III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
P I T I L L A S
Ordenantzaren behin betiko onespena
Udalak, 2000ko uztailaren 26an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Pitillasko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da haren testu osoa.
Pitillasen, bi milako uztailaren hogeita zazpian. Alkate udalburua, sinadura ulertezina.
KULTURA, KIROL, IRAKASKUNTZA, GAZTERIA, OSASUN, AISIA ETA GIZARTE ZERBITZU JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Pitillasko udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da Ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza berdinetan eskuratu ahal izateko aukera bermatzeko. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.
2. art. Dirulaguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratu ahal dena, hala nola, bekak, hobariak eta laguntza pertsonaleko gainerako gastuak.
3. art. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:
1.-Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, salbu eta ordenantza honek bestelakorik xedatzen badu.
2.-Ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.
3.-Emandako dirulaguntza, jardueraren kostuaren % 25etik % 100 bitartekoa izanen da.
4.-Ezin izanen da dirulaguntza handitzerik edota berrikuspenik eskatu.
4. art. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak direla eta, eskuzabaltasun hutsez hartutako erabakiek.
II. KAPITULUA
Eskatzaileak
5. art. Dirulaguntza honako hauek eskatu ahalko dute:
a) Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.
b) Pertsona fisikoak, ekinbide jakin bateko talde baten ordezkari partikular gisa, baldin eta irabazteko asmorik gabea bada eta egoitza udalerrian badu.
III. KAPITULUA
Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak
6. art. Eskaera egin eta urte berean udalerrian egiten diren jarduera programatuek baizik ez dezakete dirulaguntza hartu, jarduerak arlo hauetakoak izanik:
-Kirola.
-Gazteria.
-Gizarte zerbitzuak.
7. art. Ez dira diruz lagunduko:
a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerak.
b) Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde batzuek diruz lagundutako jarduerak.
c) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egindako beste edozein obra.
d) Funtzionamenduko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak...)
e) Ondasun higigarriak eta higiezinak erostea.
f) Lehiaketa ofizialetako ohiko parte hartzeak sortu gastuak.
8. art. Kirolaren arloan, diruz laguntzekoak dira kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko edo kirola sustatzeko gastuak eta, batez ere, aparteko ekitaldiak edo garrantzi nahiz tradizio handikoak.
9. art. Musikaren arloan, diruz laguntzekoak dira musika klasikoko kontzertuak, abeslarienak, abesbatzenak, jazz eta rock jaialdiak, folk musikakoak eta banden emanaldiak.
10. art. Kulturaren arloan, diruz laguntzekoak dira arte, zientzia eta letrekin zerikusia duten kultur jarduera programatuak, batez ere herriko artisten sormena eta herritarren partaidetza bultzatzeko diren sustapen soziokulturalekoak.
11. art. Gazteriaren arloan, diruz laguntzekoak dira ondokoak:
a) Sustapen soziokulturaleko jarduerak:
-Gazteendako asteak.
-Ikastetxeen animazioa.
-Gazteendako programak.
-Lehiaketak, erakusketak eta animazioko beste jarduerak.
:b) Informazio eta aholku programak, gazteak gizarteratu eta berreskuratzen laguntzen dutenak esparru hauetan:
-Delinkuentzia.
-Drogamenpekotasuna.
-Sexualitatea, etab.
c) Haur eta gazteendako udako jarduerak.
d) Begirale eta sustatzaileak prestatzeko ikastaroak.
e) Gazteen munduarekin zerikusia duten azterlanak egin eta argitaratzea.
f) Gazteen aldizkariak.
12. art. Gizarte zerbitzuen arloan, honelako jarduerek jaso dezakete dirulaguntza: familia, haurrak eta gazteak, zaharrak, eta ezintasun fisiko, psikiko eta sentsorialak dituzten pertsonak zaindu eta sustatzera zuzendutako prebentzio eta laguntza jarduerak; drogamenpekotasun mota guztien prebentzioa eta halakoen menpe dauden pertsonen bergizarteratzea; larrialdi sozialeko egoeretan laguntzea, etab.
IV. KAPITULUA
Eskaera egiteko prozedura
13. art.
1. Udalbatzak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.
2. Diru-kopurua kirol, musika, kultura eta gazteria arloen artean banatuko da, urte horretarako finkatutako plangintzaren eta helburuen arabera. Halarik ere, behar diren aldaketak eginen dira arlo batzuetako eskaera kopurua oso txikia bada.
3. Urtero, azaroan, Udalak deialdiaren oinarriak onetsi eta argitaratuko ditu.
14. art. Eskabideak ere azaroan aurkeztu beharko dira, hurrengo urtean egitekoak diren jardueretarako dirulaguntzak jaso ahal izateko.
15. art. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek ondorengo agiriak beharko dituzte aurkeztu:
a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala kreditatutako eskuordetza duenak sinatua. Dirulaguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da.
b) Entitateko idazkariak luzatutako ziurtagiria, gobernu organoak eskaera egiteko hartutako erabakia kreditatzen duena.
c) Egin gogo den eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jardueraren programa zehatza eta haren aurrekontu osoa atalez atal.
d) Elkarte edo patronatu bat bada, estatutuen ale bat.
V. KAPITULUA
Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak
16. art. Udalbatzak deialdiaren oinarriak zehaztean arlo bakoitzerako finkatzen dituen irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek dirulaguntzak emateko tenorean:
a) Jardueraren interes orokorra.
b) Antzeko jardueren urria.
c) Dirulaguntzarik gabe egiten zailak liratekeen jarduerak bultzatzea.
17. art. Egindako eskaerak arlo bakoitzeko zinegotziek azterturik, Ogasun Batzordeak ebazpen proposamena eginen du, fondoen kontu-hartzailetzak behar adina diru dagoela adierazten duen txostena egin ondoren.
Udalbatzaren osoko bilkurak urte bakoitzeko martxoaren 15a baino lehen ebatziko du.
VI. KAPITULUA
Onuradunen betebeharrak
18. art. Diruz lagundutako jarduerak urteko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
19. art. Jardueraren dokumentazioan eta inprimatutako propagandan "Pitillasko Udalaren laguntzarekin" esapidea ezartzea bete beharreko baldintza da esleitutako dirulaguntza jasotzeko.
20. art. Dirulaguntza emanik ez da onartuko beste zerbaitetarako erabiltzea.
21. art. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak ezagutu eta onartzen direla adierazten du.
22. art. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekar dezake.
VII. KAPITULUA
Justifikatzea eta kobratzea
23. art. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako dirulaguntza jasotzeko, beharrezko da jarduera egina izatea eta Udalean dokumentazio hau aurkeztea:
a) Egindako jardueraren memoria, xeheki emana.
b) Entitateko buruak sinatutako eskabidea, alkateari idatzia, dirulaguntza ordaintzeko eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da hartarako transferentzia egiteko.
c) Entitateko idazkariak luzatutako ziurtagiria, ordainagiritzat aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsita daudela frogatzeko.
d) Emandako dirulaguntza zenbat, horren adinako fakturak.
e) Jarduerak sortutako dokumentu guztien ale bana.
24. art. Aurreko artikuluan aipatzen diren fakturek baldintza hauek beharko dituzte bete:
a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.
b) Dirulaguntza eman den urteko data edukitzea, eta, ekitaldi puntual bat izan bada, jarduerari dagokion data agertzea.
c) Jasotzailearen N.A.N. edo I.F.K.-I.F.Z. edukitzea.
d) Hornitzailearen zigilua eta sinadura edukitzea.
e) Eskaera egitean aurkeztu aurrekontuaren araberakoa izatea.
25. art. Jarduera egin eta ondoko hogeita hamar egunetan aurkeztuko dira 23. artikuluan aipatutako frogagiriak, eta Ogasun Batzordeari dagokio onetsi eta ordaintzea. Batzorde horrek dirulaguntza murriztu egin ahalko du, benetan egindako gastuetara iritsi arte.
AZKEN XEDAPENA
25 artikuluk eta azken xedapen batek osatutako ordenantza honek Udalak behin betikoz onetsi eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan hartuko du indarra, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea akiturik.
Iragarkiaren kodea: a0007570