilitate handia atzeman zitzaiolako. Ez zuen hautatua izateko behar den balio minimorik ere ematen. Espedientean proba horiei buruzko dokumentazioa ageri da.

Lehenbiziko kokalekuari desegokia iritzirik, bada, hurrengo kokaleku hautatuan egin ziren probak. Bigarrenari egoki iritzirik, haren azterlan hidrogeologiko eta geoteknikoa egin zen, haren egokitasuna muga lezaketen parametroak konprobatzeko. Hortaz, kokalekua azterlan tekniko baten ondorioz hautatu da, kokalekurik hoberena hautatzea beste asmorik gabe.

Alegazioak egia dio hautatu kokalekuko permeabilitatearen gaineko datuak ematen dituenean eta dioenean inpermeabilizazio artifialeko lanak egin beharko direla, terrenoaren ezaugarri naturalak osatuz, behar diren permeabilitate balioan lortzeko. Geruza inpermeable artifial hori sortzea da, besteak beste, proiektu honen helburua. Haren diseinuak, horren gaineko araudirik hertsienaren zehaztapenak betetzen ditu.

F atalean adierazten da zer urrats izan diren kokalekua hautatzeko.

I) Alegaziogileak dio eraginaren azterlana hainbat kokaleku eta alternatibarentzat egin beharko zela kokalekua hautatu baino lehen. Esaten ere du Ebro ibaiaren eskuinaldeko kokalekuak aurretik gaitzetsi direla. Haren ustez, beraz, kokalekua lehendik hautatua zegoen eta azterlana erabaki hori ondoren justifikatzeko eta tramitea betetzeko egin dela.

Aditzera ematen du zenbait datu ardurako ez dela ematen, hala nola Alcanadrera 1,4 kmko distantzia dagoela eta Errioxako administrazio muga 50 metro baino gutxiagora dagoela.

Erantzuna:

Atal honen lehenbiziko partea B atalaren erantzunean erantzunda dago.

Egia da, bestetik Alcanadreko herria kilometro eta erdi ingurura dagoela segurtasun gelatik (plantan neurtua). Distantzia horrek, ordea, ezer gutxi adierazten du, gelak populazioaren gainean izan dezakeen eraginaz. Izan ere, hainbat faktorek mugatzen dute eragin hori: garaiera diferentzia nabarmena, zuloa egin eta saneatu beharreko eremua erabat bistatik ostenduta egotea Alcanadretik, eta Alcanadreko kokalekua, gela dagoen tokitik urez goiti baitago.

Hala ere, IEAk lurraldearen deskripzioa eta eraginak aipatzen ditu, administrazio mugarik zehaztu gabe. Gaurko egoera deskribatzean, Alcanadreko herria eta hango alorrak aipatzen ditu. IEAan eraginak zehazterakoan fauna, alorrak, Ebro ibaia eta abar aipatzen ditu, zehaztu gabe udalerri batekoak ala bestekoak diren.

J) Alegaziogileak dio kokalekua hautatzerakoan Nafarroa eta Lodosako inguru soziala baizik ez dela hartu. Esaten du aldameneko herrietako herri eta komunitateen interesak ere aintzat hartu beharrak direla, haiek ez baitute ingurugiro problema sortu eta ez baitute industria horren onura jaso.

Erantzuna:

Segurtasun gelaren kokalekua hautatzeko irizpide bakarrak izan dira egokitasun teknikoa, ingurugiroaren gaineko eragina gutxitzea eta pertsonen osasunaren gaineko eragina ere gutxitzea.

Ingurugiro problema bat kopontzeko irizpideek ez dute kontuan hartu behar administrazio muga bat hurbilean dagoen ala ez, batez ere ez bada aurreikusten ingurugiro eraginik hurbileneko herriaren gainean (Alcanadre), Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean jasotzen den moduan.

K) Alegaziogileak dio ezin dela onartu instalazioa Lodosatik aldentzea, kokaleku topografiko gailenean baitago, eta JGOKA erregelamenduko aginduen kontra joatea (2 Km baino gutxiagora).

Erantzuna:

Zoru kutsatuak edukitzeko segurtasun gela baten azpiegitura ez dago JGOKA delakoaren mendean. Abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legeak ere (ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzkoa) ez du arautzen, ez baita zakartegi jarduera alegatzen den bezala. Ez da instalazio bat eta ez du izanen jarraiko erabilerarik, obra puntuala baita. Segurtasun gordailu estanko bat, hori baita proiektupeko azpiegitura, ez da aurreikusten Lege horrek 2.1.k) artikuluan aipatzen dituenetan.

Gainera, alegazioak aipatzen duen distantzia araudia soilik fabrika instalazioei aplikatzekoa da eta bistan da proiektuko instalazioa ez dela fabrika. Jurisprudentzian anitz erreferentzia daude tesis horren aldeko.

Batera nahiz bestera, fabrika jarduera -eta beraz araudi horren mendeko- dela onarturik ere, kontuan hartu behar litzateke distantziaren muga JGOKA erregelamendua onetsi zen denboran (1961) aplikatzen zen neurri zuzentzaile bakarra zela. Dena den neurri zuzentzaile hori aplikatu behar da soilik aurreikusitako neurriak aski ez direnean hurbileneko herriaren gaineko eraginak galarazteko, eta zilegi izanen da distantzia hori gutxitzea neurri horiek segurtatzen badute eragina galaraztea. Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan jasotzen diren neurri zuzentzaileak askitzat jotzen dira eraginik eza segurtatzeko eta beraz distantzi muga hori ez litzateke inolaz aplikatzekoa.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ikertu du kokalekua eta haren bista eragina, eta bai proposatu ere hainbat neurri zuzentzaile eragina gutxitu eta bateragarri bihurtzeko. Horrela, gela eraikitzeko eta materialak garraiatu eta gordailatzeko aldian, eraginaren tamaina eta garrantzia moderatua da.

Beraz gaitzesten da Errioxako Gobernuaren Turismo eta Ingurugiro Kontseilaritzako Ingurugiro Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioa, aireratzen dituenetako gai batzuk sustatzaileak berak zuzendu baititu jendaurrealdian.

2. Miguel María González de Legara jauna, Partido Riojanoren ordezkaria.

A) Alegaziogileak dio ekintza horrek kontra egiten diola JGOKA erregelamenduari, Alcanadretik 2.000 metro baino gutxiagora dagoelako.

Erantzuna:

1. alegazioko k atalean erantzunik dago.

B) Alegaziogileak dio hondakinak gero batean tratatzeko zentro bat egin behar dela.

Erantzuna:

Proiektuko segurtasun gelak helburu bakarra du: pirita hondarrez kusatutako lurzoruak, gaur Ebro ibaiaren uhamil lurretan, Inabonos, S.A.ren fabrikako terrenoetan daudenak, eduki eta kontrolatzea. Materialak ez dira gero batean tratatuko.

C) Alegaziogileak dio kokalekua desegokia dela Ebro ibaia hurbil egoteagatik eta ibaitik proiektuko instalaziora malda latza egoteagatik.

Erantzuna:

Ebro ibaiaren ubidetik gelaren kokalekura altura salto handia egotea eta bertako ezaugarri hidrogeologikoak eragozpen ez, abantaila dira gelaren segurtasunerako, ibaiaren gainezaldiek ez baitute ukituko. Gainera gela malda hasten den puntutik 20 metro baino gehiagora dago. Horrexek, eta azpiegiturako ezpondak hain etzanik egoteak ematen diote egonkortasuna.

D) Alegaziogileak dio Ebroko ur faunari erasateko moduko lixibiatuak sortuko direla.

Erantzuna:

Lixibiatuak gela egiten ari den denboran baizik ez dira sortuko eta orduan ere oso gutxituko direla, aldi horretan gordailatu beharreko lurrak estaltzeko xafla indisenupermeableak erabiliz. Lixibiatu horiek (Iruñeko gelan, zeineko lurrak ere pirita hondarrez kutsaturik baitaude, lixibiatua ur-ibilgu batera botatzeko moduko urtzat hartzen da), jaso eta altxatu eginen dira gordailu estanko batean, ingurugiroaren gaineko eraginak erabat galaraziz.

Azkenik, behin gela itxiz gero, segurtatzen da ez zaiola urik sartuko eta hortaz lixibiaturik ez da sortuko.

E) Alegaziogileak dio proiektuak ez duela behar adina segurtatzen lixibiatuak ez iragaztea. Lixibiatu horiek Ausejo herriari erasanen omen diote, Errioxan, Ebro bazterrean urez beheiti.

Erantzuna:

Gordailuaren diseinuak araudi hertsienetako baldintzak betetzen ditu. Hortaz, segurtatzen da lixibiatuak behar bezala kontrolatzea gela zulatu eta betetzearen aldietan, eta behin itxiz gero lixibiaturik ez sortzea.

Segurtasun gelan kokatu behar diren zoruak Ebro ibaiko uhamil lurretan egon dira joan den hamarka urteetan. Segurtasun gordailu batera tokialdatzeak konpontzen ditu gaur sortzen dituzten problemak.

F) Alegaziogileak dio gelak hektarea kopuru handi bati erasanen diola, partez baso lurrekoak eta gehienbat produkzio handiko alorrek hartuak, eta gainera aldameneko hazkuntzak uztea ere ekarriko du.

Erantzuna:

IEAn eta UPSan jasotzen den bezala, segurtasun gela egiteko kokalekua ez da nolanahi hautatu, baizik eta aurretik hainbat alternatiba azterturik eta baloraturik. Azkenean El Viso delako parajean kokatzeko erabaki da ustez bera dela egokiena bertako kondizio hidrogeologikoengatik.

Hango terrenoak nekazaritzako produkzio ertainekotzat joak dira, alegazioak alegatzen duenaz bestera. Okupatu beharreko azalera 1,7 inguru Ha.koa da, inguruko nekazaritzarako hutsaren hurrengoa.

Gelaren inguruan izan litezkeen hazkuntzei ez die gelak ezertan erasanen, gelaren diseinua eta haren gaineko kontrolagatik.

G) Alegaziogileak dio hazkuntzak kentzeak bertako faunari eraginen diola.

Erantzuna:

Eragin hori jaso eta baloratu egin da UPSarekin batera aurkeztu den Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean; juzgatu da hondar eragina apala izanen dela eta gela itxi ondoren nulua. Dokumentu horretan aipatzen dira neurri zuzentzaileak.

H) Alegaziogileak dio Segurtasun Gelaren inguruan "El Viso I" aztarnategi arkeologikoa dagoela eta eragin larriak jaso litzakeela.

Erantzuna:

Kokalekua Nafarroan gai horretako eskumena duen organoak (Vianako Printzea Erakundeak) gainbegiratu du eta aditzera eman zer neurri zuzentzaile behar ziren gela zulatzeko. Neurri horiek, eta delako organoaren baimena, segurtasun gelaren eraikuntza Proiektuan jasota daude.

I) Alegaziogileak juzkatzen du gela zulatu eta betetzeko aldietan trafikoa gehituko dela eta hortik, soinu kutsadura ere gehituko eta gainera partikula kutsagarriak airera bidaliko.

Erantzuna:

Alegaziogileak azaldu dituen faktore guztiak kontuan hartu dira Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean, eta bertan hondar eragina apaltzat hartzen da eta gela itxi ondoren nulutzat. Bertan zehazten da zer neurri zuzentzaile behar diren eragina galarazteko.

J) Alegaziogileak dio ez dela proiekturik batere gauzatu 1566/1999 Errege Dekretuak agintzen duena betetzeko (honelako salgaien garraioari buruzko dekretua).

Erantzuna:

Zoru kutsatuak orain dauden lekutik gelaraino eramateko, lege indardunek haien garraiorako ezartzen dituzten baldintza nahitaezkoak bete beharko dira.

K) Alegaziogileak dio Alcanadreko herria hurbil baitago, hari ere eskatu behar litzaiokeela iritzia bere interesak defendatu ahal izateko. Haren ustez, gainera, ahalik eta gehien zabaldu behar litzateke proiektuaren edukia Alcanadreko eta hurbilen herrietako bizilagunen artean, zerbait gordetzen ari zaien irudipena izan ez dezaten.

Erantzuna:

Bai Alcanadreko herriak eta bai bertako bizilagunek hartu dute segurtasun gelaren gaineko informazioa eta hartu ere legeak ezartzen duen bidetik, hau da, jendaurrealdi batean, eta Alcanadreko udalak hortaz alegazio baten bidez aurkeztu du bere iritzia. Gainera, kasu jakin honetan, sustatzaileak Alcanadreko udalari ere bidali zizkion jendaurrealdian ikusgai egondako dokumentuak, eta bai bizilagunekiko hitzaldi-elkarrizketa bat antolatu ere, gainera.

Hortaz, partez onartzen da alegazioa: zoru kutsatuak garraiatzeko, kasurako diren legeek ezartzen dituzten baldintza teknikoak bete behar direla dioen zatia, alegia.

3. José Luis Royo Martínez jauna, Alcanadreko (Errioxa) udalaren ordezkaria.

A) Alegaziogilearen ustez, ez zaio informaziorik eman segurtasun gela eraikitzeko proiektuaz, eta aditzera ematen du segurtasun gelarako kokalekuaren kontra dagoela erabat, azpiegitua horrek eskualdeko ekonomiaren etorkizunerako izan ditzakeen eragin negatiboengatik.

B) Alegaziogileak gaitz irizten dio ezeren aurretik Errioxako administrazioa eta sustatzailea elkarrekin ez mintzatzeari. Esaten ere du kokalekuaren ondoko terrenoen jabeei ez zaiela ezer jakinarazi, bidezko iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten.

Erantzuna:

Bai Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala tramitatzean eta bai Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana tramitatzean, bete da proiektua aldi berean jendaurrean eta ukitutako udalen entzunaldian jartzeko tramitea. Horrela, bada, sektoreko araudiak espedientearen publizitateaz agintzen duen guztia bete delarik, segurtaturik dago nahi duenak bere eskubiderako on dena alegatzeko aukera izatea, eta gertatu ere halaxe gertatu da, administrazio ekintzagileak prozedura akatsik egin gabe, inoren babesik eza sortzeko modukorik. Gainera, kasu jakin honetan sustatzaileak alegaziogileari ere bidali zizkion jendaurrealdian ikusgai egondako dokumentuak, eta bai bizilagunekiko hitzaldi-elkarrizketa bat antolatu ere.

Eskualdeko herriek, bestalde, ez dute inolako eragin sozioekonomikorik hartuko eta bistan da, gainera, materialek gaur duten egoera ikusita, orain kalte gehiago egiten dutela segurtasun gela erabat estanko batean sartuta eginen duten baino.

C) Alegaziogileak, 75/442 Zuzentaraueko 5. artikuluan oin harturik, adierazten du horko Beregaintasun eta Hurbiltasun printzipioak ez direla betetzen. Printzipio horien arabera segurtasun gela enpresaren hurbileko terrenoetan jarri behar litzateke, harenak baitira, eta ez hautatu den kokalekuan, nekazaritza balio handikoa baita.

Erantzuna:

Sustatzaileak Lodosan dituen terrenoak ezin dira erabili segurtasun gela ezartzeko, Ebro ibaiko uhamil terrenoak baitira, oso permeabilitate handikoak eta maila freatikoa azaletik bertan baitago.

Alegaziogileak berak aipatzen dituen printzipioek, beregaintasuna eta hurbiltasuna, hautarazi dute eraikuntza proiektuaren kokalekua, ikuspuntu guztietatik bera baitzen egokiena.

Eta hautatu terrenoen nekazaritza balioari dagokionez, UPSak jasotzen duenez, Lodosako herriak baditu Hirigintza Planemandurako arau subsidiario batzuk, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Batzordeko Hirigintza Azpibatzordeak 1995eko azaroaren 22ko bilkuran onetsiak (1995eko abenduaren 18an indar hartu zuten). Araudi horretan segurtasun gelak ukitzen dituen lurzatiak lurzoru urbanizaezintzat sailkaturik daude, eta nekazaritza produkzio ertainekotzat kategorizatuak, zeinen lege araubidea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeko 33. artikuluak ezartzen duena baita.

D) Alegaziogileak aditzera ematen du hautatu den kokalekuak nekazaritza balio handia duela eskualdean eta bertako ondare arkeologikoak ere soma dezakeela proiektuaren eragina, bertan "El Viso I" delako aztarnategia baitago.

Erantzuna:

Alegazio hau 2. alegazioko H) atalean erantzunik dago.

E) Alegaziogileak aditzera ematen du segurtasun gelaren drenajeak lixibiatuak sortzen dituela eta horiek uraren eta lurzoruaren kalitatea maskal dezaketela.

Haren ustez, bestalde, lixibiatu-ihesa galarazteko kontrola aurreikusteak salatzen du gela ez dela estankoa. Gainera, alegaziogilearen ustez, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean ez da agintzen zoruak arazteko, altxatzeko baizik, eta horrek filtrazioak ekarki.

Erantzuna:

Aurrena, esan dezagun lixibiatu horiek ez dituela segurtasun gelan ezarriko den drenajeak sortuko. Lixibiatuak euriak sortzen ditu eta sortu ere, azpiegitura eraikitzen ari den denboran baizik ez.

IEAn eta eraikuntza proiektuan jasotzen den bezala, terrenoa, ezaugarri hidrogeologikoei dagokienez, permeablea da eta hortaz inpermeabilizazio artifizialeko lanak egin behar zaizkio araudirik hertsienek eskatzen dituzten balioak iristeko.

Gela eraikitzen ari deino sor litezke lixibiatuak, betetzen ari den artean hain zuzen. Ondoren gela itxi eta isolatu eginen da. Itxi ondoren ere denbora batez izan liteke lixibiatuak oraindik ere jasotzea drenaje hodietan. Lixibiatu horiek, sustatzaileak egin duen proposamen baten arabera, hartarako altxagunean hartu eta hurbileko fabrikaraino eramanen dira, ongarri egiten berrerabiltzeko. Bestela, kasuren batean ezin bada horrela egin, araztegi baimendu batera bidaliko dira bertan tratatzeko.

Ihesak galarazteko sistema bat aurreikusteak ez du inolaz esan nahi gela estankoa ez denik, kontrol hori isolamendu sistemen funtzionamendu txarraren kasurako baizik ez baita jartzen, behar diren neurriak hartu ahal izateko.

F) Alegaziogileak dio gelaren kokaleku material naturalak ez direla erabat inpermeableak eta horregatik akuiferoren bat ukitu litekeela.

Esaten ere du Europako 1999/31 Zuzentarauak, I. eranskinean agintzen duenez, gutxienez 0,5 metroko barrera geologiko artifiziala jarri behar dela barrera naturalak ez baditu betetzen Zuzentarauak jarritako baldintza hidrogeologikoak, gure kasuan gertatzen dene bezala. Gainera, drenaje geruza 50 cm edo gehiagokoa izanen da, eta eraikuntza proiektuan, berriz, 30 cmkoa jarrita dago.

Azkenik, eremu horretako uholde arriskua, haren ustez, segurtasun gutxikoa da 500 urteko aldi batean, eta epe hori hutsaren hurrengoa izaki.

Erantzuna:

Hautatu den kokalekuan ez dago esateko moduko akuiferorik kalte har lezakeenik.

Gelaren inpermeabilizazio sistema diseinatzeko araudi amerikanoa erabili da, hertsiagoa baita Europakoa baino. Europakoak, izan ere agintzen du inpermeabilitate ezaugarri jakineko barrera geologikoa jartzeko, gainazal artifiziala eta drenaje geruza bat. Araudi amerikanoak, berriz, inpermeabilitate ezaugarri jakineko barrera geologikoa agintzen du, gainazal artifizial bikoitza eta drenaje geruza bikoitza. Horren arabera, gelako zoru eta paretetako inpermeabilizazio sistemak inpermeabilizazio eta drenaje geruza gehiago ditu. Horrez gain, baltsaren oinarri eta paretetako buztin lur naturalak daude. Elementu horiek guztiek, osotara, Europako araudiak agintzen duen 0.5eko azalera baino lodiagoko geruza egiten dute eta araudi horrek eskatzen duen inpermeabilizazio tipoa baino gehiagoko babesa ematen.

Bestalde, aurreikusi da bi drenaje geruza ezartzea 0,3na metro lodiak, hau da, 0,6 metroko lodiera osotarakoa, Europako araudiak agintzen duena baino gehiagokoa.

Bestalde, hautatu den kokalekuak ez du uholde arriskurik, Ebroko uhamilek iristen duten gehieneko mailatik 45 metro gorago baitago, 1000 urteko aldi batean neurtua. Hortaz, erabat ezinezkoa da paraje hau Ebro ibaiak urpean hartzea.

G) Alegaziogilearen ustez Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez du zehazten nola garraiatzaileak baldintza jakin batzuetan eduki behar duen bere ibilgailua, Salgai Arriskutsuak garraiatzeari buruzko Europako ADR Itunak agintzen duenez.

Esaten ere du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez duela aipatzen ibilgailua garbitzerik ez eta non egin behar den ere. Aipatzen diren aurreneurriak ez dira askitzat jotzen, hala nola kamioia lonaz estaltzea.

Azkenik, alegaziogileak dio beregaintasun eta hurbiltasun printzipioak ez direla betetzen.

Erantzuna:

Lurzoru kutsatuak orain dauden lekutik gelaraino eramateko gaur dagoen soro bide bat erabiliko da eta bai beste irisbide bat, berritik egin beharrekoa. Nolanahi ere, bete eginen dira garraioan lege indardunek agintzen dutenez behar diren baldintza teknikoak.

Beregaintasun eta hurbiltasun printzipioen gaineko oharrak, alegazio honetako C) atalean erantzunik daude.

H) Alegaziogileak aditzera ematen du material horiek altxatzeko, gatz fosileko mehatzeak direla egitura natural egokienak, hasieran pentsatu zen moduan, nahiz gero Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi zuen.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean, alegaziogilearen ustez, kontraesana dago "E" kokalekua egokientzat hautatu eta ondoren Ebro ibaiko hego bazterra hautatzearen artean.

Azkenik, alegaziogilearen ustez faktore ekonomikoak besterik ez da kontuan hartu, beste irizpideak ahaztuta.

Erantzuna:

1. alegazioko D) eta F) ataletan erantzunik dago.

Alegazio hau beraz partez onartzen da, zoru kutsatuak garraiatzeko, kasurako diren legeek ezartzen dituzten baldintza teknikoak bete behar direla dioen zatia, alegia.

4. Mikel Petrirena Alzuguren jauna, "Euskal Herriko Nekazari Elkartea" delako sindikatoaren ordezkaria.

A) Alegaziogileak aditzera ematen du segurtasun gela JGOKA erregelamenduaren peko jardueratzat hartu behar dela. Ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legeko 2.1.k) artikuluarekin bat, Lodosan egin nahi den zakartegi jarduera erregelamendu horren mendean dago.

Erantzuna:

1. alegazioko K) atalari egindako erantzunean erantzunik dago.

B) Alegaziogileak dio asmotan den instalazioa gogaikarria izan daitekeela eta osasun kondizioak aldatu, ingurugiroari kalte egin edo pertsona-onsasunentzako arriskuak sortzeko modukoa (aipatu 16/89 Foru Legeko 1. artikulua) eta apenas izan daitekeela onura publikokoa. Orobat, legeak aurreikusten duenez, hondakin arriskutsuak produzitu eta kudeatzeak larrialdiko egoerak sortu ditzazke (10/98 Legeko 24.a.) eta ezin da kutsaduraren kontrako azpiegituratzat jo.

Erantzuna:

Lodosan El Visoko parajean ezarri nahi den azpiegiturak erremedio jarri nahi dio gogaikarria izateko bidean den egoera bati, eta osasun kondizioak aldatu, ingurugiroari kalte egin edo pertsona-osasunentzako arriskuak sortzeko modukoa, hartarako segurtasun gordailu bat egin eta ondoren estankoki itxiaz. Egia da gordailu hori berez ez dela sartzen aipatu 16/1989 Foru Legearen irisbidean, aurreko puntuan azaldu den bezala.

Proiektua ez da oraindik onura publikokoa deklaratu, baina bistan da produkzio prozesu batzuen ondorioz endekatutako lurzoruak lehengoratu eta egokitzeko operazioak egiteak ongi publikoa dakarrela berekin, ingurugiroa hobetu eginen baitu, E.K.aren 45. artikuluak babestua baita; babes horrek lehengoratze ekintzak ere hartzen ditu eta hartarako ezinbesteko elkartasun kolektiboa aldarrikatu eta proposatzen du.

Gure kasuan, ez da hondakin arriskutsurik sortzen, alegaziogileak dioenaz bestera; hondakinak tratatu egin behar dira, behin sortu ondorengo problemari konponbidea emateko.

C) Kokalekua Ebro Ibaiko poliziazko eremu 100 metro zabalekoan dago (Urari Buruzko legearen 6. artikulua). Kasu horretarako, ezinbestekoa da Arroko Organismoak aurrez baimena ematea. Espedientean, ordea, ez da ez baimenik ez inolako txostenik ageri.

Erantzuna:

Alegaziogilea arrazoi gabe ari da, zeren segurtasun gela Ebro ibaiaren ibilgutik 100 metro baino gehiagora dago, esaten duenaz bestera. Neurketa egiteko 849/1986 Errege Dekretuko Jabari Hidrauliko Publikoari buruzko erregelamenduko 9. artikuluak ezartzen dituen irizpideak erabili ziren. Ingurugiro Organoak, bestalde, Ebro Ibaiko Ur Konfederazioari bidali dio proiektua, iruzkinak eta txostena egiteko hala iruditzen bazaio.

D) Alegaziogileak aditzera ematen du Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean ez dela aipatzen kokalekuko materialen indusketa selektiboa egitea eta ez zehazten material bakoitzak bere ezaugarrien arabera zer erabilera izanen duen. Aditzera ematen ere du proiektuko ekintzak Hondakinei buruzko 10/98 Legeak eta Hondakinak isurtzeari buruzko 1999/31 Zuzentarauak debekatzen dituztela, eta 10/98 34.3.j) artikuluaren arau-hauste larria direla.

Erantzuna:

Irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko 7 artikuluak (Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak tramitatzeko erregelamendua onesten duen dekretua), agintzen du azterlan horiek zer eduki izan behar duten. Alegaziogileak airatzen duen gaia ez da sartzen gutxieneko eduki horretan eta hortaz alegazioak ez du oinarri juridikorik.

Gainera, sustatzaileak aurkezten duen eraikuntza proiektuan, argiro zehazten da eranskinetan zertarako izanen diren banaka Inabonosko lurzatian dauden materialak.

Piritazko errauts hondakinak, haiek baitira osagai kutsagarriena, zimentua egiteko berrerabili dira dagoeneko.

Zoru kutsatuak altxatu eginen dira hartarako eginen den segurtasun gela batean, eta metrial inerteak, inolako kutsagairik ez badute ere, segurtasun gelara eramanen dira badaezpada.

Alegaziogileak esaten duenaz bestera, ez da inolaz ere arau-hauste larria egiten 10/98 Legeko 34.3.j) artikuluaren kontra, zeren artikulu horretan hondakin arriskutsu elkarrekin edo bestelako batzuekin nahastuak aipatzen dira, beti ere horien ondorioaz ingurugiroari kalte larria egin bazaio edo pertsonen osasunarentzako arrisku larria sortu, gure kasuan ez bezala. Bestalde, 10/98 Legeko 12.2 artikuluak debekatzen du hondakinak nahastu edo diluitzea haien kudeatzea zailtzeko moduan. Inabonos-en dauden materialekin egin beharreko jarduera ez da inolaz kudeaketa zailtzeko moduko nahaste horietan sartzen. Indusketa selektiboa eta zein bere ezaugarrien arabera banaka tratatzea izanen da delako jarduera.

Gainera, sustatzaileak jendaurrealdian proposatu duen bezala, lurzoru kutsatuak altxatu baino lehen, egokitu eginen dira magnesio-hidratozko oxidoa erantsiz, zeinak nahasturari pH alkalinoa eman eta hortaz metal astunak mugiezintzea segurtatzen.

E) Kontseiluaren 1999/31/EE zuzentarauak, hondakinak isurtzearen gainean ari dela agintzen du (I. eranskina) edozein isurtegi klaserentzat kontuan hartu behar direla distantziak, eta distantzia jakinik zehaztu ez bada, JGOKA erregelamenduak ezartzen duena hartuko dela, zeinean 2000 metroko distantzia ezartzen baita, jendegune trinko hurbilenetik kontatuta.

Erantzuna:

Alegazio honetako A) atalean adierazi den bezala, proposatzen den instalazioa ez da hondakin isurtegia. Hala ere, kontuan hartu behar da ze, 1999/31/EE zuzentaraueko I. eranskinak ezartzen duen bezala, bost baldintza orokor hartu behar dira kontuan, eta haietatik larriena arlo teknikoan eskualdeko baldintza geologiko eta hidrogeologikoen gainekoa, zeinak kasu honetan hobeak baitira hautatu den kokalekuan. Horrez gain, I. eranskineko 1.2 puntuan, aipatzen da isurtegiari ezin izanen zaiola baimenik eman kokalekuaren ezaugarriak ikusita edo hartzen diren neurri zuzentzaileak ikusita inolako arrisku larririk sortzen ez bada ingurugirorako. Neurri zuzentzaile horiek dagoeneko hartu dira aintzat proiektuan.

Ez da egia, alegaziogileak sinestarazi nahi duen bezala, 1999ko zuzentarau batek berariaz distantziarik agintzen ez badu, 1961eko erregelamendu bat aplikatu behar denik, hura onetsi zen garaian (1961) distantzia mugatzea beste neurri zuzentzailerik ez baitzen aplikatzen. Esanik dago, gainera zergatik ez den segurtasun gelari aplikatzekoa. Berrikiagoko araudia hertsiagoa da eta ingurugiroarekiko babestaileagoa, eta gainera kontuan hartzen ditu aurrerapen teknikoa, gaurko teknologi hobekuntza eta neurri zuzentzaile konkretuen bidez zuzendu daitezkeen ingurugiro eraginak ere. Neurri zuzentzaile horiek sustatzaileak aurkeztu dituen dokumentuen artean ageri dira, eta aski adinakotzat jotzen dira eraginak galarazteko. Hortaz distantzia mugatzea ez da inolaz aplikatzekoa izanen.

F) Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak aitortzen du lur azpiko urak kutsatzeko moduko lixibiatuak sor daitezkeela. Lixibiatu ihesarentzako kontrola aurreikusteak esan nahi du segurtasun gela ez dela estankoa izanen, zeina ezinbesteko baldintza baita 31/00/EE Zuzentarauak aginduta.

Erantzuna:

3. alegazioko E) atalean erantzunik dago.

G) Alegaziogilearen ustez sustatzaileak tazitoki egozten dio bere buruari onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa. Hori, ordea, espreski Gobernu erabaki batek deklaratu behar du behin Plana behin betiko onetsi ondoren. Oroitarazten ere du kontrol lokalen salbuespena egiteko aurrez Nafarroako Gobernuak interes orokorra deklaratu behar duela, dela plana behin betiko onestean, dela ondoren Foru Dekretu bat argitaratuz.

Erantzuna:

Orok dakitenez, lurzoru endekatuak lehengoratu eta egokitzeko ekintzek beti dakarte berekin interes publikoa.

Interes horren frogagarri, hor daude gure proiektu honetan Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren deklarazioa, Nafarroako Gobernuak 2000ko ekainaren 5eko bilkuran egina, kutsadurari kontra egiteko eraikina izateagatik. Ezin inork uka dezake gure hau kutsaduraren kontrako burruka egiteko eraikina dela eta haren helburua aspaldiko produkzio prozesu batzuek endekatutako lurzoru batzuk araztea eta lehengoratzea dela, hala nola lur azpiko uraren gainean gaur egun duten eragina galaraztea, zeina dudarik gabe interes publikokoa baita.

Hain zuzen ere interes publiko hori aitortzeagatik proposatzen da -sustatzailearen planteamendua proposamena besterik ez baita- espedientea behin betiko onestean deklara dezala Nafarroako Gobernuak proiektuaren onura publikoa, desjabetzapena egiteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 65.3 artikuluak agintzen duen moduan, sustatzailea izan dadin obra betearazteko behar diren halako ekintzen hartzaile.

Bestalde, eskatzen da proiektua interes orokorrekotzat deklara dadila, kontrol lokalen salbuespena egiteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 66. artikuluak agintzen duen moduan. Deklarazio hori ezin zaio aplikatu erreferentziako proiektuari, azpiegitura, dotazio eta instalazio publikoak eraiki eta konpontzeko aurreikusita baitago.

H) Oraingo zenbait azpiegituratako lurzorua urbanizaezintzat sailkatzeari dagokionez, sustatzaileak proposatu bezala, alegaziogilearen ustez hori ez litzake egin behar, hertsiagoa iruditzen zaiolako nekazaritza edo abeltzaintza produkzio ertaineko lurzoruarentzat aurreikusten den babes araubidea.

Erantzuna:

Oraingo azpiegituren lurzoru urbanizaezinaren babes araubideak agintzen du zilegi izanen dela azpiegiturekin bateratzeko moduko jarduera eta erabilerei baimena ematea, eta besteak berriz debeku izanen direla. Babes araubide hori hertsiagoa da baso lurrarentzat eta nekazaritza produkzio ertainekoarentzat ezarritakoa baino, horietan, gainera, zilegi baita azpiegiturak ere baimentzea, beste jarduera eta erabilerez gain.

Gainera, azpiegitura gauzatzen denean, oraingo azpiegitura kategoria hurbilago dagokio lurzoru horren izaerari nekazaritza produkzio ertainekoa baino, eta beraz, alegaziogileak dioenez, huraxe eman behar zaio, haren babes araubidea hertsiagoa delako (10/1994 Foru Legeko 28. artikulua).

Nolanahi ere, gogora dezagun kasu honetan Proiektu sektorialak kategoria aldaketa proposatu egiten duela, es inposatu.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanari dagokionez, alegazioa partez onartzen da, eta haren zenbait alderdi dagoeneko sartu ditu sustatzaileak eraikuntza proiektuak jendaurrealdiak iraun duen artean; beste alderdiei dagokienez, alegazioa gaitzetsi egiten da.

5. Mercedes Salas Fern ndez andrea, Coordinadora de la Unión de Agricultores y Ganaderos de la Riojako ordezkaria.

A) Alegaziogileak dio Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez duela garbi zehazten hondakinak zenbatekoak eta nolakoak izanen diren eta kubikatzeko 1995eko datu zaharkituak erabiltzen dituela.

Erantzuna:

Irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko 7. artikuluak (Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak tramitatzeko erregelamendua onesten duen dekretua), agintzen du azterlan horiek zer eduki izan behar duten. Alegaziogileak airatzen duen gaia ez da sartzen gutxieneko eduki horretan eta hortaz alegazioak ez du oinarri juridikorik.

Gainera, sustatzaileak aurkezten duen eraikuntza proiektuan, argiro zehazten da, 11. eranskinean, altxatu beharreko materialen kubikaje gaurkotua, eta bai haien ezaugarriak zein diren ere.

B) Alegaziogilearen ustez ez da justifikatzen ez segurtasun gelaren kokalekua ez eta hondakinak altxatzeko soluzio tekniko hori.

Erantzuna:

1. alegazioko D eta F atalean erantzunik dago.

C) Ez da aintzat hartzen segurtasun gelak izanen duen eragin soziala, eta horrela Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko 1302/1986 E.D. betearazteko erregelamenduko 2. ataleko 8. artikuluko 10. idatz-zatia ez da betetzen.

Erantzuna:

Eraginaren Azterlanak kontuan hartu ditu ingurune fisiko, biologiko eta sozialaren alderdi guztiak eta ikusirik ez zela benetako eraginik, zoruak okupatzeaz eta gela betetzen ari den artean ondoko lurzatietan izan litezkeenez landara, ez da beharrik ikusten sakonagoko azterlan bat egiteko.

D) Alegaziogilearen ustez segurtasun gela JGOKA erregelamenduaren pean dago (Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen erregelamendua). Hortaz jendegune batetik gutxienez 2 km.ra ezarri beharra da.

Erantzuna:

4. alegazioko A eta E ataletan erantzunik dago.

Hortaz gaitzetsi egiten da alegazioa.

6. Angel Martínez Sanjuán jauna, Partido Socialista de la Riojako ordezkaria.

A) Alegaziogilearen ustez azpiegitura horrek "El Viso I" delako aztarnategiari eragin diezaioke.

Erantzuna:

3. alegazioko D atalean erantzunik dago.

B) Alegaziogileak eskatzen du ez dadila segurtasun gela egin, horrek oso eragin txarra izanen duelako bertako paisajearen gainean (gelaren amaiera-maila gaurko sestratik 10 m gorago).

Erantzuna:

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanean juzkatzen da hondar eragina apala izanen dela eta kontrasteak are apalagotuko direla eremua landareberritu ondoren. Jasotzen dira, gainera segurtasun gela bere ingurunean integratzeko neurriak: besteak beste maldak eginahalean etzan egin dira malda naturalen antzekoak izan daitezen eta gelaren gainazala espezie autoktonoez estaltzea.

C) Alegaziogilearen ustez, segurtasun gela non eta hirigintzak halako jarduera bat debeku duen eremu batean egin nahi da.

Erantzuna:

Arau subsidiarioek proiektuko apziegiturak ukitzen dituzten lurzoruak urbanizaezintzat sailkatzen dituzte, 109 eta 122 lurzatiak baso lurzorutzat eta gainerakoa nekazaritza produkzio ertainekotzat.

10/94 Foru Legeko 31 eta 33. artikuluekin bat, zilegi da halako zoruetan honako jarduerak baimentzea: pista edo bide berriak eta azpiegiturak, eta beraz proiektuko jarduera ere baimentzekoa da.

Bestalde, 10/94 Legeko 62. artikuluak agintzen duenez, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialen aginduek lotu eginen dute Toki Planeamendua, eta hura moldatu eginen da lehenbiziko aldaketa edo errebisioan, eta ez alderantziz alegaziogileak nahi duen bezala.

Gaitzesten da alegazioa.

7 eta 8. Jesús Manuel Mangado Ocon, Pradejongo (Errioxa)ko udalaren ordezkaria eta Jos' Luis Arpón Ochoa, Rincón de Soto (Errioxa)ko udalaren ordezkaria.

A) Alegaziogilea kexu da informaziorik hartu gabeaz, iruditzen baitzaio bere udalerriak proiektuaren eragina har dezakeela.

Erantzuna:

Alegaziogileak legeak ezartzen duen bidetik hartu du proiektuaren gaineko informazioa: jendaurrealdia, eta alegazio honen bidez agertzen du desadostasuna.

B) Alegaziogilearen ustez Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko modua eskasa izan da eta beste alternatibak ez dira aztertu. Kokalekua hautatzeko irizpide ekonomiko eta soziopolitikoak erabili dira. Ildo beretik, aditzera ematen da Lodosako mugapean badirela hautatu denaren antzeko substratu geologiko eta litologikoa duten terrenoak. Lehenbiziko "E" alternatiba gaitzesteko argumentu teknikoak, gainera, dudazkoak iruditzen zaizkio.

Alegaziogilearen ustez ezin da onartu azpiegitura hori Lodosako etxegunetik urrun egotea eta Errioxako Komunitatera hurbiltzea, eta bereziki Alcanadrera.

Erantzuna:

1. alegazioko D eta F ataletan erantzunik dago.

C) Alegaziogileak aditzera ematen du segurtasun gela non kokatu erabakitzeko Nafarroa eta Lodosako ingurune soziala baizik ez dela kontuan hartu, aldameneko komunitateak kontuan hartu gabe, zeren halako azpiegitura batek ez baitu administrazio mugarik ezagutzen.

Erantzuna:

1. alegazioko J atalean erantzunik dago.

Gaitzesten da alegazioa.

III.-Onura publikoaren eta interes orokorraren deklarazioa

Sustatzaileak eskatu du Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat tramitatu eta desjabetzapenak egin ahal izateko haren onura publikoa deklara dadila, eta haren interes publikoa ere deklara dadila kontrol lokalen salbuespena izan dezan (10/94 Foru Legeko 66. artikulua).

Interes horren frogagarri, hor dago, proiektu honetan, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzako deklarazioa, Nafarroako Gobernuak 2000ko ekainaren 5eko bilkuran egina, kutsadurari kontra egiteko eraikina izateagatik. Ezin inork uka dezake gure hau kutsaduraren kontrako burruka egiteko eraikina dela eta haren helburua aspaldiko produkzio prozesu batzuek endekatutako lurzoru batzuk araztea eta lehengoratzea dela, hala nola lur azpiko uraren gainean gaur egun duten eragina galaraztea, zeina dudarik gabe interes publikokoa baita.

Hain zuzen ere interes publiko hori aitortzeagatik deklaratu du Nafarroako Gobernuak, espedientea behin betiko onestean, proiektuaren onura publikoa, desjabetzapena egiteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 65.3 artikuluak agintzen duen moduan, sustatzailea izan dadin obra betearazteko behar diren halako ekintzen hartzaile.

Bestalde, planteatzen da proiektua interes orokorrekotzat deklaratzea kontrol lokalen salbuespena egiteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 66. artikuluak agintzen duen moduan. Deklarazio hori ezin zaio aplikatu erreferentziako proiektuari, publikoak diren azpiegitura, dotazio eta instalazioak eraiki eta konpontzeko aurreikusita baitago.

IV.-UPSaren onespena

1131/1998 Errege Dekretuko 16. artikuluarekin bat, jendaurrealdia bukatu delarik sustatzaileak bidali dio Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiari espedientea, eta haren barnean eraikuntza proiektuari zer definizio maila dagokion zehazten duen hainbat dokumentazio, Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren eskariari erantzuteko, eta bai txosten bat ere jendaurrealdian izandako alegazioen gainekoa.

Dokumentazio horretan sustatzaileak zenbait eraikuntza proiektu aurkeztu ditu, eta haien barnean Geosintetikoen kalitatea kontrolatzeko Plana, Proiektuaren baldintza pleguaren osagaia baita. Egoki zehazten dira azaleko urentzako eta eraikuntza aldian sor litezkeen lixibiatuentzako drenaje sistemak, eta bai segurtasun gelan sortzen diren lixibiatuak zertarako berrerabiliko diren fabrikaren prozesuetan. Lurzoru kutsatuak altxatu baino lehen egokitzeko proposamena, metal astunak mugiezintzea segurtatzeko moduan.

Halaber, Segurtasun eta Higienezko Plan bat ere aurkeztu da, galarazteko ibilgailuek garraioan kutsadura barreiatazea, eta ekintzen kronograma. Xehetasun Azterlana ere sartzen da gaurko kokalekuko materialak zertarako izanen diren azaltzen duena.

Gela zulatzeko lanari buruzko txosten arkeologikoa ere aurkezten da, Vianako Printzea Erakundeak emana, eta "Los Cabezos delako finkaren azterlan geologikoa, Lodosan (Nafarroa)" izenburuko ohar teknikoa ere bai.

Bestalde, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, juzgatu du proiektua ingurugiro aldetik bideragarria dela sustatzaileek aurkeztu duten dokumentazioarekin, eta betetzen dituela deklarazioan zehazten diren hainbat zehaztapen, sustatzaileak aurkeztu Ingurugiroa begiratzeko Programari eratxiki beharrekoak.

Azaldu den guztia gogoan, kontuan harturik aipatu txostenak, Nafarroako Gobernuaren 2000ko ekainaren 5eko Erabakia, zeinaren edukia oraingo honi erantsi zaion, eta zer Erabaki hartu duen Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzarako batzordeak 2000ko abuztuaren 29an, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta kasurako diren beste arauak ikusirik, bete direlarik lege horretan ezartzen diren tramiteak eta egin delarik Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta 1131/1988 Errege Dekretuak agintzen duten moduan eta bai horren ondorioa Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana eman delarik, jasotako alegazioak eta txostenak aintzat harturik, ikusi da proiektua egokia dela eta interesgarria, kasurako legeen aginduak bete eta haren gauzatzeak nabarmen hobetuko baitu oraingo egoera, kutsadura-gune bat kenduta, hartarako eginen den instalazioak, bestalde, behar diren neurriak baditu edozein eragin galarazteko. Hortaz, delako ekintzak hobetu handia ekarriko die eskualdeko ingurugiro kondizio osotarakoei. Bide da, hortaz, Lodosan segurtasun gela bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea.

Hori horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian esan den moduan.

2. Onestea Lodosan segurtasun gela bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, zehaztuz Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioan aipatzen diren baldintzak bete behar direla, eta testu berregin bat ere aurkeztu behar dela proiektuari erantsi zaion dokumentazioa jasotzeko.

3. Desjabetzapena egin ahal izateko onura publiko eta interes sozialekotzat deklaratzea segurtasun gela eraikitzeko proiektua, Inabonos, S.A.k sustatua.

4. Aditzera ematea Proiektu Sektoriala onesteak ez duela kentzen proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak eskatu beharra.

5. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, nahi bada, Berraztertzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluen arabera. Zilegi izanen ere da zuzenean inpugnatzea Erabakia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Liskar Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duen moduan.

6. Erabaki hau jakinaraztea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Lodosako udalari, Inabonos, S.A.ri eta alegaziogileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako irailaren hamaikan.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0008502