118. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

8/2000 FORU LEGEA, irailaren 21ekoa, Irunberriko Udalaren herri lurretako 81.937 metro koadro onura publikokoak direla deklaratu eta horien desafektazioa onesten duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, IRUNBERRIKO UDALAREN HERRI LURRETAKO 81.937 METRO KOADRO ONURA PUBLIKOKOAK DIRELA DEKLARATU ETA HORIEN DESAFEKTAZIOA ONESTEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Irunberriko Udalak eskatzen du herri lurretako 81.937 metro koadro onura publikokoak direla deklara dadila eta desafekta daitezela, ondorenean Javier Pérez de Rada Díaz-Rubín jaunaren 75.333 metro koadrorekin trukatzearren; helburua da erosten den lurra ureztalur bihurtzea.

Eskatutako desafektazioarekin hauxe lortu nahi da: "Sasos del Salazar" izeneko proiektua osatzeko 1999ko urriaren 26an Udalak eta Pérez de Rada jaunak egin zuten hitzarmena bete ahal izatea.

Lurzati txikientzat ezarritako mugak gainditzen direnez gero, Irunberriko Udalak eskatzen duen lur-desafektazioa foru lege baten bidez onetsi beharrekoa da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 140.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

1. artikulua. Irunberriko Udalaren herri lurretako 81.937 metro koadro onura publikokoak direla deklaratu eta horien desafektazioa onesten da. Lur horiek "Soto de los Caballos" parajekoak dira, katastroko 5. poligonoko 228. lurzatiaren parte bat hain zuzen.

2. artikulua. Irunberriko Udalari baimena ematen zaio aurreko artikuluan deskribatutako lurrak Javier Pérez de Rada y Díaz-Rubín jaunaren 75.333 metro koadrorekin trukatzeko (5. poligonoko 237. Lurzatia), baldin eta ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

a) Trukearen akordioko klausula batek xedatu dezala lurrak herri ondarera itzuliko direla, baldin eta desafektatzera bultzatu zuten xedeak edo desafektazioaren baldintzak desagertu edo bete gabe uzten badira.

b) Itzultze klausula hori ager dadila kontratua formalizatzen duen agiri publikoan, Jabetza-erregistroan sartzen den hartan.

c) Bete daitezela Irunberriko Udalak foru lege honetan aipatutako truke hori egiteko behin betiko onetsi duen baldintzen pleguan ezarritakoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio, foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak oro eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi milako irailaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0008754